Ohiko zalantzak (lantokiak)

DISEINUA: JARRAIPENA ETA ALDAKETAK

Zelan eguneratu, handitu, hedatu, aldatu... neurketen diseinua, aurreko urteetakoei baliorik kendu gabe?

Aldagai berriak, gune berriak edo neurraldi berriak gehitu daitezke lehengo diseinuari. Honela, bi kalkulu ezberdin egin genitzake: batetik lehengo urteko diseinu berbera mantenduko kalkulatuko lirateke erabilera mailak. Bestetik, aberastutako diseinuaren arabera kalkulatuko genituzke.
Diseinuan moldaketa bakarrak gehikuntzak badira, beraz, bi kalkuluen sistemarekin ez da razorik sortzen.
Diseinuaren baldintzak modu esanguratsuak aldatzen badira, emaitzak ezin dira datu-segida bezala aurkeztu.

 

DISEINUA: NEURRALDIAK

Neurraldiak egiteko eguna aldatzeak eragina du emaitzetan? Egun ezberdinetan neurtutako datuak alderagarriak dira?

Irizpide nagusia egun eta orduetan aldaketarik ez egitearena da. Hala eta guztiz ere, aldaketak ezinbestean egin izan balira, neurketarako baldintzak aldatu diren baloratu behar da.
Alderatu nahi ditugun bi neurraldietan jende berdina egon da gunean? Jende hori jarduera berdinak egiten aritu da? Erabileran eragina izandezakeen beste faktoreren bat aldatu da?
Esate baterako, ikastetxeetako neurketetan, ikasleek astearen hasieran (astelehenean) edo bukaeran (ostegun-ostiral) erabilera ezberdinak dituztela jaso izan da, ziurrekin asteburuan hizkuntza-testuinguru ezberdina bizitzearen eraginez. Lantokietan antzeko faktoreren bat tartean egon litekeen baloratu beharko litzateke, alderagarritasuna baloratzeko.

 

DISEINUA: NEURRALDIEN IRAUPENA ETA LAGINA

Diseinuan, neurtu beharreko elkarrizketa kopuruaren arabera neurketa-ordu kopurua zehazteko zalantzak sortzen dira.
Gune bakoitzeko emaitzen fidagarritasun maila bat bermatu nahi denean, gune batzuetako laghina eskuratzeak besteetakoa eskuratzeak baino neurketa-ordu gehiago eska ditzake. Nola jokatu? Nola kalkulatu neurketa osoaren emaitza, guneen emaitzetatik abiatuta?

Bi aukera daude neurketa-gune guztien fidagarritasuna bermatu eta aldi berean, neurketa osoren emaitza modu egokian kalkulatzeko. Lehenengo aukera da gomendargarriena, baina bigarrena ere zuzena da.

  1. Gune bakoitzean neurtu beharreko elkarrizketa kopurua kalkulatu. Gune guztietan elkarrizketa kopuru horretara heldu arte, diseinuko gune guztietan neurraldi guztiak behin eta berriz errepikatu beharko lirateke. Hauetako bakoiztean, beharrezko elkarrizketa kopurua jaso ostean ere, neurketa gehiago egiten jarraitzea eskatuko luke.
  2. Gune bakoitzean neurtu beharreko elkarrizketa kopurua kalkulatu. Diseinuaren araberako lehen neurketa bat egin. Guneen arabera elkarrizketa kopuruak zein proportziotan banatzen diren ikusi. Gune bakoitzeko neurketak errepikatu gune horren datu fidagarriak bermatzen dituen elkarrizketa kopurua jaso arte. Ondoren, neurketa osoaren emaitza kalkulatu hasieran guneen artean ikusitako elkarrizketa banaketa ponderazio neurri gisa erabiliz.

 

LAGINA: GUTXIENEKO FIDAGARRITASUNERA HELTZEKO NEURRIAK

Nahi dugun fidagarritasun-maila duten emaitzak lortzeko beharrezko elkarrizketa-lagina oso altua da. Are gehiago, erakunde txikia denean eta elebitasun-tasa %50aren inguruan kokatzen denean. Gainera, kontuan izan behar dugu, normalean, erakunde txikietan teknikariaren dedikazioa ere txikia izaten dela.

Lantokietako neurketetan, datuak zabaldu nahi direnean eta neurketa sendoa nahi denean, %95eko konfiantza mailarekin ±5eko errore maila bermatzea gomendatzen da.
Hala eta guztiz ere, neurri horretara heltzeko, batez ere gune txikienetan sortzen diren zailtasunak kontuan hartuta, beste irtenbide batzuk planteatu daitezke:

  1. Datuak euskara planaren barneko lanetarako erabili nahi badira; ez badago aurreikusia emaitzei zabalpen handia ematea; erabileraren datua erreferentzia mailakoa bada eta erabateko zehaztasunari garrantzia berezirik ematen ez bazaio, %95eko konfiantza mailarekin ±8ko errore-maila erabiltzea ere onargarria izan daiteke.  Datuak interpretatzerakoan, ezinbestekoa izango da kontuan hartzea ez dela normalean ikerketa kuantitatiboetan erabiltzen den neurrietara iristen.
  2. Gune bakoitzerako neurtzaile bat baino gehiago jartzea izan daiteke denbora berean elkarrizketa gehiago biltzeko modua. Ez litzateke arazorik egongo, diskrezioaren irizpidea bermatuta baldin badago eta neurtzaile ezberdinek elkarrizketa bera bi aldiz neurtzen ez dutela ziurtatzen bada.  
  3. Beste aukera bat izango litzateke neurketen maiztasuna gutxitzea, baina neurtzerakoan berme metodologiko guztiekin egitea eta fidagarritasun maila altua ziurtatzea.
  4. Azkenik, bada beste aukera bat. Barne-erabilerari begira hainbat neurketa egin daitezke. Hauen emaitzak, ±8ko errore mailakoak (edo errore altuagokoak) izatea bermatu. Hainbat neurketetan jasotako datuak bateratutako erabilera maila kalkula liteke. Kalkulu honen emaitzak fidagarritasun handiagoa izango luke. Emaitzaren errore-maila neurketa guztietako elkarrizketa kopuru osoaren arabera kalkulatuko litzateke.

Kontuan hartu behar da neurketa ezberdinen baldintzak berdin-berdinak izan beharko luketela. Eta neurketa hauetako lehena eta azkenaren artean ez litzatekeela denbora tarte handiegia egon behar.

 

ELKARRIZKETA ELEBIDUNAK/ASIMETRIKOAK

Pertsona batek euskaraz egin eta besteak gaztelaniaz erantzuten duenean nola jaso behar dira datuak? Kontuan hartu behar da TELP moduko ikastaroekin halako praktikak bultzatzen direla.

Klusterrak proposatzen dituen irizpideetan, zalantzazko kasuak ez jasotzea gomendatzen da. Aipamen horrekin, zalantzazko kasu esaten zaie Neurtzaileak entzun behar duen elkarrizketa ondo entzuten ez duenean edo erabilera nahasia denean, zein hizkuntza erabiltzen den garbi identifikatzen ez denean. Bigarren kasu honetan hizkuntza alternantzia sartzen da. Honen azterketarako kale neurketa ez den beste tresnaren bat erabili behar da (grabazioak…). Bi hizkuntza modu nahasian erabiltzen badira, nagusitzen dena jarri beharko litzateke.
Hala ere, zalantza honetan planteatzen dena, beste zerbait da: hiztun bakoitzak hizkuntza bat darabilen elkarrizketa. Oraingoz, proposatzen dena ondorengoa da: bi elkarrizketa izango balira bezala jaso. Fitxako bi lerro hartu, hiztunen ezaugarri berdinak jarri bietan, baina hizkuntzaren zutabean batean euskara markatu eta bestean gaztelania/frantsesa. Ondoren, bi elkarrizketen lerroak eskuineko marjenean gezi baten bidez lotu eta oharren tartean elkar lotutako elkarrizketak elkarrizketa elebidunak direla aipatu.
Datuak tratatzerakoan, elkarrizketa hauek identifikatuta edukitzeko modu bat da. Denborak esango du elkarrizketa elebidunak ugarituz doazen eta kasusitika hau kontuan hartzeko modu berriak bilatu behar diren.