Euskal Herri mailako erabileraren laugarren kale neurketa abian

Azken emaitzen arabera, euskararen kale erabilera %13koa da. Hau da, 1997an kalean hitz egiten denaren %13a euskara da. Aztertutako zortzi urteko tartean erabilerak gora egin zuen, 1989an erabilera %7,6 izatetik 1997an %13 izatera pasa zen. Beraz, bilakaera baikorra izan zen, ez ordea hazkunde erritmoa.

Eta datu hauen guztien aurrean, zein izango ote da 2001eko neurketak erabilerari aterako dion argazkia? Euskararen erabileraren bilakaerak gorantz jarraitzen ote du? Hazkunde erritmoa bizkortu egin ote da? Edota erritmoa moteltzen ari da oraindik ere? Galdera hauek guztiak eskuartean dugun neurketarekin argitu ahal izango ditugu.

Gure esperientzia Europa nahiz munduan diren hizkuntza gutxitu nahiz gutxiagotuentzat mesedegarri gertatzea nahi genuke. Gogoan izan Europan bizirik dauden 103 hizkuntzatatik 74 direla multzo hori osatzen dutenak, populazioaren % 5. Gainerakoak, %95, 29 estatu hizkuntzetako batean mintzo dira.

Euskal Herri osoan aski ezaguna da 1989az geroztik, lau urtean behin, burutzen den Euskararen erabileraren kale neurketa. Euskararen normalizazio arloan dihardugunon artean, tresna ezinbestekoa baita hizkuntzaren bilakaera eta uneko egoera zertan diren ezagutzeko batez ere.

Lagunartean kalean darabilgun ahozko erabilera du aztergai ikerketa honek, eta hizkuntza ororen osasuna neurtzeko hiru adierazle garrantzitsuenen azterketa osatzera dator. Beraz, ezaguera eta motibazioaren ondoan beharrezkoa den adierazle dugu erabilerarena. Izan ere, bi adierazle hauek errolda eta Inkesta Soziolinguistikoan jasotzen dira (Euskararen Jarraipena I eta II). Hiru faktore hauen azterketa zehatzik gabe nekez plantea daiteke normalizazio egitasmo eraginkorrik.

Ahozko erabilera kale mailako neurketaz gain, erroldako galdetegian ere jasotzen da. Honetan, ordea, etxean egiten den euskaren erabilera izaten da aztergai. Inkesta soziolinguistikoan, aldiz, besteak beste, gune sozial ohikoenetan egiten den erabileraz galdetzen da. Batean zein bestean, ordea, datuak inkesta bidez jasotzen dira, galdera-erantzuna sistemari jarraiki, alegia.

Nolanahi ere, eta inkesta hauei inolako garrantzik kendu gabe, inkesta eta neurketa baten arteko aldea nabarmendu beharra dago. Inkestan iritzi subjektiboa (erabilera aitortua) jasotzen da, hiztun bakoitzak uste edo adierazi nahi duena biltzen da; neurketa batean, berriz, ez zaio hiztunari galdetzen, objetiboki behatutako emaitza da ikerketan jasotzen dena. Beraz, eskuartean dugun Kale Neurketan neurtzaileak jendeak darabilen hizkuntza entzun eta jasotzen du, eta honetarako behaketa (entzuketa) zuzeneko metodoaz baliatzen da. Behaketa bidezko metodologia, eskatzen duen ahalegina handia baita, ez da gure artean inkesta adina erabilia izan. EKB-k buruturiko erabileraren hiru neurketak eta hainbat udal eta euskara elkartek herri mailan egiten dituztenak dira gure artean ezagunenak. Siadeco izan zen metodologia honen erabileran aitzindari.

Esan bezala, Kale Neurketa estreinakoz 1989an burutu zen EKBren eskutik, ondoren lau urtero errepikatu izan da; 1993an eta 1997an alegia. Hurrengoa beraz, 2001ean burutu asmo dugu. EKB desagerturik, Euskal Soziolinguistika Institutua Sortzen Elkarteak -SEIk- eta Euskal Konfederazioak hartu dute bere gain neurketa aurrera eramatearen ardura.

Urte hauetan guztietan bildutako esperientziak neurketaren metodologia aski kontrastatu eta doitzeko aukera eman digu. Beraz, kalean gauzatzen diren elkarrizketetan (normalean gertukoen artean: lagun artean, senideen artean, e.a.) ahozko erabilera neurtzeko metodo zientifiko baliagarria dugu eskuartean.

2001eko Kale Neurketan ere aurrekoetan erabilitako irizpideez baliatuko gara. Neurketa Hego Euskal Herriko 5000 biztanletik gorako udalerri guztietan (74 udalerri) burutuko da eta hemendik beherako udalerri kopuru osoaren %10ean (47 udalerri). Ipar Euskal Herriko izaera soziodemografikoa ezberdina izaki 1.000 biztanletik gorako udalerri guztiak neurtuko dira bertan (37 udalerri). Honela, 1997an 159 udalerri neurtu ziren (Udalerri hauek Euskal Herriko populazioaren % 84,8a biltzen dute, 2.388.060 hiztun), bakoitzean sei orduko neurketa eginez. Orotara, 260.352 pertsona entzun (neurtu) ziren (Euskal Herriko hiztunen %11a).

Herrialdez herrialde, honela banatu ziren herri hauek: Araban 8, Bizkaian 37, Gipuzkoan 36, Nafarroan 40, Lapurdin 31, Nafarroa Beherean 5 eta Zuberoan 2.

Azken emaitzen arabera, euskararen kale erabilera %13koa da. Hau da, 1997an kalean hitz egiten denaren %13a euskara da. Aztertutako zortzi urteko tartean erabilerak gora egin zuen, 1989an erabilera %7,6 izatetik 1997an %13 izatera pasa zen. Beraz, bilakaera baikorra izan zen, ez ordea hazkunde erritmoa. Hau da, orokorrean 1997an, 1989an eta 1993an baino gehiago hitz egiten zen euskaraz baina 1989tik 1993ra hazkundea handiagoa izan zen 1993tik 1997rakoa baino. Datu oso kezkagarria dudarik gabe!

100-

 Adin taldekako erabilera datuak ere lortu ahal izan ditugu Kale Neurketaren bidez. Hauek adierazi dute haur, gazte eta helduetan erabilerak goranzko joera hartu duela, ez ordea zaharrenen artean. Hortaz, oro har, euskararen erabilera gaztetzen ari zela nabarmendu zuten 1997ko azken emaitzek.

Honezaz gain, ondorengo balizko zalantzak ere argitu ditu Kale Neurketak: orokorrean hiztuna emakumezkoa edo gizonezkoa izateak ez du alderik egiten hizkuntza hautatzerakoan. Haurren presentzia, aldiz, oso eragile garrantzitsua da, izan ere, gazteen, helduen eta zaharren artean haurrak egonez gero, erabilera %67ra igotzen baita.

Eta datu hauen guztien aurrean, zein izango ote da 2001eko neurketak erabilerari aterako dion argazkia? Euskararen erabileraren bilakaerak gorantz jarraitzen ote du? Hazkunde erritmoa bizkortu egin ote da? Edota erritmoa moteltzen ari da oraindik ere? Galdera hauek guztiak eskuartean dugun neurketarekin argitu ahal izango ditugu. Nolanahi ere, erantzun beharreko galderak dira erabilera sustatzeko egitasmoak baloratu nahi baditugu. Izan ere, aurrera begirako ahaleginak etekin baikorrak ekartzeko, ezinbestekoa da balorazio hauen argitan burutzea.

Laugarren neurketa burutzera goazen honetan, esperientzia honen berri jaso nahian Katalunia, Galizia eta Frisian hizkuntzaren berreskurapen eta normalizazioan lanean ari diren hainbat eragilek esperientzia hori bere herrietan egiteko interesa agertu dute. Ea, beraz, laugarren neurketa hau atzerrirako hedapenaren urtea ere gertatzen den. Gure esperientzia Europa nahiz munduan diren hizkuntza gutxitu nahiz gutxiagotuentzat mesedegarri gertatzea nahi genuke. Gogoan izan Europan bizirik dauden 103 hizkuntzatatik 74 direla multzo hori osatzen dutenak, populazioaren % 5. Gainerakoak, %95, 29 estatu hizkuntzetako batean mintzo dira.

SEI elkartea lan honetan hasi berria baldin bada ere, berarekin du EKBk neurketa hauek egiten hartutako eskarmentua. Halaber, azken neurketan bezala, honetan ere, egitasmoa Euskal Konfederazioarekin lankidetzan egingo da. Dena den, aurrekoetan bezala, honetan ere honen lan handia burutzeko ezinbestekoa izango zaigu herri eta auzoetako euskaltzaleen laguntza. Azpimarratzekoa da laguntza hori dela ekimen hau bideragarri egiten duena.

Erabileraren bilakaera herrialdez herrialde

  89ko N. 93ko N. 89 --> 93 97ko N. 93 --> 97 89 --> 97
ARABA 2,04 2,56 + % 25,49 2,93 + % 14,45 + % 43,63
BIZKAIA 5,39 6,21 + % 15,21 6,56 + % 5,64 + % 21,71
GIPUZKOA 17,02 19,65 + % 15,45 22,92 + % 16,64 + % 34,67
NAFARROA 1,71 2,47 + % 44,44 2,54 + % 2,83 + % 48,54
HEGO E.H 7,72 9,09 + % 17,75 10,22 + % 12,43 + % 32,38
IPAR E.H 4,34 5,49 + % 26,50 3,14 - % 42,81 - % 27,65
EUSKAL HERRIA 7,62 8,97 + % 17,72 9,99 + % 11,37 + % 31,10

Erabileraren bilakaera adin taldeka

Kasu! 10.000 biztanletik gorako udalerriak hartuta soilik

BAT aldizkaria: 
36. 2000ko iraila. Hizkuntza gutxitua, bizi iraupena eta...
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Egilea(k): 
Olatz Altuna
Urtea: 
2000