Katalanaren irakaskuntza Katalunian: gizartearen kohesioa bilatu nahi duen hekuntza-eredu baten aldeko apustua

Une honetan hasi ziren martxan jartzen murgiltze-programen metodologiak ikasle gehienak gaztelaniaz mintzatzen ziren eremuetan. Milaka irakasle joan ziren birziklatze-ikastaroetara eta Irakasleak Trebatzeko Eskoletara, eta Hizkuntzaren Normalizaziorako Plan Trinkoak bultzatu zituzten hainbat eragileren indarrak bateratzeko: ikastetxeak, gurasoak, udalak, ikuskatzaileak, hezkuntza-administrazio osoa, Hizkuntza Normalizatzeko Zentroak, toki-erakundeak... Zalantza izpirik gabe, urte haietan hezkuntza-sistema katalantzeak lotura handia izan zuen berrikuntza pedagogikoarekin eta kalitatezko eskolaren aldeko apustuarekin.

PILen oinarri psikolinguistikoari dagokionez, nahitaez aipatu behar da Cummins kanadarraren interdependentzia linguistikoaren hipotesia. Interdependentziaren garapenari buruzko hipotesiak hau proposatzen du: haurrak 2H-n izango duen gaitasuna, neurri batean bederen, hizkuntza horrekin harreman estua izaten hasten den unean, H1-ekin duen gaitasunaren araberakoa izango dela. Laburbilduz, hipotesiak esaten du interakzioa dagoela hezkuntzan erabiltzen den hizkuntzaren artean eta haurrak eskolara joan baino lehen H1-n garatzen duen gaitasunaren artean.

katalanaren kasuan Hizkuntzan Murgiltzeko Programa berrikuntza pedagogikoko prozesuari lotuta etorri zela (batez ere Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzaren hasierako zikloan). Horrek hainbat ondorio izan zituen: metodologia berriak, estrategia didaktiko berriak, eta curriculum-material berriak sartzea. Hizkuntzan Murgiltzeko Programa hizkuntzaren normalizazioarekin ere lotuta egon zen; hizkuntza minorizatua, alegia katalana, ikasteko bermea eman zielako biztanle gehienei, euren ama-hizkuntza edozein izanik ere.

1998tik 2003ra, bai Katalunian bai Estatu osoan, gaztelania-maila neurtzeko probak prestatu eta egin ziren. Hezkuntza Ministerioko Hezkuntza Sistemaren Kalitatea Neurtzeko Institutu Nazionalak (INECSE) eta Kataluniako Generalitateko Hezkuntza Saileko Hezkuntza Sistema Neurtzeko Kontseilu Nagusiak adostutako probak izan ziren. Ondoko taulek eta irudiek erakusten dutenez, Kataluniako eta Espainiako emaitzak berdintsuak dira estatistikaren ikuspegitik; alegia, ehunekotan ez dago desberdintasun nabarmenik, eta Kataluniako eta Estatuko gainerako ikasleek gaztelania-maila bertsua dute.

Katalanak, berriz, badu arazoa. Alde batetik, ezin da ukatu gaur egungo gazteek duela hogei urtekoek baino katalan-maila hobea dutela. Hala ere, erabilerari dagokionez, egoerarik onenetan ere bere horretan dirau, geldirik. Egoera horri, gainera, beste faktore bat gehitu behar zaio: batez ere 2000. urtetik aurrera, Europako Batasunetik kanpoko etorkinak ugaritzen ari dira Katalunian, eta, ondorioz, eskoletan testuinguru eleanitzak eratzen direnez, kezka eta erronka berriak sortu dira hizkuntzan murgiltzeko programaren inguruan.

Hau da, eskolak katalanez badira, baina gero udako jarduerak gaztelaniaz badira, zaila izango da katalana erabilgarria dela sentitzea. Are zailagoa izango da, baldin eta berriki iritsitako ikasle batek eskolaz kanpoko jardueretan parte hartzeko gainerako ikasleek adina aukera ez badu; ezin baita esan orduan ikasle guztiek eskubide berak dituztela. Hezkuntza Sailak ahalegin handia egin du berriki iritsitakoentzat katalana irakasteko material didaktikoa sortzeko (Sailak berak eta argitaletxe pribatuek sortu dute materiala). Horrez gain, ahalegin handia egin du hizkuntza-murgilketari begira materiala sortzeko (egoera eleanitz berrira moldatuta) eta hizkuntzaren erabilera lantzeko nerabeentzako materiala prestatzeko.

Zalantzarik gabe, eskola izan da hizkuntza-normalkuntzako prozesuaren —gizartea berriro katalantzearen— zutabe nagusia Katalunian. Horrexegatik, eta 80ko hamarkadan ezarritako helburuak oraindik ez direla guztiz bete kontuan harturik, hezkuntza-sistema herriaren egoera soziopolitiko eta soziokultural berrira egokitzeko helburuarekin ari gara lanean. Herri honek aukera berak nahi ditu biztanle guztientzat, eta, bertan, katalana izan beharko litzateke gizarte-kohesiorako hizkuntza, guztion hizkuntza komuna, gero eta gizarte eleanitzagoan.

ERABAKI DEMOKRATIKO BAT

1979ko Kataluniako Autonomia Estatutuak katalanaren ofizialtasuna ezarri zuen. Ofizialtasun hori gaztelaniaren ofizialtasunaren atzetik zetorren (1978ko Konstituzioan adierazi zen gaztelania zela Estatu osoko hizkuntza ofiziala). Hain zuzen ere, 1979ko Estatutuaren 3. artikuluak puntu garrantzitsu bi zituen, gerora Kataluniako Generalitateko hizkuntza-politikan funtsezkoak izan direnak: bata, katalana bertako hizkuntza gisa onartzea, eta, bestea, bi hizkuntza ofizialen erabilera normala eta ofiziala bermatzeko konpromisoa, bien arteko berdintasuna lortzeko, hiritarrei dagozkien eskubideen ikuspegitik.

Kataluniako hizkuntza-normalkuntzarako apirilaren 18ko 7/1983 Legeak honako helburu hau zuen, 1.1 artikuluan azaltzen zenez: Kataluniako Autonomia Estatutuaren 3. artikulua garatzea, katalanaren erabilera arlo guztietan normalizatzeko eta katalanaren eta gaztelaniaren erabilera normala eta ofiziala bermatzeko. Era berean, 1.2 artikuluan, Legearen beste helburu batzuk zehazten dira: hiritar orori katalana erabiltzen laguntzea eta bultzatzea; katalanaren erabilera ofiziala eraginkorragoa egitea; katalanaren erabilera normalizatzea gizarteko komunikabide guztietan; eta katalanaren ezagutzaren zabalkundea bermatzea.

Hau guztia gauzatu ahal izateko, eta katalana Kataluniako hizkuntza zela oinarri hartuta, erabaki zen katalana erabili behar zela lau arlo hauetan: administrazioan, toponimian eta errotulazioan, Generalitatearen komunikabideetan, eta hezkuntzan (unibertsitatean salbu). Lau arlo horiek bilakatu ziren Kataluniako Generalitateko hizkuntza-politikaren lau zutabe nagusiak.

Ondorioz, zenbait arlo publikotan katalana bertako lehen hizkuntza bihurtu zela esan genezake. Helburua zen bi hizkuntza ofizialen egoera orekatzea, kontuan izanik, gainera, katalanaren egoera gaztelaniarena baino askoz makurragoa zela, inongo zalantzarik gabe. Kataluniako hizkuntza-normalkuntzarako apirilaren 18ko 7/1983 Legearen hitzaurrean ageri den hitza erabiliz, katalanaren egoera “prekarioagoa” zen. Une honetan komenigarria izango litzateke gogoratzea Lege horren alde bozkatu zutela 133 diputatuk (orotara 135 ziren). Beste era batera esanda, Parlamentuan ordezkaritza zuten alderdi guztiek (CiUk, PSCk, PSUCk eta UCDk) onartu zuten Legea, Andaluziako Alderdi Sozialistak izan ezik. Gerora, alderdi hori desagertu egin zen Kataluniako politikatik.

Hezkuntzaren arloan, honako ondorio hauek izan zituen Kataluniako hizkuntza-normalkuntzarako apirilaren 18ko 7/1983 Legeak: katalana hezkuntzako maila guztietan bertako hizkuntza gisa onartzea; Lehen Hezkuntzan haurrek ama-hizkuntzan hezteko eskubidea zutela erabakitzea (*1); ama-hizkuntza dela eta, ikasleak ikastetxe desberdinetan ez bereiztea; Oinarrizko Irakaskuntza amaitzean, ikasleek katalana eta gaztelania jakin zezatela bermatzea, ikasketak hasterakoan ama-hizkuntza edozein izanik ere; irakasleek bi hizkuntza ofizialak jakin behar izatea; ikastetxeetan katalana izatea komunikatzeko ohiko tresna, ikastetxeen barruko jardueretan eta ikastetxeek kanpora begira egingo lituzketen agerpenetan. Alegia, hezkuntza-eredu bakarraren aldeko apustu garbia zen, katalana oinarri zuena eta Kataluniako biztanle guztiek bi hizkuntza ofizialak jakitea ahalbideratuko zuena. Katalanaren kasuan, hori lortzea ezinezkoa izango zen, baldin eta katalana eskolako lehen hizkuntza bihurtuko ez bazen.

1980ko hamarkadan, lege-egoera berri honi esker (Kataluniako hizkuntza-normalkuntzarako apirilaren 18ko 7/1983 Legea ezartzeari buruz abuztuaren 30eko 262/1983 Dekretua indarrean ezarri ondorengo egoerari esker) eta katalana eta katalanez irakasten zuten profesionalen eskarmentuari esker, hezkuntza-sistemaren katalantze-prozesua abian jarri zen eta “hizkuntza murgilketari” hasiera eman zitzaion. Hau izan zen hizkuntza-normalkuntzaren ikur nagusia. Une honetan hasi ziren martxan jartzen murgiltze-programen metodologiak ikasle gehienak gaztelaniaz mintzatzen ziren eremuetan. Milaka irakasle joan ziren birziklatze-ikastaroetara eta Irakasleak Trebatzeko Eskoletara, eta Hizkuntzaren Normalizaziorako Plan Trinkoak bultzatu zituzten hainbat eragileren indarrak bateratzeko: ikastetxeak, gurasoak, udalak, ikuskatzaileak, hezkuntza-administrazio osoa, Hizkuntza Normalizatzeko Zentroak, toki-erakundeak... Zalantza izpirik gabe, urte haietan hezkuntza-sistema katalantzeak lotura handia izan zuen berrikuntza pedagogikoarekin eta kalitatezko eskolaren aldeko apustuarekin.


HIZKUNTZAN MURGILTZEKO PROGRAMAREN APLIKAZIOA

Arlo honetan, gogoratu behar da Katalunian garatutako Hizkuntzan Murgiltzeko Programak (PIL) Lambert irakasleak Quebec-en egindako lanari arreta handiz begiratu ziola hasieran. Dena den, Kataluniako ereduak ez zien erreferente horiei jarraitu. Horien ordez, inguruko beste koordenatu batzuk eta beste esku-hartze estrategia batzuk izan zituen.

Horrez gain, interesgarria da gogora ekartzea hasieran hizkuntza-murgilketa ez zela izan Kataluniako hezkuntza-administrazioak bultzatutako programa. Lehenengotan ikastetxe batzuek bultzatu zuten (irakasle-taldeek eta hezkuntza-komunitate osoak). Katalanaren hezkuntza-ereduak kaskarrak zirela ikusirik hartu zuten erabaki hori, eta, aldi berean, egoera soziolinguistikoaren eta soziokulturalaren premiak ikusirik, alternatiba metodologiko desberdinak esperimentatzea erabaki zuten, beti ere hizkuntza-normalkuntzarako 7/1983 Legeak eskaintzen duen lege-testuinguruaren barruan. Hasierako esperientzia ondo atera zela (Santa Koloma de Gramaneteko herri-eskolek aipamen berezia behar dute) eta ereduak ahalmen handia zuela ikusi ondoren iritsi zen administrazio politikoaren laguntza.

PILen oinarri psikolinguistikoari dagokionez, nahitaez aipatu behar da Cummins kanadarraren interdependentzia linguistikoaren hipotesia. Interdependentziaren garapenari buruzko hipotesiak hau proposatzen du: haurrak 2H-n izango duen gaitasuna, neurri batean bederen, hizkuntza horrekin harreman estua izaten hasten den unean, H1-ekin duen gaitasunaren araberakoa izango dela. Laburbilduz, hipotesiak esaten du interakzioa dagoela hezkuntzan erabiltzen den hizkuntzaren artean eta haurrak eskolara joan baino lehen H1-n garatzen duen gaitasunaren artean. Cummins-en lanek ziotenez, hizkuntza baten erabilerarekin zerikusia duten gaitasunak ez dira hizkuntzaren berezko ezaugarriak, ez daude alderdi formalen (morfologiaren, sintaxiaren, fonologiaren, eta abarren) mende, bai, ordea, hizkuntzaren erabilera orokorraren menpe. Hiztun batek menderatzen dituen hizkuntzetariko baten erabileraren azpian, hizkuntza guztietarako berdina den gaitasun bat dago. Gaitasun hau ez da berezkoa, hizkuntza bat ikastearen ondorioa baizik. Cummins-ek esandakoak, beraz, azalpen teoriko bat eta babesa ematen diote irakaskuntzan ikasleen ama-hizkuntza erabiltzen ez duten prozesuei; gaitasuna berdina delako eta hizkuntza batetik bestera transferitzen delako.

Hala ere, hizkuntzen arteko interdependentziaren hipotesiak murgiltze-programei buruzko zalantzak sorrarazten zituen baldin eta ikasleak arazoak dituzten inguru soziokulturaletakoak baziren; nahiz eta murgiltze-programa horiek egoki bideratu ondo errotutako inguru soziokulturaletan. Une horretan erabiltzen dira Basil Berstein Brasileko soziologoaren planteamenduak, ahozko hizkuntzak eta bere kodeek herri xehearen eskola-porrotean zer eragin duten aztertzeko (izan ere, hauen kode mugatuek ez dute balio eskolan arrakasta lortzeko, eskolako hizkera abstraktua eta testuingururik gabekoa delako). Murgiltze-programak Haur Hezkuntzan sartzeko ideia ikerketa hauetan oinarritzen da, hain zuzen ere, ikasleek hizkuntza-arloan dituzten desorekak lehenbailehen berdintzeko.


ZENBAIT HAUSNARKETA HIZKUNTZAN MURGILTZEKO PROGRAMAREN (PIL) EZAUGARRIEN ETA BALDINTZEN INGURUAN

Murgiltze-programek ezaugarri hauek izan dituzte ia beti:

* Etxeko hizkuntzatik eskolako hizkuntzara aldatzeko programa da.

* Hezkuntza-programa elebiduna da; hau da, derrigorrezko hezkuntzaren amaierara iristean, ikasleak bi hizkuntzak (etxekoa eta eskolakoa) antzera jakingo ditu.

* Programa boluntarioa da (Lehen Hezkuntzan gaztelaniarako bakarkako laguntasuna eskatzeko aukera arautu zuenean, araudiaren bermea lortu zuen).

* Zentroko ikasle gehienek ez dakite ikasi beharreko hizkuntza.

* Irakasle guztiek elebidunak izan behar dute (hau da, eskolako hizkuntza eta ikasleen ama-hizkuntza jakingo dute).

* Edozein modutan ere, arestian esan dugun bezala, gogoratu behar da katalanaren kasuan Hizkuntzan Murgiltzeko Programa berrikuntza pedagogikoko prozesuari lotuta etorri zela (batez ere Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzaren hasierako zikloan). Horrek hainbat ondorio izan zituen: metodologia berriak, estrategia didaktiko berriak, eta curriculum-material berriak sartzea. Hizkuntzan Murgiltzeko Programa hizkuntzaren normalizazioarekin ere lotuta egon zen; hizkuntza minorizatua, alegia katalana, ikasteko bermea eman zielako biztanle gehienei, euren ama-hizkuntza edozein izanik ere.


ERAKUNDEEN ANTOLAKETARI ETA JARDUERARI BURUZKO ZENBAIT HAUSNARKETA

Erakundeen jardueran esku-hartzeko eta antolatzeko era berriak ematea, hori izan da, hain zuzen ere, PILen garapenerako gauza garrantzitsuetako bat, nahiz eta askotan jendeak horren berri ez izan.

PILen garapenean izandako berrikuntza interesgarrienetako bat hizkuntzaren normalizaziorako plan trinkoak sortzea izan zen. Plan hauen bidez, lurralde bateko hainbat erakundek sarean lan egiten hasteko aukera izan zuten. Hartara, bakoitzak gauza interesgarriak eskaintzen zizkion eskolako hizkuntza-plangintzari.

PILen garapenak pedagogia aldetik berriztatzen lagundu zien Kataluniako Lehen Hezkuntzako eskola publikoei, gehienbat 80ko hamarkadako azken urteetan eta 90eko hamarkadaren erdialdera arte. Aipatutako garapenak aholkularitza didaktikorako asmo handiko programa bat sortzea ekarri zuen. Katalanaren Irakaskuntza Zerbitzuak (SEDEC) zuzendu zuen programa hori.


KONSTITUZIOAREN NEURRIKO HIZKUNTZA-EREDUA

1994ko abenduaren 23an, Auzitegi Konstituzionalak honako epai hau eman zuen: Kataluniako hizkuntza-normalkuntzarako apirilaren 18ko 7/1983 Legearen lau artikulu egokiak zirela Espainiako Konstituzioaren ikuspegitik. Hain zuzen ere, artikulu horiek arautzen zuten Kataluniako irakaskuntzaren hizkuntza-erregimena (prozesu hau 1983an hasi zen. Pertsona batek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu zuen Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazio Salan). Azken batean, erabaki horrek bermatu egiten du Kataluniako legediak aurreikusitako hizkuntza-ereduaren irakaskuntza Konstituzioarekin bat datorrela.


HIZKUNTZAREN LEGE-ORDENAMENDUA ESKOLARA

1990eko hamarkadan jauzi kualitatiboa egin zen, gutxienez lege aldetik: Katalunian Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan(*2) irakaskuntzen antolamendu orokorra ezarri zen. 1/1990 Lege Organikoa, hezkuntza-sistema arautzen zuen legea, indarrean sartzearen ondorioz egin zen jauzi hori. Lege Organiko horren arabera, katalanak, Kataluniako bertako hizkuntza izaki, irakaskuntzarako hizkuntza ere izan behar du. Komunikazio- eta irakaskuntza-hizkuntza izango da Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan. Ondoren, irakaskuntzen antolamendu orokorra Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan garatzen zuten dekretuek (*3) finkatu egiten zuten goian aipatutakoa, honako hau adierazten baitzuten: katalana, Kataluniako bertako hizkuntza izaki, irakaskuntzarako hizkuntza ere bada. Eta, beraz, komunikatzeko eta irakasteko hizkuntza gisa erabili behar da aipatutako hezkuntza-mailetan. Erreferentzia bera aurkitzen dugu Lanbide Heziketa eta Batxilergoa arautzen duten dekretuetan (*4).

Hizkuntza-politikako urtarrilaren 7ko 1/1998 Legea inoiz ez da zabaldu irakaskuntzara, baina berak ere honako hau esaten du: katalana normal erabili behar da komunikazio eta irakaskuntza-hizkuntza gisa unibertsitatez kanpoko irakaskuntzan.


ZEIN DA GAUR EGUNGO EGOERA?

Batez ere hauteskunde aurrean, zenbait ahots apokaliptikok esaten digute gure ikasleek ez dakitela behar adina gaztelania, baina errealitateak erakusten digu Katalunian hizkuntza makalen bat egotekotan, hizkuntza hori katalana dela.

Datu esanguratsu gisa, honako hau azpimarratu behar dugu: 1998tik 2003ra, bai Katalunian bai Estatu osoan, gaztelania-maila neurtzeko probak prestatu eta egin ziren. Hezkuntza Ministerioko Hezkuntza Sistemaren Kalitatea Neurtzeko Institutu Nazionalak (INECSE) eta Kataluniako Generalitateko Hezkuntza Saileko Hezkuntza Sistema Neurtzeko Kontseilu Nagusiak adostutako probak izan ziren. Ondoko taulek eta irudiek erakusten dutenez, Kataluniako eta Espainiako emaitzak berdintsuak dira estatistikaren ikuspegitik; alegia, ehunekotan ez dago desberdintasun nabarmenik, eta Kataluniako eta Estatuko gainerako ikasleek gaztelania-maila bertsua dute.


Gaztelania Lehen Hezkuntzan (12 urte) 1999

0160JVallcorba


Gaztelania Lehen Hezkuntzan (12 urte) 2003

0260JVallcorba


Gaztelania Bigarren Hezkuntzan (16 urte) 2000

0360JVallcorba


Azaldu dugunez, beraz, Katalunian ez dago arazorik gaztelaniarekin, eta are gutxiago kontuan hartzen badugu gazte katalanek zenbat erabiltzen duten hizkuntza hori; izan ere, aisialdian beti gaztelania erabiltzen dute: besteak beste, teknologia berrietan, komunikabideetan, unibertsitatearen arlo askotan, bai eta lan-esparruan ere. Katalanak, berriz, badu arazoa. Alde batetik, ezin da ukatu gaur egungo gazteek duela hogei urtekoek baino katalan-maila hobea dutela. Hala ere, erabilerari dagokionez, egoerarik onenetan ere bere horretan dirau, geldirik. Egoera horri, gainera, beste faktore bat gehitu behar zaio: batez ere 2000. urtetik aurrera, Europako Batasunetik kanpoko etorkinak ugaritzen ari dira Katalunian, eta, ondorioz, eskoletan testuinguru eleanitzak eratzen direnez, kezka eta erronka berriak sortu dira hizkuntzan murgiltzeko programaren inguruan.


HIZKUNTZARAKO ETA GIZARTEAREN KOHESIORAKO PLANA

Arrazoi horiek direla eta, Kataluniako Generalitateko hezkuntza-arduradunek Hizkuntzarako eta gizartearen kohesiorako plana onartu zuten 2004. urtean (http:www.xtec.cat/lic/intro/documenta/Pla_LIC_0405.pdf). Plan horretan, hizkuntzaren erabilera eta ikasle guztien aukera-berdintasunaren errespetua uztartzen dituzte, XXI. mendeko kultura anitzeko Kataluniako gizartea kontuan hartuta. Horri lotuta, gure hezkuntza-sistemaren sakoneko gai garrantzitsu batzuk jasotzen dituzte:

• Zer aldatu behar da testuinguru elebidun bati begira sortutako programa bat baztertzeko eta testuinguru eleanitz baten eskariei erantzungo dien programa batean sartzeko?

• Nola esku har daiteke Bigarren Hezkuntzaren eremuan, ikasleek hizkuntza ez dutela normal erabiltzen jakinda? Eta, beraz, zer estrategia erabili behar dira ikasleak katalana jakitetik erabiltzera pasatzeko?

• Nola uztartu katalanaren (ikasle guztientzat hautatu dugun hizkuntza komunaren) sustapena eta Katalunian dauden gainerako hizkuntza guztien errespetua?

Azken bi ikasturteetan, Hezkuntza Sailak kezka hauei erantzuteko saioak egin ditu. Mila harrera-gelatik gora sortu dira, bai Lehen Hezkuntzan bai Bigarren Hezkuntzan, berriki iritsitako ikasle guztien premiei katalanez erantzuteko. Gainera gelok sortzeko eredu malgu bat aukeratu da. Aukera honen bitartez, ikaslea lehen egunean bertan jarriko da harremanetan ikastetxeko gainerako ikasleekin, ikasleak ez duelako egun osoan harrera-gelan sartuta egon behar.

Udalekin lankidetza-hitzarmen ugari sinatu dira, inguruko Hezkuntza Planak gauzatu ahal izateko. Izan ere, gizarteko eragile guztiak hezkuntzaren norabidearekin ados egon ezik, ezin dira lortu ez gizartearen kohesioa ez hizkuntzaren erabilera. Hau da, eskolak katalanez badira, baina gero udako jarduerak gaztelaniaz badira, zaila izango da katalana erabilgarria dela sentitzea. Are zailagoa izango da, baldin eta berriki iritsitako ikasle batek eskolaz kanpoko jardueretan parte hartzeko gainerako ikasleek adina aukera ez badu; ezin baita esan orduan ikasle guztiek eskubide berak dituztela. Hezkuntza Sailak ahalegin handia egin du berriki iritsitakoentzat katalana irakasteko material didaktikoa sortzeko (Sailak berak eta argitaletxe pribatuek sortu dute materiala). Horrez gain, ahalegin handia egin du hizkuntza-murgilketari begira materiala sortzeko (egoera eleanitz berrira moldatuta) eta hizkuntzaren erabilera lantzeko nerabeentzako materiala prestatzeko.

Eta ez genuke ahaztu behar irakasleak trebatzeko asmo handiko plana. Harrera-geletan lan egingo duten irakasleak ez ezik, hizkuntza-normalkuntzaz eta ikastetxeetako gizarte-kohesioaz arduratuko direnak ere trebatuko dituzte (Haur Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan koordinatzaileak izango dira arlo hauetan: hizkuntzan, kulturen arteko harremanean, eta gizarte-kohesioan). Baina ez irakasleak soilik, zuzendaritza-taldeen ardura hartuko dutenak ere trebatuko dituzte.

Zalantzarik gabe, eskola izan da hizkuntza-normalkuntzako prozesuaren —gizartea berriro katalantzearen— zutabe nagusia Katalunian. Horrexegatik, eta 80ko hamarkadan ezarritako helburuak oraindik ez direla guztiz bete kontuan harturik, hezkuntza-sistema herriaren egoera soziopolitiko eta soziokultural berrira egokitzeko helburuarekin ari gara lanean. Herri honek aukera berak nahi ditu biztanle guztientzat, eta, bertan, katalana izan beharko litzateke gizarte-kohesiorako hizkuntza, guztion hizkuntza komuna, gero eta gizarte eleanitzagoan.

 

_______________________________________________________________________________________________________________

OHARRAK

(*1) Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzako Hasierako zikloan gaztelaniaz bakarkako laguntza jasotzeko eskubideaz oso familia gutxi baliatu da. Laguntza eskatu duten familien kopurua hutsaren hurrengoa izan da datu hauek erakusten digutenez:

IKASTURTEAK
94/95
95/96
96/97
97/98
98/99
99/00
00/01
01/02
02/03
03/04
04/05
96
89
60
21
24
10
10
5
2
0
0

(*2) Martxoaren 9ko 75/1992 Dekretuak irakaskuntzako antolamendu orokorra ezartzen du Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta Bigarren Hezkuntzan.

(*3) Apirilaren 28ko 94/1992 Dekretuak curriculum-araudia ezartzen du Haur Hezkuntzan; apirilaren 28ko 95/1992 Dekretuak curriculum-araudia ezartzen du Lehen Hezkuntzan; eta apirilaren 28ko 96/1992 Dekretuak curriculum-araudia ezartzen du Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan.

(*4) Azaroaren 4ko 332/1994 Dekretuak irakaskuntzako antolamendu orokorra ezartzen du Katalunian Berariazko Lanbide Heziketan; eta martxoaren 5eko 82/1996 Dekretuak Batxilergoko irakaskuntzako antolamendua ezartzen du. Berriz ere enuntziatu bera azaltzen da: katalana da irakaskuntza horietan normalean erabili behar den hizkuntza.

 

BAT aldizkaria: 
60. 2006ko iraila. Unibertsitate aurreko hiztza. ereduen...
Egilea(k): 
Josep Vallcorba
Urtea: 
2006