Iruñerriko gazte euskaldunen hizkera aztertu duen ikerketa argitaratu da.

Orreaga Ibarra

Orreaga Ibarra irakasleak Nafar euskaldun gazteen ahozko diskurtsoa liburua argitaratu du, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eskutik. Liburu honetan Nafarroako gaur egungo gazte euskaldunen hizkeraren benetako datu errealak bildu eta aztertu dira, bereziki ahozko dimentsioan, beren ingurune sozial, kultural eta antropologikoan txertaturik. Liburua prentsaurre batean aurkeztu da gaur, eta Orreaga Ibarrarekin batera, Alfonso Carlosena Ikerketa errektoreordea agertu da. Liburua Nafarroako Unibertsitate Publikoko Argitalpen Atalak argitaratu du, Colección Ciencias Sociales bildumaren barrenean.

Orreaga Ibarrak azaldu duenez, ikerketa honetan parte hartu duten gazteak 15-27 urte bitartekoak izan dira, hizkuntzaren jabe egin direnak eta euskaraz modu idatzian zein ahozkoan komunikatzeko erabat gai direnak. Unibertsitatean edo institutuan dabiltzan nerabe eta gazteak dira, gehienak Iruñekoak edo Iruñerrikoak. Guztiak ikastoletan edo D ereduan eskolatuak izan dira 3 urtetik aurrera.

Ahozko solasa biltzeko bi metodo erabili izan ditu irakasleak, elkarrizketa gidatuak, alde batetik, eta solas librea, bestetik. Bigarren kasu honetan, gazteek berek eginiko grabaketak izan dira iturri, beren solas lasai eta arduragabekoetan, tabernan, dendan edo etxean lasai zeudenean.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean informazio gehiago dago eta liburua erosi daiteke.