Euskara Justizia Administrazioan

Gakoa, dudarik gabe, eskubide horien bermean dago, alegia eskubide horiek bermatu behar dituzten autoritateetan.

Zentzu komuna erabiliz segituan ohartu gaitezke, legeak arazorik planteatzen ez badu, legearen aplikazioa dela arazoak planteatzen dituena.

Justizia administrazioak ez badu bere lana aurrera eramaten duen lurraldeko hizkuntza ulertzen, eta ondorioz ez badio hiritarrari bere hizkuntza justizia administrazioarekiko harremanetan erabiltzen uzten, justizia administrazioak hiritarrak diskriminatu egiten ditu eta hizkuntzaren ofizialtasuna «de facto» deklarazio huts batean bilakatzen du.

Autonomi Erkidegoek dutela koofizialtasunak justizia administrazioan suposatzen dituen bete beharrak arautzeko eskuduntza -hala egin duten bezala Euskararen Normalkuntzarako Legeak bere 9. artikuluan eta Euskarari Buruzko Foru Legeak bere 14. artikuluan- nahiz eta ondoren eskubide horiek bermatzeko modua eta koofizialtasunaren ondorioak betetzeko arauketa zehatza administrazioaren titularra denari dagokion, kasu honetan Estatuari.

Dudarik gabe esan daiteke Justizia administrazioa dela koofizialtasunera egokitzeko arazo gehien planteatzen dituen administrazioa, eta beste arazo batzuk alde batera utziz nagusitzat jo dezakegu Justizia administrazioan lan egiten duten gehienen euskararen ezagutza eza.

Hizkuntza normalizazioari dagokionean justizia administrazioan lortutakoa oso ahula dela esan beharra dago.

hiritar euskaldunek Justizia administrazioarekiko harremanetan euskara erabiltzeko aukera egiten dutenean, ulermen arazoak planteatzen dira, organu hauetako kideek euskara ez dakitelako.

Eta egitate honen aurrean, eta beste soluziobide sakonagorik onartu bitartean, arazoa gainditzeko itzultzailearen figura sartzen dute prozesuan.

Itzultzaileei buruz gauza asko esan daiteke baina hiru kontsiderazio labur egin nahiko nituzke, gehiegi luzatu naizela iruditzen baitzait.

Itzultzailearen beharra dutenak euskara ez dakitenak eta euskara ulertzen ez dutenak dira, alegia justizia administrazioko partaideak.

epailearentzat lanean ari den itzultzaile horren presentzia arrotzak, arazoak sortzen ditu euskaraz ari den hiritar zein abokatuarentzat, izan ere abokatuek, lekukoek eta peritoek interrupzioak eta etenak egin behar baitituzte beraien alegazioetan itzultzaileak itzuli ditzan, eta horretaz gain itzultzailearen itzulpena atentzio osoz entzun beharko dute, eginiko hanka sartzeen eta epaileari emaniko adierazpenen adibideak hamaika direlarik eta gu denongatik aski ezagunak.

Itzultzaileak sortzen duen prozesuaren moteltasunagatik eta abokatu zein hiritarren esposaketetan egin beharreko etenengatik, esposaketa eta alegazioen koherentzia galtzen da, argumentuaren haria galtzen da eta, hitz batetan esateko, gaztelaniaz eginiko ekintza berdinekiko desabantaila nabaria somatzen da.

Abokatuak bere lanean, pasatako garai batzuetan jasotako ohituraren inertziagatik, edo euskararen presentzia Justizia munduan errealiate berri bat delako, gaztelania erabili ohi dute Justizia Administrazioarekiko harremanetan.

Jakin badakigu euskarak, katalanak ez bezalako arazo propioak planteatzen dituela, izan ere euskara hizkuntza berezia baita eta mundu juridikoan inoiz erabili ez dena, baina abokatuek euskara erabiliz euskalduntzeko premia sortuko dutela uste dut eta dudarik gabe bide horretatik zerbait lor daitekeela iruditzen zait.

1. SARRERA

Espainiar Konstituzioak bere 24. artikuluan prozedura publikoaren eredua arautzen duela oinarri bezala hartuz, B.J.L.O.-k zera dio 229. artikuluan:

“Egintza judizialak nagusiki ahozkoak izango dira, batez ere arlo kriminalean.

Hau oinarri gisa ekarri nahi izan dut gaurko berbaldi honetara, lehenik ohar gaitezen hizkuntzak arlo judizialen duen garrantziaz.

Rodriguez Aguilera jaunak, justizia administrazioari buruzko jardunaldi batzuetan esan zuen moduan “zuzenbide munduan hitza edo elea ezinbesteko elementu bat da.

Erraz kontura gaitezke juriston lanabes garrantzitsuena hitza dela. Nahiz hiritar orok erabiltzen duten edo dugun hitza gure eguneroko elkar komunikaziorakom juriston kasuan hitza gure “materia prima da, beronen bitartez lan egiten baitugu.

Gogoratu nahi ez ditugun aipaezinaren garaitan hizkuntzak ez zuen arazorik planteatzen, Espainiako estatuan erregimen elebakar trinko bat antolatu baitzen.

Garai haietan, oso artikulu gutxik egiten zioten erreferentzia zuzena hizkuntza arazoari, hala: Codigo de Comercio 51 eta 52 artikuluak; Enjuiziamendu Zibilaren Legea 601 eta 657; Enjuiziamendu Kriminalaren Legea 38, 440 eta 441, besteak beste.

Aipamen hauetan guztietan harrigarri suertatzen dena zera da, aipamen hauek guztiak erreferentzia zuzena egiten zietela hizkuntza atzerritarrei, alegia, babestu nahi zirenak atzerritarren hizkuntza eskubideak ziren.

Baina urteak pasatu dira ordutik, hura ere joan zen, eta 1978ko Espainiako Konstituzioak panorama guztia aldatu du, behintzat hizkuntza gaietan.

Espainiako Konstituzioko 3. artikuluaren bitartez eta aurreataleko 4. ahapaldian esaten denaren bitartez “Espainiako Estatuaren errealitate eleanitza ezagutzen da eta berau balore kultural bat bezala hartuz, ondorio juridikoak uztartzen zaizkio.

Ondorio juridiko hauen artean garrantzitsuena Estatu Espainiarrean Gaztelera ez diren beste zenbait hizkuntzen ofizialtasunaren errekonozimendua dago eta beste hizkuntza hauen babesa.

Beraz, eta zentratzen joan gaitezen, Espainiar Konstituzioak martxan jartzen duen sistema Politiko-juridikoak ez du soilik errealitate sozial eta kultural baten errekonozimendua egiten, are gehiago, errealitate horri ondorio juridiko batzuk uztartzen dizkio.

2. APLIKAGARRI DEN ARAUBIDEAREN AIPAMEN LABURRA

Beraz, daukagun sistema politiko juridikoa ikusirik, Euskal Autonomi Erkidegoan eta Nafarroan kokaturiko Justizia Administrazioari hizkuntz eremuan aplikagarri zaion araudia honako hau izanen da, bataz beste:

Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunaren 27. artikulua.

Giza eskubide eta oinarrizko askatasunak babesten dituen Europar konbenioaren 14. artikulua.

1978ko konstituzioaren 3. artikulua eta hitzaurrea.

1979ko Eusko Autonomi Erkidegoko Estatutuaren 6. eta 35. artikuluak.

1980ko Nafar Parlamentuko erresoluzioa, Euskara hizkutnza ofizial bezala ezagutzen duena Nafarroa osoan (B.O. Parlamento de Navarra 18/X/1980).

Nafarroako Foru Eraentza Birezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 9. artikulua.

Euskal Legebiltzarreko Euskararen Normalizazioari buruzko Legea, eta bere garapenerako onarturiko dekretuak.

Nafarroako Gobernuaren Euskarari Buruzko Lege Forala eta bere garapenerako onarturiko Foru Dekretuak.

Botere Judizialaren Lege Organikoaren 231, 341 eta 471 artikuluak.

Justizia Administrazioaren gain zerikusirik edo eraginik duten beste zenbait xedapen badira ere, baina nekagarriegia izango litzateke guztiak zerrendatzea eta garrantzitsuagoa iruditzen zait kasu honetan arautegi honetatik ondorioztatzen diren eskubide eta bete beharrak aipatzea.

3. HIRITARREN HIZKUNTZ ESKUBIDEAK ARLO JUDIZIALEAN

Gai honetan aplikagarri den araubidea ikusi ondoren, eta amaieran astiriz izanez gero aipatu nahiko nituzkeen bi epaien edukina ikusirik, zera ondoriozta dezakegu:

Euskara ofiziala den guneetan kokaturiko justizia administrazioari dagokionez, hiritar orok dauka justizia administrazioarekin harreman euskaraz edukitzeko eskubidea, bai ahozkoa bai idatzizkoa, inongo kasutan itzulpenik eskatu ezin daitekeelarik.

Eskubide honen titularrak hiritar oro dira, beraz eskubide hau errespetatu beharko zaie bai demandatuei, demandanteei, denuntziatuei, denuntzianteei, perituei, lekukoei, ordezkariei eta abokatuei.

Funtsean eskubide honek zera suposatzen du, euskaraz eginiko dokumentu, idatzi, deklarazio eta egintza judizial orok balio eta ondorio juridiko osoak dituela itzulpenik gabe.

Beraz, marko juridikoa argia bada, eta honetatik ondorioztatzen den eskubidea ere argia bada, non dago gakoa arazo honetan?

Gakoa, dudarik gabe, eskubide horien bermean dago, alegia eskubide horiek bermatu behar dituzten autoritateetan.

Zentzu komuna erabiliz segituan ohartu gaitezke, legeak arazorik planteatzen ez badu, legearen aplikazioa dela arazoak planteatzen dituena.

Justizia administrazioak ez badu bere lana aurrera eramaten duen lurraldeko hizkuntza ulertzen, eta ondorioz ez badio hiritarrari bere hizkuntza justizia administrazioarekiko harremanetan erabiltzen uzten, justizia administrazioak hiritarrak diskriminatu egiten ditu eta hizkuntzaren ofizialtasuna «de facto» deklarazio huts batean bilakatzen du.

Gai konplexu honetan gurutzatzen diren beste zenbait arazok ere garrantzia badu, arazoaren puntu zentrala zera liteke, justizia administrazioa ez dela hizkuntzen koofizialtasunera egokitu eta ondorioz hiritarren hizkuntz eskubideak ez dituela errespetatzen.

4. ARAZOAK NON?

Ordenamendu juridikotik zuzenean ondorioztatu badugu Justizia administrazioarekiko harremanetan hiritarrak duela harreman horiek zein hizkuntzatan egingo diren erabakitzeko aukera, eskubide horren errespeto ezaren arrazoiak bilatu eta korapilo horiek askatzen saiatzea dagokigu une honetan.

Arazo nagusiak bi multzotan sailkatu ditut:

  1. Ofizialtasunaren zabalera zentzu subjetiboan, alegia zeintzuk diren ofizialtasunaren ondorio juridikoak jasan behar dituzten administrazioak ta ondorioz zeintzuk diren ofizialtasunera egokitu behar direnak;
  2. Justizia administrazioaren normalkuntzarako eskuduntzaren arazoa, alegia zein botere publikori dagokion Justizia adminstrazioaren egokitze eskuduntza koofizialtasunaren ondorioetara.

1.- OFIZIALTASUNAREN ZABALERA ZENTZU SUBJETIBOAN

Espainiar Konstituzioak bere 3.2. artikuluan beste Espainiako hizkuntzen koofizialtasuna ezagutu zuenean, eta ofizialtasun horren edukinaren eraentza Elkarte Autonomo bakoitzaren esku utzi zuenean, eztabaida ugari sortu zen koofizialtasun horren zabaleraren inguruan.

Arazoa zen ea koofizialtasun horrek ondorioak sortzen zituen soilik administrazio autonomikoarentzat edo ondorio horiek Elkarte Autonomo horretako botere publiko guztiengan aplikagarriak ziren.

Arazo honen iritzi kontrajarriak baziren ere, 1986. urtean Auzitegi Konstituzionalak Euskararen Normalkuntzarako Oinarrizko Legearen inguruan emaniko 82/86 Epai famatuan zera esan zuen bere bigarren Oinarri Juridikoan.

«al añadir el artículo 3.2. que las demás lenguas españolas serán también oficiales en las respectivas comunidades autónomas se sigue asimismo, que la consecuente cooficialidad lo es respecto a todos los poderes públicos radicados en el territorio autonómico, sin exclusión de los organos dependientes de la Administración Central y de otras instituciones estatales en sentido estricto, siendo por tanto el criterio delimitador de la oficialidad del castellano y de las otras lenguas españolas el territorio, independientemente del carácter estatal, autonómico o local de los distintos poderes públicos».

Beraz, lehen arazoari dagokionean gauzak nahiko argi utzi zituen Auzitegi Konstituzionalak eta ondorioz esan dezakegu, batzuel oraindik ulertu ez badute ere, koofizialtasunak dituen ondorio juridikoetara egokitzeko derrigortasuna hizkuntza propioa duten elkarte autonomoetan kokaturik dauden botere publiko ororen gain dagoen derrigortasun bat dela, baita Justizia Administrazioaren gain ere.

2. ESKUDUNTZA ARAZOA JUSTIZIA ADMINISTRAZIOAREN NORMALKUNTZA PROZESUAN

Duela 10-15 urte eztabaida ugari piztu bazen ere gai honen inguruan, gaur egun 1986ko Auzitegi Konstituzionalaren epaiaren ondorioz batez ere, argi geratu da Hizkuntza propioa duten Elkarte Autonomoek eskuduntza berezi bat dutela, eskuduntza linguistikoa deituko duguna, koofizialtasunaren edukina eraentzeko edo arautzeko.

Arazoa planteatu zen espainiar Konstituzioko 149.1.5. eta 149.1.18 artikuluekin. Bi artikulu hauek Estatuari eskuduntza exklusiboa ezagutzen diote Administrazio Publikoaren eraentza juridikoaren oinarriak arautzeko eta Justizia administrazioa arautzeko. Eskuduntza exklusibo honek Admnistrazio publiko estatala eta Justizia administrazioa koofizialtasunaren eraginetik salbu uzten al ditu? Edo Eskuduntza linguistikoa, beste bi eskuduntzengain inposatzen den eskuduntza bezala har dezakegu eta ondorioz, elkarte autonomoari dagokionez, ondorioztatu dezakegu Elkarte Autonomoko botereek dutela koofizialtasunaren edukina arautzeko eskuduntza, bai Administrazio Publiko Estatalean eta bai Justizia administrazioan ere?

Galdera honi erantzunez, zera esan zuen Auzitegi Konstituzionalak:

«Es evidente que ninguna Comunidad Autónoma pueda encontrar en la regulación de la materia lingüística una competencia que la habilite para dictar normas relativas a la organización y funcionamiento de la Administración estatal, como puede hacerlo con respecto a la propia Administración Autonómica, e incluso a la local (...) pero si puede la Comunidad Autónoma determinar el alcance de la cooficialidad que se deriva inmediatamente de la Constitución y es inerente al concepto de aquella, correspondiendo a la Administración estatal la ordenación concreta de la puesta en práctica de aquella regulación legal en cuanto se refiere a órganos propios».

Beraz, argi ikus daitekenez, Auzitegi Konstituzionalak Autonomi Erkidegoko eskuduntza linguistikoa mugatzen du, eta definitu ere, argi deklaratuz Autonomia Erkidegoak determinatu beharko duela koofizialtasunaren edukina, eta honek dakarzkin betebeharrak, eta ondoren, Estatuak onartu beharko ditu, bere titularitatekoak diren administrazioetan zeintzuk diren koofizialtasunaren ondorioetara egokitzeko neurri zehatzak.

Edorta Cobreros irakasle jaunak bere «El Régimen Jurídico de la Oficialidad del Euskera» liburuan esan zuen bezala administrazio bakoitzeko titularrak direnak beraien eskuduntzak mantentzen dituzte baina beraien administrazioak egokitu beharko dituzte errealitate berri batera, koofizialtasunak suposatzen duen errealitate berrira, nahiz eta koofizialtasunak suposatzen dituen bete beharrak nola erantzungo dituzten beraien eskuduntzakoa den gaia izaten jarraituko duen.

Beraz, guri dagokigun gaiari lotuz, zera ondoriozta dezakegu, Autonomi Erkidegoek dutela koofizialtasunak justizia administrazioan suposatzen dituen bete beharrak arautzeko eskuduntza -hala egin duten bezala Euskararen Normalkuntzarako Legeak bere 9. artikuluan eta Euskarari Buruzko Foru Legeak bere 14. artikuluan- nahiz eta ondoren eskubide horiek bermatzeko modua eta koofizialtasunaren ondorioak betetzeko arauketa zehatza administrazioaren titularra denari dagokion, kasu honetan Estatuari.

3. ORAIN ARTE EGINIKOA ARLO JUDIZIALEAN

Ikusi dugu beraz, hurrenez hurren, hiritarrek badugula Justizia administrazioarekiko harremanetan zein hizkuntza erabili nahi dugun aukeratzeko eskubidea, eta baita ere, Justizia administrazioarengandik erantzunak eta jakinerazpenak gure aukerako hizkuntzan jasotzeko eskubidea, nahiz eta bigarren eskubide hau, alegia euskaraz erantzunak eta jakinarazpenak jasotzeko eskubidea Auzitegi Konstituzionalak berak 1986an esan zuen bezala

«...se hacen depender de una progresiva adaptación de las respectivas Administraciones Públicas».

Beraz, ikus daitekeenez soilik admnistrazioarengandik erantzuna gure aurkerako hizkuntzan jasotzeko dugun eskubidea da «Progresibitatearen edo administrazioak une horretan dituen posibilitateen arabera baldintzatua geratzen dena, ez ordea gure euskara erabiltzeko posibilitatea edozein administraziorekiko harremanetan, eskubide hori ez dagoelarik administrazioaren adaptazio prozesu horretara baldintzatua».

Eta ikusi dugu baita ere, Justizia administrazioak Hizkuntzen koofizialtasunak suposatzen duen egoera berrira egokitzeko derrigortasuna daukala.

Maila juridiko-teorikoan beraz, gauzak nahiko argi agertzen dira, praktikan ordea, ez dut errespetatzen Justizia Administrazioari dagokionean behintzat.

Honen lekuko dira, eta izango dira, abokatu euskaldunak izaten dituzten trabak bere hizkuntzan bere ogibidea aurrera eramateko, prozesuetan atzerapenak, abokatu euskaldunek jasotzen dituzten erdara hutsean eginiko autoak eta jakinerazpenak etabar.

Adibideak milaka izan daitezke, eta ez ditugu hemen zerrendatuko, izan ere, gaur honi buruz hitz egiten egote berak ere egoera ez normaldu batean gaudenaren adierazgarri gisa balio duelako.

Dudarik gabe esan daiteke Justizia administrazioa dela koofizialtasunera egokitzeko arazo gehien planteatzen dituen administrazioa, eta beste arazo batzuk alde batera utziz nagusitzat jo dezakegu Justizia administrazioan lan egiten duten gehienen euskararen ezagutza eza.

Hizkuntza normalizazioari dagokionean justizia administrazioan lortutakoa oso ahula dela esan beharra dago.

Orain arte eginikoari errepaso azkar bat emango bagenio zera aurkituko genuke:

a) BJLOaren 231 eta 341 artikuluak

Bi artikulu hauek, BJLOan agertzen direnak, jasotzen dute hizkuntz koofizialtasunaren norainokoa epailaritza jardueratan. Artikulu hauen arabera, alderdiek, lekukoek, perituek eta alderdien ordezkariek euskara erabili ahal izango dute jarduera judizialetan, ahoz nahiz idatziz, eta jarduera hauek baliozkotasun eta efikazia oso edukiko dute gaztelaniazko itzulpenik gabe.

Bestalde, BJLOak hizkuntzen koofizialtasuna nolabait barneratu nahian hizkuntza propioa duten Elkarte Autonomoetan kokaturiko organu jurisdikzionaletan sorturiko plaza bakanteetarako lehiaketetan hizkuntza propioaren ezagutza merito preferente bezala baloratuko zela adierazi zuen bere 341. artikuluan.

Balorazio hori nola egingo zenaren garapen reglamentarioa Botere Judizialeko Kontseilu Orokorrak onartu zuen 1991ko urriaren 23an.

Botere Judizialaren Kontseilu Orokorraren erabaki honen arabera

«Hizkuntza ofizial bat baina gehiagoko elkarte autonomoetan kokaturiko organo jurisdikzionaletan sorturiko plaza hutsak betetzeko lehiaketetan, hizkuntza propioaren ezagutzari sei urtetako aintzitnezkotasunaren balioa emango zaio».

Neurri honen bitartez Botere Judizialak legea bete besterik ez zuen egiten, eta ez gainera eskuzabalegia bezala kalifikatu daitekeen moduan.

Baina hala ere, 1991. urteko akordio hau ez da indarrean sartu, izan ere botere judizialeko zenbait epailek helegite bat tartekatu zutelako erabaki honen aurka, beraien ustez erabaki horrek berdintasun printzipioa urratzen baitzuen eta diskriminazioa sortu hizkuntza propioa zekiten epaileen eta hizkuntza propioa ez zekiten epaileen artean.

Eta hara non, Auzitegi Gorenaren 3. salak 1995eko apirilaren 29an emaniko epai baten bitartez, arrazoia ematen dien diskriminatuak sentitu ziren epaile hauei, epai interesgarri honen seigarren oinarri juridikoak zera esaten duelarik:

«...la atribución de seis años al conocimiento del idioma cooficial de la comunidad autónoma, mientras se atribuyen sólo tres años de antigüedad al conocimiento del derecho civil foral, no parece conforme con las funciones atribuidas a los destinatarios de la norma...integrantes del poder judicial a quienes les está encomendada la interpretación de las normas, pese a lo cual se les asigna por un conocimiento extra-jurídico doble valoración que por uno estrictamente jurídico..».

Bestalde eta sei urtetako aintzinezkotasuna ematearen ondorioz, hizkuntza koofiziala dakiten epaileak plaza bakanteak betetzeko egoera ezin hobean jarriko lituzketenez (zenbaitek esaten dutenez sei urtetako aintzinezkotasuna lortzeak plaza atzeratzeko ziurtasuna emango lieke). Auzitegi gorenak zera ondorioztatu du epai interesgarri honen zazpigarren oinarri juridikoan.

«...la valoración del conocimiento del idioma contenida en el acuerdo recurrido no resulta, pues, razonable ni proporcionada... vulnerando la igualdad reconocida por el artículo 23.2 de la Constitución».

Uste dut komentario gehiegirik ez dela egin behar, zuek aterako zenituzten, ziurrenik zuen ondorioak epai honetatik.

b) Itzultzaileen papera

Itzultzaileen paperaz hitz bi komentatu nahiko lituzke, aurrera begirako proposamenak komentatu aurretik, eta horri buruzko iritzi trukaketa batera pasatu aurretik.

Ikusi dugun moduan, Justizia Administrazioaren normalkuntzak problema izugarriak planteatzen ditu, eta aurrerantzean ere planteatuko ditu.

Bitartean, hiritar euskaldunek Justizia administrazioarekiko harremanetan euskara erabiltzeko aukera egiten dutenean, ulermen arazoak planteatzen dira, organu hauetako kideek euskara ez dakitelako.

Eta egitate honen aurrean, eta beste soluziobide sakonagorik onartu bitartean, arazoa gainditzeko itzultzailearen figura sartzen dute prozesuan.

Itzultzaileei buruz gauza asko esan daiteke baina hiru kontsiderazio labur egin nahiko nituzke, gehiegi luzatu naizela iruditzen baitzait.

  1. Batetik, eta behingoz argi geratu dadin, itzultzailearen beharra ez zaie sortzen euskaraz aritzeko erabakia hartzen duten hiritar zein abokatuei. Itzultzailearen beharra dutenak euskara ez dakitenak eta euskara ulertzen ez dutenak dira, alegia justizia administrazioko partaideak.
  2. Bigarrenik, epailearentzat lanean ari den itzultzaile horren presentzia arrotzak, arazoak sortzen ditu euskaraz ari den hiritar zein abokatuarentzat, izan ere abokatuek, lekukoek eta peritoek interrupzioak eta etenak egin behar baitituzte beraien alegazioetan itzultzaileak itzuli ditzan, eta horretaz gain itzultzailearen itzulpena atentzio osoz entzun beharko dute, eginiko hanka sartzeen eta epaileari emaniko adierazpenen adibideak hamaika direlarik eta gu denongatik aski ezagunak.
  3. Itzultzaileak sortzen duen prozesuaren moteltasunagatik eta abokatu zein hiritarren esposaketetan egin beharreko etenengatik, esposaketa eta alegazioen koherentzia galtzen da, argumentuaren haria galtzen da eta, hitz batetan esateko, gaztelaniaz eginiko ekintza berdinekiko desabantaila nabaria somatzen da.

Honengatik guztiagatik, itzultzaileen papera ez da justizia administrazioaren normalkuntza prozesurako eta hiritarren eskubideen babeserako egokia ikusten, euskararen normalkuntzak beste bide batzutatik abiatu beharko duelarik.

5. AURRERA BEGIRAKO PROPOSAMENAK: ABOKATU EUSKALDUNEN EKIMENAK ETA KATALUINIAKO EREDUA

Puntu honetara iritsi garelarik, aurrera begira zenbait proposamen komentatu nahi nituen. Batetik, Kataluiniako ereduaren komentario txiki bat egiteko asmoa nuen, bertan aurrera eramaten diren ekimenen gora behera izan dezazuen, baina interesgarriagoa iruditzen zait Abokatu Euskaldunen ekimenaz hitz egitea eta, bide batez, abokatu euskaldunen erantzukizunaz Justizia Administrazioaren normalkuntza prozesuan. Jakingo duzuenez, Bizkaiko zein Gipuzkoako abokatu bazkunek euskarazko batzordeak antolatu dituzte bere baitan, batzorde hauek, batez ere Bizkaiko Justizia Administrazioaren Normalkuntzarko zenbait proposamen luzatu eta martxan jarri dituzte.

Aipagarriak iruditzen zaizkit, batez ere:

  1. Euskarazko ofiziozko txandaren antolakuntza, horrela hiritarrek ofiziozko abokatu bat eskatzen dutenean, edo atxilotuak direnean, beraien auzia euskaraz eramango duen abokatu bat aukeratzeko posibilitatea dutelarik.
  2. Epaitegi eta Auzitegietan euskarazko zirkuitoen antolakuntza, horrela hiritarren hizkuntz eskubideak eraginkor bihurtzeko -arazoak plantea ditzake epaile natural delako printzipioarekin-.
  3. Justizia administrazioan erabiltzen diren idazki eta inprimakien euskaratzea.

Martxan jarri daitezkeen neurriak anitz dira, baina kasu honetan, eta eztabaidagai bihur daitekeelako interesgarriagoa iruditu zait abokatu euskaldunek normalkuntza prozesu honetan duten papera aipatzea.

Abokatuak bere lanean, pasatako garai batzuetan jasotako ohituraren inertziagatik, edo euskararen presentzia Justizia munduan errealiate berri bat delako, gaztelania erabili ohi dute Justizia Administrazioarekiko harremanetan.

Horrela, Justizia Administrazioko buru diren epaileek ez dute gizartean beharrik aurkitzen bere burua euskalduntzeko.

Eta hor dago, nire ustez, abokatuen lana, alegia, euskara erabiltzea Justizia Administrazioaren aurrean, horrela euskalduntzearen beharra sor dadin justizia administrazioaren baitan.

Hau nolabait ilustratzearren Kataluiniako adibidea ekarri ditu honera.

Kataluinian segituan ohartu ziren justizia administrazioaren katalanizatzea ez zela Botere Judizialaren premiazko gaietariko bat, eta ondorioz premia hori sortu egin behar zela, presa sartu behar zitzaiela nolabait esateko.

Errealitate horretaz jabe eginez, Consell des Colegis de avocats de Catalunya delakoak, abokatu bulegoen normalkuntza linguistiko bat egiteari ekin zion.

Plangintza honek bi helburu nagusi zituen, abokatuak motibatzea batetik; eta bestetik, abokatuei laguntza teknikoa ematea katalanera erabil dezaten beraien lanean.

Plangintza hau segituan zabaldu zen arrakastaz eta 200 bulego batu ziren beraien konpromezua hartuz katalanera erabiltzeko.

Conseill honen ekimenak izugarrizko aurrerapausoa suposatu du eta bere lehen ondorioak segituan ekarri ditu.

Beraien mahaiak katalaneraz eginiko espedientez beteak aurkitu zituztenean, epaileak benetazko beharra ikusi zuen lan kopuru izugarri horri irteera emateko.

Honen ondorio zuzena da, Kultura Sailaren eta Botere Judizialeko Kontseilu Orokorraren artean sinaturiko hitzarmena «Dinamització del mon judicial» delakoa.

Jakin badakigu euskarak, katalanak ez bezalako arazo propioak planteatzen dituela, izan ere euskara hizkuntza berezia baita eta mundu juridikoan inoiz erabili ez dena, baina abokatuek euskara erabiliz euskalduntzeko premia sortuko dutela uste dut eta dudarik gabe bide horretatik zerbait lor daitekeela iruditzen zait.

Ez nuke amaitu nahi datu garrantzitsu bat aipatu gabe.

1. 1996ko otsailaren 16ko Errege dekretuaren bitartez, Justizia administrazioko ofizialak, auxiliarrak eta agenteak Autonomia Erkidegoetako eskuduntzakoak izateko aukera ireki da.

Honen ondorioz, eta Autonomia Erkidegoek aukera hau aprobetxatzen badute, Justizia Administrazioko atal garrantzitsu diren funtzionari horiek Funtzio Publiko Autonomikoan integratuko dira, eta ondorioz, Autonomi Erkidegoek izango dute normalkuntza linguistukoa egiteko eskuduntza.

Aukera hau aprobetxatu beharrekoa iruditzen zait eta, lehenbailehen, Justizia Administrazioko funtzionari hauek normalkuntzarako plangintzaldian sartu behar lukete.

Amaitzeko azken erreflexio bat egin nahiko nuke. Epaile eta magistratuen kasuan, mugikortasunak edozein normalkuntzarako planteamendu serio oztopatzen du, baina honek ez dirudi soluziobide errazik daukanik.

Ildo honetan euskara eta justizia administrazioari buruzko jardunaldietan plazaratutako ideia bat ekarri nahiko nuke honera; hizkuntza gaitasun bereziena hain zuzen ere.

Ideia honen arabera, hizkuntza gaitasun orokorren sistema alde batera utzi eta justizia administrazioan beste eredu batetara jo beharko genuke; eredu berri honen arabera, euskara eskolek epaile zein magistratuen gaitasun pasiboa (ulermena) edukiko lukete helburu, urteetan eskola tradizionala jarraituz gaitasun aktibo zein pasibo urria lortzeak - eta mugikortasuna kontutan izanik - epaile zein magistratuen motibazioa pizten ez duelarik, sistema berri honek epaileen gaitasun pasiboa lortzea izango luke helburu, epe ertainean.

Epe motzagoetan emaitzak ikusten dituen epaileak ez luke oraingoen hainako erresistentziarik izango ikasketa prozesu honetan parte hartzeko, eta bide batez, gaitasun pasibo honek euskaraz aritzen diren abokatu zein "justiziaren erabiltzaile"en hizkuntza eskubideak bermatuko lituzke.

Seriotasunez aztertzeko planteamendua dirudi.

BAT aldizkaria: 
29. 1998ko abendua. hizkuntza gutxiagotuak justizia administ...
Kokapen geografikoa: 
Europa
Egilea(k): 
Xabier Iriondo
Urtea: 
1998