HITZAURRE GISA 36 ZKIA.

Berandutxo gatozela iritziko diozu, irakurle. Eta zinez, hala da. Irailan behar zuenak abenduan ikusi du argia. Zalapartatsuak izan dira azken hilabeteok SEIko sukaldean, Sinposiuma dela, erabileraren neurketa dela, ikastaroak... Hazkunde minak nonbait.

Esku artean duzun zenbaki honek ez du berariaz jorratutako dosierrik. Urtean zehar indarra hartu duten hainbat gairen bilduma duzu, zein baino zein jakingarriagoa.

Euskararen biziberritzea, berreskurapena, normalizazioa eta antzekoak hitzetik hortzera darabiltzagun honetan Xabier Isasik azken hamarkada hauen irakurketa ausarta egin dio. Ez da erraza izaten historiari erreparatu eta nahas-masaren erdian argibide bat ikustea, are gaitzagoa izaten da argibide hori etorkizuneko bidea argitzeko moduan paratzea. Bada, horixe egiten digu irakasle eta lankide dugun honek: euskararen berreskurapen lanari eman beharreko norabideaz gogoeta egin eta urraspideak zehaztu.

Isasiren argibidearen ondoan, ordea, David Anaut Leitzako teknikariaren eskutik Nafarroako Gobernuaren dekretuaren azterketa datorkigu. Xabierrena argibidea baldin bada, bigarren lan honekin datorkiguna “ilunbidea” dela esan beharko dugu. Zuzen ari ziren euskaltzaleak Vascuencearen Legea euskararen garapenari mugak jartzeko ahalegina izan zela salatu zutenean, benetako “napartheid” legea, alegia. Artikulu honen hondarrean datorren hausnarketak lege honen gibelean dagoen egiazko asmoa asmoa agerian jarri digu. Hots, “Vascuencearen legean” sakontzeko urrats gehiago ematea, eta bidea, berriz, egilearen hitzek ederki adierazten digute:

  • Administrazioan euskararen erabilera murrizten baldin bada hizkuntzak berak gizartearen begietan pisua gal dezake, baita prestigioa ere. Euskararen pisu soziala, beronekiko motibazioarekin (baita motibazio instrumentalarekin, noski) lotua dago eta epe luzera horren eragina ere euskara ikasteko eta euskaraz ikasteko motibazioan (eta matrikulazioan) somatu liteke. Erabilera publiko eskaseko hizkuntza edo hizkuntzan zertarako ikasi?

Bistan da, beraz, euskaldun izatea gaitz gertatzen dela asmo hori etxetik kalera eraman nahi dugunean. Dena den, Iñigo Urrutia abokatuak Hizkutza Eskubideen Nazioarteko Kongresuaz egiten digun kronikan ederki asko erakusten digu, ukipen egoeraren kariaz gutxituak diren hizkuntzen geroari eusteko badela hamaika bide. Bada zer ikasia Letoniatik, Quebec-etik edo gertuago dugun Kataluniatik. Horra hor, euskaldunon hizuntza eskubideen defentsan dihardugunontzat harrobia.

Euskarak bizi izan dituen, eta egundo bizi dituen, eraso eta gora-beherak badirudi ahultasunari darion zoritxarraren errotik datozela. Txikiak eta besteen aldean ahulak izanagatik, ordea, badugu zer eginik. Isasiren artikuluak ederki jasotzen du egindako lanaren uztarik oparoena zein den, eta dugunarekin aurrera egin behar, erasoak eraso. Negu gorri honen erdian dator erabileraren IV. Neurketa. Zinez berri pozgarria. Izan ere, Txillardegi eta beste zenbait euskaltzaleren bultzadaz eta EKBren babesaz sortutako ekimen hau euskararen berreskurapen prozesuari jarraipena egiteko adierazle garrantzitsua bihurtu da. Olatz Altunaren lanak IV. Neurtaldiaren lanak hasi direla iragartzen digu. Eta horien parean aurreko neurketak utzitako zalantzaren hariari lotu behar gatzaizkio: Euskararen erabilerak goia jo ote du?

Hizkuntzaren kale erabilera adierazle garrantzitsua da oso, ez gara gu, ordea, euskararen berreskurapen esparrua erabilerara mugatzen hasiko. Bistan da hizkuntzaren aldeko ekimenak lan esparru ugari jorratu duela azken urteotan. Horien erakusgarri dugu enpresak euskalduntzeko lanean hainbat erakunde egiten ari diren lana. Erakunde hauen artean garrantzitsuenak mahai baten bueltan bildu genituen UEUren uztaileko ikastaroak aitzakiatzat harturik. Ildo hau sakontzen eta hedatzen ari den neurrian hazkunde krisi orok dakarren nahi eta ezina agerian jartzen ari zaigu: bitartekoen urritasuna, laguntza instituzional eta juridikoaren urria, euskaraz hazi eta hezitako langilerik eza... Mahai inguruan topatuko dituzu protagonistak gaiari tiraka.

Entrepresen euskalduntzea gurean izaten ari den garapenaren ondoan, ordea, Kataluniako Hizkuntza Politika Legeak arautu gabeko esparruetan izan duen eragina ezagutzeko aukera ere badugu. Jordi Bañeresen begirada zorrotzak agerian jartzen digu, zer-nola, arazoak arazo eta hutsuneak-hutsune, lege honek katalaneraren normalizazioan benetako astindua eragin duen, gazteleraren gotorlekurik kutunenak astintzeraino, beti ere, hiztunen eskubideen defentsan.

Beraz, jada birritan aipatu dugu Euskal Herritik kanpo badela nora begiratu eta non ikasi. Bide beretik ekarri dugu Donall O´Padraig aldizkari honen orrietara. Hizkuntza gutxiagotuen defentsan Hizkuntza Gutxituen Europako Bulegotik urtetan egin izan duen lana orain bigarren mailan utzi duelarik, aukera egokia izan da bere ibilbide mardulak zein ikuspegi eman dion ezagutzeko.

Horra hor, beraz, hostoz hosto bilusturik, zenbaki honen adarrak, horra hor, gure aldizkari honek ohi duen legez informazio aski jakingarria zuek jazteko. Negu gorrian tapaki lodia.

 

 

BAT aldizkaria: 
36. 2000ko iraila. Hizkuntza gutxitua, bizi iraupena eta...
Egilea(k): 
Imanol Esnaola
Urtea: 
2000