HITZAURRE GISA 48. ZKIA.

Euskara hedabideetan da 48. zenbaki honetako gai nagusia. Gai garrantzitsua da soziolinguistikaren ikuspegitik begiratuta, informazio eta komunikazio hedabideak betidanik kontsideratu direlako hizkuntza komunitate batean hizkuntza erabilera gune nagusienetako, bai orokorrean eta baita hizkuntza gutxituetako kasuetan ere; azken kasu horretan gertuko hedabideei ematen zaie lehentasuna batipat. Bestalde, gai garrantzitsua da beste edozein ikuspegi hartzen dela ere, herri baten, hizkuntza komunitate baten, edo hizkuntza baten garapen maila neurtzerakoan; badirudi ia topiko bihurtu zaigula informazio eta komunikazio hedabideak direla egungo modernotasunen, botereen, ahalbideen, eta horrelakoen adierazpen nagusienetakoak. Horregatik guztiagatik, ez da harritzekoa soziolinguistikan ere hedabideek leku berezia betetzea, bai tradizionalki (hezkuntza, administrazio, eta hizkuntza paisaiarekin batera) eta bereziki gaur egun.

Zenbaki monografiko honek zenbait alderdi jasotzen ditu:

  1. mota ezberdinetako egileak eta esperientziak: hedabide ezberdinetako erakunde-kideak, unibertsitateko irakasleak, ikerketa erakunde-kideak, doktore-tesiak;
  2. hedabide ezberdinak: prentsa, telebista, irratia, internet, eta teknologia berriak;
  3. hedabide orokorrak edo Euskal Herri osorakoak, eta gertukoak edo lokalak direnak;
  4. ikuspegi ezberdinak: teorikoagoak, esperientzialagoak (edo eskarmentuz betetakoak), normatiboagoak, eta abar;
  5. kokapen ezberdinekoak: Euskal Herrian eta euskara, Katalunian eta katalana;
  6. hedabideetan euskararen presentzia kuantitatiboa eta kualitatiboa, errepertorioak barne; etab. Erabat aberatsa eta iradokitzailea.

Zenbaki honetako artikuluen berezitasun garrantzitsu batzuen adierazpena egingo dugu ondoko lerroetan.

Globalizazio garaiotarako biziraupen-estrategia bat euskal hizkuntza-komunitatearentzat deituriko artikuluan doktore-tesi bateko aztergaia azaltzen da: Euskararen presentzia gaur egungo prentsa elebidun abertzalean: Deia, Egin, Enbata, Ekaitza, Gara eta Le Journal du Pays Basque kazeten ikerketa eta euskara hutsezko komunikazio-esparru autozentratua trinkotzeko proposamena aztergaia, hain zuzen. Ohikoa den zenbait teorizazio (elebitasuna eta diglosiaren eragina, motibazio nahiko ezaren oztopoa), helburu (euskal prentsa nahikotasunez funtzionatu ahal izatea), eta hipotesiren (euskararen agerpen kuantitatiboari eta kualitatiboari buruzkoak) arabera egindako tesia da. Bertan, “euskal prentsa” zer den definitzerakoan bete beharreko baldintza batzuk proposatzen dira: euskaraz bakarrik izatea + euskal-komunitatean autozentratua izatea + euskal-komunitatea kohesionatzeko baliagarria izatea.

Kaleko hizkera telebistako saioetan izeneko artikuluan “euskal errepertorioa” hedabideetan aztertzen da. Komunikazio-ekintza teoria erabiliz, telebistarako hizkuntzaren egokitzapenaren beharra, euskararena gurean, aztertzen da; telebistarako ez ezik, bestelako erabilera eremuetarako eta arloetarako ere baliagarria den azterketa eta proposamena da. Hiru irizpide erabiltzen ditu hizkuntzaren errepertorio motak sailkatzeko egin behar den egokitzapenerako: 1) erregistroa: ahozkoa, idatzizkoa, mistoa; 2) estiloak: formala, kolokiala, neutroa; 3) dialektoak: geolektoak, soziolektoak (hauek, goi/erdi/behe mailakoak). Horrela, nolako hizkuntza mota erabili jakin behar da, telebistan adibidez, programa eta eduki ezberdinen arabera, sinesgarritasuna lortzeko. Hau kontuan hartuta, Euskal Telebistan egin diren saioak (gaur egun egiten ari direnak ere bai) aztertzen dira, euskararen erabilera modu egokian eta sinesgarrian aukeratzeko, edo baita asmatzeko ere. Interesgarriak dira, besteak beste, egiten ari diren euskararen azterketa eta garapen linguistikoak, barneko errekurtsoak aprobetxatzeko eta maileguak barneratzeko ere estrategiak erabiliz. Oso garrantzitsuak iruditzen zaizkit euskararen eguneratze, egokitze, eta berritze egitasmo hauek aurrera eramatea, euskara hizkuntza bizia eta indartsua izatea nahi badugu: ongi etorriak horrelako egitasmoak! Filologokeria aipatzen da artikuluan; ona litzateke filologokeria modu positiboan, eta ez negatiboan, erabiltzeko ahalmena frogatuko bagenu, hizkuntzalaritza munduak (filologia barne) orain euskararen modernotasunaren alde eginez, lehenago euskararen batasunaren alde egin zuen bezala!

Herri aldizkariak: balantzea eta etorkizuneko erronkak artikuluak, berriz, “euskarazko herri prentsa (EHP)”, orokorrean eta Debagoiena eskualdean, bereziki, du aztergaia. Arrasate Press egitasmoaren historia aberatsa, eta luzea denbora motzean (15 urtetan), adierazten da bertan, honako bost faktoreen arabera: autoedizioaren sorrera, euskararen batasuna, euskara taldeak, herri erakundeen irekitasuna, eta euskal kazetari berriak agertzea. 90eko hamarkadan izandako arrakasta handia izan zen, “gehienetan, gaztelaniazko aldizkariek eta elebidunek desagertu edo euskaldundu egin behar izan zuten,... euskara horrela nagusitzea gaztelaniari lehia irabazita”. Gero, EHP gizarte eta kazetaritza fenomeno moduan aztertzen du:

  1. lehenbizi diagnosia egiten du: indar guneak, ahul guneak, aukerak, eta arriskuak eskainiz;
  2. ondoren, balantze modukoa egiten du, “armiarmaren” estrategia jarraitzea proposatuz, amarauna antolatzeko: “harreman sarrienak hurbilean ditugu, horregatik lotura gehienak hurbileko zirkuluetan behar ditugu. Urrundu ahala, harremanak urriago, beraz, loturak bakanago”; baina badirudi ez dela erraza dagoen lehian aritzea: “EHP ahul dago, eta ez da ikusten kemenik erronkei aurre egiteko”;
  3. azkenik, eredu bat proposatzen du, aurreko esperientziaren ondorio probetxugarriak erabiliz: baliabideak, adosteko gaitasuna, ausardia, berritasuna formuletan, lankidetza erakundeekin, autofinantzaketa; baita erronka batzuk ere, etorkizun hurbilerako: a) indartzea, adibidez, ingurukoekin bat eginez eta etxeko esparrua irabaziz, b) bizkortzea, orainkari izaera irabaziz, c) irekitzea, harremanak beste hedabideekin lotuz, d) abiatzea, orain arteko boluntarismoaz gain, baliabideak eta antolaketa martxan jarriz. Guztia ondo dator “globalki pentsatu eta lokalki aritu” esaera ekologistarekin.

Katalanaren erabilera Kataluniako eguneroko prentsan. Sektoreko enpresek eta profesionalek katalanaren erabilerarekiko dituzten iritziak, jarrerak, eta jarduerak izenekoa da hurrengo artikulua; berriz ere, egiten ari den doktore-tesia. Aztergaia hizkuntza katalanaren erabilera da, Katalunian saltzen den informazio orokorreko eguneroko prentsan erabilera, eta sektoreko enpresek eta profesionalek honi buruz argitalpenetan adierazten dituzten jarrerak. Hipotesi nagusiak esaten du: “komunikazio arloko enpresek eta, bereziki, prentsakoek euren hizkuntz politikak eta estrategiak egiten dituztenean, zenbait faktorek baldintzatzen dituzte”; lau hauek azpimarratzen dira:

  1. Egitura demolinguistikoa, komunikabideen arloko egitura, hizkuntz politika, eta nagikeria historikoa. Teknika kuantitatiboak eta kualitatiboak erabiliz, Kataluniako informazio orokorreko eguneroko prentsaren hedapena aztertzen du, hizkuntzaren arabera, 1994-2001 urte bitartean; hauek bereizten dira: katalanez argitaratutako 8 egunkari, gaztelaniaz argitaratutako 7 egunkari, eta argitalpen estataleko 4 egunkari. Egitura demolinguistikoan katalanaren ezagutza mailaren bilakaera aztertzen da, ikuspegi soziologikoa erabiliz zenbait ezaugarriren arabera: bizilekua, jatorri geografikoa, adina, ikasketa maila, eta klase egiturako kokapena.
  2. Prentsaren arloko egiturari buruz, Kataluniako sistema komunikatiboa nazioarteko bihurtzen ari den egoeran: “tokian tokiko eta eskualdeko prentsak katalana erabiltzeko apustu argia egin du eta Bartzelonako prentsak, berriz, gehienbat gaztelania erabiltzen jarraitzen du”.
  3. Hizkuntz politika: katalanaren gutxieneko presentzia bermatzen duten komunikabide publikoak sortu dira, eta katalanaren erabilera sustatzeko dirulaguntzak eman dizkie enpresa pribatuei.
  4. Nagikeria historikoa, “ohiturak” (=habitus) duen pisua: “prentsa katalanez irakur dezakeen merkatua badago (ezagutza maila eta irakurtzeko ahalmena oso handiak dira), baina gaur egungo katalanezko prentsaren eskaintza txikiagoa da” (bilakaeraren arabera); horregatik, paradoxa hau dela eta, ohiturei ematen zaie garrantzi berezia artikuluan. Gurean ere antzeko zerbait ez ote den gertatzen pentsatu beharko genuke.

Hizkuntz normalizazioaren egoera juridikoa tokian tokiko telebistan artikuluan Kataluniako egoera aztertzen da. Berriz ere, tokian tokiko edo gertuko hedabideak dira aztergai, nahiz eta orain telebistaz ari, eta ez prentsaz. Katalunian 90 tokiko telebista daude, 4 milioi ikusle dituztenak, baina, hala ere, egoera makala da: bai araudia eskasa edo araudirik gabekoa delako, baita emisio kuotetan oinarritzen delako hizkuntz normalizazioko legedia. Arriskutsua da egoera, informazio eta komunikazio teknologia berriak (digitalizazioa, adibidez) sartu eta gero: “ohiko kanalak ez diren irrati-difusio modu berriak agertzea; hala nola, ordainpeko kanalak, gaikako kanalak, eta eskaeraren araberako telebista delakoa, modalitate guztietan”; hau guztia, telebistako ikusleak banatuz, telebista publikoaren zeregina eztabaidan jarriz, eta tokian tokiko telebistak eta udalen eginkizuna legez marjinatzeko bidean sartuz. Bestalde, hizkuntzaren kalitateari buruz ere mintzatzen da artikulua, nahiko kezka handia adieraziz, filologoen aldetik. Soziolinguistak ere kezkati dira, telebistan ere katalana nahiko baztertuta dagoela ikusten dutelako, eta katalanaren alderako aldaketa gertatzea oso zail dagoelako; aurreko artikuluan esan bezala, oraingoan errepikatuz, ohiturak aldatzea oso nekeza gertatzen delako. Katalan estandarra edo batua erabiltzea ere eztabaidagarri jartzen dute; honek, gorago gurean aipatutako errepertorioaren arazoarekin badu zerikusia.

Euskararen prentsa interneten neurtu nahian izeneko artikuluan bi zati orokor bereizten dira:

  1. Internet informazio-iturri nagusia eta web-gunea zer diren adierazten duena; erabat argigarria da hedabide horrek gaur egun zer suposatzen duen ikusteko; horretan, zenbait hizkuntzatan izandako erabilera ere adierazten da, euskararen erabilera barne: bigarren erabiliena den AlltheWeb bilatzailean, adibidez, 2003ko uztailean, ingelesez 874.855 erabilera aurkitu ziren, frantsesez 43.535, gaztelaniaz 45.589, eta euskaraz 58.
  2. Euskararen presentzia hedabide honetan nolakoa den eta nola aztertzen ari diren adieraztekoa. Webean euskararen presentzia txikia bada ere, zenbait tresna ireki dira: berriak publikatzeko aukera, software-katalogoa (UEUk bultzatuta eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin), eta behatokia (estatistika aberatsak eta osatuak eskaintzeko asmoarekin), adibidez. Orain arteko lanari esker, proiektuek harrera positiboa izan dutela dirudi; interes handia piztu dute eta etorkizun handia aurreikusten diete proiektuen egileek; baikor ageri dira hauek proiektuekiko.

Euskarazko gertuko telebistagintzaren lekua artikuluan tokian tokiko, edo gertuko, edo lokalak diren euskarazko telebisten egoera adierazten da: duen garrantzi handia azpimarratzen da, eta dituen arrisku handiak ere nabarmentzen dira. Gaur egun, 9 dira Euskal Herrian euskaraz (edo elebidunez) aritzen diren herri telebistak, emisio eremuak batzuetan herriak eta besteetan eskualdeak izanez. 80ko hamarkadan hasitakoak dira gehienak. 90. hamarkadan sortutakoak, ia bakarrik emisio propiokoak eta barne ekoizpenekoak dira, programazio eta karruselen artean banatuak; gehienetan errepikatuak dira eta genero ezberdinak lantzen dituzte. Euskal Herrian bestelako telebistak ere badaude: herriko, eskualdeko, edo meso-telebistak; baina hauek euskaraz geroago sortutakoak dira, 2000. urtetik aurrera gehienak. Eskarmentuak eraginda, etorkizunari begirako gogoetak ere adierazten dira, honako hiru eremuak kontuan hartuz: herri gisako artikulazio sozio-politikoa, egituraketa mediatikoa, eta hezkuntza sistema eta hizkuntza normalizazioa. Hizkuntza normalizazioari buruz, adibidez, duen legitimazio soziala ikusita, telebistagintza lokalak ere sintonia berean jarri beharko luketela esaten da. Euskal prentsa lokalarekin erkatuz, antzean aritu beharko liratekeela euskal telebista lokalak ere: “erakunde publiko, pribatu, eta sozialen ekimenak aprobetxatuz, eta normalkuntza sozial, kultural, eta politikoaren bidean”.

Euskarak teknologia berrien aurrean duen erronka artikuluan eguneroko bizitzaren giltzarria den lengoaia naturala informatikoki lantzeko bideak aztertzen dira. “Ingeniaritza linguistikoa” arloaren ardura da datu-base dokumentalak eratzea, informazioa berreskuratzea, informazio esanguratsua hautatzea, edukiak kudeatzeko tresna egokiak eskaintzea, etab.; azken finean, “hizkuntza teknologien erronka nagusia gizakien eta makinen arteko komunikazioa erraztea da”. Badirudi arloa geroz eta garrantzitsuagoa kontsideratzen dela; arlo estrategikoa da Europako ikerketa-programetan, adibidez, nahiz eta hizkuntza nagusiei bakarrik dagokien. Aipatzen den kezka da: “lengoaia naturala da urte gutxiren buruan ordenagailuekin eta etxeko tresna guztiekin komunikatzeko izango dugun era eta, mugitzen ez bagara, harreman hori gurea ez den hizkuntza batean egin beharko dugu”. Egoera honetan, euskaraz ere zenbait lan egin da dagoeneko, gehienbat unibertsitatean, azkeneko urteotan: askotan erabiltzen dugun Xuxen izeneko testu-zuzentzaile ortografikoa, adibidez. Nola aurrera egin ikusterakoan, hiru urtetan (2003-05) garatuko den Hizking21 ikerketa proiektu estrategikoa, bost partzuer artean, adierazten da: “gaur egun ingelesez diren tresna infolinguistiko motak euskaraz ere izatea... Horietako asko euskararako propio sortuak izango dira, beste batzuk egokitu behar izandakoak... Agian uste baino lehenago hitz egingo dugu ordenagailuarekin euskaraz!” Horrela, gertuko eta barneko informazioa eta komunikazioa lantzeko beste bide batzuk dira hauek, prentsa, telebista, eta horrelakoen ondoan.

Gure irratia eta euskara izenekoa azken artikulua dugu. Aurrekoekin erkatuz, beste mota bateko artikulua da. Iparraldeko Gure Irratia da aztergaia, historikoki aztertua, modu fenomenologikoan, barneko esperientzia gogorraren arabera, objektiboki eta subjektiboki ere tratatua, batzuetan gozo eta besteetan kexu. Zenbait erakunderen laguntza eskasa izan duela azaltzen da; SIADECO taldeak egindako ikerketen arabera, entzulegoaren gorakadak eta beherakadak ezagutu dituen irratia izan da, eta zenbait kritika ezberdin eta ausart dakartzana. Gogoeta egitera bultzatzen duen artikulua da hau. Aipatzen diren arazoen artean, badira batzuk aurreko artikuluetan ere aipatuak izan direnak, adibidez, nolako euskara mota erabili behar den gertuko irratian, edo euskararen erabileraren kalitatea, eta hurbiltasuna, entzulegoa mantentzeko edo handitzeko; hala ere, arazo hauek nahiko modu ezberdinean tratatzen dira artikulu honetan eta aurrekoetan. Bereziki bukaeran aipatzen den kezka azpimarratuko nuke, gertuko Herri Irratia indartzeko: barnera/kanpora begira egin beharreko irratia; egia esan, kezka hau nahiko omnipresentea dugu, hedabide guztietan eta bestelako ekintzetan ere: hona hemen beharrezko dugun eztabaidagaia!

Bukatzeko, esan behar da zenbaki monografiko hau berezia dela: bai jasotzen duen aniztasunagatik, baita zenbait gogoeta eta eztabaida egitera ere bultzatzen gaituelako.

 

BAT aldizkaria: 
48. 2003ko iraila. EUskal errepertorioa hedabideetan
Egilea(k): 
Maria-Jose Azurmendi
Urtea: 
2003