Aunitz dakit, bizitzen badakit. Baztan (Nafarroa), hizkuntzaren antropologiatik aztertua: hizkuntzen kategorizazioa komunitate e

Honek elebitasuna neurtzeko eskala berri baten beharra ekarri du. Eskala berri honen bitartez elebitasunaren izenpean topa ditzakegun errealitateak, sarritan arras ilunak, xeheago aztertu eta kontzeptu berrien bidez azaltzeko tresna bat izan behar dugu esku artean. Elebitasun indibiduala eta soziala xeheki aztertzeak elebitasuna prozesu dinamiko moduan ulertzen laguntzen digu. Prozesu horretan lehia da, eta ez elkarbizitza, itxurazko oreka horren muinean dagoena.

Baztanek, ofizialki eremu elebiduna izaki, udal administrazioan zenbait zerbitzu elebitan eskaintzen ditu. Euskara kasurik onenean herritarrarekiko harreman hizkuntza da, ez, ordea, funtzio administratiboen lan-hizkuntza

Zinegotzion artean batzuk ez dakite euskararik eta dakitenak ez daude euskaraz alfabetatuak, horrek irakurri eta idazteko ezgauza bihurtzeaz gain ahoz gai tekniko edo administratiboetan erabiltzeko ezintzen ditu

Irakaskuntza (batxilergoa bitarte) euskaraz izaten da (D eredua), eta azken urteotako matrikulazio joerak A ereduaren desagerpena iragartzen dute

sufrimenduaren memoriak

guraso euskaldun asko bere seme-alabek euskaraz ikas zezaten eragoztera bultzatzen zituen, eurek bizi izandakoa bizi ez zezaten.

Egin berri den erabilera neurketa batek (4) agerian jarri du euskararen erabilera soziala bazterrekoa dela Baztanen. Euskararen erabilera soziala, gehiengoaren jatorrizko hizkuntza eta egoera informaletan erabilia, gazteenen (0-14 urte bitartekoen artean) eta 64 urtetik gorakoen artean egiten da.

Gazteleraren ezagutza ia populazio osoari zabaldurik baldin badago ere, bada 64 urtetik gorakoen artean funtzionalki euskaldun elebakartzat jo daitekeen multzo bat (erdararen ezagutza kaskarra izanik beren funtzio guziak euskaraz burutu eta euskaldun elebakar moduan bizi direnak)  (7) eta baita neska-mutilen artean beste multzo bat ere.

Neska-mutil hauek “bere hizkuntzarekiko motibazio konszientea duten euskaldun oso egingo dituen prozesua ziurtatu gabe dago oraindik.

Baztandar euskaldun helduari (25-64 urte bitarteko hiztunak) bere lehen hizkuntzaren kultur hautematea eragotzi zaio. Gazteleraz eskolatua izan da, eskola bidez ohitu zen hizkuntza honekin.

Hiztun hauek bere hizkuntzarekiko duten motibazioa guziz naturala da

Beraz, hiztun hauek ez dute euren hizkuntzarekiko motibazio kulturalik (hizkuntz kontzientzia) eta euskaldun gisa duten autoestima oso da apala.

Hiztun hauek, gazteleraz eskolatuak, eta hizkuntza horrekiko pertzepzio kulturala dutenak, erabat deskonpentsaturiko elebidunak dira

Bertakoez osaturiko gutxiengo erdaldun honen presentzia azaltzeko elebitasun indibidualetik gaztelerazko elebakartasun sozialerako aldaketa ulertu beharra dago. Alegia, hasiera batean zenbait herritar gaztelera ikasi eta erabiltzen hasi ziren bereizgarri sozial modura, eta horren ondorioz, elebidun ugari egon arren, euskararen egoera bazterreko bihurtu zen.

Zaharren taldea gutxietsi eta haurra haur geroz eta denbora luzeagoan mantentzen duen gizarte horretan erabilera arauak sektore ekoizleek finkatzen dituzte.

Prestigioa oso eragile konplexua da, eta ezin esan dezakegu euskarak ez duenik prestigiorik baztango euskal hiztunentza

Ahulduriko dikotomia hauen ondoan, orain hogei urte Txepetxek (1981) Malerrekarako egindako kategorizazioak (hemengoa /hangoa, alegia, barrukoa / kanpokoa) ez dirudi jada Baztanen baliogarria denik. Izan ere, eremu intimoa eta publikoaren arteko muga apurtu egin da eta gaztelera intimitatearen eremua sartu da (senar-emazteen artean, guraso eta seme-alaben artean, lagun minen artean...) komunitatearen errepresentazio instituzionalean sartu den bezalaxe.

Beharra hizkuntz normalkuntzaren axioma dela argi eta garbi ikusten da euskarari, beharrezkotzat jotzen ez delarik, zer nolako funtzioak ematen zaizkion ikusita (azaleko funtzioak, eraginik gabekoak). Horrek bere erabilera soziala bazterreko bihurtzen du.

BEHARREZKO (ekonomikoki beharrezko) eta praktiko kategoriak dira gaztelerarenak. Ikuspegi horren bidez, halaber, komunitate euskaldunaren desnaturaltzea ez da begietara ageri.

Hizkuntzari buruzko diskurtsoa komunitatearen identitatearen barne eraikuntzaren funtsezko elementua izan daiteke. Eta hori horrela izateak ez du esan nahi hizkuntza edo honen erabilerak izan behar dutenik .

Baztanen ez da kontraesankor ikusten hizkuntzari buruzko diskurtso identitarioa eta bazterreko erabilpena. Ez dago tentsio egoerarik identitatearen muinean dagoela onartu arren (“Eskuarak batzen gaitu) inutil moduan kategorizatzeko, alegia, baztergarria eta politikoki markatua dela uste izateko.

Behar honek zabaltzen ari den hizkuntza komunitatearen helburuekin bat egiten du, eta zentzu komunak jarrera eta jokabide kabal eta arrazionaletara jotzen du, helburu eta hizkuntza horrekin bat egiten dutenak. Atzeraka doan hizkuntzaren aldeko jarrera eta ekimenak ez dira ulergarri ikuspegi pragmatikotik eta mesfidantzaz ikusten dira oinarri-oinarrian dituzten interes ilunak.

euskararekiko afektibitatea inoiz ez baldin bada ere arrazionala, gazteleraren balorazio arrazionala (beharrezkotasuna, erabiltzeak dituen abantailak...) afektibo izatera hel daiteke

Identitateak, aldagarria den konstrukto horrek, ez du monolitikoa izan beharrik, ez diakronian ez eta sinkronian ere. Badira euskaldun elebakarrak eskolatu eta elebidun kenkor bihurtu ondoren, elebidun kontra-natura izatera iritsita, gaur egun hizkuntz berreskurapen prozesu pertsonal baten ondoren elebidun orekatuak direnak.

Hiztunek bizitza osoa gutxiengoaren hizkuntzari egokitu nahian eman dute eta hori zeinen arrazoizkoa den barneratu dute. Zentzu komun horren kontra doan ekintza oro mesfidantzaz begiratzen da

Kategorizazio honek euskararen erabilera asko higatu du, eta gaur egun euskaren erabilera bazterrekoaz hitz egin behar dugu. Gutxiengo-elite erdal hiztunak euskarari leku “aipagarria onartzen dio balorazio sinboliko-afektiboan, kokapen periferikoa da, ordea, azalekoa, ukiezinaren eremutik ateratzen ez dena eta ez dio sinesgarritasunik ematen hizkuntzaren balore instrumental-komunikatiboari eguneroko bizitzaren esparruan.

Hizkuntzaren pertzepzioa, mundua eta hiztunaren arteko zubi-harreman moduan ikusita, hizkuntza-hiztunen arteko harremanei eta hauek hizkuntza horietan interaktuatzen duten moduari loturik hartuta, oso gauza konplexua dela ikusiko dugu. Sarritan erabilitako hizkuntza ez da hiztunaren hautuaren ondorio edo, hala izanez gero, hiztunak ez du eskubide berdintasunez hautatzen zertaz hitz egin nahi duen, norekin eta noiz. Aldiz, hiztunak hizkuntza kategoria konplexu moduan hartzen du, balore, eskubide, nahiz jerarkian leku jakina aitortuz. Halaber, bere eguneroko bizitzan eremu fisiko jakin batekin loturik ikusten du.

Hizkuntza eta hiztunaren arteko harremana honela ikusita, elebitasuna eremu batean edo hiztun batek bi hizkuntza erabiltzea (2) dela dioen definizioa osagabea ez ezik okerra ere badela dirudi. Soziolinguista askok elebitasunaren adiera honek ezkuta lezakeena azpimarratu izan du. Izan ere, hizkuntzen elkarbizitza orekan irudikatzeak bere baitan desoreka handiak ezkuta ditzake, baita gutxiagotze eta glotofagia politikoa ere:

“La significación social del bilingüismo, como resorte ideológico, reside en su uso para legitimar la proscripción del idioma no oficial y toda imposición coactiva. Su valor psicológico está en el hecho de que este concepto, profesadamente conciliador, puede proporcionar una amplia base de adhesiones ingenuas que facilite aquel proceso asimilista. Así al enfocar la imagen del bilingüismo sobre los “hechos –el uso de dos lenguas- ha llegado a construirse una visión particular del conflicto, destinada a neutralizar los efectos de una consideración social y política sustancial, dejando por aclarar qué es lo que los hechos nos indican (Rafae´l Lluís Ninyoles)  (3)

Honek elebitasuna neurtzeko eskala berri baten beharra ekarri du. Eskala berri honen bitartez elebitasunaren izenpean topa ditzakegun errealitateak, sarritan arras ilunak, xeheago aztertu eta kontzeptu berrien bidez azaltzeko tresna bat izan behar dugu esku artean. Elebitasun indibiduala eta soziala xeheki aztertzeak elebitasuna prozesu dinamiko moduan ulertzen laguntzen digu. Prozesu horretan lehia da, eta ez elkarbizitza, itxurazko oreka horren muinean dagoena.

Elebitasunezkoa deitu izan den egoeretariko bat beste zenbait egilek “alde bakarreko elebitasuna deitu izan dute. Atzera doan hizkuntza bateko hiztunak bigaren hizkuntza bat ikastera behartu eta hedatzen ari den hizkuntzaren hiztunak atzera doana ikastetik salbuesten dituen hori da (Sanchez Carrión 1987), hain zuzen ere, alde bakarreko elebitasun egoera.

Egoera honetan ezin hitz egin daiteke bi hizkuntzen ohiko erabileraz nola, nork, non, zertarako... zehaztu gabe. Hori sarritan horren konplexuak diren hiztunen estrategiek erantzungo digute. Lan hau Baztanen gertatzen den hizkuntz kategorizazioari buruz hizkuntz antropologiaren ikuspegitik egindako gogoeta intuitibo bat da. Bestela esanda, elebitasunaren itxurazko aurpegi kuantitatiboan egindako sakontze kualitatiboa. Honen bitartez itxurazko irudia hori deusezten saiatuko gara.

Ikerketa gunearen kokapena eta aurkezpena:

Baztango aranak Nafarroa iparraldeko 377 km karratu betetzen ditu. Nafarroa hezeko udal hau hamabost herrik osatzen dute, eta bere auzo eta sakabanaturiko baserrietan zortzi mila biztanle bizi dira.

Baztanek Lapurdi eta Nafarroa Beherearekin muga egiten du iparralde eta ekialdetik. Horrek harreman lotura estuak bultzatu ditu mugaren bi aldeetako euskaldunen artean, bai elkarbizitza mailakoak, bai salerosketa mailakoak. Euskararen biziraupena mugaren bi aldeetako biztanleak elkarrenganatzeko tresna lagungarria izan da.

Baztan mugako arana da, eta horrek dakarren bazterketa bizi izan du: txirotasun ekonomikoa, historikoa, soberakin demografikoen ohiko emigrazioa, zerbitzu gabezia, estatuaren indar armatuen bilgune (mugako kaserna eta aduanak), hiriburutik urrun egotea...

Jabego komunalak udal honen azalerarik handiena hartzen du. Lur hau batipat ganadutzarako erabiltzen da eta bigarren mailan basogintza eta nekazaritzarako. Lanbideak garrantziaren araberako hurrenkeran jarrita honela ditugu: lehen sektorea, zerbitzuak eta industria.

Gaur egungo egoera larriagotzen duen arazoa langabezia da. Gaztediak bertan lana aurkitzeko dituen aukera urria da. Hauetariko askok 58 kilometrotara dagoen Iruñeara jo behar izaten dute lanera.

Baztanen hitz egiten den euskararen aldaera guziak iparraldeko goi-nafarreraren baitakoak dira. Aldaera desberdin hauek eta euskara batuaren arteko “hizkuntz distantzia laburrak ez du ulertzeko arazorik eragiten, nahiz eta nabarmenak diren baztango aldaeren bereizgarri sintaktiko, morfologiko, lexiko eta prosodikoak.

Euskararen egoera funtzionala eta erabilpen sozialaren azalpen laburra

1986az geroztik euskara eta gazteleraren ofizialtasuna onartu zen Nafarroaren ia iparralde osorako. Nafarroaren gainerako lurralde eremuan, berriz, euskararen estatusa zehazgabea da, baita Iruñea hiriburuan ere, nahiz eta Nafarroako iparraldea hiriburuarekin ezinbestean loturik egon administrazioa, ekonomia eta zerbitzuetan.

Zonaldekako zatiketa “bitxi honek “erreserba efektuaren moduko zerbait eragiten du (Euskararen foru legea 18/1986) Nafarroako Administrazioarentzat. Izan ere, gobernuak “euskaldun deitzen duen zonaldea barruti bihurtu du eta hortik kanpoko euskaldunari ez zaio ia eskubiderik onartzen.

Baztanek, ofizialki eremu elebiduna izaki, udal administrazioan zenbait zerbitzu elebitan eskaintzen ditu. Euskara kasurik onenean herritarrarekiko harreman hizkuntza da, ez, ordea, funtzio administratiboen lan-hizkuntza (udal gobernua osatzen duten kideak: Eusko Alkartasuna buru da alkatea eta bost zinegotzi dituelarik; ondoren Unión del Pueblo Navarro dator bost zinegotzirekin, Herri Batasunak bakarra du eta beste bat independientea da. Zinegotzion artean batzuk ez dakite euskararik eta dakitenak ez daude euskaraz alfabetatuak, horrek irakurri eta idazteko ezgauza bihurtzeaz gain ahoz gai tekniko edo administratiboetan erabiltzeko ezintzen ditu).

Irakaskuntza (batxilergoa bitarte) euskaraz izaten da (D eredua), eta azken urteotako matrikulazio joerak A ereduaren desagerpena iragartzen dute (gaur egun jada bazterrekoa da bere indarra), D ereduaren mesedetan. Oinarrizko hezkuntzan euskararen normalkuntza nahikoa berria da, izan ere, orain gutxi arte sufrimenduaren memoriak guraso euskaldun asko bere seme-alabek euskaraz ikas zezaten eragoztera bultzatzen zituen, eurek bizi izandakoa bizi ez zezaten.

Hezkuntza graduetan gora egiten den neurrian euskararen presentzia geroz eta txikiagoa da. Lanbide heziketaren goi mailara eta unibertsitatera iritsita ikasle euskaldunak euskaraz ikasteko duen aukera hutsaren hurrena da.

Eremu honetan dauden eskualdeko hedabideak euskara hutsezkoak dira. Herri erakundeek sortutakoez gain (irratia, aldizkari hamabostekaria eta telebista), euskal hedabide nazionalak ere badaude (Egunkaria, aldizkariak eta euskal irrati-telebista publikoa). Hedabide hauen eragina, garrantzitsua izan arren, erlatibizatu egin behar da gaztelerazko hedabideek duten eskaintzaren indarra eta zabaltasunarekin alderatzen baldin badugu.

Aktibitate ekonomikoetan, lehen sektorea (ganadutza batipat) eta hirugarrena (publikoa, hezkuntzari lotua batipat) izan ezik, gainerako guziek erdaraz funtzionatzen dute: enpresa industiralak, zerbitzuenak, komertzioak, lanbide liberalak... Ez dago ingurunearen edo instituzioen presiorik interakzio ekonomikoak normaltasunez euskaraz bideratzeko.

Egin berri den erabilera neurketa batek (4) agerian jarri du euskararen erabilera soziala bazterrekoa dela Baztanen. Euskararen erabilera soziala, gehiengoaren jatorrizko hizkuntza eta egoera informaletan erabilia, gazteenen (0-14 urte bitartekoen artean) eta 64 urtetik gorakoen artean egiten da. Adin-talde horiek dira erabilera sozial handiena dutenak. Ez dugu ahaztu behar, ordea, eragin sozial txikiena dutenak direla ez baitira erreferentziazko taldeak: ez dira ekoizpen taldeak, ez dute botererik, ez dira dinamikoak, menpekotasunean bizi diren taldeak dira, eragin sozialik gabekoak, ez ekoizleak baliabideen hartzaileak baizik.

Erdialdean dauden adin-taldeak (gazteak (15-24 urte) eta helduak (25-64)) dira giza talderik dinamiko eta erreferentzialenak. Helduak dira aktibitate ekonomiko, laboral, komertzial eta politikoen buru, eta beraiei dagokie, guraso diren heinean, hizkuntzaren transmisio naturalaren ardura zuzena.

Egoera honek, Baztanen euskararen erabileraren bazterreko egoerak, eraman nau hiztunen erabilerari buruzko estrategiez eta hizkuntzen kategorizazioaz gogoeta egitera, hortxe baitago hizkuntz jokaeraren oinarri etiologikoa.

Hizkuntz tipoak eta interakzioak

Baztanen populazioaren % 80 a euskaraz mintzo da (5). Adin-taldeetan euskaldunen kopuruan gora-behera txiki batzuk daude helduena delarik (25-64 urte bitartekoena) emaitzarik kaskarrena (% 72).

Bailarako herri gehienetan euskaldun kopurua % 100aren ingurukoa da. Elizondo da administrazioa eta zerbitzuak biltzen dituena, eta hor da erdal elebakarren kopurua goren (% 18). Euskarazko alfabetatze tasa ofiziala % 40koa da. (6)

Datu hauek biztanleek erroldari emandako erantzunetan oinarritzen dira. Hiztun bakoitzak bere hizkuntz tipologiaz duen hautematea egoerak, gutxiagotze sentimenduak eta nork bere buruaz egiten duen azpibaloratzeak baldintzatzen dute. Alfabetatzearen benetako kopurua askoz apalagoa da.

Tipologizatze egokiak soilik lagunduko digu ulertzen baztandarrek nola jokatu eta kategorizatzen dituzten inguruko hizkuntzak.

Gazteleraren ezagutza ia populazio osoari zabaldurik baldin badago ere, bada 64 urtetik gorakoen artean funtzionalki euskaldun elebakartzat jo daitekeen multzo bat (erdararen ezagutza kaskarra izanik beren funtzio guziak euskaraz burutu eta euskaldun elebakar moduan bizi direnak)  (7) eta baita neska-mutilen artean beste multzo bat ere. Multzo honek etxeko hizkuntza euskara izanik oraindik ez du gaztelera ikasi. Gainerako euskaldunak, maila desberdinekoak izan arren, elebiduntzat jo ditzakegu.

Orohar 15 urtetik beherakoek eta 64tik gorakoek euskara erabiltzen dute eskuharki. Arrazoi desberdinak direla medio baldintzarik onenak dituzten taldeak dira. Batzuk motibazio kultural egokia dutelako hizkuntzarekiko eta besteak berezko hizkuntz gaitasun egokia dutelako (ez kulturizatua).

15 urtetik beherako taldea da euskarazko hezkuntzara sarbidea izan duen talderik euskaldunena (% 88), eta euskara etxetik ez zekartenak euskalduntzeko bidea ere izan da. Euskararen kultur baloreetan hezitzeko aukera izan duten hiztunak dira eta estandarrarekin ohitu direnez hizkuntzaren ikuspegi orokorragoa izan dute. Euskarari aurreko belaunaldietan ukatu izan zaizkion eremuetan euskara nola-halako normaltasunez erabiltzeko aukera izan duen populazio multzoa da. Euskara teknologia berrien aplikazioan ezagutu du (bideoak, ekoizpen informatiko ludiko eta didaktikoak...) eta baita eremu normalizatuagoetan ere (literatura, musika, irratia, telebista, prentsa...) Populazio zati hau autokonfidantzan hazi eta beren hizkuntzaren balore unibertsalaz jabetzen diren hiztunak izatera heltzeko egoera onean dago. Hazitakoan, ordea, beren hizkuntzarekin izan duten esperientzia kulturala beronen egoera sozio-kulturalarekin alderatu beharko dute. Neska-mutil hauek “bere hizkuntzarekiko motibazio konszientea duten euskaldun oso egingo dituen prozesua ziurtatu gabe dago oraindik.

64 urtetatik gorakoek (%80a euskaldun) gutxiagotze prozesu historikoa bizi izan dute, bere hizkuntzaren baliorik eza eskola, administrazioa, hezkuntza eta antzeko zerbitzuetan... Euskararen indargabetze publikoa bizi izan dute bere herrien izenetan, kaleenetan, bere izenetan bertan; eta ez zaie arrotza erdara behar bezala ez menderatzeagatik lotsa sentitzea. Hiztun hauek euskara baserri-giroarekin lotu dute, atzerapenarekin, etxekoarekin, eta beraz, gaztelera hiriarekin, modernotasunarekin eta bizitza publikoarekin. Badute, dena den, euskararen ezagutza sakon eta aberatsa –aldaera dialektalarena- eta aldaera hauetariko askoren izaera berezia belaunaldi honekin batera galtzeko zorian dago. Multzo honetan ditugu elebakar funtzionalak, hizkuntz gaitasun handieneko hiztunak, ahozko kultur trasmisioz jasotako euskara dutenak. Hauek ez dute idatziaren kulturak ekarritako aldaera estandarrik ezagutu. Euskaraz alfabetaugabeko hiztunak dira, euskararekiko motibazio naturala dutenak (ondoen menperatzen dutena da).

Bi talde hauek, erabilpen sozial handiaz, belaunaldien katean pisu gutxi duten bi muturrak dira. Erdian gazte eta helduak ditugu, erabilera maila txikiagoa dutenak, horiek dira erreferentziazko taldeak.

Baztandar euskaldun helduari (25-64 urte bitarteko hiztunak) bere lehen hizkuntzaren kultur hautematea eragotzi zaio. Gazteleraz eskolatua izan da, eskola bidez ohitu zen hizkuntza honekin. Euskaraz, bere lehen hizkuntza, alfabetatu gabe dago, ez da idatzizko funtzio formaletan erabiltzeko gauza. Hiztun hauek bere hizkuntzarekiko duten motibazioa guziz naturala da (ongien dakiten hizkuntza da, eta sarritan menderatzen duten bakarra). Beraz, hiztun hauek ez dute euren hizkuntzarekiko motibazio kulturalik (hizkuntz kontzientzia) eta euskaldun gisa duten autoestima oso da apala. Hiztun hauek, gazteleraz eskolatuak, eta hizkuntza horrekiko pertzepzio kulturala dutenak, erabat deskonpentsaturiko elebidunak dira: euskarak etxeko eta lagun-arteko funtzioak, edo herri nahiz lanbide mailakoak ahoz betetzeko soilik balio dien bitartean, funtzio formaletarako, ahozko nahiz idatzizko, gaztelera behar dute. Euskara ondo menderatzen dute eta gaitasun komunikatibo oso ona dute eremu intimoan; gazteleraz azaleko ezagutza dute eta errepertorio arras murritza, horrek konplexuak sentitzera eramaten ditu. Egoera bitxi honen eraginez euskaldun izatearen kontzientzia ez izatera ere badaramatza. Erdararekin bizi duten konplexuari euskara estandarrarekin sentitzen hasi direna gehitu behar zaio. Telebista, irrati nahiz idatzizko ekoizpenetan topatzen duten euskara horren aurrean ere hezigabe ikusten duten euren burua.

Bere hizkuntzarekiko kultur motibaziorik eta hizkuntz kontzientziarik gabeko hiztun hauek erabilpenean joera arras ahula dute, izan ere, motibazio naturala ez da aski euskara erabiltzearen kontrako edozein egoerari aurre egiteko. Elebidun diren neurrian bizi duten deskonpentsazio horrek bere hizkuntzan hainbat eremutan erabiltzeko ezintasuna sentitzera daramatza eta gizartean aurrera egiteko kaltegarria zaiela pentsatzera ere bai. Hiztun hauek erdararekiko duten lotura kulturala erabilera-egoera informaletara hedatuz indartzen dute, eta horrek nabarmen higatzen ditu bere famili, auzo nahiz lan sareak. Gazteleran duten hizkuntz gaitasuna handitu egiten da etengabeko erabilerari esker, eta horren ondorioz, denboraren poderioz hauetariko zenbait erdal elebidun izatera heltzen dira, erdararen ezagutza ona eta erabilera handiagoa duten hiztunak.

Elebidun tipoen sailkapen eskematikoa eginez, baztango hiztunen artean teorian elebidun direnen gehiengoa (8) ia-elebidun (ez daude bere hizkuntzan kulturizaturik –euskara-, ez eta gazteleraz ere) edo naturaz-kontrako elebidunak dira (ez daude beren jatorrizko hizkuntzan –euskara- kulturizaturik, bai, ordea, gazteleraz).

Euskaldun elebakarrek gizartearen talderik bazterrekoena osatzen duten bitartean, erdal elebakar zenbaitek erreferentziazko komunitatearen eta prestigio sozialaren (9) estatusa dute. Gutxiengo honetan bertakoak topatuko ditugu, erdal hiztun eta erdalzaleen komunitatean txertatuz gizartean gora egin duten baztandarrak. Hauen gizarte-maila funtzio kultural, tekniko-profesional, administratibo edo politikoak erdaraz betetzetik eratorri da. (10)

Bertakoez osaturiko gutxiengo erdaldun honen presentzia azaltzeko elebitasun indibidualetik gaztelerazko elebakartasun sozialerako aldaketa ulertu beharra dago. Alegia, hasiera batean zenbait herritar gaztelera ikasi eta erabiltzen hasi ziren bereizgarri sozial modura, eta horren ondorioz, elebidun ugari egon arren, euskararen egoera bazterreko bihurtu zen.

“Casi siempre la diglosía bilingüe está asociada a procesos de contacto y de aculturación. Este proceso implica relaciones de poder-prestigio subordinación en las cuales el grupo con menos poder económico-político tiende o se ve obligado a adoptar los rasgos culturales y la lengua del que detenta mayor poder. La cultura perteneciente al grupo dominante recibe los atributos y es el vehículo de las comunicaciones consideradas importantes, superiores y formales, mientras que la lengua del grupo dominado recibe atributos de menor prestigio y queda reducida a dominios menos formales tales como el hogar, los juegos y otros. ( Buxó 1983:51)

Garapen soziala erdararen eskutik doala dioen ideia Baztanen ez da berria. Bailara honetan soberakin demografikoak emigratzeko joera izan dute, lehen Gaztelara, non baztandarra gorteko girora egokitu zen, eta ondoren Ameriketara. Hainbat baztandar aberasturik atzera berriro herrira itzuli zen eta gizarte talde nagusia bihurtu ziren. Kasu batean zein bestean atzerrira joandakoak etxera itzultzean gizartean erdal hiztun elebakar moduan egin zuten (gizarte mailako izen ona eta euskara gaitasun txikia). Eta elebidun zirenek euren Ameriketa edo Gaztelan ezarritako neurri bera ezarri zuten etxean gaztelera nagusi izan zedin (Sanchez Carrión 1987:326).

Baztan mugan egoteak frankismo garaian kontrabandoa diru iturri azkar eta erraz bihurtu zuen. Baztandarrak egoera guziei etekina ateratzen ikasi zuen, eta ez zuen inola ere zalantzan jarri poltsikoak betetzeko aukera eskaintzan zion statu quo-a. Gertaera honek baztandar askoren izaera praktikoa eta beste askoren gutxiagotze sentimendua ulertzen lagunduko digu; biak, edozein kasutan, bi estaturen existentziatik eratorriak.

Lana eskuratzeko zailtasunek Baztan hiriburuari begira jarri dute inoiz baino nabarmenago. Bertara doaz gazteak, lehenik unibertsitate mailako ikasketak egitera eta ondoren lanera. Kasu gehienetan hiriak hizkuntz erroak moztu eta gazteleraren inposaketa sozio kulturala esan nahi du.

Gertaera honek lehen eta orain Txepetxek “individuos desnativizados deitzen duena (1987) sortzea eragin du, euskara berezko hizkuntza izan arren, lanean, eta zenbaitetan baita familan ere, erabili gabe bazterrean uzten duten hiztunak dira. Hiztun hauek azkenean euskaraz duten hizkuntz gaitasun oro galtzera iristen dira. Berriki egindako azterketa demolinguistiko batek, belaunaldi batean galdutako hiztunen portzentaiaren bidez, gertaera hau objektibatzeko bidea ematen du. Neurketa horrek Baztan gaur egun oraindik euskara galtzen ari den herrien multzoan biltzen du (Ramos 1995)  (11).

“Las minorías étnicas, a veces mayoría, sufren esta situación en cuanto que les resulta difícil comunicarse con el código lingüístico propio, la lengua materna, para sobrevivir socialmente (trabajo, profesión, estudios, ideas) en sus relaciones con el grupo dominante; esta situación les fuerza al bilingüismo o al abandono progresivo de su lengua. Son factores condicionantes de la orientación de la aculturación lingüística, y por lo mismo, del tipo de identificación cultural (Buxó 1983:51)

Gazteleraz mintzo den gutxiengo- elite horretan, kanpotar nahiz bertakoez osatua, izango luke euskarak demografikoki hazteko harrobia hauen artean euskararekiko behar bezalako motibazioa gertatuko balitz:

“Los que han sido expatriados lingüísticamente pero permaneciendo en el territorio de origen (...) representan el medio natural de crecimiento del Euskara hacia fuera, porque todavía guardan memoria de su propio despojo (Sanchez Carrión 1987: 226)

Balizko hiztun hauen bitartez euskarak eremu funtzional formaletara eta prestigio handikoetara heltzerik izango luke, eta horren eraginez euskararen hautemate soziala hobetuko litzateke.

Horren ordez, aldiz, euskara galdu duten bertako horiek hizkuntzarekiko duten motibazioa epelaz baliatzen dira, euren burua erdian hartzen duen kausa baten buru jartzeko. Ikuspegi horrek euskalduna edo euskararekiko inolako motibaziorik ez duen erdalduna baztertzera daramatza. Oinarri hori abiapuntu hartuta eratortzen duten “baztandar komunitatean euskara ez dago muniean, ez da beharrezko osagaia, ez eta praktikoa ere. Diskurtso honetan euskara bitxikeria da, eta beraz, baztergarria. Hori da gutxiengo honi komeni zaion diskurtsoa pribilegiozko egoera mantentzen jarraitzeko. Bataztandar talde honena izan ginenari buruzko motibazio nostalgikoa da (“Ez diezadatela, ordea, oraina uki, bestela bazterrean bainaiz!). Txepetxek berak badio euskararentzat diskurtso hau oso dela kaltegarria bere alde dituenen indarragatik.

Bertakotasuna galdu duten hiztun hauen motibazioa, euskararen ikaskuntza bultzatzeko ahulegia, idealizatu egiten da eta beren seme-alabetan jartzera daramatza. Ahalegin guzia haurren gainean egiten da, eta hori eginez, gurasoak hizkuntzarekiko beste edozein konpromezutatik aske ikusten dute bere burua.

Aurreko hamarkada bitarte Baztanen nahiz ondoko bailaran, Malerrekan sexuaren arabera (Txepetxek ikertua 1981ean), desberdina izan da hizkuntz jokaera (12). Neskak hizkuntzaren prestigioarekiko sentiberagoak ageri ziren, eta horrek gizarteratze eta kulturizatzean diferentziak zekartzan, erdaldunagoa, familian, eskolan nahiz harremanetan. Gertaera honek sexuen araberako diferentziak sortzen zituen belaunaldi bereko gazteen artean: mutilak, euskararen erabilerarekiko leialagoak eta hizkuntzaren prestigio intimoaren inguruan gotortuak; eta neskak, aldiz, erdaraz mintzatzeko joera handiagoarekin hizkuntza honen prestigio sozialak erakarrita.

“No es ajena a esta distinción las diferentes expectativas que la comunidad familiar proyecta hacia cada uno de los sexos: mientras se piensa que el futuro de un hombre está en sus manos (en su habilidad manual y en su fortaleza física) se reconoce que el de la mujer está en su expresión, en su lengua, pues es ésta la que le da la posibilidad de alternar con varones, y en este sentido el castellano, “le abre más las puertas. Pero también porque el tipo de trabajo que puede conseguir una mujer en esta zona (dependienta, empleada de servicio doméstico, etc.) está en manos de erdaldunes o requiere un estrecho contacto con ellos. (Sanchez Carrión 1981)

Gaur egun bereizketa horrek ez du indarrik familia mailan, emakume helduen (25-64) artean, ordea, nabarmena da diferentzia. Izan ere, hauek gaztetan ikasitakoarekin jarraitzeko joera handiagoa dute.

Gertaera hau ez da mehatxu erabakiorra, hizkuntz transmisioarentzat eragin zuzena du, ordea. Neska-mutilek hizkuntza bakoitzaren balio sozialaz duten hautematean, ezartzen da ondorengo kategorizazio jerarkikoa egiteko oinarria.

“... el conflicto (diglósico) no radica en la elección de uno y otro código lingüístico, o en la relativa dificultad de la lengua impuesta, sino en el cómo este código es enseñado y aprendido en términos de las connotaciones sociales y políticas, es decir, el significado sociopolítico que se atribuye a las diferencias. En suma, el problema no es lingüístico, sino que es social y político, resultado de una situación diglósica que asigna diferencias de estatus a las lenguas y a sus hablantes. (Buxó 1983:60, belztea nik egina da)

Ohikoa da haurrak sistematikoki euskaraz zuzentzen zaizkien bitartean gurasoak haien artean erdaraz aritzea. Ohitura honen lehen kimuak sexuen arteko lehen sozializazioan daude eta emakumeen erdararekiko joera izan zen ziurrenik ezkontideen arteko hizkuntz ohitura finkatu zuena.

Hizkuntzen kategorizazioa, beharra eta identitatea

Arestian aipatu ditugu 15 urtetik beherakoek eta 64tik gorakoek motibazioari begira dituzten ezaugarri onak. Multzo hauen erabilera maila altuak, ordea, ez du gainerako taldeen erabileran eragiten, ez baitira erreferentziazko taldeak.

Zaharren taldea gutxietsi eta haurra haur geroz eta denbora luzeagoan mantentzen duen gizarte horretan erabilera arauak sektore ekoizleek finkatzen dituzte. Sektore horietan hizkuntzetariko bat honela kategorizatu da:

erabilgarria, beharrezkoa eta politikoki neutroa;

eta bestea;

alferrikakoa (13), baztergarria (hautazkoa edo erredundantea) eta politikoki markatua (14).

Gaztelera, erreferentziazko komunitatearen hizkuntza izaki, prestigiodun hizkuntza dela esateak, ordea, kategorizatze prozesua erraztu eta ulermena iluntzeko arriskua du. Prestigioa oso eragile konplexua da, eta ezin esan dezakegu euskarak ez duenik prestigiorik baztango euskal hiztunentzat (hiztun eta funtzioen arabera, noski). Weinreich berak hizkuntz menperakuntzaz (configuration of dominance) ari zelarik errazkerira jotzearen arriskuaz ohartarazi gintuen (15).

Balore dikotomia horren pean, hamarkada luzez indarrean egon diren baserriko/kaleko eta tradizional/moderno dikotomiak indarra galduz doaz hainbat espazioren elebiduntzeak aurrera egiten duen neurrian. Kaleko espazio publikoetan eta instituzioetan euskararen presentzia soziala indartzeko (sarritan azaleko itxura besterik ez bada ere) herri ekimena eragile izan da. Hiriburuan euskara ikusten hasi da (erabilpena oraindik oso apala da), eta teknologia berrietara urraska hurbilduz, modernitatearen abantailak euskaraz ere goza daitezke.

Ahulduriko dikotomia hauen ondoan, orain hogei urte Txepetxek (1981) Malerrekarako egindako kategorizazioak (hemengoa /hangoa, alegia, barrukoa / kanpokoa) ez dirudi jada Baztanen baliogarria denik. Izan ere, eremu intimoa eta publikoaren arteko muga apurtu egin da eta gaztelera intimitatearen eremua sartu da (senar-emazteen artean, guraso eta seme-alaben artean, lagun minen artean...) komunitatearen errepresentazio instituzionalean sartu den bezalaxe.

Gaur egun esparru intimoa bi hizkuntza horiek erdibanatzen dute, eta eremu instituzionala, berriz, gaztelerak betetzen du batez ere.

Hau da azken hamarkadetan hizkuntzaren espazioetan gertatu den aldaketarik handiena. Funtzioen araberako hizkuntzen bereizketa (diglosia) apurtu egin da. Bereizketa horrek euskara eremu intimo eta etxekora baztertzen baldin bazuen ere, eremu hori esklusibitatean gordetzen zion. Beraz, baita eremu honi loturiko funtzio guziak ere (identitatezkoa, familiakoa, auzokoa, lanekoa nahiz herri mailakoa). Gaur egun euskara telebista bidez baserriraino iristen da, han familia euskalduneko kideak mahaiaren inguruan egon daitezke erdaraz mintzo direlarik.

Funtzio komunikatiboa / funtzio sinboliko-identitarioaren arteko dikotomiak ere ez du behar bezala azaltzen gertatzen dena. Komunikazioa ezin da sinbolismotik bereizi, azken batean, komunikazio era bat besterik ez da.

Ikuspegi honetatik, euskaldun mundua komunikatiboa da (eta beraz, sinbolikoa), erdal mundua komunikatiboa (eta sinbolikoa) den bezalaxe. Diferentzia hizkuntza bakoitza komunikatiboa (eta sinbolikoa) zertan den behatuz bilatu behar dugu .

Euskara iragan urrunaren hizkuntza sinbolikoa da, badaezpadako balioa duena egun eta etorkizun ilunekoa. Komunikazio hizkuntza izan arren gutxitan lortzen du prestigio sozialeko funtzioak betetzea, nahiz eta funtzio intimoak betetzeagatik funtsezkoa izan.

Gaztelera, egungoa eta iragan berriaren hizkuntza sinbolikoa da, emotibitatez kargaturik dago. Izan ere, gaztelera funtzio sozial formaletan komunikatiboa izateaz gain, zenbaitetan funtzio intimo eta informaletan ere bada.

Gaztelerari, garrantzitsutzat kategorizatua, funtzio garrantzitsuak aitortzen zaizkio (formalak eta zenbaitetan baita intimo eta informalak ere, lagun edo senar-emazteen arteko harremana kasu); euskara, aldiz, garrantziarik gabeko elkarrizketei lotzen zaio, haur edo zaharren artean gertatzen diren horiek, esaterako.

Aktibitate “serioetan, komertzioan esaterako, euskararen erabilera oso da kaskarra. Elizondoko zenbait dendetan euskara erabiltzeak neurriz kanpoko erantzunak ere eragiten ditu. Ohikoak dira, halaber, euskara mezprezatu edo aintzat hartzen ez duten esaldiak.

Beharra hizkuntz normalkuntzaren axioma dela argi eta garbi ikusten da euskarari, beharrezkotzat jotzen ez delarik, zer nolako funtzioak ematen zaizkion ikusita (azaleko funtzioak, eraginik gabekoak). Horrek bere erabilera soziala bazterreko bihurtzen du.

Thorburnek (16) hirurogeitamarreko hamarkadan hizkuntza egoera kostu-irabaziaren azterketa ekonomikoaren bidez behatu zuen. Kalkulu honek matematikoki errepresentatzen ditu alternatiba bakoitzak izango dituen ondorioak. Horrela ikusteak alternatibarik eraginkorrena hautatzen laguntzen du. Eredu honen muinean dagoen ideiak hiztunen hizkuntza jokabidea baliapide ekonomiko moduan ikusten du, gaitasun teknikoak edo langile kopurua diren bezalaxe.

Beraz, BEHARREZKO (ekonomikoki beharrezko) eta praktiko kategoriak dira gaztelerarenak. Ikuspegi horren bidez, halaber, komunitate euskaldunaren desnaturaltzea ez da begietara ageri.

Gaur egungo euskaldunek hautematen duten behar hori antzinako euskaldunen erabakien ondorio da. Hizkuntza arrotza “beharrezko kategorizatzera nola iritsi den ikusteko historia egitea antzinako euskaldunek bizi izandako bazterketa, zapalketa, gerra, sozialki igo nahia eta antzeko gertaerekin topo egitea da. Hizkuntz gutxiagotze eta ordezkapen prozesuaren urrats aurreratua da.

Baztandar batek bere seme-alabek gaztelera ikasi behar dutela dakienean zuzen dago. Arazoa, ordea, beste bat da, alegia, premia horren aurrean IZATEKO BORONDATEA norberaren barneko behar bezala sortze horretan. Izateko borondate hori komunitateko gainerako kideekin konpartitzen denean, BEHAR SOZIALA bihurtzen denean, KULTUR BERRESKURAPEN prozesua hasia dela esan dezakegu.

Kultur identitatea, identitate oro bezala, eraikin bat da. Hizkuntzari buruzko diskurtsoa komunitatearen identitatearen barne eraikuntzaren funtsezko elementua izan daiteke. Eta hori horrela izateak ez du esan nahi hizkuntza edo honen erabilerak izan behar dutenik . Azalpen honen ondoan Jose Luis García Garcíaren “El discurso del nativo sobre su propia cultura artikulutik ateratako aipua jartzeak merezi du:

“El discurso –sobre el lenguaje y sobre cualquier otro tema- selecciona y estructura las señas de identidad de los pueblos (...) En el contexto de la identidad la consideración del discurso está más próxima a la concepción de la identificación como un proceso. En esta perspectiva las señas de identidad de un pueblo no son estáticas sino que se elaboran constantemente en el discurso de los hablantes. La identidad aparece como consecuencia de un proceso de comunicación.

Kultur identitatea, bada, komunikazio prozesu baten ondorioz sortutako eraikuntza indibidual eta kolektiboa da. Prozesu horretan talde etnikoak bere identitatea berezkoak eta bereizgarriak diren ezaugarri batzuetan oinarritzen du. Ezaugarri horiek komunitate horren kide direnen eta ez direnenen arteko harremanak determinatzen dituzte eta jatorri desberdinekoak dira, talde etniko horrek bere bizitza soziala garatzeko duen testuinguruaren arabera. Ezaugarri horien garrantzia asko aldatzen da komunitatearen barnean eta une historiko zehatzak asko baldintzatzen du, izan ere, berorrek baldintzatzen du ezaugarrion baliagarritasuna sortze-helburuekiko. Alegia, taldearen identitatea eta batasuna mantentzea. Taldearen baitako ezaugarri berrien eraikuntzan bere eliteek funtsezko ardura izaten dute. Eliteek eraki eta lantzen dituzte ezaugarri berriak onartzeko diskurtsoak, bai eta talde osoak onar ditzan eragin ere.

Baztanen ez da kontraesankor ikusten hizkuntzari buruzko diskurtso identitarioa eta bazterreko erabilpena. Ez dago tentsio egoerarik identitatearen muinean dagoela onartu arren (“Eskuarak batzen gaitu) inutil moduan kategorizatzeko, alegia, baztergarria eta politikoki markatua dela uste izateko.

Euskaldun izatea naturala da, normala, taldearen ezaugarri identitarioa da, ez da ezinbestekoa, ordea. Taldearen trinkotze estrategiak, Apaolazak (1993: 16) dioen bezala, egoera ahulean dauden ezaugarrien inguruan sortzen dira, kasurik gehienetan hizkuntzaren inguruan (“Hamabi ordu euskaraz festa, “Eskuarak batzen gaitu Baztandarren biltzarraren leloa...).

Hizkuntzaren ezaugarri sinboliko eta bitxiak indartu egiten dira. Gertaera honek agerian jartzen du bere erabileraren kaskartasuna. Sinboloek izaera bikoitza dute. Alde batetik izaera mobilizatzaile eta dinamizatzailea izan dezakete etorkizunari begira dauden erreforma egitasmo eta gizartearen aldaketa asmoekin bat egiten duten neurrian. Bestetik, sakratuarekin ere bat egiten dute, kultur tradizio baten guneekin, ukitu ezin diren baloreekin, eta hein berean, errealitatearekin kontrastea egin dezakete:

“L´ingrés d´un element social dins l´ambit dels símbols pot constituir un símptoma de l ínici de la seva obsolescència y de la seva davallada com a objecte material y pràctic (Flaquer 1996: 21)

Ez dezagun ahantz hizkuntzen bizi-bermea ez dagoela komunitatearen ezaugarri identitariotzat jotzean, bertan duen erabilgarritasun komunikatiboan baizik.

Euskara naturala eta sinbolikoki oso adierazgarria da, apika pragmatikoki eta komunikatiboki askoz gutxiago delako. Baztanen euskaldun izatea oso era naturalean bizi den arren, euskararentzat erdarak dituen baldintzen parekoak nahi izatea ezaugarri arras markatua da, politikoki markatua. Komunitate honek egoera diglosikoari egokitu zaion hizkuntz jokabidea garatu du, zentzu komuna, eta arrazionala. Arestian aipatu dut Thornburn-en teoria zeinarentzat hizkuntz jokabidea ez den komunitatearen baliapide ekonomiko bat gehiago. Merezi du irakurtzea Pello Salaburu Etxeberriak, Arizkungo baztandarra eta gaur egungo UPV/EHUko errektore denak idatzitako paragrafo hau:

"“Baztan bezalako gizarte itxi batean euskararen alde egiten zuenari zeharka begiratzen zioten, nahiz eta hango biztanle gehienak euskaldun garbiak izan eta aunitzetan bertze hizkuntzarik jakin ez" (17).

Euskaldun izatea naturala da, elebidun izatea beharra. Ez da ordea behar naturala, soziala baizik. Elebitasunaren beharra ez dago berdintasunez banatua sortze beretik: talde baten hizkuntza zenbat eta gutxituagoa izan orduan eta handiagoa da beharra, eta alderantziz, zenbat eta indartsuagoa orduan eta txikiagoa bigarren hizkuntzaren beharra (Sanchez Carrión 1981). Behar honek zabaltzen ari den hizkuntza komunitatearen helburuekin bat egiten du, eta zentzu komunak jarrera eta jokabide kabal eta arrazionaletara jotzen du, helburu eta hizkuntza horrekin bat egiten dutenak. Atzeraka doan hizkuntzaren aldeko jarrera eta ekimenak ez dira ulergarri ikuspegi pragmatikotik eta mesfidantzaz ikusten dira oinarri-oinarrian dituzten interes ilunak.

Baztango ordezkaritza instituzionalean bertan ikusten da euskarak duen “baztergarri kategoria, gehiengoaren lehen hizkuntza, biztanleriaren % 80ak ongi menderatzen duena. Alkateak eta alkateordeak, bere burua abertzaletzat duen alderdi batekoak izan arren (Eusko Alkartasuna), ez dakite euskararik. Udalak bete beharreko postuetarako deialdietan ere ez da sistematikoki baldintza hori betetzea eskatzen. Diskurtso abertzale-instituzional moderatuan, euskara ez da oinarrizkoa, ez eta lehentasunezkoa ere programa politikoan. Elite politiko eta ekonomikoen jokaerak bat egiten dute euskararen bazterreko presentzia horretan, bai eta euskararen identitate ezaugarria goratzen duen diskurtso apologetiko epelean ere.

Pentsatu behar dugu, euskarari kokapen ukiezina eman baldin bazaio ere, nahiz eta afektibitate hori ez izan arrazionala, gaztelera afektibitatez beterik egon daitekeela euren eguneroko bizitzara ekarri duten euskaldun horientzat. Beste era batera esanda, euskararekiko afektibitatea inoiz ez baldin bada ere arrazionala, gazteleraren balorazio arrazionala (beharrezkotasuna, erabiltzeak dituen abantailak...) afektibo izatera hel daiteke.

Funtzio nuklearren banaketak elebiduntasun identitate berri baten sorrera dakar, identitatezkoa, non gaztelera ere afektibitatez beterik dagoen.

Elebidun mota berri baten aurrean gaude, identitatezkoa, eta galdera honakoa da: Zein berme eskaintzen digu horrek hizkuntzaren biziraupenean (alegia, erabilera sozialean), jakinda, euskaldun komunitatean norbanakoaren elebiduntasun egoera orokortuan, erabilera soziala hiztunen hizkuntz leialtasunean dagoela?

Identitateak, aldagarria den konstrukto horrek, ez du monolitikoa izan beharrik, ez diakronian ez eta sinkronian ere. Badira euskaldun elebakarrak eskolatu eta elebidun kenkor bihurtu ondoren, elebidun kontra-natura izatera iritsita, gaur egun hizkuntz berreskurapen prozesu pertsonal baten ondoren elebidun orekatuak direnak.

Era berean, elebidun bat euskaldun izan daiteke familian, gazteleraduna lantokian, elebidun lagunartean eta euskaldun ardurabakoa politikan.

Identitatea konstrukto bat da. Identitate bat ez da berreskuratzen, berri bat eraikitzen da, nahi den hura. Baztanen hor dago gakoa, zein identitate eraikitzen den, zein eraiki nahi den.

Hizkuntzen kategorizazio jerarkikoa eta gutxiagotzea horren era “naturalean bizi izan da euskalduna euskararekiko leial ez izatea eragin duela, bai testuinguru formaletan, bai informaletan. Erabilpen soziala, arras hauskorra eta beti hautuan oinarriturik ez dagoena, hizkuntza baztertu eta “aunitz dakit, bizitzen badakit (18) dioen arrazoi praktikotik harago ikusten ez dio uzten. Hiztunek bizitza osoa gutxiengoaren hizkuntzari egokitu nahian eman dute eta hori zeinen arrazoizkoa den barneratu dute. Zentzu komun horren kontra doan ekintza oro mesfidantzaz begiratzen da, politikak ukitua dela leporatzen zaio edo ikuspegi folklorikotik soilik ulertzen da. Gazteleraren erabilera, berriz, arrazoizkoa eta konstzientea da.

Bada, ordea, hizkuntzarekin ardura pertsonala duen populazio multzo bat ere. Euskaldun hauek hizkuntz leialtasun oso handia dute. Hiztun hauentzat hizkuntza gutxiagotuaren indar komunikatibo apalagoak ez du kategorizazio txarrik eragiten erdararen aldean, ardura pertsonala, diskurtso kritiko bat eta euskarak bizi duen zapalketa egoeraren aurrean kezka baizik. Hauek dira hizkuntz komunitateak berreskurapenerako dituen elementuak, IZATEKO BORONDATEA duten elementuak, hautematea, erabilera eta hizkuntzarekiko motibazioa lotzen dituztenak. Hauek dira euskaren etorkizunarentzat gakoak.

Ondorioa

Elebitasunaren kontzeptuan sakonduz ezkuta dezakeen komunitatearen hautemateko modua indarrik gabe uzten ahalegindu naiz. Ikusi dugunez, elebitasun egoeratzat jo daitekeen batean elebakartasun sozial egoera bat ezkuta daiteke. Maila indibidualean, berriz, elebidun deitzen diren horiek hizkuntzen ezagutza arras deskonpentsatua izan dezakete. Honek guziak elebitasuna termino lausotu eta maltzurra atzean utzi eta azalpen-indar handiagoa duten beste batzuek bilatzera eraman nau. Horregatik lotu natzaio hiztunek hizkuntzarekin dituzten bizipenei, zein modutan kategorizatzen dituzten, eta kategorizazio hau nola gertatzen den hizkuntz interakzio eta estrategien azalgarri.

Hizkuntz komunitatean azaleko behaketa batek agerian uzten du bere desnaturaltzea eta desegite sakona. Berezko hizkuntza ez da komunitatearen elementu bateratzailea, eta honek bururik gabekoa du egitura.

Komunitate euskaldunak, euskarari balore sinboliko-identitario eta komunikatibo handia aitortzen dion horrek, gutxiengo-elite erdal hiztunari loturik, hizkuntza desberdintasun egoera tradizionaletik eratorritako baloreak kategorizatu ditu (egoera diglosikoa): balore praktiko txikia, indar komunikatibo mugatua, bigarren mailako onarpen exotiko-folklorikoa, erradikaltze politikoa, desberdintasunaren justifikazioa eta egoera desnaturalizatua naturaltzat ikustea.

Kategorizazio honek euskararen erabilera asko higatu du, eta gaur egun euskaren erabilera bazterrekoaz hitz egin behar dugu. Gutxiengo-elite erdal hiztunak euskarari leku “aipagarria onartzen dio balorazio sinboliko-afektiboan, kokapen periferikoa da, ordea, azalekoa, ukiezinaren eremutik ateratzen ez dena eta ez dio sinesgarritasunik ematen hizkuntzaren balore instrumental-komunikatiboari eguneroko bizitzaren esparruan. Halaber, kategorizazioan tentsio sozial edo kontraesanik ez egotea nahi da eta natural moduan agertzen da arras desnaturalizatua den egoera bat.

Egoera hau, ordea, populazio euskaldunaren multzo batek, bere hizkuntzaren baliagarritasunean sinisten duenak, hautematen du eta honekin jarrera konprometitu eta aktiboa agertzen du. Gertaera hau sarritan gaizki ulertzen du konpromezurik ez duen gehiengo euskaldunak nahiz gutxiengo erdal-hiztunak, eta ondorioz, bazterreko eta politikoki markatutzat jotzen da.

Baztan transizioan dagoen komunitatea da: euskararen historian inoiz ez du izan bere iraupena ziurtatzeko egoera hoberik objektiboki (hizkuntza ofizial normalizatua oinarrizko hezkuntzan, bertako hedabideetan nahiz nazionaletan presente dagoena... eta garrantzitsuena dena: izateko borondatea duen euskaldun multzo bat) eta, hala eta guztiz ere, inoiz ez du bere komunitatea horren deszentralizatua izan, horren higatuak bere interakzio sare informal edo pribatuak. Inoiz ez da horren handia izan konfidantza eta identitate galera nekazal-gune hauetan, ez eta horren handia ere Baztanek erdaraz bizi diren hiriguneekin nahiz turismoarekin duen menpekotasuna ere. Euskaldunok gure komunitatearen garapena ulertzeko dugun modua, eta berrorri gure identitate kulturalean aitortzen diogun garrantziaren baitan egongo da euskarak gure eguneroko esperientzien hizkuntza bizia izaten jarraitzea.

Bibliografia:

APAOLAZA, José Miguel (1983) “Lengua, etnicidad y nacionalismo, Cuadernos de Antropología, 13. Zka. Barcelona, Anthropos, Editorial del Hombre.

BUXÓ, M. Jesús (1983), “Antropología Lingüística, Cuadernos de Antropología, 3. Zka. Barcelona, Anthropos, Editorial del Hombre.

FLAQUER VILARDEBÒ, Lluís (1996), El Catal� ¿llengua pública o privada?, Barcelona, Editorial Ampuries.

IZETA ELIZALDE, Mariano (1996), Baztango Hiztegia. Iruñea, Nafarroako Gobernua.

RAMOS ALFARO, Rosa (1995), Nafarroako euskararen egoera demolinguistikoa et funtzionala, Bergara, Bergarako Udala.

SÁNCHEZ CARRIÓN, Jose María; Txepetx (1981) “La Navarra Cantábrica (Malda-Erreka). Estudio Antropolingüístico de una Comunidad Euskaldun. Fontes Linguae Vasconum 37, 19-99. Or.

SOZIOLINGUISTIKA INKESTA (1997), Euskal Herriko Soziolinguistika Inkesta 1996. Euskararen Jarraipena II, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Institut Culturel Basque.

TALLER DE SOCIOLOGÍA S.L. (1995) Euskara Nafarroan zertan den / Investigación sociológica sobre el euskara en Navarra. Ikerketa soziolinguistikoa hizkuntza eremuen arabera / Un análisis desde la zonificación, egileak Carlos Vilches Plaza, Jone Cosín Reta, Iruñea, Nafarroako Gobernua.



[1] Paula Kasares Baztango Udaleko euskara teknikaria da. Artikulu hau Asturiesko Cultures aldizkarian argitaratu zuen 1998an. Argitalpen Batzordeak, atzerrirako egindako lana izan arren interesgarri iritzi zion antropologiaren ikuspegitik egindako lan argitaratzeari, hizkuntzaren inguruko disziplina guzien ekarpena eta egile berrien ekoizpena bultzatzearren.

[2] “Bilinguismo hitzaz Real Academia Españolak, Diccionario de la Lengua Españolan honela dio: “uso habitual de dos lenguas en una misma región o por una misma persona. (I liburukia) , hogeitabakarren edizioa, Madril; Espasa Calpe argitaletxea 1995.

[3] SANCHEZ CARRIÓN 1987: 326. Or.

[4] Baztango Euskara Udal Zerbitzua, “1997ko kale neurketen azterketa txostena, 1988. Neurketa honek honako emaitzak eman ditu adin-talde desberdinetan: % 69,4 15 urtetik beherakoentzat, % 30 gazteentzat (15-24 urte), % 49 helduentzat (25-64 urte) eta % 84,6 64 urtetik gorakoentzat.

[5] Nafarroako Gobernua. Estatistika Zerbitzua. 1996.

[6] Ibidem

[7] Nafarroan 1.100 lagun inguruk (Foru Komunitatearen populazioaren 0,2 a) osatzen du elebakar euskaldunen multzo hau. Datua Euskal Herriko Soziolinguistika Inkesta 1996. Euskararen Jarraipena II.n jasotzen da. (Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Euskal Kultur Erakundea 1997. Baztani dagokionez kopuru apalagoa dagokiolakoan gaude.

[8] Sanchez Carriónen terminologia erabiliaz (1987:155-166)

[9] “En situaciones bilingües, la diversidad lingüística está asociada a desigualdades en el estatus de las dos lenguas, y por extensión a sus usuarios respectivos (...) Las situaciones diglósicas a nivel de bilingüismo, multilingüísmo y de variantes corresponde a relaciones de dominación étnica y social (Buxó 1983:51)

[10] “Sens dubte, és fácil convenir que el manteniment o la difusió d´una llengua en un sector social o en un espai físic determinats estan relacionats amb el seu ús continuat per part d´un conjunt de parlants. Però les raons d´aquest ús poden ser molt diverses y poden obeir ja sia a llur fidelitat, com a avantatges comercials, a profits econòmics, a interessos polítics o a guanys simbòlics, per citar només algunes de les motivacions més freqüents que constitueixen ressorts per a l´acció dels individus.

La progressió de la modernitat és resultant de la interacció de dues lógiques: la del mercat y de l´estat. Per tant, no resulta estrany que en una sitaució social posttradicional els dos factors que més influeixen en el dinamisme lingüístic siguin els econòmics y els polítics (Flaquer 1996: 329-330)

[11] RAMOS ALFARO, Rosa; Nafarroako euskararen egoera demolinguistikoa eta funtzionala. Bergarako Udala, 1995. 1986 eta 1991ko errolda eta padroiko datuetatik ateratako indizeek gaur egungo egoeraren berri ematen digute, eta baita hizkuntz komunitatearen atzerako eta aurrerako joeraren berri ere. Euskara jatorrizko hizkuntza izan arren bere burua erdal hiztuntzat jotzen duten hiztunen indizea KENK indizea da, euskaraz ongi dakitela dioten biztanle kopuruari euskara lehen hizkuntza dutela diotenen kopurua kenduz eskuratzen dena. KENK indizea Baztanen –1,2 da, gaur egun euskararen atzerako joerak jarraitzen duela dioena.

[12] “A nivel intrasocial, la diglosía es aplicable a las relaciones socialmente asimétricas que se establecen, entre otros, en los comportamientos lingüísticos del hombre y la mujer. La relación de rol-estatus diferencial que se produce entre los comportamientos lingüísticos relativos a cada sexo, la denominamos sexoglosía. La sexoglosía es una relación sexo-sociolingüística asimétrica que en situaciones de aculturación y de cambio social, puede hacerse extensiva a la elección y el uso de otros códigos o variantes cuya valoración sexo-social positiva o negativa se hace en términos de los grupos dominantes y dominados (Buxó 1983: 51)

[13] Baztandar euskaldunen ahotan honelakoak entzuten ditugu sarri: “Eskuarak eztu deusteko balio, hobe erdara ikestea, eskuarakin ezta Belatetik pasten ahal

[14] Oso da deigarria da ikustea Korrikari buruzko hormako marrazki baten gainean espraiz idatzitakoa: “Elizondo quiere paz. Sektore zenbaitek (motibazioa galdutako erdalduna?) hizkuntzarekin egiten duten politizazio horren aurrean, hizkuntzaren kategorizazio identitarioa dago: “Euskarak batzen gaitu (Baztandarren Biltzarraren leloa). Azken lelo hau bateratzailea da, hizkuntza elementu bateratzaile, komunitate mailako identitatearen osagarri moduan ikusten duena.

[15] WEINREICH, U (1970), Languages in Contact. Findings & Problems (7th ed.) Mouton, The Hague-Paris. Sanchez Carrión (1981)-etik hartua.

[16] THORBURN, T (1972) “Cost-Benefit Analysis in Language Planning in J. FISHMAN, Advances in the Sociology of Language, Vol II, La Haya, Mouton. Buxo (1983)tik hartua.

[17] SALABURU ETXEBERRIA, Pello, “Baztango hizkeraz hitz pare bat, IZETA ELIZALDE, Mariano (1996), Baztango Hiztegiari egindako aintzinsolasa, Iruñea, Nafarroako Gobernua, 16. Or.

[18] IZETA ELIZALDE, Mariano (1996) Baztango hiztegia liburuko “Erranairuak sailetik hartua. Iruñea, Nafarroako gobernua.

BAT aldizkaria: 
30. 1999ko ekaina. Suomieraren normalkuntzaz
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Nafarroa
Egilea(k): 
Paula Kasares
Urtea: 
1999