HITZAURRE GISA 49 ZKIA.

 

Euskararen egoera unibertsitate aurreko mailatako hezkuntza munduan zein den, modu zabalean ulertuta, hori da zenbaki honetako aztergaia. Modu zabalean, alderdi ezberdinak jasotzen direlako: euskararen plangintza, euskararen agerpena, euskararen erabilera, erabiltzen den euskararen kalitatea, eta abar. Izan ere, hezkuntza eremu nagusia izan da euskararen normalizazio bidean, eta hala izango da gertuko etorkizunean, behintzat. Hori horrela, aldizkariak eremua gertutik aztertzea nahi izan du.

Lehendabiziko artikuluek euskararen egoera hezkuntzan, lurralde ezberdinetan, aztertzen dute. Lehenengo artikuluan euskararen erabilera Euskal Autonomi Erkidegoko (EAEko) ikastetxeetan aztertzen da: 1982ko euskararen erabilpena arautzeko Oinarrizko Legea, 1983ko euskararen erabilera eskola giroan bermatzeko Agindua, eta 1984an NOLEGA (Normalizazio Legearen Garapena) eman zirenetik, azken hogei urteotako bilakaera adierazten da. NOLEGAren barruan zenbait ekimen jasotzen dira, elkarren artean osagarri, euskararen erabilera areagotzeko; horien artean, lau hauek daude: ahozko adierazpena indartzekoa (antzerkigintza, bertsogintza, kantagintza, etab.), ikasgelaz kanpoko ekintzak (IKE), euskal girotze egonaldiak (EGE), eta ikastetxeen arteko binako loturak (IKABIL). Besteak beste, hitzarmen bidezko eskaintzak ere badira: idazleak ikastetxeetan eta euskara zine aretoetan deiturikoak. Euskararen maila eta kalitatea ere aztertzen dira, eta horretarako dauden ekimenak aipatzen dira: GARATU programa, idatzizkorako URRUZUNO izeneko literatur saria, eta ahozkorako BARRIOLA literatur saria. Ikastetxeen errotulazioa eta seinalizazioa ere kontuan hartzen da. Administrazioaz gain, beste hainbat erakunderen edo elkarteren ekimenak ere aztertzen dira, gehienak eskolaz kanpokoak direlarik: aisialdia, kirola, euskara elkarteen sorrera, etab. Ikasleei buruzkoez gain, badira ikastetxeei buruzkoak ere: inprimakiak, ikas-materialak eta horrelakoak, edo gurasoei buruzkoak ere. Azken finean, ikastetxeko plan osatuaren aldeko joera adierazten da: Hizkuntz Normalkuntza Programa (HNP) aurkeztuz, eta ikastetxeak eta inguruneak lotuz. Antzeko helburuarekin sortu da ULIBARRI Programa ere, orain lau urte, arrakasta handia lortuz: 8.000 inguru irakaslek eta 127.000 ikaslek parte hartu dute. Horrenbeste ekimen eta saio egin ondoren, euskararen erabilerak asko aurreratu du, nahiz eta oraindik asko egiteke egon euskararen egoera hobetzeko.

Ipar Euskal Herriko egoera adierazten da hurrengo kapituluan. Kasu honetan, eskola motak ondoko elkarteetan bereizten dira: Seaska (ikastolak, kopuruz sare txikiena, baina murgilbide eredukoa osorik), Euskal Haziak (eskola pribatu katolikoak, kopuruz gutxi gorabehera ikasleen herena jasotzen duena, hauetatik batzuk elebitasun eredukoak direlarik) eta Ikas-Bi (eskola publikoak, kopuruz ikasle gehien jasotzen duena, hauetatik gutxi batzuk elebitasun eredukoak direlarik). Lurralde honetan dagoen egoera larriena hezkuntzarako plangintza propiorik ez egotea da; Estatu Frantziarraren hezkuntza bakarraren ereduan kokatzen da, eta horrek zenbait arazo sortzen ditu: adibidez, irakasle euskaldun berrien kontratazioak murriztea, neurriren batean murrizte horren alde sindikatuak ere badaudelako: “Bordeleko errektoreak eskola publikoan diren ikasgela elebidunekilako berdintasunaren izenean ukatzen dizkigu ahalak”, nahiz eta Estatu Frantziarrak onartu duen Europako Batasuneko eskualde eta gutxiengo hizkuntzen Kartak (1992) esplizitu esan hizkuntza hauekiko egiten diren tratamenduak ezin direla tratamendu diskriminaziozkoak kontsideratu. Oso modu motzean eta argian adierazten dute egileek sare ezberdinetako hezkuntzaren egoera nolakoa den, baita etorkizuna nolakoa nahi duten eta nolakoa izatea espero duten ere. Hezkuntzako hiru sareen batzordeak elkarturik proposamena egin zuten, egungo kezka nagusiei erantzuteko: 1) hizkuntza eskaera soziala frogatua dagoelako, gurasoek euskara eskoletan sartzea nahi dutela; 2) irakasleen formazioa, irakasle euskaldunen falta dagoelako; 3) unibertsitatearen eginbidea, besteak beste, ikas-tresnak eta materialak ekoizteko, ebaluaketa lanak egiteko, eta ikerketarako. Hainbat eskakizun eta itxaropen, helburu nagusia lortzeko: “euskara lehen mailako ikasle guztiei eskaintzea, gurasoen %50ak edo %60ak onartuko duen itxaropenarekin. Helburu orokorra irakaskuntza hizkuntza politika zabal batean sartzea da, eta hau da Euskara 2015 planaren egitasmoa”.

Nafarroan, berriz, hasieratik garbi aipatzen da: “euskararen normalizazio prozesua hezkuntza arloan Nafarroako gizarte eragileei zor zaie neurri handi batean, Administrazioa (instituzioen ardura duten eta izan duten alderdi politikoak) honen kontra ari baita”. Hezkuntzan euskararen egoeraren historia aipatzen da, gehienbat 1986an Euskararen Legea onartu zenez geroztik, hiru zonalde edo eremu bereiziz: euskalduna, mistoa, eta ez euskalduna. Eta hiru eredu eskaintzen dira: D (euskaraz) eta A (euskara irakasgai moduan) euskaldun eremuan; D, A, edo G (erdaraz) eredu mistoan; eta G eredua eremu ez euskaldunean. Hezkuntza politika ildoak nahiko negatiboak dira, eta okertuz doaz azken urteotan: 1998ko kanpainan, adibidez, euskarak ez duela balio gaur egun zientziak eta kulturak eskatzen duten aberastasuna transmititzeko zioten, oraingoan ere Europako Batasuneko 1992ko Hizkuntzen Kartaren kontrakoa eginez; edo 2000. urtean Hizkuntza Politikaren Zuzendaritzaren esanetan euskararen ordez hobe da atzerritar hizkuntzak lantzea eskolan: ingelesa, frantsesa, eta alemana, adibidez, horretarako bestelako ereduak irekiz: I (hezkuntzaren %30 atzerritar hizkuntzan), J (I bezalakoa, baina euskara ikasgai moduan sartuz). Etorkizuna ere ez da erraza aurreikusten, batipat D eredua zabaltzeko, euskararen berreskuratze prozesuan oinarrizkoa dena. Botila erdi betea edo erdi hutsik kontsidera daiteke, baikor ala ezkor, aurrera begira euskararen alde jarraitu ahal izateko. Etsenplu argia da hizkuntza politikak duen eragina ikusteko.

Hurrena, euskal curriculuma hezkuntzan gaia aztertzen da, curriculum unibertsalean edo edozein curriculumetan, hizkuntza eta kultura arloan landu behar direnak eta testuinguru bakoitzean (gure kasuan Euskal Herrian euskal testuinguruan) landu behar direnak bereiziz. Hizkuntzak leku berezia betetzen du hezkuntzan, halako non-nahikotasuna duelako: hizkuntza arloan eta beste edozein ikasgai arlotan ere, hezkuntza bera hizkuntzak ahalbidetzen du; hau guztia euskal curriculumean ere sartzen da, kasu honetan euskara izanik hizkuntza zutabe nagusia. Hori horrela, ez da nahikoa izango euskararen gramatika, literatura, estilistika, espresio kulturalak (bertsolaritza, antzerkia, ...) eta abar lantzea, baizik hezkuntza osoan euskararen erabilera orokorra lantzea, eta euskararen erabileraren kalitatea lantzea ere beharrezkoa izango da, hezkuntzaren arlo guztietan euskara egokia erabili ahal izateko. Egitasmo globala eta konplexua da, benetan, hezkuntzari eskatzen zaiona.

Ondoren, ikerketa enpirikoak datoz. Hasteko, hezkuntza eleaniztun goiztiarra EAEn aztertzen da, hirueletasunekoa, helburuen arabera: euskara, gaztelera, eta ingelesa menderatu behar dute ikasleek derrigorrezko hezkuntzaren amaieran. Ikastolak, berriz ere sortzaile izanez, 1991-92 ikasturtean hasi ziren “Eleanitz-Ingelesa” proiektuarekin eta, hamar urte pasa ondoren, 2001-02 ikasturtean esperientziaren ebaluaketa egin dute; emaitzak onak izan dira. Euskara hezkuntzan hizkuntza nagusia izanik, “atzerriko lehen hizkuntzari, hau da, ingelesari dagokionez, ikasleek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bukatzean (16 urte) lortuak izan beharko dituzte atzerriko hizkuntzei buruz dekretuak etapa horretarako arautzen dituen ulermen, produkzio, irakurketa, idazketa, hizkuntz gogoeta, jarrera, eta abarretarako hizkuntz gaitasunak”. Gaur egun 70 ikastola, 20.000 ikasle inguru, 4 urtetik hasi eta 16 urtera arte proiektuan sartuta daude (dagoeneko esperientzia sartuta dago hezkuntza publikoan eta pribatuan ere). Esperientzia honetan sartu ahal izateko, zenbait baldintza bete behar dira, besteak beste D ereduan eskolatua izatea, lehen esan bezala, euskarari lehentasuna ematen zaiolako. Ebaluaketa egiteko, metodologia esperimentala edo erdi-esperimentala jarraitu da, talde esperimentala eta kontrol taldea (esperientzian parte hartu ez dutenak) erkatuz, honako arloen arabera: ingelesaren jabekuntza bera eta gizarte zientzien ikasketa. Biei buruz hipotesiak egin dira, adibidez gizarte zientzietan bi taldeek (esperimentala eta kontrolekoa) antzeko maila lortuko zutela eta ingelesez ikasi zutenak ezagutza hori euskaraz adierazteko gai izango zirela; eta hipotesiak baieztatu egin dira. Horrela, esperientzia emankorra gertatzen ari da, eta zenbait balio erantsi ere badakarte, hausnarketarako gai ugari plazaratu dituelako.

Hezkuntza eleaniztuna indartzen doanean garrantzitsua da gaitasun eleanitza eta elebakarra alderagarriak diren ala ez galdetzea. Marko teorikoari buruz, ikuspegi ekologikoa da hartzen dena eleaniztasunari erantzuteko: eleaniztunak ez ditu bi edo hiru elebakar bere barnean, baizik “bi edo hiru hizkuntza ditu aldi berean, etengabeko elkarrekintzan, eta horren ondorioz, konfigurazio linguistiko propioa eratu zaio, elebakarrarenarekin alderatu ezinekoa”. Gaitasun eleaniztunaren ezaugarriak aipatzen dira: hauen artean bat gaitasun eleaniztuna hizkuntzen ‘erabileraren’ arabera garatzen dela da; beste bat erabilera ‘egoera soziolinguistikoarekin’ lotzen dela, gehienbat hizkuntza-ukipen egoeran hizkuntza bakoitzaren lekuarekin (eremuka, arloka, etab., hizkuntza dominatzaile/menpeko izatearen arabera hizkuntzen funtzioak hierarkizatu ohi direlako). Erabilera behar komunikatiboaren arabera gauzatzen da, neurri handian egoera soziolinguistikoaren arabera; prozesu kognitiboak ere bereziak dira: malgutasun kognitibo handiagoa, kontzeptuak osatzeko erraztasun handiagoa, trebetasun mental anitzagoak, etab. Hizkuntza portaerak aztertzerakoan, ingelesa erabiltzerakoan zenbat mailegu erabiltzen diren ere aztertzen da, gehienetan funtzio hornitzailea betez, hutsuneak osatzeko, euskarara gehiago joaz espainierara baino; zenbait faktoreren arabera gertatzen da hau, adibidez, ingelesaren eta espainieraren artean gertutasun handiagoa dagoelako (biak dira hizkuntza indoeuroparrak), edo adin helduagoetan gehiago jotzen delako espainierara. Badirudi egoera nagusia hau dela: “ingelesean sortzen diren hutsuneak betetzeko, ikasle erdaldunek hitz euskaldunak maileguan hartzen dituzte; euskaldunek berriz gaztelaniara jotzen dute gehiago”; agian, “ikasleek joera handiago daukate ikasitako hizkuntzak aktibatzeko, ama-hizkuntza aktibatzeko baino”.

Enpirikoki lantzen da D ereduko 2-4 urteko ikasleen euskararen irakaskuntza eta jabekuntza-ikaskuntza estrategiak gaia ere. Interesgarria da 2 urteko ikasleekin esperientzia hastea, orain urte gutxi hasitako esperientzia berri hau (berriz ere, ikastoletan hasitakoa) ebaluatu nahian. Hasierako teorizazio aberatsa eman eta metodologia zehazki adierazi ondoren, zenbait analisi eta emaitza aurkezten dira aztertutako bi hezkuntza testuinguruak azaltzeko, biak komunikazio testuinguruak: ‘gela-korro’ (formalagoa, irakasleak gehiago gidatua) eta ‘gela-txoko’ (informalagoa, ikasleentzako libreagoa) izenekoak, bietan zenbait komunikazio estrategia aztertuz: bi testuinguru, beraien arteko antzekotasunak eta ezberdintasunak azaltzeko. Analisiak egiteko CHILDES izeneko metodologi berria (euskararen kasuan, behintzat) erabili da; egokia izan da komunikazio gertaerak aztertzeko. Aipatzen diren ondorio anitzen artean, batzuk hauek dira: bi testuinguruak beharrezkoak dira, ikasleentzako komunikazioan aktiboagoak eta pasiboagoak direnak; bakoitzak trebetasun ezberdinak eskatzen ditu eta jabekuntza-ikaskuntza ezberdinak bultzatzen ditu; biak osagarri dira beraien artean. Bukaeran, zenbait ondorio ere azaltzen dira, esperientziaren emaitza onak ikusita, gerora begira aholku modura emanez. Oro har, badirudi geroz eta goizago hasi euskalduntze prozesuan, orduan eta emaitza aberatsagoak lortzen direla; ez bakarrik euskara jakite mailan eta euskaraz komunikatzean, baizik baita beste zenbait gauzatan ondorio onak lortzeko ere.

Hurrengo lanean, ikastoletan eta eskoletan euskararen erabilera indartzeaz egindako gogoetak adierazten dira, bai Euskal Herrian gertatutako dislokazio demografikoan testualizatuz, baita hezkuntza munduak dituen mugak kontuan hartuz ere. Ikasleekin hezkuntzatik kanpo egin beharrekoak ere kontsideratzen dira. “Euskararen erabileran aurrera egiteko gauza dezente egiten da, baina gehiago ere egitea komeni da, eta egin daiteke gainera”. 2003-04 ikasturtean, EAEn, 328 ikastetxe, 6.842 gela, 10.324 irakasle, eta 153.176 ikasle ditugu, era batean edo bestean euskararen erabilera indartzeko egitasmoetan murgilduta; Nafarroan eta Iparraldean ere bai, neurri murritzagoan bada ere. Azpimarratzen den alderdia euskararen erabileraren kalitatea da: “gazte hizkera aberatsa eta freskoa sortzeko behar den askatasun giroa galarazi du hainbatetan hizkuntzaren gehiegizko kontrolak, baita hizkuntza kontrolik gabe garatu zitekeen esparruetan ere. Laburbilduz, gazte hizkera hizkuntzaren arauak ez betetzea ere bada, hizkuntza baliatzea, jolastea, eta hizkuntza estandarrean lurrikarak sortzea ... gazteen artean euskararen erabilera indartzeko bestelako aldaerak (argota, hitanoa, etab.) sailkatzea eta kontuan hartzea garrantzi handiko kontuak dira”. Hau horrela, ikastetxearen branka noranzko egokian jarriz, bost printzipio aipatzen dira:

  1. Atzerriko hizkuntzaren eskuratze goiztiarragatik euskara bera ez ahultzea.
  2. Euskara eta euskal kultura ardatz izatea eta bere inguruan “ukipen kulturalak, curriculum ofizialak, Europako kultura eta kultura unibertsala uztartzea, nola baita inmigranteen ukipen kulturalak uztartzen dituen curriculum integratzailea gauzatu behar izango da”.
  3. “Euskara komunikaziorako tresna eragingarria eta hiztunentzat behar-beharrezkoa zein hiztun gaientzat erakargarria den hizkuntza bihurtu behar da”.
  4. Euskarak, hizkuntza akademikoa eta hezkuntza eremukoa bezala, bestelako esparruetan ere erabilgarri izan behar du.
  5. Halako hiru urrats jarraitzea: ikastetxean euskararen erabileraren diagnostikoa egitea, helburuak definitzea eta egin beharrak asmatzea, eta lan estrategiak eta plangintza zehatzak definitzea. Interesgarria da gelaz kanpoko jardueretan jartzen den pisua, horretarako Fishman soziolinguistak esaten dituenak azpimarratuz.


Ondorengo lanean aurkezten dira: azken 20 urtetan zehar euskararen berreskurapenaren bilakaera, EAEko Euskal Eskola Publikoak jokatu duen papera, egungo egoera nolako den, eta etorkizunerako proposamenak, elkarte osoa kontuan hartuz: ikasleak, irakasleak, gurasoak, eta administrazioa. Ebaluaketa hau egiterakoan, orain arte Euskal Eskola Publikoak bete duela bere betebeharra esaten da: ikasle gehienek bi hizkuntza ofizialetan lortzen du gaitasuna. Beste kontu bat da, ordea, zenbateraino erabiltzen den euskara, gehienbat eskolatik kanpo, “euskara ez da ikasgelako hizkuntza izatetik atera” eta. Hala ere, egileak dio baikorra izan behar dela, beste erremediorik ez dugula. Gaur egungo gertakizun berriak ere badira bertan: 1) ingelesaren ikaskuntza aurreratzea; 2) etorkinak geroz eta gehiago izatea. Honen aurrean, eredu linguistikoen birplanteatzea beharrezkoa da, etorkinak A eredura joanez lortzen dena getizazioa baita, eta gaur egun familiak ikastetxearen kalitatea eta prestigioa bilatzen du, ereduaz gain. Euskara zabala, integratzailea, eta errealitate soziolinguistikoarekin oso errespetagarria izan da orain arte, askotan euskararen zabalkuntzaren eta normalizazioaren aurka bultzatutako ekintzek eta kanpainek aurkakoa lortuz. Gerora ere antzean jarraitu beharko litzatekeela esaten zaigu. Berriz ere, esparru guztietan euskararen erabilera ziurtatzea da helburu nagusia eta garrantzitsuena, orain, abian dela jakitea da.

Bukaeran, euskararen kalitatea hezkuntzan gaiari buruz zenbait adituren iruzkinak datoz. Denak iruzkin aberatsak, gure gogoetarako egokiak, eta gure arteko eztabaidarako aproposak. Iruzkin gehienetan euskararen erabileraren egoera ez dela oso ona azaltzen da; gehienetan, gomendio modukoak ere ematen dira erabileraren kalitatea hobetzeko. Iritzi batzuek hezkuntzaren egoera eta hezkuntzan euskararen erabileraren kalitatea hobetzeko egin beharrekoak azpimarratu dituzte; beste batzuek irakasleen egoera eta beraiek egin beharrekoak azpimarratu dituzte, bai ikasleen erabilera eta baita hezkuntzan oro har dagoen erabilera hobetzeko. Badira iritziak haurrak eta gazteak hartzen dituztenak kontuan, eskola barruan eta eskolatik kanpo egiten duten euskararen erabilera adierazterakoan eta konponbideak proposatzerakoan. Bada bestelako iruzkinik ere, euskararen eraginaren bitartez hezkuntzaren beraren kalitatea aztertzen duena: hezkuntzan euskararen aldeko ahalegina hezkuntzaren kalitatea hobetzeko baliagarria izan dela adieraziz; horrela, euskararen kalitatea hezkuntzaren kalitatearekin lotuta dagoela dirudi, eta baita alderantziz ere. Orokorrean, diagnostikoa nahiko txarra da euskararen erabileraren kalitatea aurkezterakoan, baina erabilgarri diren aterabideak ere irekitzen dira, etorkizunean egoera hobetzeko.

Zenbaki berezia da honako hau: nahiko ondo osotua, alderdi ezberdinak jorratzen dituena, lan mota askotakoa, gai ezberdinak aztertzerakoan ausarta, euskararen egoera era euskararen erabileraren kalitatea diagnostikatzerakoan argia, batzuetan pesimista (botila erdi hutsik) baina besteetan baikorra (botila erdi beteta), azterketa arrazionalaren ondoan boluntarismo handiarekin egindako azterketak ere adierazten dituena, eta egile mota anitzekoa. Soziolinguistikan, batipat hizkuntza gutxituen eta menpekoen inguruko soziolinguistikan, betidanik eman zaio hezkuntzari erdigunearen lekua; gurean ere hezkuntzari leku berezia ematen diogula dirudi, eta horren ondorio da honako zenbaki hau.

 

BAT aldizkaria: 
49. 2003ko abendua. Hezkuntza mundua eta hizkuntza berreskura...
Egilea(k): 
Maria-Jose Azurmendi
Urtea: 
2003