Agur Txillardegi

 

Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi pasa den urtarrilaren 14an hil zen, 82 urte zituela. Soziolinguistika Klusterretik doluminak eman nahi dizkiogu familiari eta haren gertukoenei.

tXILLARDEGIbat

 

Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi pasa den urtarrilaren 14an hil zen, 82 urte zituela. Soziolinguistika Klusterretik doluminak eman nahi dizkiogu familiari eta haren gertukoenei.

tXILLARDEGIbat

Euskararen erabilera gizartean orokortzearen helburura bideratuta egon da Txillardegiren ibilbide guztia. Helburu horri erantzuten diote literatura, hizkuntzalaritzan, politikan, soziolinguistikan eta historialaritzan, besteak beste, egin dituen lanek. Txillardegiren ekarpen intelektualek bide berriak irekitzeko balio izan diote askori eta euskararen aldeko mugimenduen oinarri gisa balio izan dute hainbat kasutan. Bere bibliografia argitaratuak 50 urte baino gehiagoko aldia hartzen du. Gainera, bertan ikutzen dituen gaiak oso anitzak dira. Landu dituen alor gehienetan, Txillardegik egindako ekarpenak aitzindariak eta erreferentziazkoak izan dira.

Txillardegi SL Matematikoa

Gizarte mailan pertsona ekintzailea izan da. Mugimendu, elkarte eta plataforma ugaritan parte hartu izan du, baita hauetako askoren sorreran ere. Esate baterako, Udako Euskal Unibertsitatea eta Euskal Herrian Euskaraz erakundeen lehen urratsen partaide izan zen.

Euskal literaturan Leturiaren egunkari ezkutua eleberriak aro berri bat zabaldu zuen; besteak beste, gaiagatik, lehen pertsonan idatzia egonagatik eta erabilitako idazkeraren ezaugarriengatik.

Hizkuntzalaritzan Euskara Batuaren inguruko eztabaidan funtsezko papera jokatu zuen. Bere ekarpenak, garai gatazkatsuenak denboran urrundu ahala, neurri handi batean onartuak izan dira.

Euskal Herriko politikagintzan eragin handia izan du Jose Luisen iritziak eta ekinak. Nabarmentzekoa da bere ibilbide politikoak euskararen berreskurapenaren helburuari erantzun diola. Euskara euskal nortasunaren muina bezala ulertzen duen abertzaletasuna bultzatu du beti parte hartu duen gune guztietan.

Guzti horretaz gain, Soziolinguistika Klusterretik euskal soziolinguistika esparrua zabaltzen Txillardegiren aitzindaritza aldarrikatu nahi dugu. Beste hainbat erakunde eta mugimenduk sortzaile edo aitatzat duten bezala, antzeko sentimendua nagusi da euskal soziolinguistikan dihardugunon artean. Euskararen berreskurapen sozialerako behar-beharrezko ikusten zituen gaiaren azterketa eta lanketa zorrotzak, zientifikoak. Hizkuntza-normalkuntza prozesuen gaineko ikerketa eta dibulgazio lanari hauspoa ematen ahalegindu izan da beti.

BAT soziolinguistika aldizkaria sortu eta 1989tik 2001era bitartean zuzendu zuen, gaiari buruzko euskal aldizkari zientifiko bakarra. Euskal Herriko Kale Erabileraren Neurketan eta bertan erabiltzen den metodologian parte hartu zuen, funtsezko ekarpena eginez. Munduko hizkuntza gutxiagotuen esperientzietan euskararen kasurako ikasgai baliagarriak bilatzen egindako lana ere bereziki azpimarragarria da.

Gauza ezaguna da Txillardegiren ekintzailetasuna. Bere adinak ezarritako mugei aurre eginez, azken urteetan ere ez da eten euskal soziolinguistikarekin lotzen zuen haria. 2008an Soziolinguistika Klusterrak omenaldia eskaini zion Donostiako FIHEZI fakultatean burututako jardunaldietan. Lehenik, Jose Luisek Euskararen Kale Erabileraren inguruko mahai-inguruan parte hartu zuen. Eta ondoren, aginte makila jaso zuen Maria-Jose Azurmendi irakaslearen eskuetatik, euskal soziolinguistikaren aitzindaritza aitortzeko asmoz.

 

2009an berak 12 urtez zuzendutako BAT Soziolinguistika Aldizkariak “Txillardegiren omenez” ale monografikoa kaleratu zuen, donostiarraren 80 urteen aitzakian. Bertan, hainbat aditu eta lankidek Txillardegiren figuraz idatzitakoez gain, bere ibilbidea jasotzen duen ohar biografiko-bibliografikoa jaso zen. Txillardegik euskararen berresakurapenean egindako bideari errepasoa emateko material egokia da hau, zinez.

Txillardegi omenaldian

____________________________________________________________________________________________

Txillardegiren heriotzaren ondotik hedabideetan agertu den iritzi-adierazpen uholdeari toki berezia egin nahi izan diogu. Bilduma osatugabea eta ordenik gabea izan arren irakurleon interesekoa izango delakoan jartzen dugu zuen eskura:

Beste erreferentzia batzuk:

Wikipedia

Txillardegi bloga (Mikel Peruarena)

Gipuzkoa Kultura

Auñamendi Entziklopedia

 

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN