ULERRIZKETA metodologia

Ulerrizketa metodologia hizkuntza-ohituren aldaketa-prozesua errazteko metodologia da. Bi perfileko hiztunak aritzen dira elkarrekin metodologia honetan: euskaraz ulertzeko tarteko maila duen kidea batetik, eta bestetik euskaraz hitz egiteko maila ona duten kideak.

Trebetasun bana garatzen dute bi perfiletako kide horiek metodologiaren baitan, eta horri esker haien arteko harremana euskaraz izaten hasteko aukera zabaltzen da. Tarteko ulermena duen kideak euskara modu aktiboan ulertzeko jarrera garatzen du, eta aldiro ulertu duenaren gaineko feed-back-a ematekoa (euskaraz zein gaztelaniaz). Hitz egiteko gaitasun ona duten kideek, bestalde, haien hizkera egokitzeko trebetasuna garatzen dute, euskaraz jarraituz, eta modu horretan maiz ele biko elkarrizketak sortuz.

Aipatu trebetasun horien lehen oinarria jasotzeko, formazio labur bat jasotzen dute kideek (2 eta 4 ordu artekoa), eta ondoren oinarri hori garatzen eta osatzen dute haien arteko ohiko harremanean (bestelako saiorik edo aparteko bilerarik gabe).