Euskararen irudia eta euskararekiko jarrera eta aurreiritziak

  • Euskara euskal kulturaren erdigunean ikusten dute. Erabilera sustatzerakoan kulturarekiko loturaz baliatzea proposatzen dute, nahiz eta zenbait zalantza ikusi.
  • Jendeak Gasteizen eta Euskal Herrian bizi den egoera soziolinguistikoaren gainean duen kontzientzia txikia dela edo/eta handiagoa izan beharko lukeela baloratzen dute.
  • Gasteiztar, arabar eta euskal identitateen barruan kokatzen dute euren burua. Hala ere, Gasteizen eta Araban gaztelania soilik erabiltzen denaren ideia oso hedatua dagoela iruditzen zaie. Besteek eurekiko duten pertzepzioa okerra dela adierazten dute eta ez zaie gustatzen horren araberako tratua jasotzea.
  • Gizartean euskararen irudia eskolari eta haurren munduari lotuta dagoela iruditzen zaie. Eta lotura hau, gazteen artean behintzat, erabilerarako negatiboa dela. Irudi honen jatorrian gurasoen erabilera-ohiturak daudela adierazten dute; haurrek heldu sentitu nahian gero eta gazteago direlarik errepikatzen dituztenak.
  • Gasteizen bizitzeko gaztelaniaz jakitea beharrezkoa dela esaten da. Aldi berean, orokorrean, ez dela euskara jakiteko beharrik sentitzen ere adierazten dute.
  • Baina euskara beharrezkoa den hainbat egoera aipatzen dira, batez ere, lan-mundua eta hezkuntza-sistemarekin lotuta. Eremu hauetan euskarara behar objektibo batek bultzata hurbiltzen direnen jarrera gutxietsi egiten da, euskararekiko atxikimendu falta egotziz eta erabiliko ez dutela aurreikusiz. Gainera, zenbaitek aurkako jarrera sortzeko arriskua ikusten dio euskara ikasi edo erabiltzea ezinbestez eskatzeari.
  • Euskararen aurkako jarrera duen jendea eta euskara gorroto duena badagoela diote. Jarrera horien eragile bezala, bi faktore aipatzen dituzte, nagusiki: normalizaziorako hainbat neurri inposaketa bezala ulertu izana (1) eta euskara politikaren ikuspegi negatiboenarekin lotu izana (2).
  • Euskara gizartean joera politiko-ideologiko zehatz batzuekin lotzen dela iruditzen zaie, eta horrek euskararen garapenari kalte egiten diola. Euskaraz mintzatzeak muturreko euskal abertzaletzat edo ezker abertzaleko kidetzat ikusia izatea dakarrela adierazten dute.
  • Batzuen ikuspegitik, euskararekiko atxikimendua ikuspegi politiko zehatz batzuekin lotuta egon behar da, ezinbestean. Beste ikuspegi politiko batzuk dituztenen atxikimendua gutxietsi egiten da, zenbaiten aldetik.