Soziolinguistika eskuliburu eginda, katalaneraren lagungarri. Sociolingüística de la llengua catalana (Boix eta Vila). Eskulib

Eskuliburuaren izaera praktikoak berak, ordea, unibertsitatearen esparrua gainditzen duen materialea egiten du, dinamika soziolinguistikoan jantzi nahi duen ororen eskura jartzeko moduko liburua da.

Egileak liburu osoan zehar azalpen guzion ondoan eztabaidarako gaiak eta gogoetarako materialeak eskaintzen ahalegintzen dira.

Euskararen normalkuntza lanetan nahiz euskararen errealitatea arretagune duen edonork jakingarri ugari topatuko du bertan.

Halaxe azalduko genuke hitz gutxitan argitaratu berria den Sociolingüística de la llengua catalana (E. Boix eta X. Vila (1999) Barcelona, Ariel Lingüística) eskuliburuak berarekin dakarrena.

Liburuaren aurkezpen lanak egiten dituen kontrazalean honela dio “katalaneraz mintzo diren lurraldeen irudi linguistikoan aniztasun handia dago, eta kontraesankorra ere bada: katalanera, gaztelera, frantsesa, italiera, ingelesa, migrazio berriekin etorritako hizkuntzak... Zein eragilek laguntzen digu gaur egungo egoera ulertzen? Zein joera somatzen diogu bilakaerari? Eragin al daiteke katalaneraren etorkizuna ziurtatzeko demokrazia eta aniztasuna errespetatuz? Egin nahi al dugu halakorik? Esperientzia hau gure mugez haratago eraman al dezakegu errespetu handiagokoa eta zuzenagoa izango den etorkizuna lortzeko?

Argi horri jarraika egindako liburua dugu. Horretarako egileek soziolinguistikaren joera nagusiak aurkeztu –Kataluniakoak bertakoak nahiz mundu zabalekoak- eta kasu zehatzak hautatuz esandakoa azaltzen saiatzen dira. Horrezaz gain, irakurleari ingurua hobeto aztertu eta ezagutzen lagunduko dioten hamaika proposamen praktiko eskaintzen zaio.

Egileak Emili Boix i Fuster eta Xavier Vila i Moreno dira, Universitat de Barcelonako soziolinguistika irakasle eta ikertzaile saiatuak biak. Bata zein bestea ezagunak dira hizkuntzaren alderdi antropologiko eta sozialean egindako lanagatik. Unibertsitateko bi irakaslek egindako lana izanik, eremu horretako disziplina desberdinetan ari direnentzat informazio ugari eta interesgarria bildu dute. Eskuliburuaren izaera praktikoak berak, ordea, unibertsitatearen esparrua gainditzen duen materialea egiten du, dinamika soziolinguistikoan jantzi nahi duen ororen eskura jartzeko moduko liburua da.

Katalanez mintzo diren herrietako soziolinguistikaren ibilbideak arrasto luze eta sakona utzi du. Azken hamarkada hauetan egindako lanak nazioarteko hizkuntzalaritzaren alor gehienak jorratzera eraman ditu: hizkuntzaren soziologia, hizkuntzaren psikologia soziala, komunikazioaren etnografia, soziolinguistika bariazionista, hizkuntza ukipena, hizkuntza plangintza, hizkuntz zuzenbidea, eta abar. Eskuliburu hau lan mardul horri egindako hurbilpena da.

Eskuliburuak sei atal ditu. Lehen atalak soziolinguistikaren joera nagusiei gainbegirada bat ematen die, soziolinguistika katalanean bereziki erreparatuz. Bigarren atalean hizkuntzaren ikuspegi makrosoziolinguistikoa eskaintzen zaigu, alegia, gizarte egitura (klasea, etnizitatea, gizarte sareak, eremuak) eta hizkuntzaren erabilpenaren arteko harremana aztertzen duena. Hirugarren atalak, ordea, hizkuntz erabilpenaren alderdi antropologikoa deskribatzen du, alegia, komunikazioaren etnografia, komunitate txikietako hizkuntzaren erabilpena aztertzen duena. Laugarren atalean, “Llengua, poder i ideologies deritzonean, hizkuntz ideologiak (hizkuntz leialtasunarekin hasi eta ideologia liberal eta ekolinguistikoraino) nahiz muga etnolinguistikoen mantentzea eta aldaketa deskribatzen dira. Bosgarren atalak hizkuntz ordezkapen prozesuen gertaera nagusiak azaltzen ditu. Seigarrenak hizkuntz ukipen fenomenoak ditu arretagune. Azkenik, zazpigarren atalak aurreko ataletan azaldutako hizkuntz erabilpen gertaeren aurrean eragiteko joerak azaltzen ditu, alegia, hizkuntza plangintza eta politikak.

Eskuliburu askotakoa, bateratua, akademikoa eta praktikoa

Eskuliburu honek katalanerak bere geografia osoan barna dituen errealitate desberdinak azaltzen ditu, beti ere disziplina sendoenen ikuspegitik jorratuak, ikuspegi akademiko zorrotzenaz eta helburu praktikoz emanak. Izan ere, irakurleari azalpen teorikoa adibide eta ariketa proposamenen bidez lagundurik eskaintzen zaio.

Liburu hau esku artean hartzen duenak ez du eskuliburu teoriko huts batekin topo egingo, ez eta katalaneraren egoera zer-nolakoa den azaltzen duen deskribapen soziolinguistiko soil batekin ere. Egileak liburu osoan zehar azalpen guzion ondoan eztabaidarako gaiak eta gogoetarako materialeak eskaintzen ahalegintzen dira. Zientzia sozialetan arrazoitzen jakitea oinarrizko prozedura da eta liburu honen egileek printzipio horri eustsiz horretara bultzatu nahi dituzte irakurleak.

Amai dezagun esanez, Kataluniako errealitatean oinarrituriko liburua izan arren, soziolinguistika eskuliburu osoa dela eta hizkuntza gutxiagotu baten ikuspegitik egindako eskuliburua izanik balore erantsia duela. Euskararen normalkuntza lanetan nahiz euskararen errealitatea arretagune duen edonork jakingarri ugari topatuko du bertan. Eskura eduki beharreko liburua zinez.

BAT aldizkaria: 
30. 1999ko ekaina. Suomieraren normalkuntzaz
Kokapen geografikoa: 
Katalunia
Egilea(k): 
Imanol Esnaola
Urtea: 
1999