Udalerri euskaldunak Mugimendu izatetik Mankomunitatea egituratzera

mugarria 1988an jarri behar da. Urte horretan, Euskal Herrian Euskaraz (EHE) erakundeak kanpaina bat abiarazi zuen “Herri elebakarraren alde lemapean.

“Komunitate batean bi hizkuntza dagoenean ezin da horien artean erabateko orekarik izan. Biek funtzio ezberdinak dituzte

¼ funtzio batzuk bi hizkuntzetan betetzen badira ere¼ funtzioak bereizita eta sailka banatuta bermatzen da hizkuntza bakoitzaren zilegitasuna eta justifikazioa

Mugimenduak hasiera hartako mozioari edukia eman nahirik abian jarri zuen lehen ekimena euskararen erabilera arautzeko udal ordenantza onartzea izan zen. Hauetako asko, administrazio zentralak errekurrituak berriz ere.

UEMAren helburu orokorra, bertako partaide diren udal administrazioen barne iharduera zein udalerrietako gizarte bizitzaren esparru guztietan euskararen erabilera ahalbideratzeko eta herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko zerbitzuak eskaintzea da.

Hala ere, UEMAren jardunbidea ez da euskararen normalkuntzara bakarrik zuzendu ¾normaldu beharrekoa bideratzera, alegia¾. Egungo gizartean euskarari bizkortasunez eusten eta, hortik, biharkorako bizirauten laguntzea beti izan dira mankomunitateak gogoan izan dituen arreta eta horretara ere zuzendu du hainbat ekimen.

Horretan sentipen argia dago mankomunitateko udal partaideetako ordezkarien eta udal langileen artean tratu hobea eskaintzen zaiela hizkuntzari dagokionez gure instantzietatik erdaldunei EAEko, NFK-ko edota, zer esanik ez, Estatuko instantzietatik euskal eledunok gehiegitan jasotzen duguna baino.

egitekoa etxetik, udal administraziotik, hasteaz bat ohartu zen UEMA herrietan balio estrategiko erabakigarria duela zenbait gizarte-sektorek euskararen etorkizun osasuntsua bermatzeko. Horien arteko bi izan dira UEMArentzat lehentasunezkoak: irakaskuntza eta osasungintza.

lorpenak lorpen, EAEko udalerri euskaldun askotako eskolak txikiak izaki, desagertze zorian daude, jaiotza-tasa urriagatik batzuetan, hezkuntzaren erreformaren eraginez besteetan. Honek ekar lezakeen belaunaldi gazteen deserrotzeaz eta lotura eteteaz kezkatuta, UEMAk zuzen-zuzenean eutsi dio hasieratik bertatik herri txikietako eskola txikien aldeko apustuari.

Hizkuntz faktorea funtsekoa da medikuntzan gaixo ororentzat eta adin-segmentu horietan daudenentzat erabakiagarria alor horretako akats oro; horregatik, arreta bereziz zaindu nahi izan ditu pediatria eta zaharrez batik bat arretatzen den medikuntza orokorra osasungintzan abiarazi beharreko hizkuntz normalkuntzaren gaiari dagokionez.

Hitzarmen hauetan zera adosten zen funtsean: erakunde sinatzaileen arteko harremanak —ahozkoak eta idatzizkoak— euskara hutsean izatea, herritarren arretarako pertsonal euskalduna prestatzea eta areagotzea eta, azkenik, lehen multzoko enpresen artean sustatzen zena bera: hizkuntz paisajea euskalduntzea, alegia.

Izan ere udalerriotan gordetzen denez jatorrenik hizkuntzaren gaitasuna eta joritasuna ez ezik, euskal kulturaren mundu sinbolikoa… ezin utzizko kultur ondare eta kapitala daukagu esku artean eta ezinbestekoa da horri guztiari ahalik eta kultur etekinik handiena ateratzea, udalerriotako herritarren beraien tamainako mailan eta formatoan: azpiegitura xaloez baliatuz Euskal Herrian barrena hedatu eta udalerri euskaldunek eskuratzeko gai izango den euskarazko[14] kultur eskaintza ematea, alegia.

Balorazio sakonetan sartzen hasi gabe, begi-bistakoa da kultur produkzio oparoa sortzen dela UEMAko udalerrietan. Produkzio horren kultur garrantziaz bere horretan esan litekeenak oraindik ere maila esanguratsuagoa hartzen du kontuan hartzen bada ekoizten dituzten herriak ez direla gehienetan tamaina handikoak biztanleen aldetik.

oraindik etorkizun —eta eginkizun— oso luzea ikusten diot, Euskal Herriaren “berezko hizkuntza edozein instantzia publiko eta pribatutan berez eta arruntki erabilgarri izango den hizkuntza izatera iritsi artean.

Beldur naiz, ordea, hizkuntzalaritzaren begietatik ez, baizik eta politika soilaren begietatik ikusteko joera ez ote duten, gaztelaniaren gizarte-hedapenean eta derrigortasun konstituzionalean gotortu eta beraiek normalkuntzari ekin ez eta udalerri euskaldunen normalkuntza-ahalegin xumea lege-indarrez zapuzteko hasieratik bertatik.

UEMA ahalegin zuzena egiten ari da hegoaldeko lau herrialdeetan abian dituen bere egitasmo propioetan EBPN txertatuz joateko, lehenek azken hau ahuldu edo zokoratu ez, baizik eta osatu eta elkarren arteko ekintza-eremua osa dezagun.

UEMAk harreman sare zabala du iparraldeko udalerri euskaldunetako hainbat hautetsirekin. Laster batera begira, oso begi onez ikusiko genuke harremanok hango testuingurura ondo egokitzen den egitasmo eta gutxieneko egituraren batean gauzatzea.

 

 

Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen (UEMA) historiaren idazketa eginkizun dago oraindik eta, agian, urte-ikuspegi zabalago batetik egin ahalko da egunen batean. Hala ere, hizkuntzalaritzaren esparruari atxikiriko aldizkari honen xedeetarako, egokia deritzot ale honen ardatza den UEMAren ibilbidearen eta egindakoaren ildo nabarmen nagusiak bederen orriratzeari. Egunen bat etorriko da gaiak merezi duen adinako historia mardula egin beharko dena.

Horrelako lanari heltzeak ezinbestean dakar, honen txikian bertan, aldien arteko bereizpen batzuk egin beharra. Eta UEMAren histori ibildideari dagokionez, neuk ere, historia unibertsalean egiten denez, historiaurrea eta historia bereziko nituzke hasteko.

UEMAren historiaurrea:
Udalerri Euskaldunen edo Elebakarren Mugimendua

Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea 1991ko maiatzaren 5ean sortu zen Aizarnazabalen, Udalerri Euskaldunen Egunean. Baina mankomunitate-egituraketa hau ez zen egun hartan bat-batean ezerezetik sortu, aurretik urteetako ibilbidea egin zuten udalerri euskaldunek, hemen -nolabait nabarmendu nahiez- historiaurrea deitu dudana, hain zuzen.

Historiaurre honen baitan ekintza bidezko data batean zehaztu daitekeen lehen mugarria 1988an jarri behar da. Urte horretan, Euskal Herrian Euskaraz (EHE) erakundeak kanpaina bat abiarazi zuen “Herri elebakarraren alde lemapean.

“Kanpaina honen mezua eta muina udalerri euskaldunetako udaletan hizkuntz harreman guztiak euskaraz gauzatzearen beharra azpimarratzean datza “[1]. Horretarako, EHEk mozio bat prestatu zuen eta hego Euskal Herriko udal multzo handi batean aurkeztu zen, tokian tokiko udalbatzaren onespena jasotzeko asmoz.

Mozio horretan udalerri euskaldunetako udalek beren buruak behartzen zituzten lehenik hartu beharreko erabakiak hartzera harik eta udal administrazioa euskara hutsez funtzionatzera iritsi arte. Era berean gonbitea egiten zitzaien udalerri bakoitzeko herritarrei euskara erabil zezaten gizarte bizitza osoan eta, zehazkiago, udalari zuzendu behar zitzaizkionean. Eta azkenik dei egiten zieten Euskal Herriko gainerako udalei eta hauen gaineko beste toki-administrazioei laguntza praktikoa eta politikoa eskain ziezaioten udalerri euskaldunen erabaki honi.

Kanpaina honen eragina kuantitatiboki neurtzeko, interesgarria bada ere jakitea mozioa zenbat udalbatzatan aurkeztu, eztabaidatu eta onartu zen, ezinezkoa da orriok idazten ari naizen honetan, ikerketa sakonago baten zain. Hala ere ez dago zalantzarik eragin koalitatitabo sakonekoa gertatu zela EHEren kanpaina; horren lekuko, gaia hizpide gertatu zen toki eta erakundeen prentsa-aipamenak eta, batez ere, kanpainaren emaitza izan zela orduan proposaturiko hizkuntz jokabidearen inguruan egituratu zen Udalerri Euskaldunak[2] mugimendua.

Mozioaren eta honen ondoriozko lehen egituraketaren inguruan sortu ziren eta agian oraindik, egon, badauden interpretazio politikoak alde batera utzita, gauza da EHEren kanpaina honek garrantzi handiko bi faktore zituela oinarrietan eta horiek eman diotela, azken batean, kanpainari bere garaian izan zuen eta gaurdaino ere luzatzen duen eragina; arrazoi horietako bat soziolinguistikoa da eta politikoa, bestea.

Lehen arrrazoiari gagozkiola, ohartu beharrekoa da era bateko eta besteko faktoreengatik gero eta eleaniztunagoa[3] den gizarte honetan, berebiziko garrantzia dutela, gizarte-eleaniztasuna gauzatuz joan dadin, hizkuntza bakoitzaren baitan biltzen diren norbanako elebakarrek[4].

Aplika diezaiogun hori gure hizkuntzaren kasuari eta, ondorioz, udalerri euskaldunetako euskal eledunen inguruan jokatzen da gizarte eleanitz honen erdian euskarak gerora erakus dezakeen estatusa. Zenbat eta euskaldunago izan eta bizi udalerri euskaldunetako biztanleak, orduan eta estatus osasuntsuagoa ematen ariko gatzaizkio euskarari. Horixe izan, ordea, hain zuzen euskararen biziraupena bermatzeko oraindik ziurtatzeke daukaguna.

Ez da, beraz, euskal eledunon nahia gaztelania edo frantsesa geure begi-bistatik eta gizartetik eta administrazioatik eta nondinahi kentzea, ezabatzea. Zer dela-eta, geure eskutik eta lanetik geureganatutako aberastasun bat izanik? Alabaina gure alboetako estatuetako zenbait instantziaren ulerkeran milioika gizon-emakumeren ahotan dabilen hizkuntza baten aurkako erasoa dateke ehun milaka batzuek eremu urri batzuetan darabilten hizkuntza babestea, laguntzea edo mesedetzea. Nola kendu, eten, baztertu… nahiko du, bada, euskaldunak bere artetik milioika gizon-emakumerenganako zubi dituen hizkuntza erraldoi horiek? Ez da, bada, euskaldunon “betidaniko joera izan —gaurkoa ere, urrunago jo gabe— beste hizkuntzak ikastea (eta geureganatzea) ingurukoekiko harremanetarako?

Gero eta muga gutxiago dituen eta erdara nagusi batzuk hedatuagotzen ari diren gizarte honetan besteena dakigulako, hain zuzen, eutsi nahi diogu —eta osasunez eutsi— geureari. Orobat, besteetarako gai garelako, nahi dugu udalerri euskaldunetako herritar eleaniztunek erdaretara jo beharrik izango ez duten euskararen lurgunea osatu. Ildo beretik, hain zuzen, irakurtzen genuen oraindik orain: “Komunitate batean bi hizkuntza dagoenean ezin da horien artean erabateko orekarik izan. Biek funtzio ezberdinak dituzte¼ funtzio batzuk bi hizkuntzetan betetzen badira ere¼ funtzioak bereizita eta sailka banatuta bermatzen da hizkuntza bakoitzaren zilegitasuna eta justifikazioa [5].

Hitz bitan, beraz, euskarak ezingo du ziurtatu etorkizuna zenbait gizarte funtzio esanguratsu bereganatzen ez duen bitartean. Horra udalerri euskaldunen apustua… eta egitekoa: apustua irabaztea.

Bigarren faktorea politikoa zela adierazi dugu. Euskararen normalkuntzarako arauen inguruan gertatuak zehazkiago. Azter ditzagun puntuz puntuz eta gertatuen katea logiko ongi uztartua ikusi ahal izango da. Euskal Autonomi Erkidegoko (EAE) Legebiltzarrak Euskeraren Erabilera Arauzkotzeko 10/1982 oinarrizko Legearen 8.3. art.an honako hau xedatu zuen: ¼udalaren gizarte-hizkuntzazko egoera dela eta, herritarren eskubideen kaltetango gerta ez dedinean, herri agintariek, Toki-Arduralaritzaren alorrean, euskera bakarrik (azpimarra neurea da) erabili ahal izango dute.

Aurreko puntuan esan berri duguna zuten gogoan legegileek? Giza legezko errealismoz jokatzeko asmoz xedatu zuten? Nolanahi ere, testua garai hartan Legebiltzarrera ia ageri ohi ez zen HB ez beste alderdi guztien artean adostu zen ¾PSE-PSOE barru¾.

Hala ere, hilabete gutxiren buruan Espainiako Gobernuak ¾EAEn baiezkoa eman zion sPSOErenak¾ inkonstituzionalitate-errekurtsoa tartekatu zuen eta zegokion epaiak espainiar konstituzioaren aurkakotzat jo zituen Euskararen Legeko zenbait artikulu; aipatu 8.3. art. horien artean“ [6].

Nafarroako Foru Komunitatean (NFK) euskararen berreskurapena gizarte-funtzio garrantzitsu batzuez hornitzeaz gain, lege-estatus ofiziala mendialdetik atera eta herrialde osora zabaltzeko premiaren inguruan gauzatzen ari da ordutik gaurdaino, berreskurapenaren zeruertza oraindik ere hurrunago sentiararaziz edozein euskal eleduni.

Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, berriz, Frantziako Konstituziotik eratorritako legeek ez diotenez leku ofizialik ematen euskarari eta, areago, frantsesa inposatzen dutenez gizarte-bizitzako esparru nagusietan: lan-harremanetan, merkataritzan eta zerbitzu publikoetan… euskara bigarren mailako hizkuntza bihurtua aurkitzen da legez[7] eta egitez, familiako eta lagunarteko harreman soiletara mugatua eta, euskarri publikorik gabe dagoenez, hiztunen erabiltzeko erabaki soilaren esku.

Hizkuntzalaritzatik zetorren konbentzimenduak eta lege aldetik goitik behera ezarritako ezintasunak mugaturiko testuinguru zehatz horretan kokatu behar da, nire ustez, EHEk prestatutako mozioaren kanpaina, bai proposamena eta honen idazkera zein mozioaren ondoriozko hurrengo pausoak eta horien inguruan batzuek (administrazioek, alderdiek…) eta besteek (euskararen aldeko herri-ekimenak, udalerri euskaldunak…) emandago pausoak eta horien inguruko jarrerak behar bezala ulertzeko.

Gauzak horrela, mozioa onartu zuten udal batzuen eta Espainiako estatu-administrazioaren arteko errekurtso-dinamika bat sortu zen eta, ondorioz, baita udalen arteko atxikimendu-dinamika ere.

Administrazio zentralaren errekurtso etab.en ondoko gurpil ero horren erdian, euskararen aldeko erabakiak elkarren artean defendatzea bermatu nahian, joan zen gorpuztuz Udal Euskaldunen edo Elebakarren Mugimendua[8]

Hala, hego Euskal Herriko gizartearen elebitasunezko/diglosiazko egoera errealaren baitan euskara hutsezko presentzia ziurtatuz biziraupena bermatu nahi zuen Mugimenduak hasiera hartako mozioari edukia eman nahirik abian jarri zuen lehen ekimena euskararen erabilera arautzeko udal ordenantza onartzea izan zen. Hauetako asko, administrazio zentralak errekurrituak berriz ere.

Gauzak horrela, udal, udalerri, herrialde eta nazio mailako ekimenak kudeatzeko (edo, egitez, defendatzeko esan liteke) taldearen erakundetze-beharra gorpuztuz joan zen Mugimenduan, 1991ko maiatzaren 5ean Aizarnazabalen ospatu zen Udalerri Euskaldunen Egunean Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea (UEMA) sortu eta estatutuak onartu ziren arte.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea

Udalerri Euskaldunen Mugimenduarekin inoizko batean era batera edo bestera elkarturiko udalen artetik hamaseik osatu zuten aipatu egunean Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea[9] eta onartu zituzten estatututak.

Mankomunitatea eratu arte sortzaileen inguruan hainbat instantziatatik sortarazitako gorabeherengatik edota sorreran parte hartzen zuten udal ordezkari politikoen alderdi-militantziaren aitzakiarekin zenbait ingurunetan UEMAri buruz sorreratik bertatik izan ziren susmoen aurrean, argigarria deritzot behingoz bederen estatutuetan erakundearen helburuez esaten dena hitzez hitz denen aurrera ekartzeari.

Ohartu behar da jarraian emango dugun artikuluaren idazketa ez dela mankomunitatea sortu zenean Aizarnazabalen onartu zen bera, geroago eraldatu eta onartua baizik. Izan ere, arestian elebitasunezko gizarte-egoeratarako elebakartasunari buruz soziolinguistikatik esaten zenarekin loturik, Euskal Herriko hizkuntza ofizial gisa euskarari buruz esaten zena zela-eta, Estatuko abokatuak errekurtsoa tartekatu zuen EAEko Auzitegi Gorenean UEMAko estatutuen aurka. Aipatu auzitegiak ateratako 1993/94 epaiaren ondoren, artikuluaren idazketa zela-eta, UEMAk aldatu egin zuen 1994an bertan atal guzti horren edukia, idazkera zaharretik etor zitezkeen eragozpenak saihestearren. Hona, beraz, une honetan indarrean den artikuluaren edukia:

4. artikulua. Helburuez eta betebeharrez

  1. UEMAren helburu orokorra, bertako partaide diren udal administrazioen barne iharduera zein udalerrietako gizarte bizitzaren esparru guztietan euskararen erabilera ahalbideratzeko eta herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko zerbitzuak eskaintzea da.
  2. UEMAko partaide diren udalerrietako berezko hizkuntza euskara izanik, udal hauen helburu zehatza, udalean eta udalerrian euskararen erabilera bermatzea da, euskara administrazioko eta gizarte harremanetarako hizkuntza bihurtuz. Beti ere, euskara ezagutzen ez duten herritarren eskubideak errespetatuko dira.
  3. UEMAko udalek, ikastetxe publikoetako ordezkaritza organoetan parte hartuz, ikastetxeetan euskararen erabileraren normalizazioa bultzatuko dute eta udalerrian egin daitezkeen ikasketa guztiak euskaraz egin ahal daitezen beren esku dauden neurriak hartuko dituzte.
  4. Bertako partaide diren udalen ahaleginek emaitza maila gorena izan dezaten, UEMAk hauen ekintzak koordinatu eta beharrezko den laguntza teknikoa eskainiko die.

Asmo nagusi horien inguruan, UEMAren ahalegin guztia zuzendu da udalerri partaideetako gizarte-bizitza osoa ¾publikoa eta pribatua¾ euskaraz gauzatu dadin. Horretarako, lehentasunez jorratu ditu udalerri partaideetako gizarte-bizibidean berebiziko hizkuntz eragina duten sektoreak.

Lehen-lehenik ¾UEMAko udal partaideen ardurapekoak direnez eta etxetik bertatik hasteko¾ udal administrazioa izan da hasieratik bertatik normaltzera jo den sektorea. Baina herritar orok eta oso maiz beraiengana jo behar izaten duelako, hezkuntza eta osasungintza izan dira era berezian, betidanik erabateko normalkuntzara iristeko UEMAren lehentasunen artean egon diren beste bi sektore aipagarriak.

Maila txikiagoan izan bada ere —ez da ahaztu behar hizkuntz aldeko hutsune, gabezia eta premiak ere handiagoak direla Euskal Herri mailan UEMAko udalerrietan baino— ez da ahaztu enpresa munduaren normalkuntza eta jadanik gauzatzen ari dira sektore horretan ¾merkataritza eta finantza munduan batik bat¾ zenbait ekimen normalkuntzari begira.

Hala ere, UEMAren jardunbidea ez da euskararen normalkuntzara bakarrik zuzendu ¾normaldu beharrekoa bideratzera, alegia¾. Egungo gizartean euskarari bizkortasunez eusten eta, hortik, biharkorako bizirauten laguntzea beti izan dira mankomunitateak gogoan izan dituen arreta eta horretara ere zuzendu du hainbat ekimen. Kultur Elejira eta UEMAren web orria dira horren erakusgarri argienak eta izango dute leku orriotan.

Administrazioa

UEMAk hasieratik bertatik egin duen eta gaur bertan dagien lan behinena herri administraziora zuzendu da eta, egindako lanaren ondorioz, mankomunitateko udal administrazioek aurpegi ia erabat euskalduna erakusten dute jatorrizko hizkuntzari dagokionez hego Euskal Herriko lau herrialdeetan, bai herritarreranzko zerbitzuetan zein udal barneranzko lanetan, bietan.

Lorpenaren balioa hobeto neurtzeko kontuan har Udalerri Euskaldunak sortu zirenerako hizkuntza ofizialkidea zela euskara EAE osoan eta NFKren zati batean. Estatus horrek, alabaina, maizegi ekarri du euskara agiri-paperetan herritarraren aukerako hizkuntza izatea edota agintarien lege, erabaki eta mezuak zabaltzeko hizkuntza¼ baina administrazioaren lan-zirkuituetako hizkuntza nagusia eta, inoizko kasu gehiegitan, ia esklusiboa gaztelania izaten jarraituz.

Horrela, berriro gertatzen ari da EAEko bertatko administrazio ugaritan eta zer esanik ez NFK-ko ia administrazio guztietan ikus daitekeen euskararen izendapen ofiziala eta gaztelaniaren parekidea gehienez, baina erabilpen erabat diglosikoa eta gaztelaniaren menpekoa, zeren eta euskararen presentzia ez baita izaten maila batetik gora maizegi gaztelaniaz sortzen eta lantzen den jatorrizkoari baldintzaturiko itzulpena baino.

UEMAko udalak, berriz, funtsezko aurrera-pausoak ematen ari dira mankomunitate gisa daramaten histori ibilbide laburrean euskararen ofizialtasun erreala gauzatu alde, administrazioetako estatusa kaltegarri gerta ez dakion euskarari.

Izan ere, udal partaideetako jardunaz bere garaian egin ziren datu-bilketen arabera, euskara da nagusiki mankomunitatean biltzen diren udalen zerbitzu- eta lan-hizkuntza: jarduera arruntetatik hasi eta teknikoetaraino.

Udalak kontratatu dituelako edo hitzarmen baten bidez beste erakunderen bateko partaide delako kanpotik jasotzen diren zerbitzuak edota udalaren euskarazko jardunetara goragoko administrazioetatik tartekatzen den agiriteria dira UEMAko udal askotan gaztelaniaren presentzia ia bakarrak[10].

Une honetan udaletan abian diren hizkuntz erabileraren normalkuntza-planetan “etxe barruko akats bat edo beste zuzentzeaz bat, “etxetik kanpoko zerbitzuen euskalduntzeari ekingo zaio, epe laburrean horiengandik jasotzen den zerbitzua erabat euskaraz izatera heltzeko asmoz edo elebitan gutxienez.

Erabakia sendoa da eta horren erakusgarri izan daiteke UEMAren web orrian udal partaideen eta nahi duen beste edonoren esku jarri den profesional euskaldunen bilatzailea. Esan bezala, geuretzat ez ezik, edonorentzat zabalik dagoen doako zerbitzua da eta profesionalen zerbitzuez baliatzerakoan eraginkorra izatea da gogoan izan dugun xede bakarra, beharrean den erakundeak nahiz norbanakoak, hizkuntza arrotzetako profesionaletara jo gabe, egon, badauden profesional euskaldunen zerbitzuak erabil ditzan. Proiektu irekia da eta antolatzaileen asmoa da pixkana lanbide eta profesional gehiagoz osatuz joatea jadanik eskuragarri dauden zerbitzuak.

Testuinguru honetatik atera gabe, UEMAk askotan azaldu du arretaz zerbitzatu nahi dituela herritarrak oro, baita euskal hiztun ez direnak ere, noski, inoren hizkuntz bereizkeriarik egiteke. Horretan sentipen argia dago mankomunitateko udal partaideetako ordezkarien eta udal langileen artean tratu hobea eskaintzen zaiela hizkuntzari dagokionez gure instantzietatik erdaldunei EAEko, NFK-ko edota, zer esanik ez, Estatuko instantzietatik euskal eledunok gehiegitan jasotzen duguna baino.

Gai honetan mankomunitateko udal partaide guztiek, egitez, ardura eta kalitate beraz eskaintzen dituzte beren zerbitzuak gaztelaniaz ere —inolako atzerapenik nahiz beste zamarik gabe— herritarrak hala eskatuta edota hasita, aipatu hizkuntza erabiltzea dagokien kasu guztietan. Alde horretatik begiratuta behintzat, Euskal Herrian erakunde gutxik erakus dezaketen kalitate maila erakusten dute udalok.

Horrez gain, bestalde, UEMAko udalek erronka serioa dute beren zerbitzua agerikoa egiteko orduan: administrazio-mezuak hain era ulergarrian eskaintzea, alegia, herritarrei euskarazko testuek ohiz aldean izaten duten gaztelaniazkoaren “makulua behar ez dezaten.

Gertatzen baita, izan ere, euskararen menpekotasunezko egoeraren ondorioz geure hizkuntzan hizkuntz tradiziorik ez izanak ohitu egin duela herritar euskalduna frantsesezko edota gaztelaniazko administrazio hizkera-ereduetara eta, horietan beraietan ere gaitz egiten bada maizegi esaten denaz jabetzea, atera kontuak zenbat zailagoa ez ote zaion egiten herritarrari ¾nornahi delarik ere berau eta nolanahikoa bere hizkuntz prestakuntza¾ mimetismoz ez ezik erdaren menpeko itzulpen-kutsuz datozen hainbat eta hainbat administrazio-idazki.

Gure hizkuntzak horretan ere normaldu eta bide propioa asmatuz joateko premiak eraman gaitu apustu handi bat egitera hizkera argiaren alde [11]. Eta gaiaren diagnosian, eta konponbiderako asmoen zein irizpideen inguruan adostasunak nabaritu direlako, EAEko Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea (HAEE-IVAP) bidelagun zein lankide egokia gertatu da UEMAren hizkuntz xedeetarako bai udal langileak administrazio-hizkera argian trebatzeko, bai irizpide horietatik sortutako administrazio-lagungarriak prestatu eta udalen esku jartzeko.

Honen harira ez da alferrikakoa gertatuko aipatzea UEMAren euskaraganako normalkuntza-asmoak gauzatzerakoan mankomunitatearen jarraipidea izan dela edonondik sor litezkeen sinergiak aprobetxatu eta elkarlana hitzez eta egitez bultzatzea.

Erakundeak bere irizpenak ditu euskarak bizi duen egoeraren diagnosi eta berreskurapenari buruz. Irizpen horiek, gainera, oinarri izan dira Udalerri Euskaldunak sortzeko eta mankomunitate gisara erakundetzeko; baina horiek ez dira oztopo izan, UEMAk bere lankidetza eskain diezaien administrazio-erakundeei, edozein dela berorien hautapen, kolore edota egoera politikoa.

Aipa ditzagun, horren lekuko, hegoaldeko herrialdeetan —Nafarroa barne— jadanik 1996an abian jarri ziren euskararen erabilera-planak, hauek udal gutxi batzuetan esperimentazio gisa gauzatzen ari zirela eta metodologia bera zorrozten ari zen garaietatik hasita; edota Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren sorreran esku hartzea; edota HAEErekiko lankidetzan gauzatu den zenbait proiektu.

Beste sektoreak

Arestian behin eta berriz esan denez, euskararen biziraupenarekin lotuta dago gizarte bizitza publiko eta pribatua, erdaren beharrik gabe, euskaraz bizi ahal izango den lurgunea osatzea. Lurgune barreiatua izango bada ere, hori da UEMAk euskarari ziurtatu nahi diona.

Alabaina, egitekoa etxetik, udal administraziotik, hasteaz bat ohartu zen UEMA herrietan balio estrategiko erabakigarria duela zenbait gizarte-sektorek euskararen etorkizun osasuntsua bermatzeko. Horien arteko bi izan dira UEMArentzat lehentasunezkoak: irakaskuntza eta osasungintza.

a) Irakaskuntza

Ez da nire asmoa, tokia eta unea ere ez direnez, irakaskuntza sistemak hizkuntz transmisioan duen eraginaz jardutea, jakin, argi dakigun arren hitz askoren beharrik gabe horren egia.

Besterik ezean euskararen normalkuntzarekin zerikusia duten UEMAren egitekoen (egindakoen edo eginkizunen) inguruko hausnarketa historiko honetan aipamen eta leku berezia eman nahi diet udalerri euskaldunetatik —inoiz EAEko udalerri txikiekin bat eginik— nola edo hala euskararen berrindartzeko abiarazi diren ekimenei.

Era batera eta bestera, erakunde batzuetatik edo besteetatik euskal eskola publikoa gauzatu alde egindako lanak hor daude eta beste instantziei dagokie helburuak lortu direnentz ebaluaketa egitea. Hemen esku artean dugun UEMArekin loturiko hizkuntz ikuspegitik, dena den, hor dago lorpenen artean udalerri euskaldunetako hezkuntza-lana bederen euskaraz burutzen duen eskola publikoa.

Esku artean ditudan datuak oker ez badaude, behintzat, hego Euskal Herrian ez da udalerri euskaldunik hezkuntza-sistema publikoak eskaintzen duen irakaskuntza publikoa euskaraz ez duenik.

Hala ere, lorpenak lorpen, EAEko udalerri euskaldun askotako eskolak txikiak izaki, desagertze zorian daude, jaiotza-tasa urriagatik batzuetan, hezkuntzaren erreformaren eraginez besteetan. Honek ekar lezakeen belaunaldi gazteen deserrotzeaz eta lotura eteteaz kezkatuta, UEMAk zuzen-zuzenean eutsi dio hasieratik bertatik herri txikietako eskola txikien aldeko apustuari.

Udalerri bakoitzeko herritarren ahaleginari euskarri bat eman nahirik, hala, eskola arteko aldizkari bat aipatu behar da: Sorgin Zulo izenez kaleratu zena, alegia. Zenbait ale honako azpititulu hauez osatuta ageri da, beren sorreraren argigarri: UEMAko eskoletako umeek egindako aldizkaria edota Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen Aldizkaria. Aleen baitako zantzu batzuetatik ondoriozta liteke 1992-1994a artean kaleratu zela.

Mankomunitatean eskola txikiok zirela-eta euskararen etorkizunaz UEMAk zuen kezkaren lekuko argi dira aldizkariaren formatua eta edukiak, haurren beraien ekarpenez osatua baitzegoen eta haientzako erakargarri izateko eran, irudi, argazki eta letra-moldeen aldetik. Argazkiok eta ale batzuetako elkarrizketa bat edo beste lirateke helduen ekarpen aipagarri bakarrak.

Gai beraren inguruan, gurasoen erosotasuna baino euskararen beraren etorkizuna zegoelako neurri batean jokoan, UEMAn parte hartzen duten herri askok parte hartu zuen, era berean, 1996an zehar batik bat burutu zen herri txikietako eskola txikien aldeko kanpainan.

Dena den, egin direnen edo ez direnen gainetik mankomunitateak argi ikusten du hezkuntza arretaz zaindu beharreko lehentasunen artean kokatu behar duela gaur bertan ere.

b) Osasungintza

Aurrekoarekin batera, alor hau da UEMAk erakundetze-unetik bertatik gaurdaino bere lehentasunen artean izan duen beste gaia. Euskaren biziraupenaren alde hainbat herritan egin behar izan diren borroken artean jakin beharrekoak lirateke udalerri euskaldunetan han eta hemen urte batean eta bestean osagile euskaldunak izateko eramandakoak[12].

Inon bada, hemen gertatu izan da eta gertatzen da gaur bertan, hizkuntzaren eta profesioaren arteko dikotomia antzua bezain gezurrezkoa: “Zer axola euskaraz ez jakitea, mediku ona bada? Euskaldunok zer nahi duzue, baina, mediku onak ala mediku euskaldunak?

UEMAk erro-errotik ezetsi du zentzugabea izateaz gain, bezero euskaldunei bakarrik ezartzen zaien dilema hori: lehen arrazoiagatik ez balitz ere bigarrenagatik soilik arbuiagarria litzateke planteamendua. Euskalduna ez den medikua ez baita mediku ona udalerri euskaldunetan bere ardurapean dituen bezero gehienentzat. Hizkuntz muga honek behe mailataraino jaisten baitu gure herrietan (sarritan ez ote arrisku mailataraino?) zerbitzuaren kalitatea haurren eta zaharren kasuetan batez ere.

Hizkuntz faktorea funtsekoa da medikuntzan gaixo ororentzat eta adin-segmentu horietan daudenentzat erabakiagarria alor horretako akats oro; horregatik, arreta bereziz zaindu nahi izan ditu pediatria eta zaharrez batik bat arretatzen den medikuntza orokorra osasungintzan abiarazi beharreko hizkuntz normalkuntzaren gaiari dagokionez.

Osasun zerbitzua herri-agintearen menpeko erakunde autonomoen eskutik jasotzen da mankomunitatea zabaldua dagoen hego Euskal Herrian: Osasunbidearen eskutik NFKn eta Osakidetzaren eskutik EAEn.

Osasunbideari dagokionez, Euskarari Buruzko Foru Legea eta, Nafarroako administrazio publikoei “lotetsitako zuzenbide publikoko entitatea den heinean, Administrazio Publikoetan Euskararen Erabilera arautzen duen Foru Dekretua aplikatzen dira besterik gabe. Dena den, UEMAk komunitate honetako udal partaideetan aldian-aldian egiten dituen azterketen arebera, aitortu behar da oro har ongi betetzen dela —noizbehinka aldi baterako ordezkapenetan izan ezik— hizkuntz irizpidea udalerriotako medikuak izendatzerakoan.

Osakidetzaren kasuan, berriz, aplikagarri dira EAEn hizkuntzari eta honen normalkuntzari buruzko legeak. Baina euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen dekretuak dioenez, Hezkuntzari, Osasunari eta Ertzaintzari dagozkion arloak nolakoak diren eta beren eginkizunetan dituzten berezitasunak aintzakotzat hartuta, hizkuntz normalkuntza-prozesua arautzeko arau bereziak izango dira arlo horietan [13].

Hezkuntzak eta Ertzaintzak arautu eta abian dituzte jada beren hizkuntz normalkuntzako plan sektorial bereziak. Osakidetzak, berriz, ez du gaurdaino hizkuntz normalkuntzako araurik hartu sektorerako. Bada Normalizazio-Plangintzaren Oinarriak izeneko dokumentu bat eta, honen parean, UEMAk, ELA, LAB eta OEErekin batera Osakidetzari aurkeztu zioten izenburu bereko beste proposamen bat, baina hortik ez da oraingoz aurrera egin.

Arlo honetan hartu diren hizkuntz normalkuntzako erabaki ia bakarrak (bakarrak esan eta gehiegikerietan ez erortzearren) presioen ondoren hartutako erabaki puntualak izan dira. Adibide gisa, aipa dezagun UEMAk Osasun mundua gaixo dago euskararik gabe lemapean eratu zuen kanpaina. Horren barruan egin zen txartel-bidalketa masiboaren ondoren gauzatutako harremanen testuinguruan adostu zen UEMAko zenbait herritako osasun-zerbitzuaren normalkuntzari heltzea. Erabakia gauzatzeko aurreikusitako kopuruak gastatu eta gaur da eguna, jakin, ez dakiguna plan puntual eta txiki horrek berak ere izan ote dezakeen jarraipenik.

c) Enpresa jarduera

Udalerrietako gizarte bizitzaren esparru guztietan euskararen erabilera ahalbideratzea ipintzen dute UEMAko estatutuek, besteen artean, erakundearen helburu gisa. Aipatu dugu etxetik bertatik hasi eta etxetik kanpo ere zeri eman dion lehentasuna helburu hori gauzatzerakoan.

Helburuak lortu alde ekimenak mailakatu beharrak ekarri du enpresa munduan egin ohi den hizkuntzarekin loturiko jarduera lehentasunen artean ez kokatzea, baina inondik ere ez ahaztuta bazter uztea.

Egin da eta egiten da hainbat normalkuntza-ekintza, nahiz eta, zoritxarrez gure aldetik, aitortu behar ez direla aski sektore honetan nabari ditugun hutsuneetarako. Izango da beta eta aukera, erakundeko lehentasunak aski beteta daudenean, Euskal Herri mailan horretan diharduten eta helduko dioten besteekin batera geuk ere bete-betean heltzeko.

Bitartean, UEMAren ahalegina bi mailatako ekintzetan zertu da.

Lehena, hizkuntz erabilera idatziagatik batik bat eragin nabarmena ez duten erakundeak: lantegiak, saltokiak (txikiak eta azalera handikoak), ostalaritza zerbitzuak (taberna-jatetxeak…), gasolindegiak, eraikuntza enpresak, etab. Hauen artean, kasuan kasuko herrian izan lezaketen presentziaren arabera, kanpainak eratu dira hizkuntz paisajea bederen euskalduntzeko. Udalerri batzuk aurrerago joan dira eta merkataritza harremanak (gutuneria, fakturak, inprimakiak, oharrak…) euskaraz erabiltzeko ikastaroak ere eman dizkiete profesionalei.

Bigarren ekimena ahozko eta idatziko hizkuntz erabilera handia duten enpresetara zuzendu da. Hauekin gauzatu den ekintza, hizkuntz eraginarekin uztarturik, sakonagoa izan da eta elkarren arteko harremanak euskara hutsez eramatera zuzendu da. Horretarako hitzarmenak sinatu dira eta sinatutakoaren jarraipena egiteko bi alde sinatzaileen arteko lan-batzordeak eratu dira.

Aurrezki kutxak dira UEMArekiko eta hor parte hartzen duten udal eta herritarrekiko harremanak euskaraz garatzea sustatzeko hitzarmena sinatu duten enpresa hauetako bi: Gipuzkoa Donostia Kutxa eta Euskadiko Kutxa; hirugarrena, berriz, udalentzat zerga-bilketa exekutiboa egiten duen enpresa bat: ATR.

Hitzarmen hauetan zera adosten zen funtsean: erakunde sinatzaileen arteko harremanak —ahozkoak eta idatzizkoak— euskara hutsean izatea, herritarren arretarako pertsonal euskalduna prestatzea eta areagotzea eta, azkenik, lehen multzoko enpresen artean sustatzen zena bera: hizkuntz paisajea euskalduntzea, alegia.

Hitzarmen hauen emaitzen ebaluaketa bat ezin da oraindik egin, zeren eta, alde batetik, oso bizitza laburra baitute denek (1-2 urte) eta, bestetik, erabakiak egintzetaratzeko eman beharreko urratsak, informatika-arazoak tartekatzen direla-eta, oso abiadura txikian gauzatzen baitira erabiltzaile arruntaren mailan igartzeko.

Nolanahi ere hitzartutakoa gauzatzeko borondatea nabari da hitzarmenkide guztien aldetik eta lan-mahaiak ere aldiro-aldiro biltzen dira beren jarraipen-lana egiteko eta itxaropenik ez da falta, horrenbestez, aurrera begira.

Kultur ELEjira

Euskararen berreskuratze prozesuan udalerri euskaldunek jokatutako egitekoa azaldu nahi duten lerrootan hizkuntz normalkuntzari lotu gatzaizkio gehienbat, horixe izaki sorreratik lehentasunezko eta larriena ikusten zena lanari heltzerakoan.

Baina garbi zegoen ez zela aski gure hizkuntzarentzat bizi-arnasa irabazteko gaurko eta biharko gizartearen erdian. Beharrezkoa zen euskaraz garaturiko euskal eledunen harreman-sarea aberastea, ugaltzea, hedatzea udalerri euskaldunen kultur eta hizkuntz osasunerako… euskararen beraren osasunerako azken batean.

Izan ere udalerriotan gordetzen denez jatorrenik hizkuntzaren gaitasuna eta joritasuna ez ezik, euskal kulturaren mundu sinbolikoa… ezin utzizko kultur ondare eta kapitala daukagu esku artean eta ezinbestekoa da horri guztiari ahalik eta kultur etekinik handiena ateratzea, udalerriotako herritarren beraien tamainako mailan eta formatoan: azpiegitura xaloez baliatuz Euskal Herrian barrena hedatu eta udalerri euskaldunek eskuratzeko gai izango den euskarazko[14] kultur eskaintza ematea, alegia.

Kultur ELEjiraren baitan bi gauza bereizi behar dira:

  • Alde batetik Kultur ELEjiraren zerbitzu iraunkorra: UEMAko udalerriei urtean zehar kultur zerbitzua eskaintzen dien bulego teknikoa. Beraren egitekoa da mankomunitateko udalei aholkularitza eta laguntza teknikoa eskaintzea; batzuetan antolatu nahi dituzten kultur ekitaldien inguruan udalerri euskaldunetatik bertatik egon daitezkeen aukerei buruzko informazioa izango da; bestetan, berriz, bitartekaritza-lanak egitea halako edo bestelako artista bilatzeko eta herriratzeko; edo kultur ekintza horiek baldintza ekonomiko egokienetan eskuratzeko gestioak egitea… udalerri euskaldunetako askok, beren tamaina txikia dela-eta, beren kabuz ezingo luketen —baina premi-premiazkoak dituzten— era bateko edo besteko kultur emanaldiak eskain diezaieten herritarrei.
  • Bestetik, Kultur ELEjiraren kanpaina dago. Urtearen azken hiruhilabetekoan zehar gauzatzen da gehienbat. Kanpaina honen bidez herritarren eskura itzultzen dira, nolabait esateko, programaren hizkuntz balioa dela-eta, horiek finantzatzeko eskuratu diren dirulaguntzak. UEMAtik bertatik egiten den ekarpenaz eta udal antolatzaile bakoitzarenaz, Kultur ELEjira zerbitzuak diruz lagundutako emanaldiak antolatzen ditu halako ekitaldiak eskaini nahi dituzten UEMAko herrietan.

Joan den urtean kanpainaren baitan emandako ekitaldiei buruz jaso dugun informazioak dio norbanako edo taldeko artistak ekoizten dituzten 98 eskaintza desberdin biltzen direla une honetan Kultur ELEjiran. Eskaintza hauen aniztasuna eta joritasunaz ohartzeko, hona horiei buruzko xehetasun batzuk:

  • Antzerkia: 4 talderen 7 ekoizpen
  • Bertsolaritza: 6 norbanako eta talde 1
  • Dantza: 12 talderen ikuskizunak
  • Erakusketa 1 artzantzaz, baserriaz
  • Hitzaldiak: 6 pertsonak 10 gairi buruz eskainitakoak
  • Herri-kirola: 7 pertsonak edo taldek eskainitako ikuskizunak
  • Kontu-kontalariak: 2 pertsonaren 4 eskaintza
  • Abesbatzak: 6 talderen kontzertuak
  • Plaza-taldeak: 5 talderen saioak
  • Folk-rock: 7 pertsona edo talderen kontzertu, erakusketak…
  • Trikitixa: 22 talderen emanaldiak
  • Txalaparta: 3 eskaintza
  • Txarangak: talde 1
  • Txistulariak: 2 talde
  • Pailazoak: talde 1
  • Zanpantzarra: 1
  • Zinema: erabat UEMAko herri baten euskara hutsezko produkzioa.

Balorazio sakonetan sartzen hasi gabe, begi-bistakoa da kultur produkzio oparoa sortzen dela UEMAko udalerrietan. Produkzio horren kultur garrantziaz bere horretan esan litekeenak oraindik ere maila esanguratsuagoa hartzen du kontuan hartzen bada ekoizten dituzten herriak ez direla gehienetan tamaina handikoak biztanleen aldetik. Kultur harrobi horri bizirik eustea, taldeak ezagutzera ematea, ekoizpenak hedatzeko zirkuitoak eratzea, ekitaldien finantzaketa ziurtatzea… dira, euskara indartzea xede hartuta, Kultur ELEjiraren azpiegiturari esker arruntki kultur ziurkuitoetatik at geratzen diren udalerri euskaldunetan —eta txikietan bereziki— gauzatu ahal ditzakegun kultur emanaldiak.

Horrela, urtean zehar han-hemenka gauzatu diren ekitaldiez gain, kanpainak iraun duen joan den urteko hiru hilabeteetan 38 ikuskizun antolatu eta gauzatu dira urriaren 18tik hasi eta urte bukaera arte, kanpaina-amaierako ekitaldi handiena kontatu barik, hegoaldeko lau herrialdeetako herrietan. Izan ere aurten amaiera jendetsu eta entzutetsua eman nahi izan zaio kanpainari, milurte berriaren hasiera aitzaki hartuta, Usurbilen, goizetik hasi eta gauera arte egin ziren hainbat kultur ospaketaren bidez.

Aurrera begira

Agian batek pentsa lezake museoan gorde beharreko garai errebindikatibo bateko azterna arkeologikoa baino ez dela UEMA europartzearen —areago, globalizazioaren—, mugagabetasunaren, mestizajearen, etab.en kontzeptuak hedabideetatik barra-barra eta seriotasun osoz jaulkitzen dizkigun gizarte honetan. Nik, berriz, hala pentsa lezaketenen zoritxarreko, oraindik etorkizun —eta eginkizun— oso luzea ikusten diot, Euskal Herriaren “berezko hizkuntza edozein instantzia publiko eta pribatutan berez eta arruntki erabilgarri izango den hizkuntza izatera iritsi artean.

Geure etxetik bertatik hasi besterik ez dugu egin oraindaino, pauso sendoz eta arrakastaz hasi bagara ere. Hizkuntza normalkuntzako planetan ez dugu ia pausorik eman udalerri euskaldunetatik kanpo… indarrean den legeriaren arabera, geure hizkuntz eskubideak errespetatzen ez digutenekiko egiten dena salbu. Lekutan dago oraindik geure udaletako erabateko hizkuntz normalkuntza eragozten duten erakunde publiko zein pribatuen hizkuntz normalkuntza!

Nolanahi ere, “etxeko lehentasunak eskuratuz goazen heinean, luzaro itxaron beharko ez den epe ertainean, aurreikus daitezke laster udalerri euskaldunetan lehentasunezkoak izan beharko duten geuretik kanpoko normalkuntza-arloak. Aipa ditzagun bederen laster baterako aurreikus ditzakegun batzuk.

1. Osasun mundua: Une honetan inolako hizkuntz normalkuntzako plangintza sektorialik egiteke dihardu, presioaren presioz toki batzuetarako atera diren lorpen soil batzuk izan ezik. Ez da azalpen handirik behar hizkuntzak zerbitzuaren kalitatean duen eragin erabakigarria ulertzeko.
Kontuan hartzekoa da, bestalde, toki, eskualde eta herrialde mailetako osasun zentroetatik igarotzen den eta hizkuntz eskubide jakin batzuk bermatu behar zaizkion herritarren kopurua. Era berean baita sektore honetako zerbitzua gauzatzen duten eta herritarren aurrean hizkuntz betebehar batzuk dituzten langile eta profesionalak ere.
Faktore erabakigarriak, azken batean, nondinahi begiratuta ere, sektore honen hizkuntz plangintzaren “lehen mailako lehentasunaz jabetzeko. UEMA aspaldi ohartu zen horretaz eta unetik unera aurrean izango du gaia egintza gauzatzen hasi eta bideratu bitartean.
2. Justizi administrazioa: Urteetan egin ditugun datu-bilketen arabera, berauxe dugu UEMAko udal administrazio-jardunbidean gaztelaniazko eragin latzena duen udalaz kanpoko erakunde nagusia. Udal administrazioarekiko harreman idatzietan hizkuntzaren inguruko tokian tokiko legeria sarrienik betetzen ez duen administrazio-erakundea izateaz gain, euskara ez erabiltzeko borondatea ere inoiz nabarmenki azaldu duen estatu-agintea da [15].
3. Estatuko administrazio periferikoa: Erakusten dituzten ñabardura esanguratsuengatik, bereiztekoak dira —hauen menpeko gainerako arauteria baldintzatzen dutenez— puntu hau arautzen duten NFK-ko eta EAEko oinarrizko legeak. NFKn, hala, “administrazio publikoekiko harremanetan euskara nahiz gaztelera erabiltzeko eta hautatutako hizkuntza ofizialean harrera izateko eskubidea aitortzen da, nahiz eta gero ondorengo xedapenetan hori oso ahuldua geratu eremu euskaldunerako bertarako: “erabilitako hizkuntza edozein izanik, administrazio jarduera guztiak baliozkoak izanen dira eta legezko eraginkortasun osoa izanen dute[16].
Hori horrela, bidea zabalik du estatuko administrazioak Nafarroan berezko hizkuntzarik ez duten edozein beste autonomiatan eraman ohi duen hizkuntz jokabidea jarraitzeko. Areago, bego adierazia hala egiten duela.

EAEn, berriz, honela zehazten ditu, besteak beste, Euskararen Oinarrizko Legeak herritarren eta herri-agintaritzaren eskubide eta egin-beharrak[17]: “2. Euskal Herritarrei honako funtsezko hizkuntza-eskubide hauek aitortzen zaizkie: a) Arduralaritzarekin eta Autonomia-Elkartean kokatutako edozein Ihardutze-Sail edo Erakunderekin harremanak hitzez eta/edo idatziz euskeraz… izateko eskubidea. 3. Eskubide hauek eraginkorrak eta benetakoak izan daitezen, herri-agintariek beroien erabilpena bermatuko dute

Legelari ez den honentzat nahikoa argi adierazitako terminoak herritarrei zein agintaritzei dagokienez… baldin eta, hizkuntzalaritzak elebitasunaren inguruan ikusten duena jarraituz, administrazioan euskara normalizatzeko borondatea izanez gero.
Beldur naiz, ordea, hizkuntzalaritzaren begietatik ez, baizik eta politika soilaren begietatik ikusteko joera ez ote duten, gaztelaniaren gizarte-hedapenean eta derrigortasun konstituzionalean gotortu eta beraiek normalkuntzari ekin ez eta udalerri euskaldunen normalkuntza-ahalegin xumea lege-indarrez zapuzteko hasieratik bertatik.
Egiteak mintzo dira argien eta, oraingoz, hau da ageri dena: hizkuntz arauteria idatzizko harremanetan bederen betetzen has daitezen hainbat aldetatik urteak joan eta urteak etorri dokumentu elebakarrak igorleari itzuli ostean —eta UEMAko udaletan badugu esperientzia luze eta dokumentatua—, sail batzuk hasi dira zenbait gauza euskaraz ere egiten. Oraingoz, ofizio eta inprimaki batzuetara mugatzen da eta, ondorioz, sarri ikus daiteke haiekin batera igortzen den idazki teknikoa, ordea —kasuan kasuko harremanetako edukiaren mamia jasotzen duena—, gaztelania hutsez idazten dela indarrean den euskarari buruzko legeria onartu aurretik bezalaxe.
Dakigunez behintzat, ez dago plangintzarik ez erabaki mailakaturik abian-abian sail edo/eta erakundeetako lanpostuetan jendaurreko eta izaera orokorreko postuak eta hizkuntz produkzioa lurralde bakoitzaren hizkuntz errealitatera egokitzeko.

Honaino, nolabait esateko, kanpokoei eraginez udalerri euskaldunen normalkuntzan aurrez ikus dezakeguna. Osa dezadan udalerri euskaldunok, oraindaino egiten dugunari eusteaz gain, laster batean egiteko gogoz garena:

4. Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN): Hego Euskal Herriko labetik EAEko Jaurlaritzaren “sinadura eta zigiluz kaleratua datorkigu, baina hasieratik nabari zaio euskararen diagnosian eta proposamenetan Euskal Herri osorako bokazioa; ez alferrik, Sarreratik bertatik, dokumentuaren eremua markatu nahi duen lege testuingurua aipatzean, hego eta ipar Euskal Herriko legeria dakar.
UEMAk, euskal eledunek hizkuntzaren biziraupenari eusten bateginik egin beharrekoez jabetuz, lankidetzarako gogo garbia azaldu zuen hasieratik Jaurlaritzako Euskararen Aholku Batzordetik EBPNren egitasmoa burutu zedin. Eraginkorki parte hartuz ekarpenak egin zituen eta, partaide guztien elkarlanari esker, planak jasotzen du gune euskaldunenek euskarari eusten eta berrindartzen duten egiteko garrantzitsua eta agintarien aldetik jaso beharreko arreta ongi bereizia; baita UEMA edo haren antzeko proiektuak beste udalerri euskaldunetara zabaldu beharra ere.
Hori guztiaren ondorioz eta horretan bat eginik, UEMA ahalegin zuzena egiten ari da hegoaldeko lau herrialdeetan abian dituen bere egitasmo propioetan EBPN txertatuz joateko, lehenek azken hau ahuldu edo zokoratu ez, baizik eta osatu eta elkarren arteko ekintza-eremua osa dezagun.
5. Iparraldeko herrialdeak: Oraindik gauzatzera heldu ez bagara ere, euskalgintzak, eta, horren baitan, Udalerri Euskaldunek eta UEMAk berak betidanik izan dugu nazio-bokazioa eta -ikuspegia. Estatu arteko mugak ezarri digun lege aniztasuna da gainditzea dagokigun lehen oztopoa. Horien gainetik, ordea, hor dago euskarak iparralde osoan pairatzen duen une larria eta, horren gainditzeko, euskal eledunek —udalerri euskaldunetan hizkuntz harreman trinkoenak dituztenak batik bat— gizarte sektore guztietan eta publikoetan bereziki duten egitekoa.
Hori bideratzeko, helagoaldeko ereduen kopiaketa utzi eta antolakuntza-mota malguetara jo beharko da, iparraldeko euskaldunek beraiek har dezaten esku artean hizkuntzaren berreskurapena Frantziako legeriak arautu edota espresuki ez-ofizialtzat —baina ez hala ere espresuki debekatutzat— jotzen dituen gizarte sektore orotan.
UEMAk harreman sare zabala du iparraldeko udalerri euskaldunetako hainbat hautetsirekin. Laster batera begira, oso begi onez ikusiko genuke harremanok hango testuingurura ondo egokitzen den egitasmo eta gutxieneko egituraren batean gauzatzea.
Argi daukagu, dena den, bai hegoaldeko zein iparraldeko euskalgintzako eragileok era horretako proiektu nazional bati agintariengandik baino heritarrengandik sorturiko dinamikatik eutsi dakiokeela. Eta hasi ere hortik hasi beharko denez, UEMAko bi udalerrik —Bermeok eta Leitzak— eta Lapurdiko Sarak abian dute jadanik hiru aldeetako herritarren arteko lankidetza-egitura xume bat hiru herrietan euskararen erabilera elkarrekin sustatuz joateko.
Testuinguru honetan, mugaz ade bateko eta besteko erakundeak biltzen dituenez, ez da ahaztu behar Euskararen Gizarte Erakundeen KONTSEILUA oso tresna baliagarria dela hizpide dugun moduko egitasmoak gauzatze aldera. UEMA bazkide da bilgune horretan eta argi dago hizkuntz normalkuntzan eta hori hornitu beharreko egituretan dugun nazio-ikuspegia.
Horiek horrela, ezinbestekoa deritzot euskalgintza bultza genezakeen alde bateko eta besteko eragileon arteko lankidetza egituratuko lukeen plataforma xume bezain eraginkorrak elkarrekin eratu eta dinamizatzeari gizarte bizitzako sektore giltzarrietatik hasita.
Horien artean hor dago, besteak beste, administrazioa; baita UEMA ere toki-administrazioko erakundea denez, bere esperientziatik abiatuta, beste administrazioekin batera euskararen normalkuntzan jarduteko prest.

UEMAko bazkide-multzoaren bilakaera

1991

1996

2000

1. Abaltzisketa
1. Aizarnazabal
1. Aduna
2. Aizarnazabal
2. Altzaga
2. Aizarnazabal
3. Altzo
3. Altzo
3. Altzaga
4. Aulesti
4. Aramaio
4. Altzo
5. Baliarrain
5. Arantza
5. Anoeta
6. Dima
6. Artea
6. Aramaio
7. Errezil
7. Aulesti
7. Arantza
8. Etxebarria
8. Baliarrain
8. Artea
9. Gatika
9. Beizama
9. Aulesti
10.Gizaburuaga
10.Bermeo
10.Baliarrain
11.Leaburu-Gaztelu
11.Dima
11.Beizama
12.Lizartza
12.Elduain
12.Bermeo
13.Munitibar
13.Etxebarria
13.Dima
14.Nabarriz
14.Gaintza
14.Elduain
15.Orendain
15.Gamiz-Fika
15.Etxebarria
16.Orexa
16.Gatika
16.Gaintza
 
17.Gizaburuaga
17.Gatika
 
18.Goizueta
18.Gizaburuaga
 
19.Ikaztegieta
19.Goizueta
 
20.Itsasondo
20.Ikaztegieta
 
21.Leaburu-Txarama
21.Irura
 
22.Leitza
22.Itsasondo
 
23.Lizartza
23.Leaburu-Txarama
 
24.Munitibar
24.Leitza
 
25.Orendain
25.Lekeitio
 
26.Orexa
26.Lizartza
 
27.Zaldibia
27.Munitibar
 
28.Zeanuri
28.Oiartzun
 
29.Zubieta
29.Ondarroa
 
 
30.Orendain
   
31.Orexa
   
32.Usurbil
   
33.Zaldibia
   
34.Zeanuri
   
35.Zubieta

Oiartzunen, 2000ko martxoa

Esteban J. Agirre

UEMAko euskara teknikaria

 

Epilogoa (oraingoz): Lerrook burutu eta inprimategira igortzeko ginela atera da BAT aldizkariaren aleari oro har eta, niri dagokidanez, artikulu honi ustekabeko gaurkotasuna eman dion epaia: UEMAko estatutuei buruz Espainiako Auzitegi Gorenak atera omen duen epaiaren albistea, hobeto esanda. Hala esan beharko, zeren eta ez UEMAn eta ez Abaltzisketan ez baitugu azken lerrook idazterakoan (martxoaren 15ean) epaiaren inguruko jakinarazpen ofizialik jaso.
Jakinarazteko edota epaiak eragindakoen ezagupenera iristeko bidearen bitxikeriaz gain, aipatzekoa da epaileek omen darabilten[18] argudio bitxia. Izan ere, haien aburuz eta erabakiz, “oso zalantzazkoa omen da euskara eta honen sustapena zerbitzu publikoa ote diren. Eta hala balitz ere, haren gaineko eskuduntza ez omen dagokio udalari, Jaurlaritzari baizik.
Irakurtzea merezi duen bitxikeria, zalantzarik gabe, bere onetik atera gabeko inork galtzeko arriskua oraindik baztertu ez duen hizkuntza baten sustapena ordenamendu juridiko soilaren araberako eskuduntzen giltzarri soiletatik epaitzea eta hizkuntza hori berena duten herritarren eta haiek eratutako erakundeen —horietako batena izan ezik— eskumenetik kanpo uztea.
Azterketa sakon baterako parada ere iango delakoan, ikuskizun dago oraindik euskal eledunek epaiari emango dioten epaia.


[1] IZARREKOA, “Euskal Herrian Euskaraz: etendura linguistikoa udal administrazioan, Egin 1988/11/26

[2] Mugimenduaren beraren dokumentuetab eta prentsako hainbat aipamenetan beraietan maiz ageri da Udalerri Elebakarrak deitura ere. Zein da jatorrena? Edota zein gailendu zaitzaion zeini, bai erakundearen baitan bai erakundez kanpo? Ez dugu hemen jorratuko, baina bego behintzat mahairatua gaia.

[3] Zehaztasunaren mesedetan, alde batera uztekoak derizkiet tokikeriei; baina erabat eta bereziki hegoaldeko tokikeriei; arazoa ez baita, Españakeriaz begiratuta batik bat entzuten denez, bi hizkuntzaren arteko jokoarena, hainbat hizkuntzaren (3-4 bai, gutxienez) artekoa baino.

[4] “Le nombre des unilingues dans chacune des comminautés linguistiques est un facteur déterminant pour l’importance du bilinguisme (W.F. Mackey)

[5] J. Fishmani egindako elkarrizketa batean hark esana Administrazioa Euskaraz aldizkarian, 27. zk., 2000ko urtarrila, 11. or.

[6] Madrilgo gobernu-presidenteak 1983ko martxoaren 13an aurkeztu zuen 169/83 inkonstituzionalitate-errekurtsoa eta Auzitegi Konstituzionalak 1986ko ekainaren 26an eman zuen 82/1986 epaia; bertan zioen: “¼el Tribunal Constitucional¼ ha decidido¼ declarar la inconstitucionalidad de los artículos 8.3 y¼

[7] “Eskualdeko hizkuntza bihurtua eta tokiko dialektoen pare kokatua irakaskuntza-esparruan aurreikusten diren salbuespenetarako

[8] Hona, nire datuen arabera, hor une batean edo bestean parte hartu zuten udalak: Dima, Zeanuri, Forua, Munitibar, Nabarriz, Aulesti, Gizaburuaga, Etxebarria, Artea, Galdakao, Otxandio, Ondarroa, Lekeitio, Gatika, Errigoiti eta Muxika Bizkaitik; Abaltzisketa, Aduna, Getaria, Baliarrain, Lizartza, Zaldibia, Orendain, Altzo, Usurbil, Lasarte, Andoain, Astigarraga, Alegia, Ikaztegieta, Orexa, Leaburu, Amezketa, Aizarnazabal, Zizurkil eta Errezil Gipuzkoatik; Oiz, Ituren, Arbizu eta Urdiain Nafarroatik.

[9] Orain arteko zehaztasunaren mesedetan, hona, 1991ko maiatzaren 5ean UEMAko estatutuak sinatu eta mankomunitatea eratu zuten udalen zerrenda: Abaltzisketa, Aizarnazabal, Altzo, Aulesti, Baliarrain, Dima, Errezil, Etxebarria, Gatika, Gizaburuaga, Leaburu-Gaztelu, Lizartza, Munitibar, Nabarriz, Orendain eta Orexa. Udalotako ordezkarien artetik, berriz, Antton Iztueta, Altzoko ordezkaria, hautatu zuten UEMAko lehendakari.

[10] Udal batzuetan, berriz, bertan bizi den biztanle gaztelaniadunen kopuruagatik (hala ere, ehunekoetan inoiz ez %25 baino handiagoa) elebitan ageri dira hainbat jardunetako lan-urratsak; baina aipatu dugun UEMAz kanpoko administrazio askoren justu beste ertzeko hizkuntz joeran: jardunbide osoa jatorriz euskaraz burutu ondoren, gaztelaniazko itzulpena euskarazkoaz batera (sarritan hizki txikiagoz, edo zigilurik gabe, edo goiburukorik gabe eta itzulpena dela adieraziz…) jakinarazten da.

[11] EAEko HAEE-IVAP erakundea izan da, bere egiteko instituzionalak egintzetara eraman nahirik, hizkuntz jokabide hau Euskal Herrira ekarri duena. Haren jatorri eta nondik-norakoez informazioa biltzeko, ik. HAINBAT, Hizkera Argiaren Bidetik, Gasteiz, HAEE 1994, 14-16. or. Beste aipamen bibliografikoak, euskaraz zer-nola gauzatu daitekeen… aipatu erakundean jaso litezke erreferentzia guztiak.

[12] UEMAk hizkuntzaren defentsan egindako histori ibilbidea zehatz mehatz idatziko den egunaren zain, bego behintzat aipaturik erakundeko barne-dokumentu ugari aurki daitekeela, egunkariek bereziki islatu dutenaz gain, erakundeko artxibategietan han-hemenka gertatu diren osasun-langileen inguruko (medikuak, erizainak, lehen harrerako pertsonala…) hizkuntz arazoez eta borrokez.

[13] 86/1997 dekretua, apirilaren 15ekoa, Euskal Autonomia Elkarteko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautuko duena, Xedapen Gehigarriak, Lehena, EHAA, 72. zk. 1997/04/17, 6136. or.

[14] Ohartzekoa da deituran bertan ageri den ELE (logotipoan hizki nagusitan idatzia ageri da, gainera) horren bidez UEMAk programa honi eman nahi dion zantzua: era esklusiboan ez bada ere, hizkuntzaren inguruan batik bat gauzatzen diren kultur eskaintzek osatzen dute Kultur ELEjira: hainbat motatako abeslari bakarkakoak zein taldekoak, bertsolariak, ipuin-kontalariak, antzerkilariak, hizlariak, show-ak… besteak beste

[15] Hona, adibide argigarritzat, “el Acuerdo 13º adoptado por la Comisión de Sala de Gobierno de este Tribunal Superior de Justicia (EAEkoak, alegia). Bertan dioenez, “Se da cuenta del escrito enviado por… interesando que el Tribunal Superior de Justicia del País Vasco remita en euskera los escritos cursados exclusivamente en castellano… acuerda por unanimidad… que… los servicios correspondientes del órgano de destino deberan (sic) traducir al euskera las comunicaciones de procedencia judicial que reciba… en el primero de ambos idiomas. …en Bilbao… (Azpimarrak neureak dira).

[16] NFK-ko 18/1986 Foru Legea, abenduaren 16koa, 6. eta 11. art.

[17] EAEko 10/1982 oinarrizko legea, azaroaren 24koa, 5. art. (Hemengo azpimarrak ere neureak dira).

[18] Barka biezat irakurleak azken lerrotan darabildan zalantza-zantzuz idaztea; baina gainera etorritakoari buruzko ezagupen ziurrik ez izateak narama horretara, geroago ziurta eta erantzun genezakeenaren zain. Dena den, ez da harritzekoa hala jokatu behar izatea: Espainiatik dator notizia eta hango albistariei hainbat bider entzunda dakit zurrumurruen eta txutxumutxuen erresuma dela…

BAT aldizkaria: 
34. 2000ko maiatza. UEMA 1991-2000
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Egilea(k): 
Esteban Agirre
Urtea: 
2000