Hizkuntza prozesuen ingeniaritza. Disziplina zientifiko berria eraikitzen, organizazioetan hizkuntzaren eraldatzeko. LAB sindika

Gure gizarteak baditu izatezko ezaugarri propioak: identitatea, kultura eta hizkuntza. Organizazioak ingurunetik elikatzen dira eta ingurunean eragiten dute; beren garapenerako garrantzitsua da ingurunearekiko errekonozimendutik abiatuz, ingurunearekin bat egitea eta oreka lortzea. Ekologiak naturarekin bezalaxe, gizateriarekin eta hizkuntzarekin ere badu zer ikusirik.

Egitasmo honen xedea, bi hitzetan, sindikatuaren barruan euskaraz funtzionatzera eta zerbitzuak eskaintzera iristea eta, bere ekintza sindikalaren bitartez, sindikatuak lan munduaren esparruan euskara sustatzearen alde lan egitea da. Hau da, eraldaketa prozesu batzuk eragitea –sindikatu barruan zein kanpoan– garaian erdaraz egituratuz sortu eta garatu ziren organizazioak orain, egoera berrietara egokituz, bere lan eta zerbitzu egituretan komunikaziorako tresna gisa euskara integra dezaten.

  • LAB sindikatuan lehendik ere euskara normalizatzeko erabakiak hartuak eta ekinbideak bideratuak ziren.
  • Horren ondorioz, LAB-en euskararen gaian hobekuntza batzuk nabari ziren.
  • Hala ere, emaitzak ez ziren inondik ere nahi bezalakoak.
  • Eta, inertzien dinamika gainditzeko urrats berrien, jauzi kualitatiboaren beharra antzematen zen.
  • EusLab egitasmoa eredu partehartzaile gisa egituratu dugu. Hartutako erabaki amankomun batetik abiatzen da eta iparra edo norabidea definitzen du. Hortik aurrera, helburu, erabaki eta aplikazio konkretuen zehaztapena egitasmoan inplikatutako pertsonen esku uzten da.

    izaera estrategikoa duen egitasmoa diseinatu da: globala eta osoa. Egitasmo estrategiko hau bi Egitasmo Nagusitan banatu da: bata barrura begira eta bestea, berriz, kanpora.

    Teknologia honen zenbait instrumentu egun lan munduan eta organizazioen arloan aplikatzen ari diren gestio sistemetatik eta mikroplangintzetatik hartu dira, eta ondoren egokitu; beste batzuk, berriz, bereziki asmatuak eta garatuak izaten ari dira

    burutzeko jarduera horiek oinarri zientifiko baten gain eraikitzen direla. Prozedura teknologiko bihurtzen den oinarri zientifikoa: «Injinerutzaren helburua ikerketa zientifikoaren emaitzak prozedura teknologiko bihurtzea da

    EusLab egitasmoa ez da plan detailatua, ez du helburuen despliegerik egiten, eta ez du ekintzen programazio zehatza adierazten. Egitasmo honek erabaki bat hartzen du abiapuntu, norantz iritsi nahi duen iparra finkatzen du eta hara hurbiltzeko nola egin metodologia diseinatzen du. Hortik aurrerako erabakiak eta zehaztapenak partehartzaile ezberdinen esku geratzen dira. Prozesua martxan jarri dugu eta prozesuaren egunerokotasunak egokituko du prozesua bera.

    «organizazio baten funtzionamendu hizkuntza aldatzeak erro soziokulturalak dituen eraldaketa prozesu bati ekitea esan nahi du»

    Kolaboratzaileen jardunean motibaziorako baldintza egokiak sortzeko bitarteko nagusienetakoa ‘errekonozimenduaren bidezko errefortzua’ izango da. Motibaziorako faktore oinarrizkoa da hau, eta efikazena.

    Euskal Herrian badago hizkuntzaren normalizaziorako praktika bizia. Zoritxarrez, defizita handia antzematen da aipatu praktika eta praktika horrek beharko lukeen garapen teoriko-zientifiko eta formatiboan. Egun ez dago arlo horretarako diziplina espezifikorik, ez eta profesionalen formaziorako unibertsitate ikasketarik.

    Sarrera

    Amaitu berri den 90. hamarkadan, Euskal Herriko zenbait organizazio edota enpresa aurreratuenetakoetan hizkuntzaren normalizaziorako interbentzio-egitasmo espezifikoak aplikatzen hasi ziren. Metodologikoki plangintzaren teoriatik eta organizazioen kudeaketaren jakintzatik hornitutako egitasmo hauek Mikroplangintza izenarekin ezagutuak izan ziren hasiera batean. Gerora, kontzeptua bera garatzen joan da eta Hizkuntza Kudeaketa gisa ere izendatu izan da. Guk, berriz, beste proposamen bat egin nahi izan dugu eta gure ustez aurrekoak barnebildu eta ideia modu globalagoan eta egokiagoan adierazten duen Hizkuntza Prozesuen Ingeniaritza kontzeptua landu eta ezagutzera eman nahi dugu. Gainera, Hizkuntza Prozesuen Ingeniaritza ez da bakarrik egun zenbait organizazioetan gauzatzen ari den praktika bat izango, aitzitik, praktika horrekin batera jakintza diziplina oso bat ere izan nahi du; beste diziplina askoren iturrietatik edanez bere eduki teoriko metodologiko propioak elaboratuko dituena, jakintza zientifikoan oinarrituz organizazio berritzaile eta aurreratuetan hizkuntza eraldaketa prozesuak planifikatu eta gestionatzeko.

    Artikulu hau azken urteotan organizazio eta enpresetan euskara normalizatzeko burutzen ari diren esperientzietan oinarritzen da, bereziki LAB sindikatuan burutzen ari den EusLab egitasmoan. Une honetan LAB sindikatuarekin lanean ari gara, sindikatuaren barruan eta bere ekintza sindikalean hizkuntzaren normalizazioa kudeatuko duen egitasmoa zuzentzen. EusLab Egitasmoa. Bera izango digu artikulu honetarako abiapuntu eta ardatza.

    Kokapena eta testuingurua

    LAB sindikatua ari den bezalaxe, gaur egun gero eta gehiago dira hizkuntza eraldaketa prozesuetan murgilduta dauden organizazio eta enpresak. Esan behar da, gainera, bere kudeaketa sistema orokorragatik eta emaitzengatik eredu diren enpresak direla hizkuntzaren kudeaketaren arlo honetan ere aurreratuen doazenak.

    Enpresaren jardunean euskara integratzeko erabaki estrategikoa hartze horretan, Antzuolako ELAY SA taldea izan zen aitzindarietako bat, 90. hamarkadaren hasieran. Ondoren etorri dira CAF, Ikerlan, MCC, Arlan, Labein, JMA, Fagor, Maier, Irizar, edota beste batzuk. Erabaki hori hartzera bultzatu dituzten arrazoiei dagokionez, enpresa horietako agenteek bat baino gehiago aipatu izan dute organizazio hauetan horrelako prozesu bati ekiteko faktore gisa. Nagusiki hauek:

    1. Berezko izaera duen errealitate sozial eta kulturalean bizi gara. Gure gizarteak baditu izatezko ezaugarri propioak: identitatea, kultura eta hizkuntza. Organizazioak ingurunetik elikatzen dira eta ingurunean eragiten dute; beren garapenerako garrantzitsua da ingurunearekiko errekonozimendutik abiatuz, ingurunearekin bat egitea eta oreka lortzea. Ekologiak naturarekin bezalaxe, gizateriarekin eta hizkuntzarekin ere badu zer ikusirik.
    2. Euskal Herriko gizartearen garapena, jadanik gorago aipatu duguna. Gure gizartean euskararen hizkuntza normalizaziorako eskaerak eta praktikak, eta ekinbide sozialak zein instituzionalak heldutasun maila gorenean topatzen ditugu. Horren adibide garbia ditugu, esate baterako, Eusko Jaurlaritzaren Biziberritze Plana edota “Bai Euskarari Akordioa eta bere Plan Estrategikoa.
    3. Bestalde, eta garapen horren ondorioz, belaunaldi berriak lanean hasterako orduan euskaraz prestatuak datoz gero eta gehiago.
    4. Organizazioek ere, bere bilakaeran, errealitate berri horretara egokitu behar dute.
    5. Ikuspegi pragmatikoago batetik aztertuta, horrelako prozesu batek enpresa barruko kohesio soziala bultzatzen du: langileek enpresarekin eduki dezaketen identifikazioa indartzen laguntzen du.
    6. Gainera, eraldaketarako gaitasuna duen organizazio aurreratua dela erakusteko balio du. ELAY Taldeko gerenteak dioen moduan: «enpresaren ikuspegitik, euskararen erabilera areagotzeko egitasmoak aurrera egiteak, enpresak proiektu aurrerakoiei aurre egiteko duen gaitasuna azaltzen du. Urte hauetan egindako lanak Elay Taldea proiektu ezberdinak garatzeko gauza dela erakutsi du» (Jaurlaritza, 98: 31).
    7. Azkenik, honek guztiak balio erantsia damaio enpresaren jarduerari. Batetik, enpresaren zerbitzuen kalitatea hobetu egiten duelako; eta bestetik, eta bereziki, organizazioak balore intangibleen atalaren barruan inbertsio handia kapitalizatzen duelako.

    Azpimarratu behar dugu, bestalde, organizazioak hizkuntza normalizazio prozesuetan murgiltzeak sektore ekonomiko baten indartzea ekarri duela. Gero eta gehiago dira hizkuntza eraldaketarako aholkularitza teknikoa eskaintzen duten enpresak. Hauen langile kopurua eta fakturazioa gora doa etengabe, eta, beste gai batzuetan aritzen diren asesoria-enpresa ezagunak ere, gai hauetarako negozio-linea berriak irekitzen ari dira.

    EusLab Egitasmoa

    «EusLab» izenarekin izendatu da LAB sindikatuan burutzen ari den euskararen normalizaziorako 1. egitasmo estrategikoa.

    Egitasmo honen xedea, bi hitzetan, sindikatuaren barruan euskaraz funtzionatzera eta zerbitzuak eskaintzera iristea eta, bere ekintza sindikalaren bitartez, sindikatuak lan munduaren esparruan euskara sustatzearen alde lan egitea da. Hau da, eraldaketa prozesu batzuk eragitea –sindikatu barruan zein kanpoan– garaian erdaraz egituratuz sortu eta garatu ziren organizazioak orain, egoera berrietara egokituz, bere lan eta zerbitzu egituretan komunikaziorako tresna gisa euskara integra dezaten.

    LAB sindikatuaren ezaugarri batzuk

    Aurten 25 urte bete dituen sindikatua da LAB, Hego Euskal Herri osoan hedatua dagoena. Bulegoak ditu lau hiriburuetan eta bailaraburu guztietan, hainbat herritan ere baditu bulegoak. Hazten ari den sindikatua da, bai afiliatu kopuruan, liberatu edota staff neurrian, eskaintzen dituen zerbitzu edota interbentzioetan, zein lortutako ordezkaritza sindikalaren mailan.

    Egiturari dagokionez, sindikal alorreko lanetara dedikatzen den beste edozein organizazioren antzekoa du honek ere. Batetik Idazkaritza funtzionalak edo teknikoak (komunikazioa, aholkularitza juridikoa, ...) daude, bestetik sektoreak (metala, garraioa, ...) eta azkenik eskualdetako idazkaritzak. Staffean guztira ia 200 pertsona. Afiliatuak 25.000 inguru.

    Laburbilduz, beraz, organizazio honen ezaugarri nagusienen artean ditugu: erakunde ez sortu berria, hazkunde prozesuan dagoena, egitura fisikoa oso sakabanatua duena.

    EusLab egitasmoaren ezaugarri nagusiak

    1998ko irailean abiatu genuen proiektua lehen urrats metodologikoarekin, egoeraren azterketarekin hain zuzen ere (IKUS ERANSKINA). Azterketa honetatik ondorioztatutako balantzeak zera erakutsi zigun laburbilduz:

    • LAB sindikatuan lehendik ere euskara normalizatzeko erabakiak hartuak eta ekinbideak bideratuak ziren.
    • Horren ondorioz, LAB-en euskararen gaian hobekuntza batzuk nabari ziren.
    • Hala ere, emaitzak ez ziren inondik ere nahi bezalakoak.
    • Eta, inertzien dinamika gainditzeko urrats berrien, jauzi kualitatiboaren beharra antzematen zen.

    Urrats kualitatibo hori emateko zeintzuk ziren indarguneak eta zeintzuk ahuleziak aztertu genuen DAFO (AMIA) analisi klasikoa eginez:

    • Indarguneak:
      • - Sindikatuak, erakunde gisa, eraldaketaren alde zuen jarrera.
      • - Kideen arteko euskararen ezagutza maila altua.
      • - Kideen euskararen aldeko jarrera eta borondatea.
    • Ahuleziak:
      • - Lan eta harremanetarako ohiturak eta inertziak.
      • - Eraldaketaren aurrean etsipena eta beldurrak.
      • - Organizazioaren eta organoen antolaketa eta lan arazoak.

    Azterketaren ostean eta bertan jasotako ondoriotan oinarrituz, interbentziorako egitasmoa diseinatu genuen: EusLab Egitasmo Estrategikoa. Diseinu honetan (ikus egitasmo osoa eranskinean), aukeratu diren interbentzio eredua eta irizpideak definitzen dira lehendabizi, ondoren egitasmoaren helburu estrategikoak zehazten dira, jarraian egitasmoaren garapen atalak eta garapen atal bakoitzaren lan programak konkretatzen dira eta, azkenik, egitasmoaren aplikazioan sortu beharko diren egiturak adierazten dira.

    Interbentzioaren filosofia

    Esan bezala, egitasmoaren diseinuan oinarrizko irizpide batzuk definitu dira. Irizpide horiek interbentzioaren izaera argituko duen filosofia (edota paradigmak) zehazten lagunduko digute. Hona hemen azpimarragarrienak:

  • Integrazioa eta protagonismoa. Inplikatutako guztien (euskaldun zein erdaldun) integrazioa egitasmoan eta beraien erabateko protagonismoa prozesuaren aplikazioan.
  • Mailakotasuna. Erabaki kolektiboa – pertsonen inplikazioa – interbentzio estrukturala – sostengu instituzionala – organizazioaren hobetzea.
  • Informazioa. Urratsen eta emaitzen berri zabaltzea organizazio osoan, eraldaketaren giroa indartzeko.
  • Lidergoa. Garapen teknikoa ez da aski. Dinamika bibentziala ere behar da: gogoz, sinesmenez eta ilusioz prozesua bultzatuko duten pertsona batzuen indarra.
  • Ilusioa. Eraldaketaren beldurra dago, normala denez, eta erresistentziak ere izango dira. Horregatik ilusioa piztu behar da.
  • Interbentzio eredua

    Filosofia edo paradigma horietatik abiatuz, interbentzio eredu bat aukeratu eta definitu da. Horrela, EusLab egitasmoa eredu partehartzaile gisa egituratu dugu. Hartutako erabaki amankomun batetik abiatzen da eta iparra edo norabidea definitzen du. Hortik aurrera, helburu, erabaki eta aplikazio konkretuen zehaztapena egitasmoan inplikatutako pertsonen esku uzten da.

     


    Interbentzio-egitasmo estrategikoa

    Esandakoak kontuan hartuz, izaera estrategikoa duen egitasmoa diseinatu da: globala eta osoa. Egitasmo estrategiko hau bi Egitasmo Nagusitan banatu da: bata barrura begira eta bestea, berriz, kanpora.


    Horrekin batera, egitasmoaren helburu estrategikoak definitu dira. Helburu hauek ekinbidearen norabidea edota iparra erakutsi nahi dute.


    Garapen atalak eta aplikaziorako tresnak

    Helburu estrategikoetara hurbiltzeko metodologia ere landu da. Horrela, Egitasmo Nagusi bakoitza Lan-programa espezifikoen bidez gauzatu eta aplikatuko da.


    Gero, Lan-programa hauek burutzeko aplikazio-tresna ezberdinak prestatu dira. Teknologia honen zenbait instrumentu egun lan munduan eta organizazioen arloan aplikatzen ari diren gestio sistemetatik eta mikroplangintzetatik hartu dira, eta ondoren egokitu; beste batzuk, berriz, bereziki asmatuak eta garatuak izaten ari dira:
  • Hobemahaiak,
  • Mintzaguneak,
  • MintzaTratuak,
  • NorbereTratuak,
  • Trebatze lanak,
  • Euskara klaseak,
  • Egitura linguistikoaren planoa,
  • Jarraipen adierazleak,
  • Hobetaulak,
  • Hobenotak, ...
  • Hizkuntza prozesuen ingeniaritza

    Lan honen sarreran esan dugun bezala, organizazioetan hizkuntzaren eraldaketari ekiteko ekinbideak “Mikroplangintza deitu izan dira hasiera batean; gerora, “Hizkuntza Kudeaketa terminoa ere erabili izan da berau adierazteko. Gure analisian, berriz, bi kontzeptu hauek prozesu osoago baten atalak dira. Horregatik, gure ustez globalagoa izango den eta prozesua bere osotasunean jasoko duen beste kontzeptua behar da: “Hizkuntza Prozesuen Ingeniaritza da proposatzen duguna.

    Berez “hizkuntza ingeniaritza terminoa ez da berria. Cobarrubias (1988) irakasleak azaldu zuen II. Euskal Mundu-Biltzarrean egindako hitzaldian, Andoni Sagarnak ere aipatu izan du inoiz eta, berriki, Bilbon izandako Eremu Urriko Hizkuntzei buruzko Biltzarrean aurkeztutako ponentzian Alegriak eta bestek (1999) ere erabili dute. Hala ere, terminoaren erabilera historikoak gehienetan hizkuntzaren corpusari dagozkion interbentzioei egin izan die erreferentzia eta, bestalde, estatus mailako interbentzioen kontzeptualizaziorako ere ez da oraindaino gorpuztu.

    Kontzeptualizazio horretan ahalegindu nahi dugu guk. Sistemen barruko erabilera prozesuen markoan kokatuz eta ingeniaritza bera ere ‘ezagutza-ekintza’ sistema gisa ulertuz. Egoera espezifikoetarako soluzio egokituak landuko dituen sistema.

    Ingeniaritzaren kontzeptua, Le Boterf-en azalpena jarraituz, «l’ensemble coordoné des activités permettant de maitriser et de synthétiser les informations nécessaires á la conception et á la réalisation d’un ouvrage (93: 31)» bezala defini dezakegu. Definizio horri erantsiko genioke ‘ouvrage’ delakoa burutzeko jarduera horiek oinarri zientifiko baten gain eraikitzen direla. Prozedura teknologiko bihurtzen den oinarri zientifikoa: «Injinerutzaren helburua ikerketa zientifikoaren emaitzak prozedura teknologiko bihurtzea da (Elhuyar, 93)».

    Ingeniaritza kontzeptuaren esanahi horren ildotik, guk horrela definituko genuke Hizkuntza Prozesuen Ingeniaritza:

    Organizazio (edota sistema) jakin baten funtzionamendua sostengatzen duen hizkuntzaren eraldaketa kontzeptualizatzea eta burutzea ahalbideratuko duten sortze lanen eta obratze prozeduren jarduera eta ezagutza.

    Hizkuntza Prozesuen Ingeniaritzak kontzeptu global gisa hartuta, baditu batetik, iturburu bat, bestetik hondar-xede bat eta azkenik, atal osagai batzuk.

    Iturburua, diziplina zientifiko ezberdinen ezagutza izango da. Antropologia, ingeniaritza, pedagogia, psikologia, soziologia eta beste hainbat zientziaren teorietatik eta ikerketen emaitzetatik edango du Hizkuntza Prozesuen Ingeniaritzak bere jardueraren oinarrian izango diren edukiak eta gorputz teoriko-metodologikoa hornitzeko. Aldi berean, diziplina honek, bere praktika eta praktikaren gaineko analisiaren ondorioz, feed-back eskaintzeko moduan izango da eta iturburu izan dituen zientziak ezagutza berriekin aberastuko ditu.

    Hondar-xedea, Hizkuntza Prozesuen Ingeniaritza diziplinari izate zentzua damaion funtzioa izango da. Hau da: organizazioaren funtzionamendu hizkuntzan eraldaketak ezartzea organizazioaren egitura eta prozesuetan eraginez, horretarako interbentzio jarduerak uneko organizazioaren ezaugarrietara egokituz eta baldintzen araberako ingeniaritza soluzioak edota aplikazioak sortuz.

    Atal osagaiak, Hizkuntza Prozesuen Ingeniaritzaren aplikazioa osatuko duten atal ezberdinak izango dira. Plangintza, kudeaketa eta ikerketa. Atal hauek ez dira bata bestearen ondoren prozesu linealean gauzatzen; aitzitik, hirurak elkar lotuak daude ikuspegi zirkular baten arabera.


    Plangintzaren alorrean, aztertu behar den lehen puntua aplikatu nahi den plangintza edota eskuhartze ereduarena da. Planifikazioaren kontzeptua eta teoria aldatzen joan dira urteen eta praktikaren eraginez, eta egun planteatzen ari diren ereduek hautsi egiten dute organizazioetan eskuhartzeko sistema klasikoekin. Zentzu honetan, Vazquez-ek (1998) egiten digun irakurketa argigarria gertatzen zaigu. Vazquez-ek bereizten ditu eredu paternalista-autokratiko (edo tekniko-razionala) klasikoa eta eredu paternalista-demokratiko (edo ideologiko-kulturala) eguneratuagoa, biak erlazionatzen ditu eta kritikatzen ditu eta paradigma berri bat interpretatzera iristen da, “sistema estrategikoa deituko genukeena (kontuz, ez du zer ikusirik plangintza estrategikoa deitzen denarekin).

    Gai hau garrantzitsua da, ezen hautatutako paradigmak edota ereduak aplikazioaren eta kudeaketaren ezaugarriak baldintzatuko baitizkigu. EusLab egitasmoaren kasuan, eredu berritzaile baten aldeko apustua egin dugu, eta, sistema klasikoagoak baztertuz, Vazquez-en sistema estrategikoaren antzeko batera hurbildu gara.

    EusLab egitasmoa ez da plan detailatua, ez du helburuen despliegerik egiten, eta ez du ekintzen programazio zehatza adierazten. Egitasmo honek erabaki bat hartzen du abiapuntu, norantz iritsi nahi duen iparra finkatzen du eta hara hurbiltzeko nola egin metodologia diseinatzen du. Hortik aurrerako erabakiak eta zehaztapenak partehartzaile ezberdinen esku geratzen dira. Prozesua martxan jarri dugu eta prozesuaren egunerokotasunak egokituko du prozesua bera.

    Diseinatutako metodologiaren arabera, LAB sindikatuko egituraren organo edo gune ezberdinetan ‘Hobemahaiak’ deitu ditugunak eratzen joango dira, bertako kideek horrela erabakitzen badute, gune horietan kide guztien artean hizkuntzaren hobekuntza kudeatzeko. Funtzionamenduan autonomoak diren Hobemahai hauek beren eginkizuna edota misioa definitzen hasten dira, bakoitzak berea, Vazquez-ek (1999) “lan sistema bideragarrietarako ondorioztatzen duenaren antzera: «cada nivel de recursión asume su propia misión, conectándose con los demás (influyendo) pero no inmiscuyéndose en ellos». Hortik aurrera, analisiak egin, jardunbideak finkatu eta burutu eta jarraipenak egingo dira. Eta Hobemahaiak erabakiko du noiz, nola eta noiz arte.

    Kudeaketaren alorrean, bi puntu azpimarratu nahi ditugu: bata, enpresaren kulturari dagokiona eta, bestea, lidergoaren kontzeptuarekin zer ikusia duena.

    Kulturaren aspektuak kontuan hartzeak berebiziko garrantzia du. Beste artikulu batetan esana dugun moduan, «organizazio baten funtzionamendu hizkuntza aldatzeak erro soziokulturalak dituen eraldaketa prozesu bati ekitea esan nahi du» (Marko, 96: 85). Jakina da organizazio orok egituratzen duela bere sistema kultural propioa: funtzionamendu modu, ohiturak, patroi-eredu kulturalak, arau inplizito, hizketa molde, komunikazio sistemak, ... Elementu hauek guztiak organizazioko norbanakoengan eta gizarte erlazioen egituretan oso barneratuak daude, azken finean gizarte erlazio horiek antolatu eta posibilitatzen dituzten elementuak baitira. Horregatik, organizazio baten funtzionamenduaren euskalduntzea proposatzen dugunean, erro sakon eta inplikazio ugari –gehienak inkontzienteak, bestalde– dituen situazio baten eraldaketa prozesua ari gara bultzatzen. Honek guztiak beste zenbait ondorio edo puntu azpimarratzera garamatza:

  • «Eraldaketa soziokulturala (gure kasuan hizkuntzaren normalizaziorako eraldaketa) ez da norbanakoengan oinarritzen, egituretan baizik».
  • Norbanako oro gizarte-harreman sare baten baitan kokatzen da, bai bere sozializazioan, baita bere garapen pertsonalean ere. Bestalde, hizkuntza zerbait bada, jarduera eta harreman kolektiborako oinarrizko tresna da, gizarte egituretan erabat teilakatua dagoena. Horregatik, norbanakoak euskaldunduz ez da ziurtatzen norbanako horiek osatzen duten egitura euskaldunduko denik. Horretarako egituraren erabaki esplizitua eta eskuhartze estrukturala behar dira.

  • «Euskalduntze plangintza, eraldaketa prozesu soziokulturala bezala ulertuta, kulturaren teoriaren alorreko lege batzuen menpe dago».
  • Esan bezala, organizazio baten hizkuntza funtzionamendua aldatu nahi dugunean, beren ohiturak eta patroi-eredu kulturalen eraldaketa bultzatzen ari gara. Horregatik kulturaren teoriak aztertu dituen legeen ezagutza lagungarri suertatuko zaigu prozesu horien ulermenerako; hala nola, berrinterpretazioa (elementu berria patroi-eredu zaharren eta giza taldearen funtzionamendu inkontzientearen barnemuinan txertatzea) edota aldaketarekiko erresistentzia. (Marko, 96: 87)
  • Eraldaketa prozesuan norbanako eta taldeen aspektu psikosozialak kontuan hartu behar dira. Konprometitu direnen lana eta ahaleginek korrespondentzia eta errefortzua behar dute».
  • Psikologia sozialak erakusten digu pertsonen arteko harremanak eta sare sozialak arautzen dituzten legeetan motibazio psikologiko sakonek agintzen dutela. “Saria da motibazioen artean garrantzitsuenetakoa; ez ‘sari’ ekonomikoa, errekonozimenduaren saria baizik, esker ona, konpentsazio eta mesede trukaketaren saria. Horrela, organizazio baten hizkuntza eraldaketa prozesuan kideak konprometitzen badira eta horretan lan egiten badute, egindako ahalegin horri konpentsazioa aurkitu behar diogu. Hori da korrespondentzia: egindako ahaleginaren ondoren nolabaiteko esker ona edota konpentsazioren batekin ‘ezagutu / ordaindu’.

    Korrespondentziarekin batera, errefortzuak lantzea ere komenigarria da: proiektuarekiko gogoa indartzeko aldioroko errefortzuak. Horretarako, zenbait ekintza edo indartze erritualak presta genitzake Kemmis-ek (1988: 36) esaten duenaren bidetik: «dispón ‘rituales legitimadores’, implicando a asesores o a otros ‘forasteros’ que puedan contribuir a mostrar que otras personas respetadas están interesadas en aquello que está consiguiendo el grupo».

    Ideia bera azaldu izan du J. Manuel Gil-ek (1999), ‘Sinergos’eko zuzendariak. Kolaboratzaileen jardunean motibaziorako baldintza egokiak sortzeko bitarteko nagusienetakoa ‘errekonozimenduaren bidezko errefortzua’ izango da. Motibaziorako faktore oinarrizkoa da hau, eta efikazena. Bentaja asko ditu gainera: dohainekoa da, guztion motxilan egon daiteke eta ez da bukatzen. Pertsone(ki)n kudeaketa egiteko trebetasun garrantzitsuenetakoa dugu.

    Lidergoa da kudeaketaren arloan azpimarratu nahi dugun bigarren aspektua. Kudeaketaren kontzeptua administratzearekin oso lotua egon da: eginkizunen programatzea eta teknikoki bideratzea. Hizkuntza eraldaketarekin zer ikusirik duten jardueretan ere ikusmolde hau nagusitu da; horrela, horretaz arduratu den pertsona teknikari deitu ohi da eta bere eginkizun nagusienen artean teknikoki normalizazio programak prestatzea eta gauzatzea (berak prestatutakoa besteek burutzea) egon ohi da.

    Gure ustez, eta hautatu dugun plangintza ereduarekin bat eginez, normalizazio prozesuen kudeaketan lidergoaren kontzeptua indartu beharra dago. Hizkuntza eraldaketa prozesu bat zuzentzen duen pertsonak teknikoa baino liderra izan behar du, liderraren ikuspegia eta praktika bereganatu behar ditu. Liderra eraldaketa bultzatzeko, liderra lider berriak sortzeko, liderra lider eraldatzaile gehiago eraldaketan inplikatzeko.

    Ikerketaren alorrean, azkenik, plangintza eta kudeaketaren ekintza ezagutzarekin elkar lotu beharra azpimarratu nahi dugu. Ezagutza interbentzioaren oinarri gisa eta ezagutza interbentzioaren emaitza eta kapital gisa. Ildo honetan, esate baterako, Carmelo Canales-ek (1999) erakutsitako ‘Arthur Andersen-en ezagutzaren kudeaketaren eredua’ ikusmolde bikaina eskaintzen digu Hizkuntza Prozesuen Ingeniaritzaren baitako ikerketaren alorrarekin jaso nahi duguna ulertarazteko, erlazionatzen baititu lidergoa (ezagutzaren kudeaketa ahalbideratuko duen estrategia gisa) kulturarekin (inteligentzia balore kultural gisa integratzeko), teknologiarekin (informazio sistemak) eta neurketarekin (neurgailu eta adierazleak); hori guztia sistematizatutako prozedura baten barruan eta prozesuak hobetzen laguntzeko xedearekin.

    Hizkuntza Prozesuen Ingeniaritza Diziplina Akademikoa

    Formazioari gagozkiolarik, arlo honetan egun dagoen hutsune handiari lehenbailehen aurre egin behar zaiola uste dugu eta Hizkuntza Prozesuen Ingeniaritza diziplina zientifiko eta akademiko gisa eratu eta egituratu.

    Euskal Herrian badago hizkuntzaren normalizaziorako praktika bizia. Zoritxarrez, defizita handia antzematen da aipatu praktika eta praktika horrek beharko lukeen garapen teoriko-zientifiko eta formatiboan. Egun ez dago arlo horretarako diziplina espezifikorik, ez eta profesionalen formaziorako unibertsitate ikasketarik.

    Gure irakurketan, Hizkuntza Prozesuen Ingeniaritza diziplina eratzea proposatzen dugu, errealitate bati erantzuten dion ezagutza gisa eta errealitate horretan aritzeko profesionalen formaziorako ikasketa gisa.

    Abiapuntua Graduondoko kurtso baten antolaketa izan zitekeen. Kurtso honetan ingeniaritzari buruzko oinarrizko kontzeptuak, oinarri teoriko diziplinartekoak, sistema eta organizazioak, kudeaketa aurreratua eta eskuhartze ereduak eta metodologia, talde dinamikak eta lan teknikak, adierazleak eta jarraipen sistemak, kasu praktikoen analisia eta beste zenbait gai landu beharko litzateke.


    BIBLIOGRAFIA:

    Alegria, I. eta beste. 1999: Eremu urriko hizkuntzen ingeniaritza: garapenerako estrategia. In, Jaurlaritza: Eremu urriko hizkuntzei buruzko VII. Nazioarteko Biltzarra. Kongresuko Dokumentazioa. Bilbo.
    Canales, C. 1999: Gestión del conocimiento. In, Cluster del Conocimiento: Gestores para la industria avanzada. Curso experto en gestión de la tecnologia y la innovación. Ikastaroko apunte fotokopiatuak. Zamudio.
    Cobarrubias, J. 1988: Normalización y planificación lingüística en el País Vasco. In, II.Euskal Mundu Biltzarra: Euskara Biltzarra. II. Atala: Euskara eta gizartea. Eusko Jaurlaritza. Gasteiz.
    Elhuyar 1993: Hiztegi entziklopedikoa. Elhuyar. Usurbil.
    Gil, J. M. 1999: Diseño de estructuras de organizaciones innovadoras: hacia un nuevo paradigma. In, Cluster del Conocimiento: Gestores para la industria avanzada. Curso experto en gestión de la tecnologia y la innovación. Ikastaroko apunte fotokopiatuak. Zamudio.
    Jaurlaritza. 1997: Euskararen erabilera lan munduan. Erabilera planen metodologia. El uso del euskara en el mundu laboral. Metodología de los planes de uso. Eusko Jaurlaritza. Gasteiz.
    — 1998: Euskara arlo sozioekonomikoan. El euskara en el ámbito socioeconómico. Eusko Jaurlaritza. Gasteiz.
    Kemmis, S.; Mctaggart, R. 1988: Cómo planificar la investigación-acción.. Laertes. Barcelona.
    Le Boterf, G. 1993: L’Ingenierie et l’evaluation de la formation. Les editions d’organistions. Paris.
    Marko Juanikorena, J.I. 1995: Hizkuntza plangintza herrietako elkarteetan. Azterketa konparatiboa. Bat-Soziolinguistika Aldizkaria. 15. Zka. 1995eko uztaila.
    — 1996: Hezkuntzaren antropologia. 2. Atala. Kulturaren transmisioa: hezkuntzaren antropologiaren jatorria eta oinarria. UPV-EHU. Hezkuntzaren Tª eta Hª Saila. Apunte fotokopiatuak.
    — 1996: Hizkuntzaren normalizaziorako mikroplangintza proiektua CDH kirol elkartean. Bat-Soziolinguistika Aldizkaria. 20/21. Zka. 1996ko abendua.
    Vazquez, A. 1998: El modelo vasco de transformación empresarial. Hobest. Bilbo
    — 1999: Diseño de estructuras de organizaciones innovadoras: hacia un nuevo paradigma. In, Cluster del Conocimiento: Gestores para la industria avanzada. Curso experto en gestión de la tecnologia y la innovación. Ikastaroko apunte fotokopiatuak. Zamudio.
    BAT aldizkaria: 
    34. 2000ko maiatza. UEMA 1991-2000
    Kokapen geografikoa: 
    Euskal Herria
    Egilea(k): 
    J. Inazio Marko Juanikorena
    Urtea: 
    2000