Nafarroako administrazio publikoetan erabilera arautzeko dekretua

Eskualde euskalduneko euskararen ofizialtasuna administraziora eta irakaskuntzara mugatzen da, baina esparru hauetan bertan ofizialtasun mugatua da, bi esparru hauen hainbat atal eta adar fisikoki lurralde honetatik kanpo daudelako, normalean Iruñean

Dekretu honen sarreran, 1994koan eta 86ko Legean ez bezala, esplizituki adierazten da "euskara ez da hizkuntz ofiziala" eskualde mistoan eta ez-euskaldunean.

Eskualde euskalduneko administrazioek beren barne inprimakiak, herritarrentzako inprimakiak, formularioak eta dokumentazioa oro har, xedapenak, oharrak, argitalpenak eta era guztietako publizitatea,... erdaraz egin ahalko dituzte, baita elebidun ere, baina ez euskaraz.

Euskararen ezagutza exigitzen den lanposturen batez jabetu dena ezin izanen da euskararen ezagutza exigitzen ez den deialdietara aurkeztu. (94koaren arabera "zigor" hau bost urterkoa zen, oraingoan ez du eperik)

Nafarroako Gobernuak herritarrekin izanen duen komunikazioa erdaraz izanen da, herritarrak euskaraz izan dadin eskatzen ez badu. Kasu horretan, elebitan igorriko zaizkio komunikazioak.

Euskararen udal ordenantzak eta erabilera planak onartu dituzten eskualde euskalduneko udalek, testu hauek dekretu berri honetara egokitu beharko lituzkete, hainbat neurri normalizatzaile murriztuz.

Idatzi honetan aztertu eta baloratuko duguna Nafarroako Gobernuak prestatu duen zirriborro bat da, hain zuzen ere Nafarroako Administrazio Publikoetan euskararen erabilera arautzeko dekretu berriaren zirriborroa. Dekretuaren azterketa sakon, zorrotz eta xeheak artikulu honen luzera aisa gaindituko luke eta aurrekarien eta dekretuaren beraren hustuketa ere egitea eskatuko luke. Gu, hain ur sakonetan murgildu gabe, eskualde euskaldunean izan dezakeen eraginaz balorazio bat egiten saiatuko gara.

Oro har, dekretuaren idazkerak berak, bere zakarrean, dekretuaren asmoa zein den garbi erakusten du. Honen erakusgarri, esaterako, 22. artikuluko esaldia: "Las Administraciones Públicas de Navarra con sede en la zona mixta no tienen ninguna obligación de calificar el conocimiento del vascuence como preceptivo para acceder o proveer los puestos de trabajo incluidos en sus plantillas, salvo en los dedicados a labores de traducción vascuence-castellano". Horrelako esaldi batek beste deusek baino argiago erakusten du zein den egilearen asmoa, zein dekretuaren helburua. Ustez, gisa honetako dekretu batek administrazioen betebeharrak zein diren arautu beharko luke. Bete behar ez dituzten obligazioak zein diren, alegia, zer egitera ez dauden behartuta adieraztea harritzekoa da, susmagarria akaso.

Nolanahi ere, eta azterketa xumeenak ere testuingurua aintzat hartu behar duelakoan, dekretu-proposamen hau kokatzen saiatuko gara, beti ere gure normalizazio-jardueraren ikuspegitik eta, ondorioz, gehienbat eskualde euskalduneko udalen begiekin ikusita.

1.- Nafarroako "eskualde euskalduna"

Eskualde euskalduna delakoa 1982ko Forua Birrezarri eta Hobetzeko Legearen eta 1986ko Euskararen Legearen ondorioz sortu zen. Hor biltzen dira Nafarroako herri eta bailara euskaldunenak baina, nolanahi ere, eskualde euskalduna ez da homogeneoa, bertan oso erralitate ezberdinak baitaude. Esate baterako, Goizuetan euskaldunen portzentaia % 96koa da baina beste herri batzuetan ez da % 10era iristen (Garaioan, adibidez)

Eskualde honetan biltzen dira Leitzaldea, Larraun, Araitz-Betelu, Basaburua, Imotz, Malerreka, Baztan eta Bortziriak bezalako eskualde edo bailara oso euskaldunak, Nafarroan euskararen lurralderik konpakto edo trinkoena osatzen dutenak. Horiekin batera, ordea, errealitate askozaz anitzagoa duten Sakana (herri erabat euskaldunak eta erabat erdaldunak daude bertan), Ultzama,...

Beraz, eskualde euskalduna ez da eskualde naturala, irizpide politikoekin sortua baizik. Eskualde honetako herri guztiak biltzen dituen gauza bakarra horixe da, legeak "Eskualde euskalduna" izendapenaren pean jarri dituela. Izendapen honen ondoriorik garrantzitsuena, bestalde, euskararen ofizialtasunaren aitorpena da. Hala ere, esan beharra dago ofizialtasun horrek ere muga eta hutsune handiak dituela bai bere zehaztapen teorikoan, bai bere aplikazioan ere.

Eskualde euskalduneko euskararen ofizialtasuna administraziora eta irakaskuntzara mugatzen da, baina esparru hauetan bertan ofizialtasun mugatua da, bi esparru hauen hainbat atal eta adar fisikoki lurralde honetatik kanpo daudelako, normalean Iruñean, eta ondorioz, horietan euskara ez da ofiziala: ospitaleak, Nafarroako Gobernuaren hainbat administrazio-atal, unibertsitatea...

Euskararen estatus honen zehaztapena 1986ko Euskararen Legean egiten da, eta honen garapena diren zenbait dekretu edo xedapenetan. Administrazioaren erabilerari dagokionez oraingoa hirugarren dekretua da. Lehendabizikoa, 1994ko martxokoa da. Bigarrena, martxoko horren bertsio gozotua (Del Burgo eta Alfredo Jaimeren erasoen ondoren UPNrentzat gozotua, jakina) 1994ko uztailekoa da eta, hain zuzen, horixe da lerrootan aztergai dugunaren aurrekaria. Bigarrena lehendabizikoa baino murritzagoa zen, zalantzarik gabe, baina hirugarren honetatik bigarrenera dagoen jauzia askozaz sakonagoa eta handiagoa da, kantitatean nahiz kalitatean.

Esan beharra dago, hala ere, 1994ko dekretua bera ez dagoela inondik ere agortua, kasu askotan ez baita han agindutakoa bera ere bete. Esaterako, urratsik ez da eman zirkuitu elebidunak osatzeko edo dekretuaren aginduak bete daitezen planak diseinatzeko, nahiz eta azken honetarako epe zehatzak ezarri ziren.

2.- Dekretu proposamenaren ezaugarriak.

 Dekretuaren ezaugarri nagusiak laburbiltzen saiatuko gara nahiz eta, esan bezala, batez ere eskualde euskaldunera zuzenduko dugun begirada.

  • Dekretu honek Nafarroako Administrazioetan euskararen erabilera arautzen du. Administrazio da, irakaskuntzarekin batera, gaur egun Nafarroan hizkuntz legediak arautzen duen gizarte alor bakarra.
  • Dekretuak Nafarroako hiru "hizkuntz eskualdeak" bereizten ditu eta barne erabilera, instituzioen arteko harremanak, administratuekiko harremanak, irudia, oharrak, errotulazioa eta lanpostuetarako euskararen ezagutzaren derrigortasuna edo balorazioa arautzen ditu. 1994ko dekretuaren egitura eta barne antolaketa ia-ia berbera du.
  • Artikuluz artikulu bi dekretuak aztertuta, ia guzti-guztietan aldaketak eta murrizketak daude. Dekretuak arautzen dituen atal guztietan bezalaxe (barne erabilera, lanpostuak,...) hiru hizkuntz-eskualdeetan daude murrizketak.
  • Oro har, euskararen erabilerari esparru, jarduera eta komunikazio era guztietan bidea ixteko ahalegin nabaria eta lotsagabea da. 94ko bi dekretuen arteko aldea oso funtsezkoa ez zen arren, oraingoan aldaketa sakona, orokorra, ongi pentsatua eta azken detailean ere landua egin dute.
  • 1994ko dekretuan, baita 86ko Euskararen Legean ere, euskara hizkuntza "ofiziala" zen eskualde euskaldunean. Dekretu honetan, berriz, hizkuntza "koofiziala" da.
  • Dekretu honen sarreran, 1994koan eta 86ko Legean ez bezala, esplizituki adierazten da "euskara ez da hizkuntz ofiziala" eskualde mistoan eta ez-euskaldunean. Ildo berean, Guztientzako Administrazio Prozedurak administrazioekin hizkuntza ofizialetan harremanak izateko aitortzen duen eskubideaz ari dela, "en el territorio de sus comunidades autónomas en el cual tengan dicho carácter de lengua oficial" dio. Etzanaz idatzia berria da.
  • 94ko dekretuak Foru Administrazioaren Zerbitzu Zentraletan zirkuitu elebidunak ezartzea agintzen zuen, horixe zen bere ekarpen nagusia, gainera. Dekretu honetan zirkuitu elebidunen aipamena desagertu da eta horren ordez itzulpen-unitateen ezarpena agintzen du.
  • Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiaren inguruko aipamenak ere desagertu dira. Aurrekoan, koordinaziorako eta laguntzarako zenbait eginkizun eman zaitzaizkion. Ez dago, beraz, administrazioaren hizkuntz normalizazioa planifikatuko eta dinamizatuko duen organo edo eragilerik.
  • Dekretuak ez du bere helburuak betetzeko eperik zehazten, eta bere aplikazioa "de forma progresiva, siempre de acuerdo con las posibilidades de las distintas Administraciones en cada momento" eginen dela esaten du (1.3 artikulua). 1994koan urte beteko epea ezarri zen dekretuaren helburuak progresiboki lortzeko planak diseinatzeko. (Ez zen, inolaz ere, epe hori bete).
  • Udaletan erabilera planak egitea hautazkoa da ("podrán elaborar sus proios planes")
  • Eskualde euskalduneko administrazioen arteko harremanak bi hizkuntzetan edo bietako batean gauzatu ahalko dira. Eskualde mistoko administrazioekiko harremana erdaraz edo bietan egin ahalko da (euskaraz egiteko, espreski hartutako akordioa behar dute). Hala ere, 14. artikuluaren arabera, eskualde mistoko administrazioek ezin izanen diete eskualde euskaldunei euskara hutsezko dokumentu edo jakinarazpenik bidali (erdara hutsez bai).
  • Eskualde mistoan dagoen Foru Administraziotik eskualde euskaldunera bidaltzen diren komunikazio eta agirietan erdara erabili beharko da (94ko dekretuak bi hizkuntzetan egin behar zela agintzen zuen). Salbuespen gisa, eskualde euskaldunean euskaraz hasitako prozesu administratiboetan "forma elebidunean jarraitu ahalko da" aitortzen du. 94ko dekretuak, kasu honetan, "euskaraz jarraituko da" agintzen zuen.
  • Eskualde euskalduneko administrazioek beren barne inprimakiak, herritarrentzako inprimakiak, formularioak eta dokumentazioa oro har, xedapenak, oharrak, argitalpenak eta era guztietako publizitatea,... erdaraz egin ahalko dituzte, baita elebidun ere, baina ez euskaraz. (94ko dekretuak elebidun egin behar zirela agintzen zuen). Administrazio bakoitzean eskumena duen organo gorenak erabakiko du.
  • 15. artikuluaren arabera, Foru Administrazioak eskualde euskalduneko herritarrei zuzentzen dizkien komunikazio eta jakinarazpenak erdaraz eginen dira (94ko dekretuan "elebidun eginen dira"), herritarrak ez badu espreski adierazten euskaraz nahi duela. Kasu horretan, elebidun "egin ahal izanen dira" (baina ez euskara hutsez)
  • Eskualde mistoko administrazioen (bertan daude ospitaleak, Diputazioa,...) errotuloetan, oharretan, argitalpenetan, iragarkietan, publizitatean erdara erabiliko da (94koan "se tenderá a la forma bilingüe"). Foru Administrazioak Nafarroa osorako prestatzen dituen foileto, argitalpen edo antzekoak erdera hutsez edo elebidun egin ahalko dira.
  • Lanpostuetarako deialdiei dagokionez, 1994ko dekretuaren arabera eskualde euskaldunerako deialdietan euskararen ezagutza derrigorrezkoa ez bazen meritu kualifikatua izanen zen eta puntuazio osoaren % 10a eman behar zitzaion gutxienez. Dekretu honen arabera, derrigorrezkoa ez bada ezin izanen zaio eman frantsesa, inglesa edo alemanierari ematen zaiona baino % 10 gehiago. Garbi gelditzen ez dena da inglesa, frantsesa edo alemaniera baloratu ezean, euskara baloratu ote daitekeen. Kontuan izan eskualde euskalduneko udalek egiten dituzten lanpostu-deialdietan ia-ia inoiz ez direla hizkuntza horiek baloratzen.
  • 18. artikuluak dio eskualde euskalduneko administrazioek plantilla organikoetan zehaztuko dituztela euskararen ezagutzaren derrigortasuna duten lanpostuak, baina ideia berri hau eransten dio "... sea preceptivo para poder acceder a los mismos en función del contenido competencial, de las determinaciones de este Decreto Foral y de la demanda,...". Euskararen ezagutza eskatzeak lanpostuaren ezaugarriekin lotua egon behar du? Ezin izanen zaio edozein lanposturi euskararen derrigortasuna ezarri? Eta "demanda" horrek zer esan nahi du? Euskararen ezagutzaren derrigortasuna exigitzeko noren "demanda" beharko da?
  • Euskararen ezagutza exigitzen den lanposturen batez jabetu dena ezin izanen da euskararen ezagutza exigitzen ez den deialdietara aurkeztu. (94koaren arabera "zigor" hau bost urterkoa zen, oraingoan ez du eperik)
  • Lanean ari direnentzat ez dago inolako hizkuntz eskakizunik edo derrigortasun indize edo datarik. Gehienez ere, ikastaroetan parte hartzea eskainiko zaie.
  • Estatuaren administrazioari dagokionean, 94ko dekretuko "progresiva normalización del uso"ren ordez " progresiva capacitación en el uso" idatzi da oraingoan.
  • Beste hiru dekreturen argitalpena ere iragartzen da: Lanpostuetarako deialdietarako inglesa, frantsesa, alemaniera... eta euskara baloratzeko baremoak zehaztuko dituena; Osasunbidearen lanpostuak betetzeko garaian euskararen erabilera eta balorazioa arautzeko dekretua (93koa aldatuko duena, beraz); irakaskuntza publikoan euskararen erabilera eta balorazioari dagokiona arautzeko dekretua.
  • Bi hizkuntzetan idatzitako dokumentuen interpretazioaren arteko gatazka baldin badago, erderazkoaren arabera erabakiko da.

3.- Dekretuaren ondorioak eskualde euskaldunean.

  • Dekretu honen bitartez, euskaldunon eskubideak aldarrikatzeko garaian legeak eman lezakeen babesa murriztuko da. Euskarri legala, helduleku juridikoa, are ahulagoa izanen da. Euskararen eta gaztelaniaren koofizialtasun desorekatua eta asimetrikoa esplizituki eta oso garden aitortu eta arautzen da.
  • 1994ko dekretuak eskualde euskaldunerako ezartzen zuen irizpide orokorra bi hizkuntzak erabiltzea zen, "elebietan eginen da". Dekretu berri honetan, ordea, "erdaraz edo elebitan egin ahalko da" da irizpidea. Erdara hutsezko jardunari ate guztiak ireki zaizkion bezalaxe, euskara hutsezko jarduerari itxi egin zaizkio. Euskara hutsezko jarduera administratiboak, erdara hutsezkoak ez bezala, legez kanpo gelditzen dira. Eskualde euskaldunean, administrazio batek euskara hutsezko oharra, iragarkia edo argitalpena egiten badu, herritarrak erreklamatu ahalko du. Erdera hutsez egiten badu, berriz, dekretuaren babesa edukiko du.
  • Aipagarria da dekretu honek, eskualde euskaldunaz ari dela, 94koak egiten ez zuen aipamena egiten duela 7. artikuluan. Hain zuzen ere:
    "... respetando siempre, tanto el derecho de los ciudadanos a elegir libremente cualquiera de las dos lenguas oficiales en la que deseen ser atendidos, como el derecho a no ser discriminados por razones de lengua".
    Berrikuntza, kasu honetan, letra etzanaz dagoena da. Nekez imagina dezakegu testu hori euskaldunen eskubideetan pentsatuz erantsi dutenik, dekretua nolakoa den eta bere helburuak ikusita. Beraz, erdaldunen eskubideen alde eta euskara hutsezko jardueren aurka ekin ahal izateko beste helduleku bat dirudi.
  • Euskararen ezagutzaren derrigortasuna deialdi guztietarako baldintza dela erabakitzen duten administrazioen kasuan (UEMAko udalak, esaterako) ez luke ondoriorik izan behar (ikusi behar, nolanahi ere, "en función del contenido competencial... y de la demanda" horrek zer esan nahi duen). Baina euskara merezimendu huts gisa baloratzen duten administrazioen deialdietan, euskarak pisua galduko du nabarmen
  • Foru Administrazioak, Nagarroako Gobernuak alegia, ez du obligaziorik herri euskaldunetako udaletara dokumentazio eta komunikazioak euskaraz bidaltzeko. Beraz, udalek ez dute Gobernuarekin eta bere departamentuekin euskarazko harremana exigitzeko babes legalik eta udalen euskarazko barne funtzionamendua bera oztopatuko da.
  • Nafarroako Gobernuak herritarrekin izanen duen komunikazioa erdaraz izanen da, herritarrak euskaraz izan dadin eskatzen ez badu. Kasu horretan, elebitan igorriko zaizkio komunikazioak. Berriz ere, euskaldunei plus bat eskatuko zaie, eta erdaldunek egin behar ez duten ahalegina egin beharko dute euskaraz bizi nahi badute. Erderazkoa jaso ondoren, behin informazioa edukita, zenbat herritarrek eskatuko dute dagoeneko badakitena euskaraz jakinaraz diezaioten?
  • Foru Administrazioan edo Nafarroako Gobernuaren Departamentuetan ez da zirkuitu elebidunik egonen. Hau da, eskualde euskalduneko herritarrak ezin izanen dira euskaraz atenditu Nafarroako administrazio zentralera jotzen dutenean, nahiz eta 86ko Legeak berak horretarako eskubidea aitortzen duen.
  • Euskararen udal ordenantzak eta erabilera planak onartu dituzten eskualde euskalduneko udalek, testu hauek dekretu berri honetara egokitu beharko lituzkete, hainbat neurri normalizatzaile murriztuz.

Ondorioen katea, nolanahi ere, luzeagoa izan liteke. Administrazioan euskararen erabilera murrizten baldin bada hizkuntzak berak gizartearen begietan pisua gal dezake, baita prestigioa ere. Euskararen pisu soziala, beronekiko motibazioarekin (baita motibazio instrumentalarekin, noski) lotua dago eta epe luzera horren eragina ere euskara ikasteko eta euskaraz ikasteko motibazioan (eta matrikulazioan) somatu liteke. Erabilera publiko eskaseko hizkuntza edo hizkuntzan zertarako ikasi?

Bestalde, euskararen inguruko auzia edo gatazka eskualde euskaldunean ez da ia arlo juridikora bideratu. Euskararen aldeko ahalegina, baita euskararen kontrakoa ere, gehienbat beste ildo batzuetatik egin da, nahiz eta zenbait helegite aipa litekeen. Dekretu honek, euskararen alde hartutako erabaki eta neurri normalizatzaileen aurka juridikoki jotzeko bidea erraztu eta leuntzen du. Baliteke horrelako urratsik ez ematea, baina berdin-berdin gerta liteke bide horretatik ere abiatzea. Hala balitz, dekretu honen bitartez bide samurragoa izanen dute euskararen normalizazioaren aurka jo nahi dutenek. Gauzak nola dauden ikusita, eta euskarari bidea mozteko borondatea (eta estrategia) egon badagoela ikusita, hortik ere etor daitezke euskararen aurkako ekimenak edo erasoak.

Azkenik, eta batek baino gehiagok dagoeneko aipatu duen bezala, Administrazio Publikoetan Euskararen Erabilera Arautzeko Dekretua baino, Euskararen Ez-Erabilera Arautzeko Dekretua da eskuartean duguna. Aitortu behar da, dena den, Nafarroako Gobernuko agintarien hizkuntz politikarekin guztiz bat datorrela eta erabateko koherentziaz jokatzen ari direla. Euskararen erabilera sozial eta publikoari, normalizazioari, mugak jarri nahi bazaizkio, horixe da bidea.

BAT aldizkaria: 
36. 2000ko iraila. Hizkuntza gutxitua, bizi iraupena eta...
Kokapen geografikoa: 
Nafarroa
Egilea(k): 
David Anaut
Urtea: 
2000