Alderdi abertzaleak eta UEMAren etorkizuna. Joserra Lopez-Larrinagari (EA) galderak

Udalerri euskaldunetan, zerbitzu asko beste maila instituzionalen menpean daude: Osasuna, Hezkuntza, Justizia, Ertzaintza, Posta....adibide pilo bat ipini liteke. Argi dago UEMAk beraren helburuak bete ahal izateko zerbitzu horien eskaintza euskalduna izatea guztiz beharrezkoa dela.

Funtsezkoa da, beraz, bertako herritarrei bizi-baldintza duinak bermatzea, udal euskaldunek osatzen duten gune soziolinguistiko berezi hori bizirik irautea nahi badugu. Horretarako, mota guztietako zerbitzuak, etxebizitza eta lanpostuak ziurtatu behar dira bertan.

BAT SOZIOLINGUISTIKA ALDIZKARIAREN GALDEKETARI EUSKO ALKARTASUNAREN ERANTZUNAK (UEMA DELA ETA)

1.- UEMAri buruzko EAren jarrera:

  Gure ustez, UEMA instrumentu egoki eta beharrezkoa da euskeraren erabilera bizitzako arlo guztietara zabaltzeko, bereziki euskera administrazioen lan-hizkuntza bihur dadin. Mendeetan zehar, euskeraren presentzia arlo formaletan anekdotikoa baino ez da izan, eta honek hizkuntzaren minorizazioa ekarri du, erderen nagusitasuna beste esparrutara hedatuz. Joera historiko hori apurtu nahiean, UEMA udalerri euskaldunen erakunde legez sortzen da, honako helburuekin: udal administrazioaren funtzionamendua euskalduntzea eta herriko bizitza soziala eta ekonomikoan euskeraren normalkuntza erraztea.

Gaur egun, administrazio gehienek erdaldunak izaten jarraitzen dute euren eguneroko lanean, euskaldunen kopuruak gorantz joan arren. Begien bistan dago hizkuntzaren ezagutzak, berez, ez dakarrela euskeraren erabilera. Mankomunitateko udalek ahalegin handiak egin dituzte egoera hori gainditzeko, kalitatezko zerbitzuak euskeraz eskainiz eta euskal sare sozialak indartuz, beti ere erdaldunen eskubideak errespetatuz. Gainera, ez genuke ahaztu nahi UEMA erakunde nazionala dela, gure herriaren lurralde osoan jarduteko bokazioa duena. Hortxe datza, ziurrenik, Estatuek UEMAri horrenbeste oztopo ipintzearen arrazoietako bat.

2.- UEMA babestu eta indartzeko ekimenak:

Udalerri euskaldunetan, zerbitzu asko beste maila instituzionalen menpean daude: Osasuna, Hezkuntza, Justizia, Ertzaintza, Posta....adibide pilo bat ipini liteke. Argi dago UEMAk beraren helburuak bete ahal izateko zerbitzu horien eskaintza euskalduna izatea guztiz beharrezkoa dela. Alde horretatik, beraz, asko erraz liteke mankomunitatearen erronken gauzatze-prozesua.

Beste aldetik, herritarren inplikazioa lortzea ezinbestekotzat jotzen dugu. Administrazioen ahaleginak alperrikakoak dira herritar euskaldunok gure inertzietako batzuk ez baditugu apurtzen.  Lantegietan, komertzioetan, jatetxeetan, banketxeetan, udaletxean, gizartearen esparru guztietan euskeraz berba egitearen garrantziaz ohartarazi behar dugu. Honetarako, kontzienziazio eta informazio kanpainak ezinbestekoak dira.

Azkenik, hizkuntzaren kalitatearekiko begirunea beharrezkoa dela uste dugu: euskaldunen alfabetatze bikaina, batetik, eta euskera herrikoia zaintzea, bestetik, helburu nagusiak direla uste dugu. Hizkuntzaren errejistro guztiak landu behar direlakoan gaude, errejistro bakoitzari bizitzako esparru ezberdin bat dagokion neurrian. Askotan, hizkeraren mugetan aurkitzen ditugu konplejuen iturriak. Horregaitik, garrantzitsua da euskeraren hobekuntzarako ikastaroak antolatzea, edo euskalkiei merezi duten duintasuna ematea komunikabideetan, udal ekitaldietan, hezkuntza sisteman...

 

3.- Alderdi abertzaleen arteko adostasunean sakontzeko bideak:

 Egia da UEMA alderdi abertzaleok bultzatutako erakundea dela, batez ere udalerri euskaldunetan gure presentzia bereziki indartsua delako, baina ahaleginak egin behar ditugu abertzaleak ez diren sektoreak ere euskalzaletasunera erakartzeko, zaila bada ere. Euskeraren inguruko ekimenak, ahal dugun neurrian, alderdien arteko borroka dialektikoetatik atera behar ditugu, bide horretatik hizkuntzari mesede handirik ez baitzaio egiten.

Hala eta guztiz ere, alderdien lana ezinbestekoa izanik, gure eskuetan dauzkagun instrumentu guztiak UEMAren laguntzarako erabili behar ditugula uste dugu. Adibidez, Kontseilua edo Udalbiltzaren funtzioetako bat UEMAren esperientzia gainontzeko udalerrietan zabaltzea izan liteke, mankomunitateari baliabideak errazteaz gain.

Beste ikuspuntu batetik, alderdion eginbeharretako bat UEMAren kideen kopurua handitzeko konpromisoari eustea litzateke, oraindik herri euskaldun asko, baldintzak bete arren, erakundetik kanpo daudela ikusirik. Iparraldeko udaletan euskeraren ofizialtasun egoera lortzeak lehentasuna izan behar du datozen urteetan, legez ez bada, gutxienez de facto euskera udal administrazioaren lan-hizkuntza bihur dadin.

4.- Herri txikien garapen sozio-ekonomikorako proposamenak:

Askotan azpimarratzen denez, egitura sozial eta ekonomikoen aldaketak biziki astindu ditu herri euskaldunak. Eskualde horietan, bizitza modu tradizionalen iraupena arriskuan dago eta biztanlegoaren beherakada fenomeno ohikoa da. Funtsezkoa da, beraz, bertako herritarrei bizi-baldintza duinak bermatzea, udal euskaldunek osatzen duten gune soziolinguistiko berezi hori bizirik irautea nahi badugu. Horretarako, mota guztietako zerbitzuak, etxebizitza eta lanpostuak ziurtatu behar dira bertan.

Etorkizun ekonomiko on bat bermatzeko, jarduera ekonomiko anitza bultzatu behar dela uste dugu, lan esparru berriak sortuz. Honekin batera, mota guztietako azpiegiturak modernizatu behar dira (errepideak, zerbitzu sozialak, eskaintza kulturalak...), baita onura fiskalen bidean sakondu... Azken batean, helburua zera da: udalerri euskaldunak bizigune atsegin eta erakargarriak izan daitezen, bertako jentea hiri handietara ez joateko eta, zergaitik ez, kanpokoak herri txikerretara hurbil daitezen.

5.- Madril eta Parisen jarrera oztopatzailearen aurrean, zer egin?:

Espainiako Auzotegi Gorenak UEMAren legezkotasuna ukatu du otsailaren epaian, eta hori ez da txantxetakoa. Oraingoz, lasai gaude epaia Abaltzisketako udalari bakarrik dagokiolako eta, beste aldetik, udalerri hori ez delako, gaur egun, UEMAko kidea, baina Gorenaren sententziek jurisprudentzia osatzen dute eta ilegalizazioaren bidea zabalik dago.

Etorkizunean, antzeko errekurtso baten aurrean, epaitegiek badakite zein den Gorenaren jarrera: udalerriak ezin dira amankomunatu euskeraren garapenerako, euren eskunduntzetatik kanpo geratzen delako funtzio hori. Astakeria itzela da, batez ere kontutan hartzen badugu udalak herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak direla. Ez dago instituziorik herritarren beharrak hobeto ezagutzen dituenik. Beste aldetik, kulturazko konpetentziak “konkurrenteak dira, hau da, erakunde-maila guztiei dagozkie. Euskera ez dela kultura esan gura ote du Auzitegi Gorenak?.

Jarrera oztopatzaile hauen aurrean zer egin behar dugun itauntzen duzue. Eusko Alkartasunak argi eta garbi azaldu du beraren jarrera: eraso horiek jarraitu ezkero, bide juridikoak agortu beharko ziren, agian mankomunitatearen figura juridikoa utzi eta beste egituratze juridiko baten bitartez erakundea birsortuz, baina bide hori nahikoa ez balitz, intsumisio instituzionala irteera bakarra izango litzateke.

BAT aldizkaria: 
34. 2000ko maiatza. UEMA 1991-2000
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Egilea(k): 
Joserra Lopez-Larrinaga
Urtea: 
2000