Kronika

 

ERALAN
2 IKERKETA PROIEKTUAREN ONDORIOAK PLAZARATZEKO JARDUNALDIAREN

KRONIKA

HIZKUNTZ
LIDERGOA AZTERGAI

 

2010eko azaroaren 17an, Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultatean, Eskoriatzan

Eralan2 proiektuko jardunaldi irekia

Soziolinguistika Klusterraren eta Mondragon Unibertsitatearen eskutik etorri da Eralan 2 proiektuaren inguruko jardunaldi irekia.  Jardunaldiak hizkuntza lidergoa izan du aztergai eta jende mordoa gerturatu da bertara, gaiaren inguruko nondik norakoak erakarrita.

Eralan 2 ikerketa proiektuan hizkuntza lidergoaren alde teorikoa lantzeaz gain alde praktikoa ere landu dute eta, horren harira, interbentzioak egin dira izaera ezberdineko 7 erakunde eta enpresetan. Esku-hartze horietatik ateratako ondorioak plazaratzea  izan da jardunaldiaren helburua. Jardunaldian, erakunde horien esperientzia zuzenean entzuteko eta hizkuntza lidergoa nola landu den ikusteko aukera izan da. Alde batetik interbentzioak kudeatu dituzten teknikariak izan dira eta bestetik enpresetako liderren bizipenak entzun ahal izan  dituzte bertaratutakoek, ikuspegi zabal eta, bide batez, praktiko bat bereganatuz.

Jardunaldian, ohiko hitzaldi eta mahai inguruez gain, Pecha Kucha formatuko zazpi saio izan dira, eta horrek berrikuntza nabaria ekarri dio jardunaldiari, izaera dinamikoa eman baitio, hitz saioak arinago eginez. Pecha Kucha formatua oso berezia da: izan ere, alde batetik, hizlariak bere hitzaldia 20 segunduna dirauten 20 diapositiben trantsizio automatikoan sartu behar du eta, bestetik, diapositibak irudi iradokitzaileez hornitu behar ditu, hartzaileak ez baitu 20 segunduan testu askorik irakurtzeko aukerarik. Orokorrean, jendeak oso harrera ona egin dio formatu berritzaile honi, nahiz eta bere mugak dituela onartu.


Jardunaldiei hasiera emateko, Soziolinguistika Klusterreko kide den Denis Elortzak aurkezpen lanak egin ditu, eta bere alboan ikusi ahal izan ditugu segidan sarrerako agurrak eman dituzten pertsonak. Lehenik eta behin, Nekane Arratibelek, Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateko dekanoak, ongietorria eman die bertara gerturatutakoei. Segidan Iker Martinez de Lagos-ek, Soziolinguistika Klusterreko lehendakariak, Eralan2 proiektuaren izaera eta Klusterraren misioa lotu ditu; izan ere, proiektuko zuzendari zein parte-hartzaileak Klusterraren bazkideak eta babesleak izan dira. Eralan 3rekin jarraitzeko asmo garbia azaltzeaz bat, jardunaldiaren zein proiektuaren babesleei esker ona azaldu die. Horren ostean, Gipuzkoako Foru Aldundiko euskara zuzendari Estibaliz Alkortak, Kutxako gizarte arloaren eta komunikazioaren zuzendaria Carlos Ruizek eta Arabako Foru Aldundiko Euskara eta Kultura diputatu den Lorena Lopez de Lacallek agur hitzaldiak eskaini dituzte.

Sarrerako agurren ostean, jardunaldiko hitzaldi nagusia etorri da Nekane Goikoetxea Mondragon Unibertsitateko HUHEZIko irakasle eta  aldi berean Eralan2ko zuzendari denaren eskutik. Lidergoaren kontzeptualizazioaz aritu da, baita hizkuntza lidergoaren alderdi desberdinei buruz ere eta, azkenik, ikerketa interbentzioen izaera desberdinen inguruko arrastoak eman dizkie bertaratutakoei.

Nekaneren hitzaldiaren ondoren, aipaturiko Pecha Kucha formatuko aurkezpenak etorri dira, ikerketa-interbentzioak aurrera eraman dituztenen eskutik.  Lehenik Bermeoko Udaleko euskara teknikariak aritu dira, Maite Alvarez de Zarate eta Aitziber Gabikaetxebarria, beren proiektuaren gorabeherak kontatzen. Hauen atzetik Ahize-AEKko Mikel Urdangarinen azalpena etorri da, eta Kutxako Imanol Miner izan da hirugarren  eta azkena atsedenaldiaren aurretik.

Behin indarrak batuta, azalpenekin jarraitu dute, kasu honetan Izaro Ugalde Gipuzkoako  Foru Aldundiko euskara teknikaria izan da, eta honen ostean Artez-eko Maider Gaztakak JEZ Sistemas Ferroviarios-en egin duten interbentzioa azaldu du. Elhuyarretik  Helene Armentia etorri da, eta Mungialdeko gizarte zerbitzuen patzuergoan izandako esperientzia elkarbanatu du. Azkenik, Emun-eko Ruben Beitiak FagorEderlan kooperatibak euskararen planaren trenaren ipuina kontatu digu, eta honenbestez amaiera eman zaio ikerketa-interbentzioen azalpenen atalari.

 

Jardunaldia bukatzeko, mahai-inguru bat izan da, eta bertan Bermeoko Udaleko kontu hartzaile Edurne Urrutia, Fagor Ederlan Koop. E.-ko lehendakari Mikel Uribetxebarria, Gipuzkoako Foru Aldundiko Estibaliz Alkorta, Kutxako Carlos Ruiz eta Nekane Goikoetxea irakasle eta proiektuko zuzendaria egon dira, azken hori moderatzaile lanetan. Saioa hasi eta segidan beste gonbidatu bat bildu da mahai ingurura, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskara diputatua den Maria Jesus Aranburu, hain zuzen ere. Guztiek azpimarratu dute Eralan2 bezalako proiektu baten garrantzia, eta hau babestea eta bultzatzea garrantzitsua dela, euskara lan munduan sustatu nahi bada, behinik behin.

Honenbestez amaitutzat eman da Eralan2 ikerketa proiektuaren inguruko jardunaldia, eta esan dagoeneko esan daiteke arrakastatsua izan dela, bertara 80 pertsona inguru gertura baitira. Baina beste horrenbeste izan dira jardunaldia streaming bidez jarraitu dutenak. Jardunaldia ikusi nahi izanez gero, hemen dago streaming-ez emandakoa eskuragarri.

 

 BABESLEAK: