Hizkuntzen ikaskuntza, gaitasuna eta ezaugarriak

  • Hizkuntzaren transmisio naturala (lehen hizkuntza bezala, familian transmititzea) gaitasun maila altua lortzeko biderik egokiena dela diote; besteak beste, hizkuntzaren ezagutzarekin batera erabiltzeko motibazioa ere transmititzen delako.
  • Hezkuntza-sistema formalean euskara irakasteko dauden bideek gabezia handiak dituztela iruditzen zaie. Gaurko hizkuntza-ereduetako batek ere ez duela euskarazko gutxieneko gaitasun-maila bermatzen deritzote. Sistemaren gabeziak, alde batetik, eta guraso eta irakasleen jarrera, bestetik, sarritan gaitasuna eskuratzeko muga direla diote.
  • Gaur egungo Gasteizko euskara ikasleen gehiengoa tituluek edo lanpostu aukerek erakarrita ikasten ari direla iruditzen zaie.
  • Bereziki positiboki baloratzen dira mintzapraktika egitasmoak.
  • EGA titulua, honen balioa eta lortzeko sistemarekiko zalantza handiak azaltzen dituzte.
  • Ikasten ari den jendeak edo behar besteko gaitasuna ez duenak, adierazteko mugak izateaz gain, euskaraz hobeto moldatzen direnen erreakzioak jasan behar izaten dituela esaten da. Euskara erabiltzera ausartzeko lotsa edo beldurra sentitzea ohikoa dela eta batzuetan besteek barre egiten dutela iruditzen zaie. Gainera, arrazoi hauengatik eroso sentitu ez eta betirako euskara erabiltzeari uko egin dion jendea dagoela ere badiote.
  • Orokorrean, Gasteizko gazteen euskarazko gaitasuna baxua dela iruditzen zaie. Erabiltzen duten euskara pobrea dela diote; eskolan ikasitako hizkuntza formala entzutea omen da ohikoena.
  • Gazte gehienek euskara batua erabiltzen dute. Batzuetan, familiaren bidez edo bestelako harremanen bidez euskalkiren bat jaso dutenek, beste lurraldeetako euskalkiak ere erabiltzen dituztela diote. Gainera, ohikoa omen da beste euskalkietako espresioak euskara batuan tartekatzea.