Gipuzkoa Berdinago ekimenak hizkuntza berdintasunaren aldeko urrats praktikoak proban jartzeko baliatuko du Euskaraldia

Euskararen ulermena bermatuta dagoen egoeratan euskara hutsez komunikatzeko praktikak gauzatuko dira batik bat.

Gipuzkoa Berdinago adierazpena aurkeztu eta urtebetera, 2018an egindako bidea landu dute erakunde-sinatzaileek Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz Gunean egindako bileran. Gipuzkoako Foru Aldundiaren gidaritzapean eta Soziolinguistika Klusterrak koordinatuta egiten ari da bidea Gipuzkoa Berdinago proiektua. Horrela, erakunde partaideek elkarrekin partekatzen dituzte prentsarekiko harremanean, publizitate euskarrietan, sare sozialetan edo ekitaldietan euskararen tokia handitzeko euren erronkak eta praktikak. Euskaraldiak iraungo duen 11 egunetan, jendaurreko komunikazioetan euskararen erabilerari dagokionez praktika-aurreratuak proban jarriko dituzte erakunde eta enpresek.

2017ko azaroan jendaurreko komunikazio egoeratan euskararen erabilera areagotzeko konpromisoa publiko egin zuten Gipuzkoako 18 erakunde erreferentzialek. Taldeak denetariko sinatzaileak biltzen ditu: enpresak, gizarte arlokoak, finantza-erakundeak eta kirol taldeak, besteak beste. Hala, Adegi, Basque Culinary Center, Bera-Bera Eskubaloia, Deustuko Unibertsitatea, Donostiako Udala, DYA Gipuzkoa, UPV/EHU, SD Eibar, Real Sociedad, Laboral Kutxa, Kaiku, Kutxabank, Kutxa Fundazioa, Mondragon, Mondragon Unibertsitatea, Fagor Taldea, CAF eta Gipuzkoako Foru Aldundia bera dira Gipuzkoa Berdinago adierazpenaren sinatzaileak.

Taldeak Euskaraldiarekin modu praktikoan egingo du bat. Azaroaren 23tik Abenduaren 3ra bitarteko egunak erakunde bakoitzak bere jendaurreko komunikazioetan euskararen erabilerari dagokionez praktika-aurreratuak proban jartzeko baliatuko ditu.

Praktika hauen gauzapen zehatza erakunde bakoitzaren esku geratzen den arren, talde bezala eman dute ekimen bateratuaren berri. Denetariko praktikak egon daitezke probatuko direnean artean, baina Euskaraldia ardazten duten ahobizi eta belarriprest rolak izango dituzte oinarrian. Euskararen ulermena bermatuta dagoen egoeratan euskara hutsez komunikatzeko praktikak izango dira batik bat. Gaur egun proba direnak ohiko praktika bilakatu daitezen lanean jarraitzeko borondatea adierazi nahi izan dute Gipuzkoa Berdinagoko kideek gaurko agerraldi honekin.

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN