Iñaki Larrañagarekin elkarrizketa

soziologiako ikasketa orokorrek eta bereziki hizkuntzaren soziologiakoek antropologiaren munduarekin eta beste hainbat disziplinetara ireki ninduten.

Elizaren aldetik, Elizaren jerarkiaren aldetik behintzat, egon den jarrera guztiz ezkorra izan da nik ezagutu dudan historian. Oro har, elizak euskara erabiltzea gaitzetsi eta zigortu egiten zuen gure garaian.

Garai hartan,lehen esan bezala, hirigintza, sozioekonomia, osasuna, hezkuntza eta gainerako alorretan zegoen egoera aztertzen genuen (zerbitzuen beharrak eta hutsuneak zein ziren...). Besteak beste, egoera soziokulturala ere aztertzen genuen, alegia, arazo kultural eta linguistikoak.

ikerlena finantzatu behar zutenei aurkeztu genienean, hasiera batean atzera bota nahi izan zuten, soziolinguistika hitz hori ez zela esistitzen argudiatuz.

familia bidez egiten den hizkuntzaren transmisioa aztertu genuean Baita hizkuntz tipologia desberdinetako lagin zabal baten hizkuntza-historia pertsonalak ere. Ikerketa horiek emaitza guztiz interesgarriak eman zituzten. Gisa horretako lehenak baitziren.

Kontseilu Orokorrak ez zuen onartu Iparraldea bere osotasunean hartzerik. Kostaldea, haien aburuz, ez zen euskalduna, beraz, ez zegoen azterketaren beharrik Politikoek erabakitzen dutenean zientifikoki atera beharreko konklusioak horrelako porruhaziak gertatzen dira...

Hemen ez baitago hobekuntza nabarmenik estankamentua baizik, hau da, alde batetik irabazten duguna beste aldetik galtzen ari baikara. Euskaldunen proportzioak orokorrean ez du gora egiten. Izan ere, orain Euskal Herri osoan euskaldun elebidunak %22,5a omen gara eta duela hogei urte ere proportzio beretsua zen.

Gaitasun komunikatiboaren eta hizkuntza aberastasunaren murriztea begi bistan gertatzen da. Izan ere, erdarara geroz eta errazago jotzen dutela ikusten dut.

hizkuntzarekiko atxikimendu sakon baten falta ikusten dut. Ez dago prestigioa duten beste hizkuntzek inposatzen duten erasoari aurre egiteko konbentzimentu sakonik. Ez familiak, ez eskolak, ez beste inork ez digute lagundu arrazoizko motibazio sakonak landu eta barneratzen

IÑAKI LARRAÑAGA:«Orain Euskal Herri osoan euskaldun elebidunak %22,5a omen gara, eta orain dela hogei urte ere hala ginen. Non dago, beraz. euskaldungoaren gorakada?»

Ezaguna du aldizkari honek Iñaki Larrañaga. Bera izan zen elkarrizketatu zuen lehen aditua eta geroztik, bere atzetik beste hemezortzi izan dira. Lehen elkarrizketa hartan euskararen uneko egoera, azken urteetako bilakaera eta etorkizunari buruzko galdera nagusiak erantzun behar izan zituen. Hamarkada osoa joan da eta hemen dugu berriro Iñaki Larrañaga. Soziolinguistika aplikatuaren Euskal Herriko aintzindari eta bilakaeraren lekuko historikoa izan dugu. Erretiroa dela medio, gaur egun SIADECOn zuen eginbehar profesionaletik urrundu bada ere, euskalgintzan bere ekarpenak bizirik dirau. Orain urte bete Zenbat Gara aldizkarian hautsak arrotu zituen artikulua idatzi zuen eta egun Txepetxekin batera Bizi+Hitza Fundazio Hololinguistikoaren erditze lanetan ari da. Soziolinguistika baino haratago, Munduko hizkuntzen arazoari irtenbide berriak aurkitu nahian.

Bere ibilbideaz eta euskararen inguruan egindako ikerketaz mintzatu gara Itsasondoko bere etxean. Denborak hala behartuta elkarrizketa amaitu denean, ordea, elkarrizketatzaileok sartu aurretik egin asmo genizkion galderak baino gehiago egin nahian atera gara. Hona hemen, beraz, Itsasondon jasotakoa, ahal izan dugun neurrian irakurleari erraz eskuratzeko moduan jarria.

Noizkoa duzu euskaltzaletasunaren grina?

Ni, Lazkaon, 1933an jaioa naiz, gerra aurretik, beraz. Euskal ingurune batean bizi izan ginen. Lazkaon bazen «eskola txikia» izeneko bat. Eskola hartako hizkuntza bakarra euskara zen. Gerra amaitzean, 1939an, nik sei urte nituela, «eskola nazionalera» pasa gintuzten, erabat giro erdaldunekoa. Euskara erabat gaitzetsia zen. Betiko kontua, zigorra zigorraren atzetik, hamaika kazkarreko eta ostiko, belauniko jarri eta liburuak eskutan eduki behar, eraztuna., goizero «Cara al sol» kantatu behar... Horiek guztiak bizi behar izan genituen orduko beste euskaldun askok bezalatsu. Gainera, maisu zital bat bagenuen, euskaraz hitz egiteagatik gogor erasotzen zuena. Hortik atera kontuak garai hartan gure egoera nolakoa zen. Familian eta lagunartean euskaraz bizi ginen eta eskolan, berriz, erdaraz. Ez genuen gogokoa erdara.

Gerra ondoren Legazpira joan ginen bizitzera, aitak han lan egiten zuelako. Hango eskola nazionalean ere gauza bera gertatzen zen, gero, Lasalleko fraileekin berdin, dena erdaraz. Baita Seminarioan ere, Saturraranen hasieran eta Gasteizen gero. Gasteizkoa utzi eta 1953an etorri ginen Donostiara. Hemen ere erdi klandestinitatean ibiltzen ginen euskaraz irakurtzen, idazten.. Bertan 1953 eta 1957 bitartean egon ginen, denak gipuzkoarrak ginenez, gehienak euskaldunak, egoera lasaixeagoa zen. Hala ere, Eliza eta Elizako buruen aldetik jarrera oso zen aurkakoa. Bitxikeria modura esan nezake, seminarioko azken urtean, ni apaiz egin ala ez zalantzan ibili zirela euskararen inguruko kontuak zirela eta. Lurdesera urtero egin ohi zen peregrinazioan gu espainolak ez ginela esan genuelako, eta euskaraz besterik ez genuelako hitz egin eta kantatu...

Beste bitxikeria bat orduko gotzaiak, katalana bera, apaiz ordenatu gintuzten eguneko bezperan, hitzaldi batean esan zigun, berak jakingo balu gutako norbaitek Juan de Iturraldek idatzitako «El catolicismo y la cruzada de Franco» libura irakurri eta bertan esaten zenarekin bat zetorrela ez gintuzkeela apaiz ordenatuko. Ordurako gutako gehienok liburu horiek irakurrita genituen...

Nolanahi ere, prozesu horren azken errematea Parisen bizi izan nuen. Lehenik Unibertsitate Katolikoan (1958-1960) eta gero Sorbonan (1960-1962). Hemendik abiatu nintzenean sentimenduak arrazoiaz landu gabe joan nintzen. Hango egonaldiak distantzia hartzearekin batera, lotura sakondu eta hizkuntza, euskal kultura eta euskal izaeraren garrantzia eta balioa arrazoitzeko balio izan zidan. Han, soziologiako ikasketa orokorrek eta bereziki hizkuntzaren soziologiakoek antropologiaren munduarekin eta beste hainbat disziplinetara ireki ninduten. Beraz, ordura arte sentimenduz bizi izandakoak arrazionalizatu eta jarrera aktiboagoa hartzera eraman ninduen.

Eliza eta elizgizonak aipatu dituzu. Zein da eliza eta elizgizonek euskararekiko izan duten jokabide orokorra zure iritziz?

Elizaren aldetik, Elizaren jerarkiaren aldetik behintzat, egon den jarrera guztiz ezkorra izan da nik ezagutu dudan historian. Oro har, elizak euskara erabiltzea gaitzetsi eta zigortu egiten zuen gure garaian. Bestalde historian atzera joz euskaraz idazten lehenak izan zirenen garaietaraino alegia, salbuespenak salbuespen, esan liteke euskara erabili zutela ez euskararekiko sentitzen zuten atxikimenduagatik eta euskarari ematen zioten balioagatik, baizik eta erlijiozko mezuaren trasmisio-tresna bezala erabili ahal izateko. Nik uste horretan arrazoi duela Txema Larreak Euskaldungoa erroizturik liburuan. Kasurik gehienetan helburua ez zen euskararen balioa ezagutaraztea eta arrazoitzea, erlijiozko mezua transmititu nahia baizik. Hori legitimoa da, baina garbi esan beharra dago.

Gure garaietara etorriz, eta Espainiako gerraren ondoren bereziki, gauzak nola joan diren ikusita, hemen jerarkiaren aldetik jarrera oso ezkorra ez ezik erasokorra ere izan dela esan behar da. Zigor eta zentsura ugari izan da euskara dela eta ez dela. Halere, Elizaren barruan egon da lurralde bakoitzean euskararen alde gogoz lan egin duen apaiz talderik, beharbada aipatu dugun anbiguitate horrekin, alegia, zer den euskararen aldekoa eta zer erlijiozko mezua transmititu nahia? Ez da erraza bereizten, baina ukaezina da balio handiko jendea egon dela, eta euskarak duen baliogatik landu duena. Burura datorkit Joxe Migel Barandiaran bat. Horrek euskaraz idatzi duena ez du erlijioari buruz idatzi, bere lan zientifikoari buruz baizik, gauza asko erdaraz idatzi baditu ere.

1960ko hamarkadan giro berria sortu zen Batikanoko Kontzilio II.ak elizkizunak eta gaineratikoak tokian tokiko hizkuntzan egitea erabaki zuenean. Horrek euskara erabiltzeko ate bat zabaldu eta euskararekiko jarrera negatibo hori neutralizatzeko bidea eman zuen. Gaur egun, zoritxarrez, Euskal Herriko Elizak, elebitasun orekatuaren izenean, iruditzen zait ez duela batere txukun jokatzen eta ez diola euskarari zor zaion lekurik ematen.

SIADECO noiz hasi zen lehenengo azterketa soziolinguistikoak egiten? Eta hasi zinetenean, (Euskaltzaindiarena izango da, beharbada, horretan lehena) zein baliabide tekniko eta analitiko zenuten?

SIADECO 1967an sortu genuen. Kezka desberdinetako lagunak bildu ginen hor. Talde-lana egin nahian. Batzuen kezkak gizarteari buruzkoak, gureak, hirigintzari buruzkoak zenbait arkitektuenak, industriari buruzkoak injinari zenbaitenak, ekonomiari buruzkoak ekonomilarienak eta legeari buruzkoak zenbait legegizonenak. Orain esaten den moduan talde multidisziplinarra zen hura.

Desarrollismoa irakiten zengoen momentua bete-betean bizi izan genuen. Bazter guztietan nola halako industriak sortzen ziren. Bestalde, auzoak, pobladoak, etxebizitzak nolanahi erakitzen ziren... Une horretan Donostian ikastaro bat antolatu zuten, italiar bat etorri zen, Marco Marchioni izenekoa. Duela gutxi berriro hemen ibili dela jakin dut. Ikastaro horren bukaeran gogoeta sakon baten beharra somatu genuen: «Martxa honetan nora goaz? Zein izango da Euskal Herriaren etorkizuna?» Industrigintza eta hirigintza auzitan jartzen zen, baita horrek zekarren inmigrazioak sortutako egoera sozio-kulturala ere. Hori guztia planifikatzeko behar larria ikusten zen. Izan ere, etxeak eta industriak eraikitzen ziren, ez, ordea, eskolak edo osasun zentroak ez parkeak eta berde-guneak. Guztia hormigoi eta asfaltoz bete nahia ageri zen. Herrien hazkundeak izugarrizko abiada hartu zuen. Une kaotikoa zen benetan. Azken hogei urte hauetan orduan egindako akatsen ondorio txarrak konpondu ezinik gabiltza, nola azpiegituretan, hala industrigintzan, hirigintzan eta batez ere, arlo soziokulturalean.

SIADECO (Sociedad de Investigación Aplicada al Desarrollo Comunitario), orduan sortu genuen. Ezin euskarazko izenik erabili. Garai hartan,lehen esan bezala, hirigintza, sozioekonomia, osasuna, hezkuntza eta gainerako alorretan zegoen egoera aztertzen genuen (zerbitzuen beharrak eta hutsuneak zein ziren...). Besteak beste, egoera soziokulturala ere aztertzen genuen, alegia, arazo kultural eta linguistikoak. Izan ere, uholde horren erdian, euskara eta euskal kultura irentsiak izateko arrisku bizian ikusten genituen. Une horretan gaia aztertu eta eztabaidatu beharraz jabetu ginen. Egoera horretan ekimen ugari sortu zen, ikastolak, gau-eskolak, artegintzako taldeak, kantagintzakoak, idazleenak, e.a. Euskal hizkuntza eta kultura irentsiak izateko arrisku bizian ikusten genituen eta erresistentzia moduko jarrerak piztu ziren, urrats berriak emateko abiapuntu izan zirenak. SIADECO ere giro horren barruan ulertu behar da. Gure taldeak hasieratik izan zuen hizkuntzari buruzko kezka eta ardura. Egiten genituen lan guztietan datu demografikoak biltzen genituen, eta horiekin batera, besteak beste, hizkuntzaren ezagutzarena, jarrerak... baina, datu horiei tratamendu berezirik eman gabe 1972 arte.

1972-75 bitartean bizpahiru ikerlan agertu ziren. Pedro de Yrizarrek (1972) egin zuen azterketa demolinguistikoa, Txepetxek(1972) Situación del Vascuence en Navarra, Apat Etxebarnek(1974) Aingeru Irigaraik 1935ean bildutako datuak eta 1970an Txepetxek jasotakoak alderatuz egindakoa, Joxe Anjel Irigaraik Euskera eta Nafarroa liburuan Nafarroako egoerari buruz egindako gogoeta... Orduan hasi ziren hemen gauzak mugitzen eta euskararen egoerari buruzko gogoeta egin beharraz hitz egiten hasi ginen.

Euskararen egoerari buruzko lehen ikerketa orokorra zuen lana izan zen. Azal iezaguzu nondik-nora egin zenuten.

1975an Euskaltzaindiari euskararen egoerari buruz azterketa orokor bat egiteko ardura hartzeko eskaera egin genion. Mitxelena eta gaineratikoek ongi ikusi zuten eta Caja Laboralak finantziatzea lortu zuten. Orduan (1976) hartu zen Euskal Herriari buruzko ikerketa bat egiteko erabakia. Gaiari zegokion seriotasunez heldu asmoz, lehenik Euskararen liburu zuria deituko zena egitea erabaki zen. Alegia, euskararen egoerari buruzko gogoeta sakona (historia, tratamendu juridiko-legala, kontzeptu eta planteamendu teorikoak...) egin beharra zegoela. Bigarren urratsa Euskal Herri osoko azterketa soziolinguistikoa egitea izan zen. Ikerketa hori 1975eko erroldako datuetan oinarrituz egin genuen Hegoaldean eta 1971ko datuekin Iparraldean. Ikerlana 1977an amaitu genuen. Ez genuen egoera orokorraren azterketa egin soilik, azterketa sektorialak ere egin genituen (ikastolak, gau-eskolak, irratigintza, liburugintza...). Laburpen gisara Hizkuntz borroka Euskal Herrian liburua argitaratu genuen. Txostenen laburpena Martin Ugalderen esku jarri genuen, testuak kazetari ukitua ematea nahi baikenuen, ulerterrezagoa eta arinagoa izan zedin.

Tarte horretan (1976) Herri Irratikoek sekulako azaina lortu zuten «24 ordu euskaraz» emanaldi ikusgarria borobilduz. Ezinezkoa zirudiena lortu zuten.

Gure aldetik, hirugarren urratsa plagintza moduko bat egitea izan zen. Adibide gisara euskararen irakaskuntza hartu genuen eta hor, plangintza orokorraren barruan zehazki gauzak nola zeuden aztertu, nondik zetozen, zein behar sortuko ziren irakasle aldetik, gau-eskolek zein premia izango zuten... zehazten saiatu ginen.

Bitxikeria modura, merezi du kontatzea gure lanari «Euskararen azterketa soziolinguistikoa« deitzeko proposamena egin genuenean gertatu zitzaiguna. Izan ere, ikerlena finantzatu behar zutenei aurkeztu genienean, hasiera batean atzera bota nahi izan zuten, soziolinguistika hitz hori ez zela esistitzen argudiatuz. Azkenean aurrera egin zuen terminoak. Euskaltzaindian bertan ere izan ziren izen hori gustokoa ez zutela esan zigutenak.

Baliabide tekniko eta teorikoei dagokienez esan beharrik ez dago oso eskasak zirela. Esku artean geneukan informazioa Yrizarrek Euskal Herri osorako eta Txepetxek, Irigaraitarrek eta gainerakoek Nafarroan egindako lanak ziren. Aportazio teorikoei dagokonez nik Aracil ezagutu nuen eta berarekin harremanetan jarrita geunden. Escola d�Estiu antolatzen zen han eta ni saioren batera eraman ninduten. Aracil bera ere han tokatu zen eta elkar ezagutu genuen 1976 inguruan. Ordutik harremanak izan genituen eta beranduago(1978) Euskaltzaindiakoekin batera neu ere hango unibertsitateak deituta Euskararen liburu zuria eta Azterketa Soziolinguistikoaren emaitzak aurkezten izan ginen. Hitzaldi hartan ere Aracilekin topo egin genuen. Geroztik urte luzeetan izan ditugu harremanak. Orain arrastoa galdurik nago...

Ninyolesekin ere izan ditut harremanak. Berak idatzitako liburu batzuk ezagutu nituen, besteak beste Lengua y poder social eta 4 lenguas para un Estado izenekoak. Bestalde, nik Parisen ikasitako apurra... Kontuan har dezagun garai hartan «soziolinguistika» hitza existitu ere ez zela existitzen, edo Europan behintzat, ez zela ezagutzen. Aracil izan zen Estatu Batuetatik han 1952an plazaratu zen terminoa hona ekartzen lehena. Parisen ere, esaterako, ez zegoen soziolinguistikako katedrarik, beti hizkuntzaren soziologia izaten zen jorratutako ikuspegia eta beti hautazko gai moduan.

Alde horretatik guk genuen oinarri teorikoa ez zen espezializazio berezi batean oinarritua. Gu etorri ginenetik(1962), ordea, hamar urte pasa ziren eta geroztik bagenuen Frantziako produkzioaren berri (L.J. Calvet �1974- Colonialisme Lingustique). Bestalde, Aracilen bidez Ameriketako berri ere bagenuen. Orduan ezagutu genituen Fishmanen ekarpenak, Quebec-ekoenak, Mackey eta gaineratikoenak. Erreferentzia teoriko horietan oinarrituz diseinatu genuen azterketa soziolinguistikoa egiteko oinarrizko inkesta, jendeari galdetu nahi geniona,alegia. Galdetegia zirriborratu eta Euskaltzaindiak jarraipenerako antolatutako batzordearekin eztabaidatu ondoren onartua izan zen.

Baliabide tekniko eta materialak oso eskasak ziren. Herriz herri, udaletxeetara joan eta erroldak aztertzen ibili ginen, zozketa irizpideak aplikatuz lagina egiteko datuak ateratzen, nori egin inkesta... Bildutako informazioa nola landu? Pentsa, adibide gisa, SIADECO sortu aurretik, Hernaniko azterketa soziologikoa egin genuenean (1962-64) Gipuzkoan «ordenadore» bakarra Kutxak Pasaian fitxa perforatuak sailkatzeko zuen klasifikadora bat zen. Euskaltzaindiako lana egin genuenerako EUTGn ere bazen ordenagailu sail bat. Horkoekin harreman onak genituen, besteak beste, elkarrekin diseinatu genuelako inkestaren lagina. Geroztik egindako lanak, geuk gure tresnak eskuratu arte, bertan egiten genituen datu-esploraketa elektroniko guztiak.

Hori hasiera izan zen. Eta ondoren zein bide hartu zuen ikerketa lanak?

Azterketa soziolinguistiko orokorraren ondoren egindako ikerlan zehatza Gipuzkoako Foru Aldundiak eskatutakoa izan zen. Erroldaren azterketa zuen oinarria. Gipuzkoako biztanleen herriz herrikako ezagutza maila aztertu genuen. Geroago euskararen erabilera objetiboari buruzko azterketa egin genuen. Alegia, erroldan jendeak zer esaten zuen jasotzen genuen, neurketa objetiboarekin euskara erabiltzen zenbati entzuten zitzaion neurtu nahi genuen, 1982-3a zen. Hori izan zen Gipuzkoan egindako lehen lana eta geroztik metodoa hobetzen joan zen herriz herri egindako ikerketetan eta eskualdeka egindakoetan.

Aldi berean familia bidez egiten den hizkuntzaren transmisioa aztertu genuean Baita hizkuntz tipologia desberdinetako lagin zabal baten hizkuntza-historia pertsonalak ere. Ikerketa horiek emaitza guztiz interesgarriak eman zituzten. Gisa horretako lehenak baitziren.

1982 eta 1990a bitarteko epean hiriburuetako (Donostia, Gasteiz, Iruñea eta Bilbo) euskararen egoerari buruzko azterketen garaia izan zen, baita herri eta eskualde askotako azterketak egiteko garaia ere. Hamarkada hori izan zen azterketa orokor gehien egin zena eta hurrengo hamarkadan joerak jarraitu baldin bazuen ere, azterketa sektorialagoak izan ziren (gazteen jarrerak merkataritza, aisialdia...). Garai horretakoak dira, halaber, Tolosako Udalak antolatu zituen jardunaldiak non Aracil eta biok jardun ginen soziolinguistika aplikatuari buruz oinarri teorikoak eta aplikatzeko bideak eztabaidatzen. »Euskara gizarte-bizitzan» (1983) liburuxka batean bildurik daude han egindako azalpenak

1990ean Bilbon egin genuen hiriburuetako azkeneko azterketa soziolinguistiko orokorra. Horrek jarraipena izan du hamar urte beranduago(1999) Txepetxek argitaratu duen liburu batean, Márgenes de encuentro. Bilbao y el euskera. Gure ustez merezi zuen bildutako datuei buruz gogoeta eta kontestualizazio teoriko egokia egitea. Udalak onartu zuen arren, zinegotzi aldaketarekin hori eten egin zen eta orain argitaratu da, hamar urte beranduago. Hamar urte horietan eboluzio nabarmena gertatu da teorizazio eta kontzeptualizazio mailan, bai eta teknika mailan ere. Urte horiek izan dira soziolinguistika aplikatuaren alorrean oparoenak, guri dagokigunez, behintzat.

Ipar Euskal Herrian euskararen egoera larria da. Zer egin zuen SIADECOk?

Garai horretakoak dira Iparraldean egindako ikerlanak. Lehenbizikoa Zuberoko «SU AZIA» elkarteak eskatuta egin zen, Iparraldeko egoera soziolinguistikoaren lehen azterketa. Ikerketa finantziatu zuen Kontseilu Orokorrak ez zuen onartu Iparraldea bere osotasunean hartzerik. Kostaldea, haien aburuz, ez zen euskalduna, beraz, ez zegoen azterketaren beharrik Politikoek erabakitzen dutenean zientifikoki atera beharreko konklusioak horrelako porruhaziak gertatzen dira...

Geroxeago «Seaska» ikastolen elkarteak eskaturik Iparraldeko ikastolei buruzko ikerketa burutu genuan. Bertan agertu ziren ikastoletako haurren gurasoen kezka eta zalantzak ez ezik aurrera egiteko erabaki sendoak ere.

Azkenik Eusko Jaurlaritzak Euskal Herri osoan 1991.urtean burutu zuen Inkesta Soziolinguistikoaren Iparraldeari zegokion atala gure taldeak egin zuen datu-bilketa, analisia eta interpretazio-txostena barne.

Hortik aurrera beste hainbat ikerlan egiten jarraitu du SIADECOk Iparraldean (Euskal Irratiek eskatutakoa, Hendaiako hiriko euskararen egoerari buruzkoa, Euskal Kultur Elkartearentzat abesbatzei buruzko ikerketa...)

Eskua bete lan egin izan du, beraz, SIADECOk, azterketak egitera mugatu izan al da?

Hamarkada horren hasierakoak dira «Iruinean Sortua» izeneko Agiria. Txepetx eta Aracilek beste batzuen artean deiturik elkartu ginen katalan, gailego eta euskaldun talde bat (35 lagun) «El idioma del Estado y el estado de los idiomas»gaiaren inguruan eztabaida eta gogoeta egiteko.

Handik sortu zen 1985eko uztailean Getxon ospatu zen «Hizkuntz Minorizatuen Soziologia» izeneko kongresua. Bertara bildu zen adituen taldeaz gainera (Aracil,Txepetx, Mackey, Cobarrubias e.a. ) hizkuntz minorizatuen gaiaz kezkaturik geunden hainbat jende, bereziki Euskal Herriko, Galizako eta Paisos Catalansetako ikasle, irakasle eta ikertzaile talde bat bildu ginen.

Kongresu horren bukaeran jabetu ginen, beste gauza askoren artean, gure egitekoa ez zela kongresuak antolatzea. Hobe genuela gisa horretako lanak erakunde ofizialen esku uztea, azkenean eurak finkatzen dituztelako mugak eta baldintzak.

Eta horrela gertatu zen. Handik aurrera sortu berriak ziren erakunde ofizialak (HPIN eta beste) izan ziren kongresuak antolatze lanari heldu ziotenak. Guk, gure arteko topaketak egiten jarraitu genuen ahal izan genuen arte.

Gatozen gaur egungo egoerara. Zenbat Garan argitaratu zenuen artikuloaren haritik gehiegizko baikortasuna salatu duzu, ezta?

Bai, gehiegizko euforia ikusten nuela esan nuen, «dena ondo doa», «gauzak ondo egiten ari gara», «aurrera goaz»... euforia kuantitatiboaren arazoa ikusten nuen. Nik, berriz, ez dut ikusten euforiarako arrazoirik. Izan ere, ikus dezagun zer den euforia sor dezakeena eta zer ari den gertatzen. Nik ikusten dudanez euskaldungoaren hobekuntza frogatzeko aipatzen direnak beti ezagutzari dagozkion datu kuntitatiboen gorakadak izaten dira, nire ustez ez behar bezala interpretatuak gainera. Hemen ez baitago hobekuntza nabarmenik estankamentua baizik, hau da, alde batetik irabazten duguna beste aldetik galtzen ari baikara. Euskaldunen proportzioak orokorrean ez du gora egiten. Izan ere, orain Euskal Herri osoan euskaldun elebidunak %22,5a omen gara eta duela hogei urte ere proportzio beretsua zen. Beraz, kantitateaz ari bagara, zein urrats handi eman dugu?

Hori nahikoa ez balitz, argi ikusten dudana da guk daukagun marko juridiko-politikoak, hasteko, hizkuntzaren normalizazioa ezinezkoa egiten duela dagoen bezala jarraitzen duen bitartean. Badirudi, orain hogei urte Konstituzioan hizkuntzei ematen zitzaien lekuaz egin ziren salaketak (Euskaltzaindiarena adibidez) ahaztu egin ditugula. Konstituzioek eta lekuan lekuko legeek markatzen dutena omen da joku eremua, hala esaten zaigu, eta nik ez dut uste hori joku zelaia denik bonba-minaz beteriko zelaia baizik . Hori ezin dugu ahaztu.

Horrekin ez dut esan nahi marko hori aldatu bitartean ezer egin gabe egon behar denik.. Horrekin batera euskarak bizi dituen egoera administratibo desberdinen arazoa ere hor dago. Elebitasuna EAEn alde batetik, elebitasunik ere ez Nafarroan bestetik, eta deus ere ez Ipar Euskal Herrian. Horrekin batera, ordea, behar dugun marko juridikoari zein forma eman behar zaion finkatzeko gogoeta sakona egin beharra dagoelakoan nago. Bai eta, horretara iristeko eman behar diren pausoez ere.

Izan ere, lehen aipatu dugun konfusio bidea berriro hartuz, hitz batzuk modan jarri dira. Horien artean dago «normalizazio» hitza, hizkuntzarena, politikoa, kulturala... dena da normalizazioa. Oso ondo, baina, zertaz ari gara? Eta zein dira normalizazioa egoteko baldintzak? Marko juridiko horrek berak ezinezkoa egiten du hizkuntzaren normalizazioa desberdintasunaren printzipioan oinarrituta dagoelako, bata derrigorrezkoa delako eta besteei, berriz, ez zaielako halakorik aitortzen. Beraz, ez dago normalizaziorik.

Bestalde, normalizazio prozesua bideratu ahal izateko ezinbestekoa da hizkuntzen arteko berdintasunaren printzipioa kontuan izatea. Eta horixe da,hain zuzen, Espainiako eta Frantziako konstituzioek eta beren baitako legeek onartzen ez dutena, era horretan espainola eta frantsesa ez diren hizkuntzen normalizazio prozesuari bidea itxiz.

Gatozen euskararen kalitatera, alegia, euskaldunen gaitasun komunikatibora. Euskalduntze prozesuan orain arte nire ustez aintzat hartu ez den puntua izan da. Eskolatzearen bidetik datozkigun belaunaldi berrien euskararen mailari buruz, euskaraz komunikatzeko gaitasunari buruz, erregistro formal eta informalak eta horri buruz, zer duzu esateko? Lehenago prozesuaren alderdi kuantitatiboa aipatu duzu, eta kualitatiboaz, prozesuaren nolakotasunaz zer duzu esateko?

Hasteko eta behin, esan behar da euskaldunon arazo nagusia ez dela kopuruarena, beste zerbaitena baizik. Gure hizkuntz komunitateak dituen 15 urtetik gorako 550.000 hiztunekin osatu ezinik ez daukagu hizkuntza komunitate normalizatu bat. Hortxe daukagu Islandiako kasua, non kopuru horren erdira iristen ez den hiztunekin hizkuntz komunitate guztiz normalizatua bezala funtzionatzen duen. Ez da, beraz, kopuru arazoa hizkuntz komunitate hori hizkuntzaren funtzioen arabera artikulatzea eta konpaktatzea baizik, eta hor dago gure hutsunea. Bestalde, hizkuntzaren kalitateari begiratzen badiogu, batez ere, euskara eskola bidez jasotzen ari diren belaunaldi hauen kalitateari begiratzen badiogu, nire ustez gainbehera doa. Herri euskaldun hauetan ikusten dugu hori modu berezian. Belaunaldi batetik bestera eta belaunaldi berean seme-alaba zaharrenetatik gazteenetara nabarmentzen den zerbait da. Gaitasun komunikatiboaren eta hizkuntza aberastasunaren murriztea begi bistan gertatzen da. Izan ere, erdarara geroz eta errazago jotzen dutela ikusten dut. Hori Itsasondon gertatzen da, kontuak atera herri handiagoetako egoera nolakoa izango den.

Horrekin batera, ordea, kezkagarria da, jatorriz euskaldun izan eta euskaraz egiteko gaitasuna duen hainbat jendek erdaraz aritzeko duen joera tamalgarria. Hor nire ustez gaitz gaizto bat dugu.Oraingo egoera beste diglosia mota bat da. Nik neure familian bizi dut egoera hori. Gure ondorengo belaunaldikoek, nahiz senar emazte edo guraso gazte, nahiz ezkongabeak, guztiak euskaldunak izan arren barra barra erdaraz hitz egiten dute. Gurekin eta haurrekin hitz egiteko erabiltzen dute euskara. Eta gehienak ikastolatik pasatakoak dira... Zer gertatzen da hor?

Bada beste gauza bat ere. Euskara-erdararen nahasketarena edo euskañol delako hizkuntzarena alegia, pidgin baten antzeko zeredozer. Euskaraz erosotasunez hitzegiteko trebetasuna geroz eta eskasagoa dela iruditzen zait. Jende asko somatzen dut erdarara jo beharrean ezin dituelako zenbait gai euskaraz azaldu.

Azkenik, horren guztiaren azpian hizkuntzarekiko atxikimendu sakon baten falta ikusten dut. Ez dago prestigioa duten beste hizkuntzek inposatzen duten erasoari aurre egiteko konbentzimentu sakonik. Ez familiak, ez eskolak, ez beste inork ez digute lagundu arrazoizko motibazio sakonak landu eta barneratzen. Ez dugu euskararen balioa zalantzan jartzen dutenen arrazoiei buelta ematen ikasi. Hitz bitan esateko, ez dugu nahikotasun mailara iristen den kontzientzia linguistikorik. Hizkuntza eta berarekin loturik doazen biziaren baloreak ez ditugu behar bezala gureganatu. Eta badirudi gainera ez dugula horren hutsunerik sentitzen. Bide horri jarraitzea nahiago dugula, alegia.

Hor dago, nire ustez, gaitza, odolean daramagun leuzemia gaizto baten antzeko zerbait, eta gaitz hori sendatzeko odola berritu beharra dago oso osorik. Hau da, ideia berriak (hizkuntza biziarekin lotzen lagunduko digutenak) eta praktika berriak (gure bizitzako esparru guztietan gure hizkuntza erabiltzea guretzat pozgarrri eta besteentzat erakargarri egingo duena). Bide berriak urratu beharra, alegia. Baina hori beste kontu bat da.

BAT aldizkaria: 
35. 2000ko uztaila. Hizkuntza eskubideak eta lege eremua
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Egilea(k): 
Joxe Manuel Odriozola; Imanol Esnaola
Urtea: 
2000