HITZAURRE GISA 34 ZKIA

Oso artikulu desberdinak dituzke hemen irakurleak; bai Euskal Herriari buruzko batzuk, bai kanpoaldeko kasoei buruz beste batzuk (Katalunia, Eskozia). Baina denak aberasgarri eta gogoeta iturri.

Esteban Agirrek Udalerri Euskaldunen Mugimenduaren kondaira eskaintzen digu Bat 34 honetan, eta “mugimendu” izatetik “mankomunitate” izateko urratsak azaltzen dizkigu, zehatz mehatz, 9 urtetan barreneko bere ibilbidean.

1988an Euskal Herrian Euskaraz herri-ekimenak bultzatua, eta Aizarnazabalen 1991ko Maiatzaren 5an “Udalerri elebakarrak” bultzatzekotan abiarazia, euskararen berreskurapenean bere tarte esanguratsua lortua du jadanik gerora U.E.M.A. bihurtu zen erakundeak.

Lege oztopoak ez ziren luzatu. Euskara normalizatzekotan lortutako 10/1982 legea berehala inpugnatu baitzuen Madrilek; Auzitegi Konstituzioinalak gainerakoa borobiltzen zuelarik (82/1986). Geroago, eta orain dela oso gutxi irakurleak badakikeenez, helburuetan ñabardura batzuk aldatu arren (ale honetantxe Iñigo Urrutiak zehazten duenez) legetik at gelditu da UEMA. “Geroak erranen” diote ipartar aberkideek.

Nondik jo eta zertan bultza, berehala ikusi zuen UEMAk bi alorretan egin behar zela ahalegina bereziki: Udal administrazioan, batetik, erakunde honetan sartu diren udalerrietako hiztunengan benetan nagusi baita euskara. Eta Osasungintzan bestetik: negargarria izaten baita oraindik, leku askotan, bezero zahar elebakarrek, beren eritasuna erdaraz azaldu beharrez, eta ezinean, eman ohi duten ikuskaria. Euskara paperaren gainean “ofizialkidea” omen delarik...

Orain UEMAk 35 udalerri biltzen ditu. Txikiak normalean, bai, nahiz ez beti. Haserako 16 udaletatik 35 horietara pasatzean, Bermeo, Leitze, Lekeitio, Oiartzun, Ondarroa, Usurbil, bildu dira multzora.

Espainolistak ez daude pozik. Noski! Eta Legedia Konstituzionalaren aldetik jo nahi dute (nahiz Konstituzio hori euskaldunok ez onartua izan). Eta hori da Iñigo Urrutia adituak azaltzen duena (“Udalerri euskaldunak eta Zuzenbidea”).

Espainiako Konstituzioaren 3.Art. famatua hartzen du abiapuntu, eta Euskararen erabilpena arauzkotzeko Legea kontrajarriz (eta 8.3. puntua bereziki) horrek ekarri dituen, eta ekar ditzakeen, arazo juridikoak azaltzen dizkigu.

Hiru ataletan agertzen dira kontraesan horiek: 1/ alde batetik, Hego Euskal Herriko udal bat, euskara hutsez espainiar legetasunaren barruan posible dea?; 2/ nola uztar daitezkeen Udalek azkeneko urte hauetan kaleratu dituzten “ordenantzak” eta espainiar legetasuna?; 3/ U.E.M.A. mankomunitatea bera zertan geratu da aurtengo Otsailaren 10ko erabakiaren ondoren?

UEMA-ren ibilbidea “zailtasunez beterik” dagoela eta egon dela azpi-marratzen du Urrutiak.

Guztiz egoki dator, horren ondoren, Imanol Esnaola gure lankideak Iñaki Arregi kudeatzaileari egin dion elkarrizketa.

Erakundearen gorebaherak zehatz-mehatz azalduz (EUDEL / UEMAren arteko gorabeherak, alderdi politiko abertzale batzuen aldetikako jarrera ezkorra, eta abar) sarrera-muga hiztunen %80 horretan jartzeko arrazoinak azaltzen dizkigu (egun hauetan, berriro ere, euskaltzale batzuek %70ra aldatzeko eskatua), eta Iparraldeko udalek UEMAn legez sartzeko zailtasunen berri eman.

Oro har, euskaltzale guztiek onartuko dituzte Arregiren jarrerak. Euskara benetan bultzatu nahi dutenen artean bederen.

Egia da, bide beretik, ahozko ekintzen alorrean, euskaldun jatorrik gehienak, UEMAko herrietan sortuak eta heziak direla (“Goenkale”ko artistak barne).

Oso egia da, era berean, langileei esijentzia asko ezartzen zaiela, eta estu, hizkuntzaren aldetik ; baina politiko profesionalei aisa ematen zaiela hizkuntza-menia.

Oraindik ere udal askotan euskararen problematika azpi-sail bat besterik ez dela. Egia. Eta Osakidetza-rekin oraindik gertatzen dena, “lotsagarria” dela. Bai. Langilegoa hartzeko baldintzen eskasian bilatu behar litzateke gakoa.

Beste ohar mamitsu eta egoki bat UEMA ez dela “aldarrikapen” hutsal bat, baizik-eta “konpromezutan” mamitu behar dela. Era berean, oso ados indar politiko abertzaleen arteko harremanak hobetzen direnean, errazagoa dela UEMA-ren eginkizuna, eta alderantziz.

Punttu batean agian ez horren ados. Euskara aurrera aterako bada, hiri-lurgune bat behar du, hiri euskaldun bat. Hiri hori, hala ere, Donostia dela iruditzen baitzait. Beste batzutan ere esan izan dudanez. Baina ez dut hemen heure irizpidea zehaztuko. Lekurik ez.

Alderdi Abertzaleak eta euskara galdeketari emandako erantzunek balio handia dute. Besterik ez bada nondik nora gabiltzan jakiteko.

Anjel M.Elkanok Herri Batasunaren izenean esandakoek ez gaituzte harritzen. Hizkuntzaren alorrean aurretik doa H.B. dudarik gabe, arerio politikoek hau nekez aitortzen badute ere.

Hartutako hiru abiapuntuak, oso egokiak: 1/ Euskal Herri osoan euskarari Ofizialtasuna aitortzea; 2/ belaun berriari euskalduntasuna bermatzea; 3/ edozein udaletan biztanlegoaren %80a euskalduna bada herri hori UEMAn sartzea.

“Babes bereziko euskal gune”tzat hartuak izatea, ongi da. Irlandako “gaeltacht” tristagarrien kutsua du honek. Baina Elkanok badaki. Eta desmarke garbia egiten du.

Oso ezaguna da, adibidez, Irlandako “gaeltacht” delakoetan gertatu zena: lan-gabezia zela-ta, industria batzuk eraiki. Hori bai. Baina industri-guneotako zuzendaritza, teknikoa eta administratiboa... gaelikoz ez zekiten ingelesdun elebakarren eskutan jarri; eta, diglosia gorrian, fabrika horietxek gaelikoaren hiltzaile gertatu... Eta ez irribarre egin! Hemen ere zenbait alorretan hori ikusten baitugu nahi baino maizago. Gogorazi beharko al dugu, ba, “jaurlari” eta “unibertsitari” askoren kasua? Oso ongi ere Elkanok Quebec-era eta Suomi-ra begiratzeko egiten digun proposamena.

Oso egokia, batez ere mamitzen hasiko balitz, Lz.Larrinagak EA-ren izenean “intsumisio instituzionala”ren alde emandako enbidoa.

Ondoko lanek nekez ematen dute biderik laburbilduma bat egiteko, eta beren horretan eta osoan behar dira irakurri.

Hori da, hasteko, Iñaki Marko gure lankidearen kasua (Hizkuntza prozesuen ingeniaritza). Oso interesgarria, eta oso adierazgarria batez ere, LAB-en mailako Sindikato bat(200 lagun staffean, 20.000 kide) barne euskalduntze prozesuan barrena orain dela urte t´erdi abiatuta ikustea; baita enpresa garrantzitsu mordo bat ere: Elay, CAF, MCC, Ikerlan, etab.

Oso bibliografia bereziaren berri ematen du, bestalde; eta orain arte gutti ezagutzen ditugun teknikarien berri ematen: Vázquez, Canales... Are zailago zaigu, jakina, “Ofercat” kataluniar txosten mamitsuaren laburpena egitea (36 orrialde, Bat-34 honetan).

Hizkuntz arloan kataluindarrak izan dira beti aintzindari; eta Fabà, P.López eta Ubach-en izkribu honen irakurketak irizpide bera azkartzen du. Badaukagula han zer ikasirik!

Santa Coloma de Gramenet-eko kasua, zinez zaigu argigarri eta esperantzagarri. Herri horrek 1.500 biztanle zituen 1915an, 120.000 gaur...

Alferrik aldaketa guztizko horretan “hazkunde naturala” bilatzea. Kataluniak, guk bezala, benetako jende-uholde bat jasan zuen frankismoaren garaian: “la oleada de los murcianos”, grafikoki bataiatua. Franco hiltzean Santa Coloman biztanlegoaren %11ak zeukan katalana etxeko hizkuntzatzat.

Ikerketan erabilitako indizeak eta gainerako gorabeherek arreta berezia merezi dute.

Egoera berreskuratuta dagoela agertzen da!

Eta, amaitzeko, oso gutxitan aipatu ohi den kasu baten berri ematen dizue BAT-ek gaurkoan: Alba-koa, Eskozia gaeliko edo zeltikoarena (Federico Jiménez,”Eskoziako gaelera”).

Irlanderaren ahaide hurbila, Eskoziako gaelikoak Eire-ko gaelikoaren bide bera hartua zuen; eta galdutzat eman zitekeen. Gaur egun, artikulugileak berak ere aitortzen duenez, Eskoziako gaelikera ez da inon kalean entzuten. Ezta Lewis eta Skye uharteetan beretan ere. Hauxe da egia.

Guztira, hala ere, 66.000 gaelikodun gelditzen bide dira uharteetan (bost miloitan) . Hala ere, eta hauxe da aipagarriena, 1985an hasitako eskola-mogimenduan (24 haurrekin), gaur 50 daude eta 2.000 haur.

Hizkuntz zaharrekiko joera honetan, eskoziar guztiek ingelesa erabiltzen dutelarik, badago giza-barruan aisa uler ez daitekeen zerbait. Atxekimendu hau ez baita Eskozian bakarrik gertatzen. Ordenadoreen olatuak dena ezteusten bide duen honetan, eskoziarrek ere beren arbasoen hizkuntzari leku bat eman nahi diote.

Ez gara esaten duten bezain bitxiak, hitz batez.

BAT aldizkaria: 
34. 2000ko maiatza. UEMA 1991-2000
Egilea(k): 
J.L. Alvarez Enparantza (Txillardegi)
Urtea: 
2000