Hizkuntza gutxitua, bizi iraupena eta normalkuntza

Euskararen kasuan, argi dago, euskara batuak ezin eten dezakeela Ipar Euskal Herriko galera. Baina EAE, eta, neurri batean, Nafarroan euskararen berreskurapenean lortutakoa, besteak beste, euskara batuaren onarpen eta hedapenaren ondorio zuzena da.

Guk, behintzat, ez dugu euskararen egoerari buruzko diagnostiko bera egiten orain eta orain dela hogei urtean. Egia da, euskaldunen proportzioa ez dela nabarmenegi hazi azken hogeita hamar urte hauetan baina euskara batuaren –Estandarra– kalitatea, onarpen soziala eta hedapena oso bestelakoak dira orain eta duela hogei urtekoren aldean.

Hizkuntza gutxituaren erabilera-maila, bada, interpretazio anitzeko adierazlea da. Hizkuntzarekiko leialtasuna edo atxikimendua, euskaldunen arteko trinkoketa edo euskara batuaren –hizkuntza Estandarra– hedapen eta onarpenaren adierazle gisa uler daiteke. Horrela da, baina, problema erabileraren neurketa bera da.

Erdararen erabilera ez dugu neurtzen, ez dugu esaten euskaraz hainbeste eta erdaraz honenbeste. Gehienetan inplizitu geratzen da erdara osotasunez eta normaltasunez erabiltzen dela.

Hizkuntzaren bizitasuna (bizitasun etnolinguistikoa) hizkuntzaren statusak zehazten du. Hizkuntzaren statusa bada, faktore demolinguistiko, soziolinguistiko, linguistiko, politiko eta psikolinguistikoen arabera zehazten da.

Euskara, gutxiengoaren hizkuntza gutxitua da. Deskribapen estatistikoek argi adierazten dute Euskal Herrian biztanleriaren %23k besterik ez dakiela euskaraz.

Faktore horiek, pisu demolinguistiko urria, euskaldunen sakabanaketa eta lurraldearen zatiketa administratibo-politikoa, hizkuntza gutxituaren egoera zailaren adierazle esanguratsuak dira. Egiturazko faktore horiek, hain zuzen ere, ezinbestekoak dira hizkuntzen arteko asimetria ulertzeko.

Maila batean edo bestean euskarak lortu du presente izatea gizarte esparru gehienetan baina inon gutxitan lortu du erabilera hizkuntza izatea. Honetan datza, hein handian behintzat, euskara hizkuntza gutxitua izatea; zenbait lekutan euskaldunak gehiengo izanda ere, euskara ez da erabilera hizkuntza izatera iristen.

Ikusten denez, euskararen egoera demolinguistikoa ez da bat ere ona normalkuntza erdiesteko. Euskaldunak gutxi izateaz gainera oso sakabanaturik daude. Baikor izanik, udalerri gehienetan euskaldun bat edo beste badagoela esan dezakegu baina, trukean udalerri gehienetan gutxiengoa dira.

Alabaina ez dezagun pentsa euskararen Estandarizazioan eta euskalduntzean dena egina dagoenik. Ezta gutxiago ere! Euskara batuak, ajeak aje, baditu eduki, oraindik-orain, hutsune ugari, badago zer hobetu eta zer zuzendu.

Zein da, bada, euskararen bizi iraupenerako EZINBESTEKO euskaldunen proportzioa? Proportzio zehatz bat esatea zaila da. Hala ere, Euskal Herriko gizartea, dagoenekoz, zerbitzu-gizartea dela kontuan hartzen badugu eta, horrelako gizarteetan sektore publikoak duen tamaina eta garrantzia zein den, jakitun izanik, ausartuko ginateke esaten EZINBESTEKO euskaldunen proportzioaren atalase-maila heren bat dela.

EAEn zerbitzu eta administrazio publikoetako lanpostuak ia milioi erdia izatera iristen dira. Beste alderditik EAEko 16 urtetik gorako euskaldunak 438.400 omen dira[10]. Euskaldun guztiak ez dira nahiko zerbitzu eta administrazio publikoetako lanpostuak betetzeko!

Erabilera isotropiakoa %50ri hurbil dakion zerbitzu eta administrazio publikoetan elebidunen proportzioak %75 inguruko beharko zukeen. Darabilgun adibideari jarraituz, zerbitzu eta administrazio publikoetan 346.350tik gorako lanpostu elebidun beharko lirateke.

Gure ustez, berrets diezaiogun, hizkuntza gutxituaren hiztunen proportzioa herena edo txikiagoa denean desagertzeko arrisku eremuan dago. Hizkuntza gutxituaren hiztunen proportzioa herenetik gora izango balitz ere, hizkuntza politikoa eraginkorra BEHARREZKOA izango litzateke egoerari eusteko eta normalkuntza erdietsi ahal izateko.

Zerbitzu eta administrazio publiko sektoreetan lanpostuen %58 edo gehiago elebidunak izan beharko lirateke oraingo euskaldunek euskara “normaltasunez erabili ahal izan dezaten.

Badirudi plangintzen garaia iritsi dela Euskal Herrira. Biziberritzeko planak, normalkuntza planak, plangintza estrategikoak, kudeaketa planak,.... Planak eta plangintzak noiznahi, nonahi eta zernahirako. Kontu horietan hasi besterik egin ez dugunean eta plangintzak eta kuantitatibismoaren aurkako ahots kritikoak agertu zaizkigu. Batzuk arrazoiz eta borondate onez gogorarazi digute gogoeta eta eztabaida beharrezkoa dela.

Hizkuntzaren normalkuntzan, hizkuntzei buruzko teoria sozialetan, bereziki soziolinguistikan, elementuren bat ezinbestekoa bada zerbait ulergarri eraikitzeko, hizkuntza bera da ezinbestekoa. Pernandoren egia bota dudala pentsa daiteke eta, zintzo esanda, horrela da. Baina, badirudi batzuei ahaztu egin zaiela. Badirudi batzuek euskararen hizkuntza- komunitatea eraiki nahi dutela euskara bera existitu ez bailitzan. Begi bistakoa da euskararen hizkuntza-komunitatean euskara dela muina eta ardatza. Hori jakina dela, inplizitu dagoela, ez dela aipatu behar eta antzekorik esan diezadaketenei, hizkuntzaren beraren egoera zertan den ezagutzea ezinbestekoa dela ihardetsiko nieke.

Gogoeta hauetan ez dago soberan atzera begiratzea eta eztabaida honen haritik zer idatzi eta zer ekarri izan den kontu hartzea. Horrela, EKBek Euskararen Plangintzarako Oinarriak[1] txosten mardulean hizkuntzaren normalkuntzaz hitz egiterakoan lau alderdi nagusi aipatzen zituen:

1. Estandarizazioa
2. Modernizazioa
3. Funtzionalkuntza
4. Ofizialkuntza

Hizkuntza estandarra

Aurreneko bi alderdiak –Estandarizazioa eta modernizazioa– hizkuntzari berari dagozkio, corpusari alegia. Estandarizazioa eta modernizazioa, hain zuzen ere, ezinbestekoak dira hizkuntza bizirik irauteko. Eginkizun horiek aipatzen ez dituen teoria soziolinguistikarik sinesgaitza da. Are zorrotzago, Estandarizazioa eta modernizazioa aintzat hartzen ez duen teoria alferrikakoa dela esango nuke, oinarririk gabekoa alegia.

Hizkuntzaren Estandarizazioa eta modernizazioa prozesu erabakiorrak dira berreskurapenaren prozesuan. Estandar bat ez izateak hizkuntzaren zatiketa, zaharkitzea eta, azkenik, deuseztatzea dakar. Estandar bat izateak, beste alderditik, berez ez du esan nahi hizkuntzaren bizi iraupena ziurtaturik dagoenik, jakina, baina desagerpenaren aurkako txertorik eraginkorrena dela aspaldi frogaturik dago.

Euskara batuaren onarpena eta hedapena

Euskararen kasuan, argi dago, euskara batuak ezin eten dezakeela Ipar Euskal Herriko galera. Baina EAE, eta, neurri batean, Nafarroan euskararen berreskurapenean lortutakoa, besteak beste, euskara batuaren onarpen eta hedapenaren ondorio zuzena da.

Dagoenekoz euskara batuarekin ohitu gara, euskara batean ekandu gara. Akatsak akats, ajeak aje esango luke bateren batek, euskararen Estandarrak –euskara batua–, hamaika bide berri ireki dio Euskal Herriko hizkuntza zaharrari. Euskara batuaren belaunaldi sortzailea harro egon daiteke bere ekarpenaz.

Euskalduntze-alfabetatzea, hedabideak, hezkuntza, administrazioa eta, oro har, kultura eta zientziaren ate guztiak ireki dizkie euskaldunei Estandarraren giltzak. Laburbilduz, ezin uler daiteke gaur egungo egoera euskara batua barik.

1976-94 epealdian 12.525 liburu argitaratu ziren[2], euskararen historian, lehenengo liburutik –1545ean–, 1975 bitartean, berriz, 3.878 baino ez. Hau da, 19 urte urteko epe laburrean euskal liburugintzak hirukoiztu zuen liburuen argitarapena. Gaur egun, euskaraz, mila bat titulutik gora argitaratzen omen dira urteko.

Badakigu jakin euskara urte luzeetan hizkuntza ukatua eta zanpatua izan dela eta horrek eragozten zuela euskararen garapena alderdi guztietan. Alabaina 19 urte horietan ez da horrenbesteko hobekuntza hazkuntza hori azaldu ahal izateko. Aldaketa kualitatibo eta kuantitatibo horretan Estandarizazioak eragin handia izan du, egozten zaiona –zerbait egozten zaio? – baino askoz gehiago nire ustez.

Egia da euskararen Estandarizazioa eta modernizazioa burutu gabekoak direla, beste edozein hizkuntzarenak burutu gabe dauden bezala. Hizkuntzaren Estandarizazioa eta modernizazioa –eguneratzea–, etengabekoak dira eta. Hala ere, euskararen kasuan Estandarizaziorako lehenengo urratsa orain dela 36 urte –Baionan, 1964ean– izan zen. Hori da euskararen kasua inguruko hizkuntzetatik bereizi duena.

Harrigarria da horren denbora gutxitan egin izan dena. Estandarizazioa, euskara batua, atzeraezinekoa da. Nekez uler dakioke oraingo egoera eta orain dela hogei urtekoa berdinak direla esaten duenari zer adierazi nahi duen. Guk, behintzat, ez dugu euskararen egoerari buruzko diagnostiko bera egiten orain eta orain dela hogei urtean. Egia da, euskaldunen proportzioa ez dela nabarmenegi hazi azken hogeita hamar urte hauetan baina euskara batuaren –Estandarra– kalitatea, onarpen soziala eta hedapena oso bestelakoak dira orain eta duela hogei urtekoren aldean.

Hirurogeita lauko Baionako batzarretik –euskara batua sortzeko aurreneko urratsa–, 1993an Elhuyar Kultur Elkarteak, eskolan erabiltzeko, Hiztegi Entziklopedikoa argitaratu bitartean, hogeita hamar urteetan, hizkuntza Estandarrerako eredua ez izatetik oinarrizko Estandar nahikoa eta sozialki onartua izatera igaro dugu.

Soziolinguistikan hizkuntzaren estatusaz hitz egiterakoan, Estandarra izan ala ez izan ez ote da faktore erabakiorra? Ez da zilegi, ezta gizalegezkoa ere, Estandarraren sorkuntzan, eraketan eta zabalpen lanetan egin direnak eta egiten ari direnak ahaztea. Horrelako lanetan buru belarri ibili ziren, eta dabiltzan, pertsonek euskararen bizi iraupenerako lanik eraginkorrena egin dute. Inori baldin badagokio teoria soziolinguistika praktikara eraman izatearen arrakasta eta eraginkortasuna euskara batua sortu, jaso, jagon, zorroztu eta zabaldu dutenei izan da.

Hizkuntza-funtzio guztiak garatu ahal izateko, besteak beste, hizkuntza Estandarra ezinbestekoa da. Beraren bitartez, soilik beraren bitartez, irits gaitezke kultura, teknika eta zientziaren esparruetara. Gaur egun, hiztuna izan ote daiteke hiztun osoa hizkuntza Estandarraren maila jasoa izan gabe?

Nork jarraitzen du duela 20 urteko egoera soziolinguistikoari buruzko diagnostiko bera egiten?

Arantzazuko kongresutik –1968–, hamar urtetara, Bergarakoa egin zen urtean, argitara ziren liburu berrietatik % 71 euskara batuaz idatzi ziren; hurrengo urtean, berriz, % 88.[3]

Hizkuntzaren bizitasuna

Xabier Erize Etxegarai doktoreak bere tesi interesgarrian[4] erabilitako soziolinguistikaren definizioan honela dio: hizkuntzaren eta gizartearen arteko harremanak aztertzen dituen hizkuntzalaritzaren adar edo azpidisziplina.

Estandar bat, bakarra, –hizkuntzaren corpus bateratua–, izan ezean ez dago hizkuntza bizia izateari luzera eusterik

  • Faktore sozioestrukturalak, hau da, euskaldun dentsitatea etxean, lagunartean edo lanean, gune soziolinguistikoarekin batera.
  • Faktore psikolinguistikoak, hizkuntza-gaitasun erlatiboa, hau da, euskaraz edo erdaraz aritzeko erraztasun handiagoa edo txikiagoa.

Horrela laburbiltzen dira Euskal Herriko Soziolinguistikazko Inkesta 1996 argitalpenean (Eusko Jaurlaritza; Nafarroako Gobernua, 1997; 39. or) euskararen erabileran eragiten duten faktoreak. Euskararen erabilera, hain zuzen ere, hizkuntzaren hedapena eta normalkuntzaren adierazlerik behinenekoa da.

Hizkuntza gutxituaren erabilera-maila, bada, interpretazio anitzeko adierazlea da. Hizkuntzarekiko leialtasuna edo atxikimendua, euskaldunen arteko trinkoketa edo euskara batuaren –hizkuntza Estandarra– hedapen eta onarpenaren adierazle gisa uler daiteke. Horrela da, baina, problema erabileraren neurketa bera da.

Esan dezagun, hizkuntza gutxituaren erabileraren kasuan, neurketa beti erlatiboa dela. Izan ere, neurketaren funtsa hizkuntza-produkzio osotik zenbat egiten den euskaraz jakin nahi baitugu. Produkzio idatzi guztitik zenbat egiten den euskaraz. Hedabideetan zenbat ematen da euskaraz. Euskaldunek hitzezko harremanetan zenbaten egiten dute euskaraz. Eta abar.

Erdararen erabilera ez dugu neurtzen, ez dugu esaten euskaraz hainbeste eta erdaraz honenbeste. Gehienetan inplizitu geratzen da erdara osotasunez eta normaltasunez erabiltzen dela. Instituzioren batek sortzen duen dokumentazioa aztertzerakoan, produkzio idatziaren kasuan, esaterako, euskaraz %25 egiten dela esateak ez du adierazten erdaraz %75 egiten denik, ziur asko euskaraz egiten den guztia, gehiena behintzat seguru, erdaraz ere egiten da.

Hizkuntza gutxituaren erabileraz hitz egiterakoan, inplizituki hizkuntzen arteko ukipen egoera jakina aipatzen dugu. Egoera horretan, lurralde jakineko hiztun guztiak A hizkuntza ezagutu eta erabiltzeko gai izanik, haien arteko batzuk B hizkuntza ezagutu eta erabiltzeko gai dira. Azken hauek elebidunak dira, gure kasuan euskaldunak. Hizkuntza egoera horretan bada, kale-erabilera hiztunek beren kasa, inolako eraginik jasan gabe, darabilten hizkuntzari esaten diogu. Esango genuke kale-erabilera komunikazio askeari dagokiola.

Hizkuntzen arteko ukipen egoera

Normalkuntzaren alderdi soziolinguistikoa azaldu ahal izateko, zenbait termino eta definizio argitu beharra dago. Orokorrean, ahal dela, elebitasuna hitza saihestuko dugu ez baita ezer zehatzen adierazgarria. Norbanakoaren bi hizkuntza jakite hori izendatzeko elebitasuna baino elebiduntasuna terminoa erabiliko dugu. Gizarte mailako bi hizkuntza izate horri berriz, elebitasuna barik hizkuntzen arteko ukipen egoera esango diogu. Egoera horretan dauden hizkuntzak, oro har, hizkuntza nagusia, hizkuntza funtzio guztiak edo ia guztiak betetzen dituena (sendi harremanetatik hasi goi mailako kultur harremanetaraino), eta hizkuntza gutxitua, hizkuntza funtzio guztietatik bakan batzuk betetzen dituena (adibidez, soilik sendi harremanetarakoak). Hizkuntza nagusia ez da beti, halabeharrez, gehiengoaren hizkuntza ezta ere hizkuntza gutxitua gutxiengoarena. Esaterako, udalerri euskaldunetan euskara gehiengoaren hizkuntza izan daiteke, gehienek dakitelako, baina, euskaldun guztiek erdaraz dakitelarik, zenbait funtziotarako, arkitekturaz, zuzentzaz, zientziaz, osasungintzaz, … jarduteko erdara erabili ohi da; euskaraz, oraindik behintzat, ez ditugu hizkuntza funtzio guztiak betetzen, batzuetan solaskide euskaldunik aurkitzen ez dugulako (epaile, osagile, arkitekto, …) eta bestetan, euskaldunak izanagatik, hizkera horretan jarduteko gauza ez garelako. Problema, argi dezagun, ez da inoiz hizkuntzarena izaten. Printzipioz hizkuntza guztiak tresnak, bitartekoak, besterik ez dira, eraginkortasun maila bereko tresnak alegia. Hiztunaren prestakuntzaren arabera izango da tresnaren erabilera. Neurri batean hiztunak dakar hizkuntzaren statusa. Izan ere, bi hizkuntza dakizkienean eta bietan garapen maila bera duenean batetik bestera ibil baitaiteke inolako eragozpenik gabe. Bata bestea baino garatuago eta landuago duenean ordea, berari hoberena eta erosoena gertatzen zaiona erabiliko du.

Hizkuntzaren bizitasuna (bizitasun etnolinguistikoa) hizkuntzaren statusak zehazten du. Hizkuntzaren statusa bada, faktore demolinguistiko, soziolinguistiko, linguistiko, politiko eta psikolinguistikoen arabera zehazten da.

Eredu Estandarrik gabe, batasunik gabe, eredu idatzi arautu gaberik, gramatikarik gabeko hizkuntzak ez du etorkizun handirik. Hizkuntzak badu eduki bere industria, lantegi hori zenbat eta garatuagoa izan hizkuntza irauteko eta zabaltzeko orduan eta aukera handiagoak izango ditu. Ikuspegi honetatik euskarak 1964. urtez geroztik emandako aurrerapausoak sekulakoak izan dira, oinarrizko Estandarra definitzetik multimedia munduan lanabes eraginkorrak sortzeraino egindakoak mirari bat dirudi, zinez; Europa zaharrean ez dago horren parekorik azkeneko 50 urteotan. Lan eta lanabes horiei esker, egiteke handia badago ere, normalkuntza planak arrakastatsu egin daitezke.

Faktore demolinguistikoak, hiztun kopurua eta haien banaketa lurraldean, behagarriak direlarik, hizkuntzaren egoeraren adierazlerik argienak dira. Beraien bitartez hizkuntza gehiengoarena edo gutxiengoarena ote den jakin dezakegu, lurraldean nola banatzen den eta urteetan zehar hiztunak irabazi edo galdu egiten dituen. Hizkuntzaren egoera demolinguistikoa zentsu, udal-errolda eta inkesten bitartez aztertzen da. Euskal Herrian lehenbiziko inkestak joan den mendean egin baziren ere, 1981. urte arte ez zen egin –hasieran bakarrik EAEn, 1986.tik aurrera Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian oraindino ez da egiten–. Zenbait herritan, Galez esaterako, mendea baino atzerago hasi zela hiztunen zentsuak egiten.

Demolinguistika ordea, soziolinguistikaren atal gisa har daiteke. Azterketa soziolinguistikoen oinarri eta abiaburua datu demolinguistikoak izan ohi dira baina ez bakarrak. Hiztunen ezaugarriak, adina, sexua, klase soziala, lanbidea, ikasketa maila, besteak beste, hizkuntzaren statusaren adierazle adierazgarriak dira.

Hizkuntzari aitortzen zaion status politikoak hizkuntzaren bizitasuna muga edo lagun daiteke. Gurean, adibidez, EAEko koofizialtasunak administrazio publikoko hainbat ate ireki dizkio euskarari, lurralde honetan, paperaren gainean behinik behin, euskara gazteleraren pare jar zitekeen. Nafarroan egoera bestelakoa da, euskarak ez du status bera herrialde osoan, hiru zonalde bereizi dituzte. Hori eta azkeneko epaiek egiten dute Nafarroan euskara bigarren mailako hizkuntza. Ipar Euskal Herrian, azkenik, euskarak ez du inolako onarpen ofizialik, bere izate eta garapenari gizarte mugimenduaren arabera izaten da. Esan beharrik ez dago faktore politikoek, erabat erabakigarriak izan gabe, eragin handia daukatela hizkuntzaren bizitasunean.

Euskara, gutxiengoaren hizkuntza gutxitua da. Deskribapen estatistikoek argi adierazten dute Euskal Herrian biztanleriaren %23k besterik ez dakiela euskaraz.[5] Herrialdez herrialde, ostera, oso egoera desberdinak direla antzeman daiteke[6]:

Herrialdea Euskaldunak
–elebidunak–
Jatorrizko euskaldunak
–jatorrizko hizkuntza euskara gutxienik–
Araba 8 5
Bizkaia 18 17
Gipuzkoa 44 44
Ipar Euskal Herria 26 31
Nafarroa 10 10

I. taula: Euskaldunen –elebidunen– banaketa Euskal Herriko herrialdeetan.

Hizkuntzen arteko ukipen egoera definitzen duten egiturazko osagaiak.

Aurreko taulan ageri denez, oraindik ere, euskara biztanleriaren gutxiengoaren hizkuntzetako bat da. Are gehiago, gutxiengo hori oso era heterogeneoan banatzen da Euskal Herriko herrialdeetan. Euskararen banaketa demolinguistikoak nabarmen erakusten du euskara biztanleriaren gutxiengoarena izateaz gainera zatikaturik dagoela. Hau da, euskaldunak ez direla homogeneoki banatzen Euskal Herrian. Horrez gainera, euskararen lurraldeak bi estatu –Frantzia eta Espainia– eta hiru egoera admistratibo-politiko desberdinetan banatzen dira –Frantziako departamentu zati bat, Euskal Autonomi Erkidegoa eta Nafarroako Foru Komunitatea–; hiru alderdi horietan, euskararen Estandar bera onartzen bada ere, tokian tokiko hizkuntza politika eta euskararen statusa desberdinak dira.

Faktore horiek, pisu demolinguistiko urria, euskaldunen sakabanaketa eta lurraldearen zatiketa administratibo-politikoa, hizkuntza gutxituaren egoera zailaren adierazle esanguratsuak dira. Egiturazko faktore horiek, hain zuzen ere, ezinbestekoak dira hizkuntzen arteko asimetria ulertzeko.

Aurreko taulako jatorrizko euskaldunen proportzioei –gutxienik euskara jatorrizko hizkuntzatzat jaso dutenak–, begiratzen badiegu, Ipar Euskal Herriko kasua salbu, euskaldunen hizkuntza komunitateak euskararen geroratzeari eusten diotela ikus daiteke. Ipar Euskal Herriko egoera, ordea, oso larria da, jatorrizko euskaldunak eta gaur egun euskaldun direnen artean bost puntutako galera oso kezkagarria da, harik eta Ipar Euskal Herrian euskararen beraren iraupena epe laburrean zalantzan jartzeraino.

Frantziako hizkuntza politika, euskararekiko politika glotofagiakoa da, euskaldunek nekez euts diezaiokete euskarari frantsesa eta euskararen arteko asimetria horren handia izaki. Edozelan ere, Ipar Euskal Herriko gertaera horrek agerian uzten du Hegoaldeko –EAEko zein Nafarroako– hizkuntza politikaren ahulezia. Begi bistakoa da egoera hits honen erantzule nagusia Pariseko politika glotofagiakoa dela, baina ez bakarra. Hizkuntza politika ororen subjektuak, definizioz, hizkuntza jakinaren komunitate osoa izan beharko luke, EAEko eta Nafarroako hizkuntza politikak, ostera, oso ikuspegi urrikoak dira euren subjektua ez baita euskararen hizkuntza komunitate osoa eta, ondorioz, Ipar Euskal Herriko euskaldunak bazterturik geratzen dira euskararen komunitateko partaideak ez bailiran.

Hizkuntza politika

Hizkuntza politikak, aurrenik eta behin, hizkuntza bera du alorra, hiztunak eremu eta eragile eta komunitate osoa subjektu. Egia da Euskal Herriko zatiketa politikoak hizkuntza politika bakarra izatea zaildu egiten duela. Baina, horregatik agian, egia da ere, azkeneko urteetako bilakaera erakusle zorrotza delarik, EAEn edo Nafarroan indarrean dauden hizkuntza politikek Ipar Euskal Herriko euskaldunei ez dietela gehiegi lagundu Frantziako glotofagiakoari aurre egiteko. Hau da, badakigu jakin EAEko edo Nafarroako agintariek ez daukatela inolako eskumenik Ipar Euskal Herrian, ez dagoela euren esku Frantziako hizkuntza politika glotofagiakoa aldaraztea baina horrek ez du esan nahi Ipar Euskal Herriak Hegoaldeko hizkuntza politiketatik at egon behar duenik. Frantziako politika glotofagiakoa eteten saiatu beharra dago eta, aldi berean, Hegoaldeko sustapen politikan Ipar Euskal Herria aintzat hartu. Zerbait egin dela aitortzen badugu ere –batez ere hedabideetan–, ez da nahikoa izan edo egindakoak ez du espero zitekeen eraginkortasuna ekarri. Hausnarketa sakona behar da alderdi honetan, Ipar Euskal Herrian euskara galduko balitz, eta galzorian dago, ez bailitzateke estatu glotofagiakoaren erantzukizun soila izango, gurea guztiona ere.

Euskaldunen eragin erlatiboa.

Pisu demolinguistikoa, banaketa heterogeneoa eta zatiketa politiko-administratiboa hizkuntzen arteko ukipen egoerako egiturazko faktore gisa aipatu ditugu, egoera zertan den zehatzago ezagutzeko berriz, aurreko horiei erantsi beharko genieke faktore linguistikoak eta sozialak. Faktore linguistikoez hitz egiterakoan, gogorarazi behar dugu euskararen Estandarizazio prozesua –euskara batuarena alegia–, orain dela 31 urte eskas abiatu zela. Dudarik gabe, alderdi honetan eman izan dira urratsik emankorrenak eta, lan handia egiteke egonagatik, Estandarizazioak ekarri du euskararen egoeraren aldaketa kualitatiboa; dagoenekoz euskara baturena atzera ezineko prozesua, ez da gutxi.

Faktore sozialei dagokienez luze mintza gintezke euskararen erradiografia sozialaz. Badakigu jakin euskara, soilik baserritar eta arrantzaleen hizkuntza izateari utzi diola baina ez dago argi oraindino kaletartu denik. Euskara ez da goi mailako klase sozialekoa. Darabilgun informazio apurrekin euskaldunak, oro har, erdi-behe mailetako klase sozialekoak direla esango genuke. Beraien banaketa erdaldunena baina homogeneoagoa da bai maila sozialari baita ikasketa mailari dagokionean ere.

Erabilera hizkuntza gisa, salbuespenak salbuespen, euskara ez da administrazioaren hizkuntza, ez armadarena, ez elizarena, ez hedabideena, ez hezkuntzarena, ez osasun zerbitzukoena, ez justiziarena, ez unibertsitatearena, ez ikerkuntzarena, … Maila batean edo bestean euskarak lortu du presente izatea gizarte esparru gehienetan baina inon gutxitan lortu du erabilera hizkuntza izatea. Honetan datza, hein handian behintzat, euskara hizkuntza gutxitua izatea; zenbait lekutan euskaldunak gehiengo izanda ere, euskara ez da erabilera hizkuntza izatera iristen.

Biztanleria Euskaldunak
–elebidunak–
Euskaldunen proportzioa
–udalerrien batezbesteko–
EAEko hiriburuak
–> 100.000–
136.126
–%21,38–
%20,21
–%18,46–
25.000 - 100.000
11 udalerri
103.545
–%16,26–
%19,11
–%21,58–
5.000 -24.999
47 udalerri
269.628
–%42,34–
%48,76
–%48,42–
< 5.000
189 udalerri
127.517
–%20,02–
%55,39
–%58,87–

II. taula: Euskaldunen –elebidunen– banaketa udalerri eta biztanleriaren arabera[7].

EAEko datuei jarraituz, euskaldun guztietatik laurdena baino gehiago (%27,33), 109 udalerri nahiko euskaldunetan –euskaraz dakitenen proportzioa %70ko edo handiagokoak–, beste muturrean, ostera, –euskaraz dakitenen proportzioa %30 edo txikiagoa denean–, aurrekoan baino euskaldun gehiago bizi da (%29,9).

Ikusten denez, euskararen egoera demolinguistikoa ez da bat ere ona normalkuntza erdiesteko. Euskaldunak gutxi izateaz gainera oso sakabanaturik daude. Baikor izanik, udalerri gehienetan euskaldun bat edo beste badagoela esan dezakegu baina, trukean udalerri gehienetan gutxiengoa dira.

Luze jarrai geniezaioke euskararen egoera azaltzeari. Alderdi asko, eta datu ugari utzi dugu azaltzeke. Hala ere, euskararen egoerari buruzko ikuspegi demolinguistiko orokorra izateko nahikoa dela uste dugu. Une honetan gehiago interesatzen zaigu azterketa teorikoa azaleko deskribapena baino.

BIZI IRAUPENETIK NORMAKULTZARA

Hizkuntzen arteko ukipen egoera denean, zer du hizkuntza gutxituak EZINBESTEKO bizirik irauteko? Itaun horretan nabarmendu dugun EZINBESTEKO hori bere adiera hertsian ulertu beharra dago. Ohar hori eginda, gure ustez, hizkuntzen arteko ukipen egoeran bizirik irauteko ondorengo bi EZINBESTEKO baldintza bete behar dira, aurrena hizkuntzaren corpusari dagokiona eta hurrena hizkuntzaren statusi dagokio.

1. CORPUS

Edozein hizkuntza gutxituak bizirik irauteko behar du Estandar bat, sozialki onartua, hedatua eta hizkuntza funtzioak gauzatzeko eta pertsonaren garapen integralerako nahikoa.

2. STATUS

Hizkuntzen arteko ukipen egoeran hizkuntza gutxituak bizirik irauteko hizkuntza komunitatea eratu ahal izateko adina hiztun kualifikatu behar du. Hau da, hizkuntza gutxituen hiztunek hizkuntzen arteko ukipen egoerako gizartearen egiturari eta garapen mailari eutsi behar diote eta horretarako, jakina, egitura eta garapen mailaren araberako hainbesteko proportzionala behar dute izan.

Horiek dira, bada, hizkuntzen arteko ukipen egoeran hizkuntza gutxituak bizirik irauteko behar dituen EZINBESTEKOAK. Jakina, hizkuntza normalizatua izateko baldintza horiez gainera, beste batzuk BEHAR ditu, baina BEHARREZKO izanagatik gainontzeko baldintzak ez dira iraupenerako EZINBESTEKOAK. Horrela, aipatu baldintza bi horiek EZINBESTEKOAK dira hizkuntza gutxituaren bizi iraupenerako baina ez dira NAHIKOA hizkuntza gutxituak, gutxitua izateari utz diezaion.

Ezinbestekoak, beharrezkoak, nahikoak, ez da erretolika antzua. Ez bagara gauza bereizteko zeintzuk lehentasun dagoen normalkuntza prozesuan, berau bizkortu eta indarrak optimizatzeko, aurreratu barik, prozesua luzatu eta indarrak xahutu egingo ditugu. Egia da, euskaldunok, ekinaren ekinez, bete-betean asmatu ohi dugula. Azkeneko urteotan ESTANDARIZAZIOA eta EUSKALDUNTZEA izan ditugu euskararen borrokan eginkizunik garrantzitsuenak, ia-ia bakarrak. Alderdi horietan egindakoa horren da pozgarria gure aburuz, non euskararen bizi iraupenerako EZINBESTEKO baldintzak lortzear ditugun. Ikaragarria izan da mende honen bigarren erdian lortutakoa.

Alabaina ez dezagun pentsa euskararen Estandarizazioan eta euskalduntzean dena egina dagoenik. Ezta gutxiago ere! Euskara batuak, ajeak aje, baditu eduki, oraindik-orain, hutsune ugari, badago zer hobetu eta zer zuzendu. Hizkuntzaren gaurkotze eta hobetze hori ez da sekula amaitzen. Ez gara ur handitan murgilduko, gaurko euskara batuaren kalitatea zein-nolakoa den edo ez den epaitzen ez baikara adituak. Bego ezbaia hizkuntzalari eta adituentzat.

Geureari lot gatzaizkion, euskarak betetzen ote ditu bizi iraupenerako EZINBESTEKO baldintzak? Azter ditzagun baldintzak banan-banan eta xehe-xehe:

Edozein hizkuntza gutxituak bizirik irauteko behar du

1. Estandar bat,
Euskara batua, adiera zabalean, aldaera Estandar bakarra da, besterik ez dago alegia.
2. sozialki onartua,
Gaur egun ez dago gizarte mugimendu esanguratsurik euskara batuaren kontra dagoenik. Bere aholkuei jarraitu ala ez, ez dago inork Euskaltzaindiaren autoritatea zalantzan jartzen duenik. Euskaltzaindia Euskal Herriko lurralde guztietan onartutako erakundea da.
3. hedatua eta
Euskara batua da, adiera zabalean, hezkuntzan, hedabideetan, administrazioetan eta, oro har, esparru formaletan hobesten dena.
4. hizkuntza funtzioak gauzatzeko eta
Corpusari dagokionez, oso era murritzean bada ere, frogatu izan da euskara batuaren bitartez posible dela hizkuntza funtzio gehienak gauzatzea.
5. pertsonaren garapen integralerako nahikoa.
Gure ustez, euskara batua, pertsonaren garapen integralerako tresna egokia izan daiteke. Hala ere, kasu honetan, aurrekoan bezala, corpusaren problema barik hizkuntza gutxituaren statusa giltzarria dela uste dugu.

Horiek horrela, corpusari dagokion EZINBESTEKO baldintza euskararen bizi iraupenerako bete egiten dela uste dugu. Beharbada, urratsik erabakiorrenak euskararen bizi iraupenean alderdi honetan eman izan dira. Eta, honetan seguru gaude, alderdi honetan egindako lan izugarria, euskararen lehengo eta oraingo egoeren artean faktore bereizgarri argia eta nabarmena da.

Hel diezaiogun bigarren baldintzari:

Hizkuntzen arteko ukipen egoeran hizkuntza gutxituak bizirik irauteko hizkuntza komunitatea eratu ahal izateko adina hiztun kualifikatu behar du. Hau da, hizkuntza gutxituen hiztunek hizkuntzen arteko ukipen egoerako gizartearen egiturari eta garapen mailari eutsi behar diote eta horretarako, jakina, egitura eta garapen mailaren araberako hainbesteko proportzionala behar dute izan.

Oro har, Euskal Herrian dagoen euskaldunen proportzioa –%23–, ez da nahikoa esan ahal izateko euskararen bizi iraupenerako EZINBESTEKO baldintza hori betetzen denik. Zein da, bada, euskararen bizi iraupenerako EZINBESTEKO euskaldunen proportzioa? Proportzio zehatz bat esatea zaila da. Hala ere, Euskal Herriko gizartea, dagoenekoz, zerbitzu-gizartea dela kontuan hartzen badugu eta, horrelako gizarteetan sektore publikoak duen tamaina eta garrantzia zein den, jakitun izanik, ausartuko ginateke esaten EZINBESTEKO euskaldunen proportzioaren atalase-maila heren bat dela. Azalduko dugu.

Euskal Herrian zerbitzu eta administrazio publiko alorrei enpleguaren %50tik gora, ia %60a, dagokie. Hamar lanpostuetatik sei zerbitzu edota administrazio publikoetakoak dira. Sektore horiek dira, hain zuzen, hizkuntzaren statusean eraginik zuzenena daukatenak; hezkuntza, osasun zerbitzuak, ostalaritza, administrazio publikoa, eta abar. Sektore horiek urterik urte handitu, aniztu eta gero eta konplexuagoak egiten dira. Tamaina soilik ikusirik, begi bistakoa da euskararen normalkuntzarako estrategikoak direla. Ez bakarrik kuantitatiboki, hezkuntza, hedabideak eta administrazioa, garrantzitsuenak aipatzearren, euskararen bizi iraupenerako giltzarriak baitira. Problema hau da: zenbat euskaldun kualifikatu behar dugu irakaskuntzan, hedabideetan, osasungintzan, zerbitzu sozialetan, justizian, administrazioetan, eta abarretan, zerbitzu horiek edozein euskalduni euskaraz eskaini ahal izateko?

Euskal Herriko gizartearen egitura aztertzeko EAEko datuak erabili ditugu, EAEko biztanleriak estatistikoki duen pisua kontuan harturik Euskal Herri osoarekiko esanguratsua dela uste dugu eta.

16 urte eta gehiagoko biztanleria landuna, ekonomi sektoreei jarraiki, sexuaren arabera (milatan). 1998.[8]

  Euskal AE
  Guztira Ehunekotan
Guztira 779,8 100,0
Nekazaritza 19,6 2,5
Industria 235,0 30,1
Eraikuntza 63,5 8,1
Zerbitzuak 461,8 59,2

Euskal Herriko hiru herrialde horietan 1998ean 16 urtetik gorako 1.784,2 milako biztanleetatik 948,2 mila biztanle aktiboak ziren[9] eta 779,8 okupatuak, azken horietatik, %59,2k zerbitzu eta administrazio publikoei dagozkie. Horrela, EAEn zerbitzu eta administrazio publikoetako lanpostuak ia milioi erdia izatera iristen dira. Beste alderditik EAEko 16 urtetik gorako euskaldunak 438.400 omen dira[10]. Euskaldun guztiak ez dira nahiko zerbitzu eta administrazio publikoetako lanpostuak betetzeko!

Edozelan ere, ez dugu inolako arrazoirik pentsatzeko 438.400 euskaldun horiek guztiak populazio aktibokoak direnik –are gutxiago okupatuak direnik–. EAEko 16 urtetik gorako biztanleria orokorreko jarduera tasa aplikatuz gero (%53,1), 232.790 euskaldun “aktibo –okupatuak, berriz, %43,7, 191.606–, geratuko litzaizkiguke. Horiek guztiek ez lukete beteko zerbitzu eta administrazio publikoetako lanpostuen kopuru erdia ere!

Segi dezagun zenbaki-jolasean. Biztanleria orokorreko proportzioen banaketak euskaldunentzako balio izango balu –ez dugu inongo arrazoirik kontrakoa pentsatzeko–, EAEko 191.606 euskaldun “okupatu horietatik erdiak baino gehiagok (%59,2), zerbitzu edota administrazio publikoetan lan egin beharko zukeen, 113.431 lanpostu zegozkiekeen euskaldunei beraz. Lanpostu “elebidun horiek guztiak nahikoa ote dira zerbitzu edota administrazio publikoak euskaraz “normaltasunez jarduteko?

Kontuan hartzen badugu elebidunen proportzioa zerbitzu edota administrazio publikoetan %25eko dela, estima dezakegu zein izan zitekeen euskararen erabilera euskaldunok aukera guztietan euskaraz egingo balute –erabateko leialtasuna–. Txillardegiren formula hau da:

Hizkuntza gutxituaren erabilera maila

Horrela, espero daitekeen erabilera isotropiakoa[11] %4ra ozta-ozta iritsiko litzateke. Egia da, ohiko egoera isotropiakoa baino anisotropiakoa dela. Hau da, euskararen erabilera ez dela uniformeki banatzen gizartearen esparru eta Euskal Herriko eremu guztietan. Hala ere, oro har, zerbitzu edota administrazio publikoetan lanpostu elebidunen proportzioa %25 izaki, oso nekez lor daiteke, lortzekotan, %50 edo handiagoko erabilera tasak.

Erabilera isotropiakoa %50ri hurbil dakion zerbitzu eta administrazio publikoetan elebidunen proportzioak %75 inguruko beharko zukeen. Darabilgun adibideari jarraituz, zerbitzu eta administrazio publikoetan 346.350tik gorako lanpostu elebidun beharko lirateke. Datuak datu, gaur egun Euskal Herrian dagoen euskaldun kopuruak ezin hel diezaioke Euskal Herriko gizartearen egitura eta garapen mailari.

Zein izango litzateke, bada, euskararen bizi iraupenerako EZINBESTEKO euskaldunen proportzio txikiena –atalase maila–? Formula berri bat proposatzen dugu proportzioaren atalase maila kalkulatzeko.

Jo daigun, euskaldunen euskararekiko leialtasuna ia erabatekoaz baliatuz, hizkuntza politika eraginkor batek erabilera isotropiako maila bikoiztea lor dezakeela. Euskal Herriak, Europako mendebaldeko gizarteari dagozkion egiturazko adierazle bereizgarriak bereak dituela, jarduera tasa eta zerbitzu eta administrazio publiko sektoreen pisua erabiliko ditugu irizpide. Jarraian azaltzen dugu euskaldunen proportzio minimoa kalkulatzeko prozedura.

1. Iraupenerako euskaldunen proportzio minimoa (em)
2. Jarduera tasa (l1): “okupatuen proportzioa biztanleriarekiko.
3. Zerbitzu eta administrazio publiko sektoreen pisua (l2).
4. Euskararen erabilera isotropiako bikoitza lortzeko lanpostu elebidunen proportzioa (ez)

Formula honela geratuko litzaiguke:

em= 2 * l1 * l2 * ez

Demagun hizkuntza politikan, biziberritzeko planean kasurako, zerbitzu eta administrazio publiko sektoreetan %50eko euskararen erabilera maila lortzeko helburua ezarri dutela. Horrela, euskaldunen euskararekiko leialtasuna ia erabatekoa delarik batetik, eta bestetik, diseinaturiko hizkuntza politikak erabilera isotropiakoa baino haragoko maila lor dezakeelakoan, Txillardegiren formula aplikatuz zerbitzu eta administrazio publiko sektoreetan lanpostu elebidunen proportzioa –euskaldunen proportzioa esan beharko genuke– zenbatekoa behar den estima genezake. Arestian esan dugunez, %50eko erabilera isotropiakoa lortzeko –lanpostu– elebidunen proportzioak %75 ingurukoa beharko zukeen. Jo daigun %70 nahikoa dela.

Horiek horrela,

l1 =0,531

l2 =0,437

ez =0,70

izango balira,

em= 2 *0,531*0,437*0,70 = 0,3249

EUSKARAREN BIZI IRAUPENERAKO EUSKALDUNEN GUTXIENEKO PROPORTZIOA %32,49 –em =0,3249– izango litzateke.

Horra hor, arestian zergatik esaten genuen euskararen bizi iraupenerako euskaldunen EZINBESTEKO proportzioa heren bat dela. Gure ustez, berrets diezaiogun, hizkuntza gutxituaren hiztunen proportzioa herena edo txikiagoa denean desagertzeko arrisku eremuan dago. Hizkuntza gutxituaren hiztunen proportzioa herenetik gora izango balitz ere, hizkuntza politikoa eraginkorra BEHARREZKOA izango litzateke egoerari eusteko eta normalkuntza erdietsi ahal izateko.

Planteamendu hauetan zuzen ibiliko bagina, ondorengoak esango genituzke:

1. Euskararen bizi iraupenerako euskalduntze-alfabetatze jarduerak, EZINBESTEKO jarduerak dira –jarduera estrategikoak nahiago bada–, behinik behin, gutxieneko proportzioa lortu arte.
2. Edozein biziberritze plana edo plan estrategikoren ardatz nagusiak zerbitzu eta administrazio publiko sektoreak euskalduntzea izan behar du xede garrantzitsuenetariko bat. Beste era batera, plangintza zerbitzu-gizarteari begira diseinatu behar da.
3. Zerbitzu eta administrazio publiko sektoreetan lanpostuen %58 edo gehiago elebidunak izan beharko lirateke oraingo euskaldunek euskara “normaltasunez erabili ahal izan dezaten.

Euskal Herrian 2000ko azaroaren 30ean Xabier Isasi Balanzategi



[1] (1985) JAKIN aldizkaria 34. alea.

[2] (1997) Euskal Kultura Gaur. Joan Mari Torrealdai. Jakin 57. or.

[3] Ibidem 54. or

[4] (1997) Nafarroako Historia Soziolinguistikoa 1836-1936 Nafarroako Gobernua. 22. or.

[5] Datu iturria: (1996) II. Soziolinguistikazko Inkesta. Eusko Jaurlaritza. Nafarroako Gobernua.

[6] Datu iturria: (1996) II. Soziolinguistikazko Inkesta. Eusko Jaurlaritza. Nafarroako Gobernua.

Ipar Euskal Herria herrialdea bailitzan hartu dugu.

[7] Datu iturria: EUSTAT 1998

[8] Iturria: EUSTAT. Biztanleria Jardueraren Arabera sailkatzeko Inkesta.

[9] Iturria: EUSTAT. Biztanleria Jardueraren Arabera sailkatzeko Inkesta. 1998

[10] Datu iturria: Euskal Herriko Soziolinguistikazko Inkesta 1996 EAE 10. Or. Eusko Jaurlaritza. Nafarroako Gobernua

[11] Erabilera isotropiakoa komunikazio askeko egoeratan euskaldunek,euskaraz jardun ahal izateko aukera guztietan euskaraz egiten dutela ulertzen dugu.

BAT aldizkaria: 
36. 2000ko iraila. Hizkuntza gutxitua, bizi iraupena eta...
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Egilea(k): 
Xabier Isasi
Urtea: 
2000