Gure hizkuntza-ingurunea ulertu, hobeto elkar ulertzeko. Imanol Larrea

Gizarte gero eta konplexuagoetan bizi gara. Sarritan gure inguruan gertatzen dena edo gure bizimoduan eragiten duen hori ulertzea kosta egiten zaigu. Pertsonen arteko harremanak, taldeen artekoak, ohiturak edo joera sozialak esplikatzeko ez ditugu kausa-ondorio garbiak aurkitzen. Eta sarritan, soziologiaren lehenengo arauak dioen bezala, gauzak ez dira diruditena (Berger, 1963).

Halaxe gertatzen da hizkuntzekin ere. Hizkuntza bat gero eta gehiago erabiltzen dela ikus dezakegu edo geroz eta jende gehiago beste hizkuntza bat ikasten ari dela; inguratzen gaituen paisaia linguistikoa ere aldatuz doala suma dezakegu, baita heltzen zaizkigun kultur-sorkuntzen hizkuntzak ere. Soziolinguistika hizkuntzen eta gizartearen arteko harremana aztertzen duen diziplina zientifikoa da. Eremu honetan gure inguruan gertatzen dena hobeto ulertzeko tresna da. Hizkuntzen gutxiagotze eta biziberritze prozesuak multikausalak eta konplexuak izaten dira. Euskararen kasuan, asko dira hizkuntzaren erabilera handitu, iraupena ziurtatu eta bere garapen sozial osoa ahalbidetzeko ahalegina egiten duten herritarrak, mugimendu sozialak eta erakunde pribatu zein publikoak.

Soziolinguistika Klusterra euskara biziberritzeko ikergunea da. Ikerketa aplikatuaren bidez euskararen egoera sozialaren inguruko ezagutza ahalik eta zehatzena sortu eta zabaltzeaz arduratzen gara, hizkuntza biziberritzearen beharrei ahalik eta modurik egokienean erantzuteko. Horretarako elkartzen da Kusterraren inguruan euskararen soziolinguistikan diharduen bazkide eta aditu sare zabala. 2004an sortu zen Klusterra eta ordutik honako ibilbidean soziolinguistikan ikerketa-esperientzia, harreman-sarea eta ezagutza sortu eta metatzen joan da. Ikerketa proiektuak aurrera eramaten ditugu, egoera zein den jakiteko eta egoera hori hobetzeko, eta horien zabalkundea egiten dugu, zientifikotasunean, elkarlanean eta gizartearekiko konpromisoan oinarrituz.

Euskararen biziberritze prozesua Europako hizkuntzen artean erreferentziazkoa da, neurri batean. Prozesu hau bakarra eta berezia da; ez dago beste inondik zuzenean formula edo mekanismorik inportatuz egiterik. Etengabe eskatzen du metodo zientifikoak baliatzea, egoeraren diagnostikoa egin, ekimenak aplikatu, ebaluatu, zuzendu eta berriak asmatzeko.

Gainera, bizi dugun gizartean hizkuntzen paperak berebiziko garrantzia dauka. Elementu gakoetako bat da kohesio sozialari eta pertsona zein taldeen arteko harremanei dagokionean. Lotuta dago elkarbizitzarekin, pertsonen garapenarekin, iraunkortasunarekin, kultur aniztasunarekin, botere harremanekin eta, laburbilduz, etorkizunerako eraiki nahi dugun gizarte ereduarekin. Behin eta berriro agerian geratzen den moduan, gizartean askotarikoak dira hizkuntzaren inguruko ikuspegiak, bizipenak eta proiektuak. Aniztasun hau begien aurrean agertzen zaigu, bai gure eguneroko bizimodu pertsonalean eta baita eremu publikoan ere. Zenbaitetan, talka moduan agertzen zaigu; elkar ulertzeko zailtasunak dituzten ikuspegiekin topo egiten dugu.

Honek guztiak gure ingurune soziolinguistikoaren gaineko ezagutza zehatza eta zorrotza zein beharrezkoa den berrestera garamatza. Errealitatearen deskribapen objektiboa partekatzea eztabaida zintzoa eta gardena egin ahal izateko gutxieneko baldintza da. Hori dela eta, ezinbesteko jardun independentetik, lanean dihardugu eremu akademikoa eta aplikatuaren arteko zubiak eraikitzen, euskararen hiztun komunitate guztiaren beharretatik eta hizkuntza politikaren ardura duten pertsona eta erakundeekin harremanean gure ekarpena eginez.

 

Imanol Larrea Mendizabal

Soziolinguistika Klusterraren zuzendaria