Hizkuntzen erabilera-ohiturak eta arauak

  • Gazte gasteiztarren artean euskara eta gaztelania, biak, erabiltzen dituztela adierazten dute. Hautua solaskidearen araberakoa izaten dela. Horregatik, norberaren harreman sareak bakoitzak euskara erabiltzeko dituen aukerak eta ohiturak baldintzatzen dituela esaten da.
  • Euskara erabiltzeko, lehen hitza euskaraz eginez identifikatzea oso garrantzitsutzat jotzen da. Gazte batzuek zerbitzu publiko eta dendetan lehen hitza euskaraz egiten dutela adierazten dute; bereziki zerbitzu publikoetan. Honen aurrean Gasteizen jarrera uzkurrak aurkitzea ohikoa dela esaten dute.
  • Zenbait pertsonarekin, baita gazte euskaldunekin ere, gaztelaniaz hitz egiteko hartutako ohitura aldatzea ezinezkoa iruditzen zaie parte hartzaileei. Harremana sortzean finkatzen den hizkuntza askotan betirako izaten dela ikusten dute.
  • Euskaldunen artean euskaraz ez dakien pertsona bat aurkitzean, ez dela euskararik erabiltzen adierazten dute. Batzuei, euskaraz ez dakienak bere aukerak mugatzen dituela iruditzen zaie; besteek egoki ikusten dute euren hautua solaskide guztiek ulertzen duten gaztelaniara aldatu beharra.
  • Euskararen erabileraren baldintzatzaile bezala, gazte batzuek hiztunaren borondateari ematen diote garrantzi gehien. Beste batzuek ordea, solaskideen gaitasunak ematen dituen aukerei.