ULER-SAIOAK metodologia

Uler-saioak metodologia euskaraz batere ez dakiten edo oso gutxi ulertzen duten kideek komunikazio naturalaren bitartez euskara ulertzeko gaitasuna garatzeko diseinaturiko metodologia da. Helburua da norbanakoek ahalik eta eperik laburrenean euskara ulertzeko gaitasuna eskuratzea, kalean eta ingurune naturaletan euskarazko harremanetan (ele biko elkarrizketen formatuan bederen) murgiltzeko aukera izan dezaten.

Metodologia, funtsean, ingurune babestu batean garatzen da: gela batean, ordutegi baten barruan eta hizkuntza-soslai bera duten beste kide batzuekin batera. Bertan, trebatzaile batek euskarazko input ulergarri ugari ematen die kideei. Trebatzaileak, euskara erraza eta sinplea erabiliz, komunikazio-jarduerak bideratzen ditu, eta etengabe egiaztatzen du jasotzaileek ulertutakoa. Ez du metodologiak zuzenean garatzen euskaraz hitz egiteko gaitasuna. Ez die norbanakoei euskaraz egiteko eskatzen. Ulermena da foku bakarra, eta ondorioz norbanakoei dagokie etengabe egiaztatzea trebatzaileari ulertu diotena. Uler-saioak metodologiak 60 orduko prozesu edo diseinu bat proposatzen du denbora tarte horretan norbanakoek A1 mailako ulermena eskura dezaten.