Euskararen bilakaera soziala eta hizkuntza-politika

  • Euskararen egoera txarra dela, beste hizkuntzekiko mendekotasunean dagoela eta bere erabilera ez dagoela normalizatuta iruditzen zaie. Gainera, Gasteizen euskaraz bizitzeko aukerarik ez dagoela deritzote.
  • Iraganetik gaur egunera, euskararen egoeran aurrerapausoak eman direla ere aitortzen dute.
  • Oso kritikoak dira erakunde publikoen hizkuntza-politikarekiko. Arduradun instituzionalek euskararen normalizazioa helburu dutela zalantzan jartzen dute edo ukatu egiten dute.
  • Lurraldeka hizkuntza-politika eta lege-marko ezberdinak egotea oztopo gisa ikusten dute.
  • Hizkuntza-politikak euskara ikasi eta erabiltzeko beharra sortu behar duela iruditzen zaie. Baina ez dago adostasunik erabili edo ikastera derrigortzea dakarten neurrien inguruan. Gazte batzuen iritziz euskararen normalizaziorako ezinbesteko neurriak diren bitartean, beste batzuek gatazka iturri eta erabilerarako oztopo bezala ikusten dituzte.
  • Hizkuntza-politika hiztun arrunten motibazioan eragitera bideratzea lehentasunezkotzat jotzen dute.
  • Euskararen normalkuntza ez dute ulertzen instituzioen esku dagoen egiteko bat bezala. Helburua lortzekotan, herritarren jokaerak zeresan handia duela eta izango duela diote.
  • Etorkizunera begira, ikuspegi baikorrak eta ezkorrak nahasten dira. Belaunaldi berriek ikasi ahala, euskaldunen proportzioa haztean erabilera haziko dela nabarmentzen dutenak daude, alde batetik. Eta bestetik, egoerak okerrera egiteko arriskua nabarmentzen dutenak; batez ere, politika-arazoek, hizkuntza-politika okerrak eta lege aldaketek eraginda.