Itzultzaile baten ametsa... egunero

Programa informatikoak bi datu-basetan oinarrituta lan egiten du. Datu-base bat hitzez osaturikoa da eta bestea, berriz, hitz-segidaz edo sekuentziz osatua. Bi datu-base hauek eguneroko lanaren bidez osatzen dituzte, irizpideak finkatuz eta kasu berriak gehituz.

Itzulpen sistemak nola funtzionatzen duen ulertuta, argi dago benetan programa egunetik egunera tresna zehatzago eta praktikoago bihurtzen duena informatikoen eta itzultzaileen eguneroko lana dela. Beren lan teknikoa egiteaz gain, ia egunero biltzen dira, agerturiko kasu berriak erabakitzeko, irizpideak finkatzeko, egin beharreko hobekuntzak zehazteko...

horrelako ekimenak ikusita argi geratzen da ere zerbait egiteko benetako gogoa dagoenean tresnak sortu egiten direla, eta mugak, normalean distantzia “mentaletan eduki ohi ditugula beste inon baino gehiago.

Katalunia aldean izan naizen bolara batean, besteak beste, “El Periodico de Catalunyak 98ko udazkenaz geroztik erabiltzen duen bapateko itzulpen sistema ezagutzeko aukera izan dut, bertako hizkuntza arduradunaren laguntzari esker.

Sistema hau erabiltzen dutenetik egunero egunkari beraren bi edizio ateratzen dituzte, berdin-berdinak (argazkiak, formatoa...) bata erabat gazteleraz eta bestea erabat katalanez. Egunkaria katalanez (ere) argitaratzearen ekimena “El periodico bertakoa izan zen, alegia enpresa pribatua berarena (lekutan gaude!), eta bertako informatiko eta hizkuntza teknikariek sortu eta garatu duten programa informatiko batean oinarrituta egiten dute.

Garatu duten tresnari eta ondorioz egunero plazaratzen duten eskaintzari esker eguneroko prentsa katalanez jaso nahi duenak aukera bat gehiago du, eta, izatez, gaur egun egunkari honek saltzen dituen aleen %40a inguru katalanez dira.

Egunkariaren erredakzioan gazteleraz prestatzen dira artikulu eta erreportaiak. Izan ere, gaur egun itzulpen sistemak gazteleratik katalanera bakarrik funtzionatzen du, eta ez alderantziz. Denborarekin erabat elebitan funtzionatzera iristea dute helburu, alegia, informazioa batean zein bestean jaso eta prestatu, bestera pasatzeko gai izatea.

Lanez gainezka dagoen itzultzaile baten, edota hizkuntza aniztasuna dela eta elkar ulertu ezinak obsesionatzen duen norbaiten ametsa bezelako zerbait izango litzateke hau: gazteleratik katalanera automatikoki! Hasiera batean ematen du fikzioa izan behar duela, ezinezkoa izan behar duela... baina ez, hauek egin dute, eta funtzionatzen du. Egunero.

Askotan gertatzen da arazo handiek nahiko konponbide sinpleak izaten dituztela. Kasu honetan ere neurri batean hala dela esango nuke.

“El Periodicoko erredakzioan gaude, gazteleraz prestaturiko textuak katalanera itzultzen diren sailean. Jarri pantaila aurrean. Egunkarian argitaratzeko prest dagoen orri oso bat dugu (gazteleraz). Itzultzaileak itzulketa programatik pasa du eta... hara!!. Lixto. Orrialde osoa katalanera itzulita. Ez nago ziur zenbat denbora izango zen, baina 5,6...10 segundutik gora ez behintzat. Hizkuntza batetik bestera gauzak itzultzea eta zerbitzuak hizkuntza ezberdinetan eskaintzea zenbat kostatzen den dakien edonorentzat harrigarria, egia esan.

Gauzak egiteko magia punttu bat ondo etorri ohi da. Baina noski, gero gauzak gutxitan izaten dira erabat magiaren ondorio, eta kasu honetan ere badu bere azalpena: oinarrizko programa informatiko bat (nahiko sinplea) eta lan-talde baten eguneroko lana, tresna egunetik egunera praktikoago eta zehatzago egin dutena.

Ez naiz ez filologoa, ez itzultzailea eta ez informatikoa. Dena den, hitz gutxitan itzultzaile harrigarri honek nola funtzionatzen azaltzen moldatuko naizela espero dut.

Programa informatikoak bi datu-basetan oinarrituta lan egiten du. Datu-base bat hitzez osaturikoa da eta bestea, berriz, hitz-segidaz edo sekuentziz osatua. Bi datu-base hauek eguneroko lanaren bidez osatzen dituzte, irizpideak finkatuz eta kasu berriak gehituz.

Datu-basea oso zabala eta garatua izanagatik, badira zenbait hitz “itzultzaileak (programa informatikoak, alegia) bapatean itzultzen ez dituenak (pantailan markaturik azaltzen dira, itzulpenaren arduradunak kasu horretan zer egin behar den erabaki dezan): bere datu-basean lehendik ez daudenak (hitz berriak), edota nahita itzuli ez daitezen markatuak izan direnak (esanahi bat baino gehiago dutenak).

Hortaz, itzuli nahi den textua itzultzailetik (programa informatikotik) pasa ondoren, teknikari batek errepasatzen du, itzuli gabe geratu diren hitzak itzuliz, dudazko kasuan itzulpen egokia hautatuz eta formato aldetik katalanezko bertsioa txukunduz (lerro-kopuruak, titularrak... berdin gera daitezen). Ondorioz, itzulpenean zenbait aldaketa sortzen dira, itzulpenari berari baino, maketazioari dagozkionak: esate baterako, titular batek bi lerro hartzen baditu gazteleraz, eta katalanez, ongi itzulita, hirugarren lerroaren hasiera ere eskatzen badigu, moldatu egin beharko dugu azaldu zaigun itzulpen hori bi lerrotara ekartzeko.

Kontua da, sistema honekin, programa informatikoaren eta itzulpenaz arduratzen den teknikariaren errepasoa eginda, 10 minutuan edo, gazteleraz idatzitako egunkariko orrialde oso bat katalanez argitaratzeko prest dugula.

Baina, tira, nola “itzultzen du programa informatiko horrek?

Itzuli behar duen testuaren zati bat (hitz-segida bat) hartzen du, 10-15 hitzekoa. Aztertzen du ea lehendik segida hori bera bere datu-basean ote dagoen. Ez badu topatzen, segidari azken hitza kendu eta berriz aztertzen du. Horrela datu-basean duen hitz-segida bat topatu arte jarraitzen du. Hortaz, gerta daiteke 15 hitz zituen segida batetik 3 hitzera iritsi arte hitzez hitz jeisten joan beharra berdin bat topatzeko (aurretik gordea duen bat). Topatutako hori itzultzen du eta geratzen zaion guztiarekin jarraitzen du sistema bera erabiliz. Pentsa daiteke prozesu honek oso luze joko duela. Baina, antza denez, ordenagailuarentzat oso eragiketa xinplea da hau, eta oso-oso azkar egiten du.

Hitz-segida bat txikitzen joanda askotan gertatzen da hitz solteetara iristea datu-basean parekorik topatu gabe. Kasu horretan hitz solteen datu-basea oinarritzat hartuta banaka itzultzen ditu.

Modu xinple honetan textu osoa aztertu eta segundu gutxitan itzultzen du, eta hitz solte batzuk baino ez zaizkio geratzen itzuli gabe: lehen esandakoa, hitz ezezagunak (berarentzat berriak), edota itzultzaileek “markatzea erabaki dutenak, alegia hitz hori “ez itzultzeko eskatu diotenak.

Kasu hauek banaka konpontzen dituzte itzulpenean lan egiten duten teknikariek. Alegia, gaztelerazko testuan “el fallo del tribunal jartzen badu, komeni da “fallo hori “hitz markatua izatea programarentzat, bestela itzuli egingo luke automatikoki eta itzulpenean “tribunalaren akatsa (katalanez, noski) agertuko litzateke “tribunalaren erabakia agertu ordez. Tribunaletan ere akatsak izaten direla denok dakigu, baina hori ez da kontua kasu honetan, eta hortaz, programan horrelako hitzak (polisemikoak edota automatikoki itzulita bestelako arazoren bat ekar dezaketenak) “markatu, babestu egiten dira, eta ondoren kasuan kasu erabaki.

Itzulpen sistemak nola funtzionatzen duen ulertuta, argi dago benetan programa egunetik egunera tresna zehatzago eta praktikoago bihurtzen duena informatikoen eta itzultzaileen eguneroko lana dela. Beren lan teknikoa egiteaz gain, ia egunero biltzen dira, agerturiko kasu berriak erabakitzeko, irizpideak finkatzeko, egin beharreko hobekuntzak zehazteko...

Modu honetan, berez oso tresna sinple bat zena, denborarekin, irizpideak garbi edukita eta ondo erabilita, oso-oso tresna baliagarria bihurtu dute. Aldiro gehitzen dizkiote hitz berriak eta sarri xamar agertzen diren hitz segidak.

Bistakoa da (filologoiaz tutik ere ez dakienarentzat ere) katalanak baino euskarak hizkuntza bezela gaztelerarekiko distantzia askozaz handiagoa duela. Eta, egia esan, ez dakit izan posible ote litzatekeen gaztelera-euskara itzulpen sistema automatiko bat sortzea. Baina, hori bai, “El Periodicon sortu eta erabiltzen duten sistemak nola funtzionatzen duen jakinda, badirudi “posible behintzat izan beharko lukeela. Agian distantzia linguistikoak berak eragingo luke tresna bera sortzeak lan gehiegi eskatzea eta ondorioz bideragarri ez izatea. Auskalo. Hori bai, horrelako ekimenak ikusita argi geratzen da ere zerbait egiteko benetako gogoa dagoenean tresnak sortu egiten direla, eta mugak, normalean distantzia “mentaletan eduki ohi ditugula beste inon baino gehiago.

 

BAT aldizkaria: 
36. 2000ko iraila. Hizkuntza gutxitua, bizi iraupena eta...
Kokapen geografikoa: 
Katalunia
Egilea(k): 
Pablo Suberbiola
Urtea: 
2000