Udaltop Soziolinguistika Jardunaldia maiatzaren 15 eta 16an

Batera gatoz 2014an Udaltop eta Soziolinguistika Jardunaldiaren antolakuntzan. Alde batetik, herri administrazioetako euskara teknikarien mundua, eta, bestetik, soziolinguistikaren mundua, hausnar egitera bildu nahi ditugu gai beraren gainean: Administrazioko erabilera planak: elkarrekin berritzen.
 
Bi mundu, xede bakar bat, herri erakundeen barruan euskararen erabilera zabaldu eta, aldi berean, trinkotzeko eratzen ditugun planetan berrikuntzaren ikusbidea irabaz dezagun.
 
Aztertu, pentsatu, ikertu nahi genituzke hogeita hamar urteko ibilian aurkitu ditugun behaztopa harriak gainditzeko ikaskizunak. Jakin, ikusi, haztatu nahi ditugu gure lan moldeetan urratzeko gai garen bide berriak. Argitu, xedatu, elkarretaratu gura ditugu datozen urteetako langintzaren marra nagusiak. Hitz batera, herri administrazioetan euskararen erabilerak jauzi esanguratsu bat egiteko behar dituen baldintasun berritzaileen oinarriez eta ibilbideaz mintzatu nahi dugu.
 
Gure artean nahi baduzu izan partaide, gorde agendan egun hauek: 2014ko maiatzaren 15ean eta 16an elkartuko gara, Lasarte-Oriako kultur etxean.
 
Programa itxuratzeko lanetan ari gara buru-belarri lanean; laster izango duzue gure berri.
 
Udaltop Soziolinguistika Jardunaldia 2014
Administrazioko erabilera planak: elkarrekin berritzen
2014ko maiatzaren 15ean eta 16an
Lasarte-Oria (Gipuzkoa), kultur etxea
 
Antolatzaile:
Gipuzkoako Foru Aldundia
Lasarte-Oriako Udala
Soziolinguistika Klusterra
 
Babesle:
Eusko Jaurlaritza
 
Laguntzaile:
Udalbiltza
UEMA