Kronika: Hausnarketarako bi egun.

Euskararen lurralde osoan hizkuntzaren egoeraren inguruko bi ikerketa soziolinguistiko serie zabalenen emaitza berriak ezagutu ditugu azken asteotan: Inkesta Soziolinguistikoa eta Hizkuntzen Erabileraren Kale-Neurketa. Horiei lotuta, Soziolinguistika Klusterrak eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak elkarlanean antolatu dute “Euskararen erabilera: egoera, bilakaera eta norabidea, datuen argitan” ikastaroa EHUren Uda Ikastaroetan. Izan ere, hizkuntzen egoeraren konplexutasuna aztertzeko beharrezkoa da, datuez gain, ikuspegi desberdinak ezagutzea, iritzi-trukerako guneak edukitzea eta hausnarketarako patxada hartzea. Ehun pertsonatik gora elkartu da Donostiako Miramar Jauregian, bi egunetan gaiari heltzeko.

 

Euskararen lurralde osoan hizkuntzaren egoeraren inguruko bi ikerketa soziolinguistiko serie zabalenen emaitza berriak ezagutu ditugu azken asteotan: Inkesta Soziolinguistikoa eta Hizkuntzen Erabileraren Kale-Neurketa. Horiei lotuta, Soziolinguistika Klusterrak eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak elkarlanean antolatu dute “Euskararen erabilera: egoera, bilakaera eta norabidea, datuen argitan” ikastaroa EHUren Uda Ikastaroetan. Izan ere, hizkuntzen egoeraren konplexutasuna aztertzeko beharrezkoa da, datuez gain, ikuspegi desberdinak ezagutzea, iritzi-trukerako guneak edukitzea eta hausnarketarako patxada hartzea. Ehun pertsonatik gora elkartu da Donostiako Miramar Jauregian, bi egunetan gaiari heltzeko.

 

Ostegun goizeko lehen bi saioetan, bi ikerketen arduradunek mahai-gainean jarri zituzten datuak. Jon Aizpuruak (EJ-HPS) Inkesta Soziolinguistikoaren emaitzak errepasatu zituen, arreta berezia ipiniz gizarteko eremu ezberdinetan ematen diren hizkuntza-erabileren alderaketari. Eremu formaletako bilakaera, eremu informaletakoa baino positiboagoa izan dela nabarmendu zuen, besteak beste. Olatz Altunak (Soziolinguistika Klusterra) Hizkuntzen Erabileraren Kale-Neurketaren 2016ko emaitzen laburpen bat egiteaz gain, datuetan sakondu zuen. Herrikako datuak, sexuaren araberakoak, adin-taldekakoak eta haurren presentziarenak gurutzatuaz, oinarrizko emaitzetan nekez ikus daitezkeen xehetasunak ikusarazi zituen. Esate baterako, ikusi ahal izan zen adin-talde desberdinetako jendearen arteko elkarrizketetan, adin-talde berekoen artekoetan baino gehiago erabiltzen dela euskara.

 

 

Ikerketek emandakotik abiatuta, haratago eraman zuen ikuspuntua Iñaki Martinez de Lunak, bere saioan. Datuok interpretatu eta aurrera begira jartzean gaur egungo gizartearen zenbait ezaugarri eta azken urteetan emandako zenbait aldaketa ezinbestean kontuan hartu beharra azpimarratu zuen. Gizarte bezala ezinbestean heldu beharreko erronkatzat aurkeztu zuen hizkuntza aniztasuna eta pertsonen eleaniztasunarena. Honela, mahai gainean jarri zuen euskararen biziberritzearen ikuspegitik, estrategikoki, euskalgintzak elementu horiek kontuan hartu eta hauen araberako hizkuntzen kudeaketa proposamenak egin behar dituela, arlo honetanko lidergoa hartuz.

 

Arratsaldean, mahai-inguruen txanda izan da. Lehenik, Kontseilua, Topagunea eta AEKren arteko solasaldian, gizarte-aktibazioaren eta hizkuntza-politiken arteko osagarritasunaren inguruan jardun dute. Gizarte-eragileen ikuspegian, adostasuna dago ikerketa hauen emaitzek zenbait susmo eta sentsazio berretsi dituztela esaterakoan. Euskararen aldeko mugimenduentan bidegurutzean aurkitzeko sentsazioa eta hausnarketa beharra azken urteetan orokorra izan dela eta errealitate berriei egokitzeko urratsak ematen ari direla azpimarratu zen.

 

Amaitzeko euskararen lurraldeko hiru administrazioetan hizkuntza-politikaren eskuduntza nagusiak dituzten erakundeen ordezkariak elkartu dira mahai-inguruan. Miren Dobaran (EJ-HPS), Mikel Arregi (NG-Euskarabidea) eta Mathieu Bergék (EEP) bat egin dute une honetan euskararen biziberritzeari begira, elkarlana sekula baino beharrezkoagoa dela esatean; bai erakundeen arteko elkarlana eta baina administrazio eta gizarte-eragileen artekoa. Horretaz jabeturik, azken hilabeteetan norabide egokian doazen hainbat egitasmo martxan jarri izana nabarmendu dute. Naturaltasunez eta euskararen komunitatearen beharretatik elkarlanaren bidez eraginkortasuna areagotzeko konpromisoa berretsi dute.

 


Ikastaroaren bigarren egunean, euskararen komunitatetik kanpoko begiradei egin zaie tartea. Lehenik eta behin, Xarxa CRUSCAT soziolinguistika sareko ikerlari den Natxo Sorollak Inkesta Soziolinguistikoa eta Kale-Neurketaren ondorioak errepasatu ditu. Bere ikuspegitik egoera baloratzeko gakoak eman ditu. Aldi berean, katalanak bere lurralde desberdinetan dituen egoeren deskribapen demolinguistikoan sartu da. Eta honen bidez, beste hizkuntza-komunitate batean ere, egoeren aniztasuna eta konplexutasuna jarri du ikastaroko parte hartzaileen begi-bistan.

 

Conchúr Ó Giollagáin irlandarrak, eskoziar gaelikoaren inguruko ikerketan dihardu azken urteetan eta hainbat hizkuntza gutxituren alderaketan oinarrituta landu duen eredua aurkeztu du. Hiztun-dentsitate altueneko guneen, arnasguneen, garrantziaz jabeturik, hizkuntzen biziraupenerako atalase demolinguistikoaz jardun du. Azterketa kuantitatibo-matematikoak eta mapagintzan oinarritutako tresnak baliatu ditu, horretarako.

 

Azkenik, unibertsitate esparruko ikerlarien mahai-inguruak itxi du ikastaroa. Estibalitz Amorrortu, Asier Irizar eta Jone Miren Hernandezek euren ikerketetan espezifikoki landu izan dituzten ezagutzetan oinarrituz egin dute azken ikerketen emaitzen irakurketa. Zerbait nabarmentzekotan, hiru hizlariak ados agertu dira esaterakoan euskararen egoera interpretatu eta aurrerabideak proposatzean konplexutasuna etengabe presente eduki behar dela eta ikerketak paper garrantzitsua jokatzen duela esatean.

 

Aurreikusi bezala, hausnarketa askorako eman duten bi egun izan dira. Gaur egungo egoera ulertu eta aurrera begirako oinarri batzuk finkatzeko baliagarri izan daitezke bertan jasotako ikuspegi ezberdinak. Behin eta berriz agerian geratu den bezala, asko dira heldu beharreko aztergaiak eta lan-ildoak.

 

https://soziolinguistika.eus/ehuikastaroa2017

https://soziolinguistika.eus/kaleneurketaeh

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN