Hizkuntza politikarako legearen araua oraindik hedatu gabeko eremuetan

Lehen neurria HPLan bertan gauzatu zen, beronen bitartez herritarrek justizia administrazioarekin duten harremana katalanez izan daiteke, baita sententziak ere. “Asociación por el español en la Administración de Justicia elkarteak Kataluniako Auzitegi Nagusiari helegitea aurkeztu zion (KJAN aurrerantzan) [98ko iraila].

espainolen txobinismoak salaketa solteak gaindituz eraso generikoak egiten hasi zen: AG-eko lehendakariak Justizia katalanizatzeko itzultzaileekin aski zela adierazi zuen [98ko martxoa]; Kataluniako Asociación Profesional de la Magistraturak Gobernuak elebitasunaren aurkakoak markatu egiten dituela adierazi zuen

Kualitateari dagokionez 14/16 urte bitarteko ikasleek hizkuntza eta literatura katalanean gaztelerazkoan baino maila hobea lortzen dute: 14 urtetan, katalanez eta gazteleraz, hurrenez hurren, irakurmenean ulertzeko gaitasuna 79 eta 57 da; hizkuntza arauetan 63 eta 53; literaturan, 58 eta 45.

UdL, katalanez doktorego tesien %37a besterik ez den lekuan, kontratatzen ziren irakasleek eskolak katalanez eman ahal izateko maila egokia zuten irakasleak kontratatzea agintzen zuen normalkuntza plana egin zuen [98ko urtarrila].

Egunkariez gain, katalanezko prentsak gora egin du argitalpen espezializatuei dagokionez: 98an zehar honakoak kaleratu dira: Dosier Econòmic, Descobrir Catalunya, Revista dels Súpers (40.000 aleko tirada), Barça. Gaur egun, Associació de Publicacions Periòdiques en Català , 95 dira hedapen nazionala duten argitalpenak

95. urtean katalanezko 17.400 bideo saldu baldin baziren, 98an 200.000 izan ziren, aurreko urtean baino % 29 gehiago. Bi urte horietan bideo formatuan eskainitako filmen kopurua 174-ik 249ra handitu zen –horien artean haurrei zuzendutakoak 122tik 176ra pasa ziren-. Hobekuntza eskaintza hobetzeari zor zaio.

97an [99ko otsailean plazaratua] Printzerrian katalanez argitaratutako liburu kopurua 6.973ra iritsi zen (aurreko urtean baino %14 gehiago eta argitaratutakoaren %32), eta hauetatik 46 milioi ale inprimatu ziren (Catalunyan argitara emandakoaren %39a).

98. urtean Bartzelonan antzerkiak 1.975.027 ikusle bildu zituen: aurreko ekinaldian baino %4 gehiago, zehatz esanda, katalanezko 227 muntaietan %23ko igoera izan zen, eta %26ko jaitsiera espainierazko 123 obretan. Orotara, katalanezko obren ikusle kopurua gaztelerazkoen bikoitza izan zen.

Printzerrian saltzen diren produktuen %10a katalanez etiketatzen da [98ko otsaila]. Bartzelonako super eta hipermerkatuetan [97ko urria] komunikazioaren %43a katalanez zegoen, txartelen %58a eta errotulazioaren %63a ere bai, eta enplegatuen %78ak bazekien katalanez hitz egiten.

Sektore sozioekonomikoaren katalantzearen abiadura asko azkartu da DGPLrekin hitzartutako akordioei esker batez ere. Hitzarmen hauen gauzapenak katalantzearen areagotzea ekarri du eguneroko bizitzaren hainbat ataletan. LPLren aurretik konbenioen erritmoa urteko bat izaten zen [96an ezik, orduan hiru izenpetu baitziren); LPLren ostean erritmoa oso bizkorra izan da: bitik gora hileko.

gertakariak elkarren artean lotzen dira eta saihetseko ondorioak, kuantitatetik kualitaterako transmutazioak, eta aurrikusi gabeko eta aurrikusi ezinak diren deribazioak sortzen dituzte, eta hau guztia koligazio askotariko eta konplexu mataza batean bilduta.

LPL-k dagoeneko eragin positiboa izan duela hedapen normatiborik ez duten guneetan edota oraindik Legeak berak ezartzen dituen epeak osatu ez dituzten guneetan –legea onetsi zutenen jatorrizko asmoak asmo. LPL erabat burutzen denean, emaitzak are zabalagoak izango dira.

Urtarrilaren 7ko 1/1998 legea, hizkuntza politikari buruzkoa (HPL) zazpi dekreturen bidez hedatu da. Dekretu hauek notaritzako agiriak, izen eta deiturak, mapa soziolinguistikoa, zinemagintza eta irratigintza esparruetan hedatu dira. Oraindik hedatzeko eremu asko falta baditu ere horietako askok jada HPLren zeharkako eragina jaso dute. Pujals kontseilariak, Parlament-ari balantzea egitean [99ko apirila] “ekonomia, zinema, bideoa, aldizkako prentsa, kultura eta informatika industrien alorrean egoera kezkagarria zela zioen –alor kezkagarri hauetako bi izan ezik, gainerakoak kronika honetan jorratuko ditugu.

Justizia

Katalaneraren presentzia minoritarioa da. Abokatuen artean %20a normalizazioan interesaturik ageri da eta % 47ak katalanera erabiltzen du Generalitatearekin dituen harremanetan [98ko martxoa]. Epaitegien %90ak erabiltzeko baliabideak ditu [98ko urtarrila], Gironan, ordea, sartzen diren auzien %27a ez da beroriez baliatzen (1998); Granollersen auzien %5ean soilik erabiltzen da; Mollet-en, %1,1ean. Epaileen artean %1ek epaiak sistematikoki hizkuntza honetan ematen ditu, aldiz, idatzitako agirien %1a besterik ez dago hizkuntza honetan. Printzerri osoa hartuta, epaitegietako funtzionarioen % 38ak daki idazten eta %32ak daki mintzatzen. Hiritarren %32a zuzentzen zaio katalanez justizia administrazioari, eta %27ak besterik ez du lekukotasuna ematen [98ko ekaina]. Batetik besterako aldeak ere nabarmenak dira: Gironan %63ak erabiltzen du eta %57ak lekukotasuna ematen du; Bartzelonan %24ak erabiltzen du eta %24ak lekukotasuna ematen du. Kultura sailak agindutako inkesta baten arabera [99ko apirilan argitaratua) populazioaren %35ak beronen presentzia urria dela dio, gehiegizkoa dela dioen %3aren aurka.

Egoera hau aldatzeko 98an zenbait sustapen ekimen jarri zen abian, bat bera ere behartzailea ez izan arren, erantzunak eragin ditu.

Lehen neurria HPLan bertan gauzatu zen, beronen bitartez herritarrek justizia administrazioarekin duten harremana katalanez izan daiteke, baita sententziak ere. “Asociación por el español en la Administración de Justicia elkarteak Kataluniako Auzitegi Nagusiari helegitea aurkeztu zion (KJAN aurrerantzan) [98ko iraila].

Bigarrena Justizia sailak epaitegietako errotulazioa normalizatzeko hasitako ekimena da. Bartzelonako Entzutegiko lehendakariak kritikatu egin zuen [98ko urtarrila] eta bi abokatuk kontrako helegiteak ezarri zituzten [98ko iraila]. Azkenean, KANek adierazi zuen ekimen horrek ez zuela inolako legerik urratzen, bi legeak antzekoak zirela esanez eta Konstituzioan hizkuntza eskubideak funtsezkoak ez direla argudiatuz [98ko ekaina].

Hirugarrenak epaitegietako dokumentazio administratiboa du arretagune. Horrek lehen instantziako epaitegietako epaileak eta Bartzelonako epaitegietako idazkariak sutu zituen, indarrean jarri gabe atzera bota zuten, bien bitartean, Kataluniako Asociación Profesional de la Magistraturak baztertu egin zuen [98ko apirila].

Laugarrenak “autonomietako hizkuntzak ezagutzea meritutzat ematen du. Kataluniako fiskalen buruak kontrako adierazpenak egin zituen [98ko otsaila]; Unión Judicial Independiente-ak bidegabekotzat jo zuen [98ko apirila]; Kataluniako Asociación Profesional de la Magistratura; Agrupación Francisco de Vitoria eta Unión Judicial Independiente-k helegiteak jarri zituzten. Consejo General del Poder Judicial-eko (BJKN aurrerantzean) lehendakariak, J. Delgadok, adierazi zuen “hizkuntza ofizialkideen ezagutza ez dela beharturik ezarri behar. Zorionez auziak konpontzeko bidea hartu zuen. Botere judizialaren Lege organikoa garatzen duen aurreko araudiaren aurka egin eta Auzitegi Gorenak (AG aurrerantzean) behin-behingoz indarrik gabe utzi baldin bazuen ere, Generalitateak eta BJKN HPL garatzen duen hitzarmena sinatu zuten [99ko martxoa]. BJKN Printzerriko epaileei katalanera ezagutzea aholkatu zien eta epailetzan aritzeko lehentasunezko meritua izango zela ezarri zuten [99ko martxoa]. Araudi berri honen aurka egin zuen Asociación Profesional de la Magistraturak, hala ere Auzitegi Gorenak ez du indarrik gabe utzi.

Bosgarrena: Diputatuen Kongresuak administrazioan hizkuntza ofizialen ezagutza sustatzen duen ez-legezko proposamen bat onartu zuen, besteak beste, Justizian, beste zenbait neurriren artean, bere funtzionarioen hizkuntza gaitasuna sustatuz [99ko apirila]. Baina espainolen txobinismoak salaketa solteak gaindituz eraso generikoak egiten hasi zen: AG-eko lehendakariak Justizia katalanizatzeko itzultzaileekin aski zela adierazi zuen [98ko martxoa]; Kataluniako Asociación Profesional de la Magistraturak Gobernuak elebitasunaren aurkakoak markatu egiten dituela adierazi zuen [98ko apirila]; AG-eko lehendakariak ukatu egin zuen epaileek katalanera ezagutu behar dutenik [98ko apirila]; Bartzelonako Entzutegiko lehendakariak “Generalitateak ez diela iritzirik eskatu eta Justizian katalanera txertatzeko ekimenean Generalitateak bere eskumenak gainditzen ari zela zioen [98ko apirila]; Bartzelonako epaile dekanoak elebitasuna errespetatu behar dela ohartarazi zuen [98ko apirila]; KJAN-ko lehendakariak, G. Vidal, adierazi zuen “epaile bati katalanera ezagutzeko eskatzea konstituzioaren kontrakoa izan zitekeela [98ko maiatzaa] eta “justizian katalanera dekretu kolpeka ezin sar daitekeela azpimarratu zuen.

Pujol lehendakariak HPLren aplikazioa egokia dela adierazi zuen, “horrenbesteko naturaltasunez aplikatzen da jendea ez dela ohartu ere egiten, baina justizia administrazioan ez zuela aurrera egiten. Oraindik egiteko ugari dagoen arren itxaropenak oinarri sendoak ditu: Kataluniako 14 abokatu elkarteetako ordezkariek aho batez eskatzen dute Botere Judizialaren Kontseilu Orokorrarekiko (BJKO aurreantzean) askea izango den botere judizial katalana sortzea [99ko otsaila] eta Kataluniako Abokatutzaren II. Kongresuko batzarrak [99ko iraila] Administrazioari justiziako arlo desberdinetan katalaneraren ezagutza baldintzatzat jartzea eskatu zion.

Irakaskuntza

Katalanezko lehen eskola sortu zenetik -Col·legi Sant Jordi, F. Flos i Calcatek sortua (1898ko iraila]-, derrigorrezko hezkuntza publikoa Printzerrian hizkuntza aldetik katalandurik dago, kualitatiboki nahiz kuantitatiboki.

Kuantitateari dagokionez, Hezkuntza Sailak, etorkinen seme-alabentzat hizkuntza murgiltzeko gelak sortzeaz gain [98/99 ikasturtea), katalantasun gorena ziurtatzen du. Lehen hezkuntzan lehen zikloaren % 92a esan nahi du (6/8 urte) -gazteleraz ikasten duen %8aren aurrean-; %84 erdi eta goi zikloetan (8/12 urte) -%6 gazteleraz eta %9 atzerriko hizkuntzan-. (Parez-pare, eskolatik kanpo, abian jarri zen hainbat ekimen. Esaterako, Esparreguerako Katalanera Zerbitzuak [99ko maiatzaa], Tarragonako HNZ-k [99ko ekaina], eta abar, auzoetako ludotekak bultzatu zituzten gazteenek euren hizkuntza gaitasun hobetu zezaten.) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (12/16 urte) kredituetan katalanerak 1. zikloaren %87a hartzen du (12/14 urte) -%6 gaztelerak eta %7 atzerriko hizkuntzek-; eta 2. zikloaren % 85a (14/16 urte) -%7a gaztelerak eta %8a atzerriko hizkuntzek-; 97/98 ikasturtean 14 ikasle baino ez dute eskatu banakako laguntza gazteleraz; eta 98/99 ikasturtean bik besterik ez: honek frogatzen du ez dagoela arazorik. Agerian jartzen du, halaber, zeinen oinarrigabekoak diren USTEC eta Convivencia Cívica Catalana (CCC) elkarteek Kataluniako Auzitegi Nagusiaren aurrean jarritako helegiteak matrikulazio orrietan gurasoek hezkuntzarako hizkuntza hautatu dezaten aukera agertzen ez delako. Ahula da, halaber, Europako Arrazismo eta Intolerantziaren aurkako Batzordeak, Europako Batzordearena, bere urteroko txostenean [99ko urtarrila] -96an esandakoa berrestsiz-. “Gaztelaradun haurrek zenbaitatean Katalunia eta Euskal Herrian hezkuntza gazteleraz jasotzeko dituzten arazoak aipatzen ditu: txosten hau estatuen Europaren purrustada bat besterik ez da. Hein berean, Arartekoak bestelako hainbat salaketa egon dela onartu behar izan du.

Kualitateari dagokionez 14/16 urte bitarteko ikasleek hizkuntza eta literatura katalanean gaztelerazkoan baino maila hobea lortzen dute: 14 urtetan, katalanez eta gazteleraz, hurrenez hurren, irakurmenean ulertzeko gaitasuna 79 eta 57 da; hizkuntza arauetan 63 eta 53; literaturan, 58 eta 45. 16 urtetan, puntuazioak 78 eta 65; 61 eta 53; 58 eta 48 dira [98ko urrian argitaratuak). Ildo beretik jarraituz, ulertzen da unibertsitatera sartzeko frogen % 73 katalaneraz egiten dela [91an %52koa izan zen; 97an, %72koa) eta18eta 24 urte bitarteko talde horretan % 88ak irakurri eta idazten duela [99ko abuztuan argitaratua. Katalanizazioa, ordea, ezagutza sustatzera mugatzen da gehien bat, eta horrek jarrera eta erabilera okerrak dakartza. Hori dela eta uler daiteke, eta ez onartu, J. Millà s, Òmnium Cultural-eko lehendakariaren larrialdi deia. Honen aburuz “gaztediak katalanera baztertzen du eskolan inposatzen delako [98ko uztaila].

Osotasunerako bidean, oztopo nagusia hedabideek baldintzaturiko iritzi publikoa da. CIS-en “Sobre el uso de las lenguas de las Comunidades Autónomas izeneko ikerketaren arabera [99ko martxoa] Kataluniako populazioaren %5ak gaztelerazko heziketaren alde egiten du, hizkuntza nazionalaren alde egiten duen %33aren aldean. Beste inkesta baten arabera [98ko urria, 99ko abuztuan argitaratua), %50ak heziketa bi hizkuntzetan egin behar litzatekeela irizten dio; %33ak nagusiki katalanera egin behar litzatekeela eta %9ak katalanez soilik. Kontrainformazioarekin jolastuz, Acción Cultural Miguel de Cervantes-ek Generalitateari Konstituzioa urratu eta hizkuntza dela medio baztertzea leporatzen dio, gaztelera hiztun guztiak kaltetuz horren ondorioz, hori dela eta Aznarri eskatu zioten gaztelera babesteko lege bat [99ko abuztua]. Parez-pare, hauteskunde nazionaletan, Espainiaren morrontzapeko alderdiak hizkuntza murgiltzearen kontra agertu ziren.

Unibertsitatean, 76az geroztik etengabe gertatu den beherakada demografikoak eragin du: ikasle kopuruak behera egin zuen lehen ikasturtean instituzioak ekonomia identitatearen aurretik jarri zuen. 98/99 ikasturtearen zabaltzean, UdGko errektoreak gaztelera eta ingelesari irekitzea eskatu zuen; UPFkoak, berriz, gazteleraren erabileraren alde egin zuen ikasle atzerritarrak erakarri eta konpetibitatea ziurtatzeko [98ko iraila]. Hori unibertsitarien % 68ak katalanera ohiko kode moduan erabiltzeko egindako hautuarekin kontraesanean dago [98ko apirila]: Katalunia estatuan Erasmus programan ikasle atzerritar gehien duen unibertsitate barrutia dela dioen datuarekin ere kontraesanean dago (2.305 97/98 ikasturtean); eta oraindik erabateko erabilera lortzeko asko falta delako: mutur batean UdG baldin badugu eskolen %94a katalanez emanez, beste muturrean UdL dugu %60arekin.

Bartzelonan UAB da katalantzearen buruan dagoena: %68 [99ko urtarrila], nahiz eta egoera bere horretan geldirik dagoen urtetan. UPCn eskolen %71an erabiltzen da, -91/92 ikasturteko %85 hartatik beherakada nabarmena-, bibliografian, berriz, presentzia %27koa da eta doktorego tesietan %19 baino ez da iristen. UPFn , eskolen %68a katalanez da (%29a gazteleraz), baina badira barne desberdintasunak: %90 komunikazio audiobisualekoak dira, %37a ekonomiketakoak. Dozentzian Gainbehera zihoan katalaneraren presentziari buruzko kalapita mediatikoaren ondoren [99ko otsaila] klaustroak Unibertsitateko Hizkuntza Politikarako Batzordeari katalaneraren erabilerari buruzko araudi bat egitea eskatu zion [99ko martxoa].

Bartzelonatik at, UdL, katalanez doktorego tesien %37a besterik ez den lekuan, kontratatzen ziren irakasleek eskolak katalanez eman ahal izateko maila egokia zuten irakasleak kontratatzea agintzen zuen normalkuntza plana egin zuen [98ko urtarrila]. Prentsak ezagutzera eman bezala, URVk bere baitan aspaldiko auzi bat du. Eskolak emateko gazteleraz diharduen irakaslegoa %35 izanik, Hizkuntzen erabilera araudia onartu zuen [99ko urtarrila]: zerbitzu guztiak -taberna, idazkaritzak, reprografia- katalanez artatuko dute eta irakaslegoak bi urte izango ditu gaitasuna ziurtatzeko. Maulets taldeak, erakundearen babesarekin, aplikazioa gertutik jarraituko zuela adierazi zuen [99ko urtarrila], eta CCCk helegitea ezarri zuen, horren ondorioz [99ko uztaila] aplikazioa izozturik gelditu zen KJAN kautelazko suspentsioa ebatzi bitartean.

Irakaskuntza ez-formalari dagokionez, berriz, Parlament-ak autoeskolen katalanizazioa arautzea erabaki zuen.

Hedabideak

Ikusentzunekoen munduari eta sare telematikoei arrotzak zaizkien hizkuntzek etorkizuna baldintzaturik dute. Horra hor katalaneraren kontrako itotze mediatikoaren arriskua.

Katalanerak informazio agentzien biderkatzea bizi du: 99ko apirila, EFEk berriak katalanez ematen zituen webgunea aurkeztu zuen; ekainan Intracatalonia sortu zen, Internet bidezko berri agentzia; abuztuan Agència Catalana de Notícies sortu zen (Intra-ACN). Irailan 23 ziren katalanezko berri agentziak, eta horietatik 13k Printzerrian zuten egoitza.

Ikusentzunezkoen produkzioa bultzatzeko, Institut Català de Finances-ek creditu lineak zabaldu zituen [99ko martxoa eta ekaina], orotara 5.000 milioi pezeta, ekoizle sarea egonkortzeko lehen urratsa, eta bost urtetan 100.000 milioiko ekoizpena egiteko asmoarekin, eta Institut Català de Indústries Culturals [99ko iraila] sortu zen, proiektu honen zerbitzura dagoen departamentu arteko egitura.

1967/97 bitartean egunkarien hedapena %17 handitu zen: nazionala 30.000 aletan jaitsi da; Madrilgoak 135.000 aletan egin du gora; eta eskualde mailakoa 40.000 aletan handitu da. 1988/97 bitartean salmenta gehien handitu duten egunkarien artean El Punt (%72; 12.203tik 20.950era) eta Segre (%68; 7.556tik 12.722ra) [99ko otsaila]. 1996/98 bitartean katalanez saldutako ale kopurua bikoiztu baino gehiago egin da, 9tik % 20ra pasa da: Segreren argitalpen elebiduna eta, batez ere, El Periódico de Catalunya-renaren ondorioz dator. Katalanezko bertsioa agertu zenetik [97ko urria] 85.000 ale inguru (tirada osoaren %41) katalanez dira, eta 25/34 urte bitarteko irakurle taldea du batik bat. 1998 amaiera aldera, Avuik 34.000 ale inguru argitaratzen zituen, El Punt-ek 20.000; Regió 7k 9.000; Diari de Girona-k 6.000. Hala eta guztiz ere kopuruak txikiak dira. %12ak besterik ez du irakurtzen katalan hutsean dagoen prentsa; %1ak batez ere hori irakurtzen du [99ko ekaina], eta %8ak gehigarriak besterik ez ditu irakurtzen hizkuntza horretan.

Egunkariez gain, katalanezko prentsak gora egin du argitalpen espezializatuei dagokionez: 98an zehar honakoak kaleratu dira: Dosier Econòmic, Descobrir Catalunya, Revista dels Súpers (40.000 aleko tirada), Barça. Gaur egun, Associació de Publicacions Periòdiques en Català , 95 dira hedapen nazionala duten argitalpenak [99ko iraila]. Aldiz, azken aldion, tokiko prentsa geldirik dago: 1993-97 bitartean %1 besterik ez da hazi, nahiz eta tokiko prentsa argitaratzen den eremuetako biztanleen %90ak irakurtzen duen 33 eskualdetan argitaratzen diren 141 aldizkarietakoren bat [99ko martxoa]. Hala eta guztiz ere, tirada laburreko argitalpenak aldi txarra pasatzen ari dira, horren kariaz Katalanez argitaratzen diren aldizkarien elkarteek (APPEC) Hezkuntza eta Kultura ministerioaren dirulaguntza banaketari helegitea jarri diote baztertzen dituelakoan [99ko martxoa].

98. urtean TV3en bataz besteko ikuslegoa % 24koa zen (audientzian nagusi Printzerrian) eta Canal 33ena, berriz, %6. Orotara CCRTVko telebista kateak biztaleriaren %30ak ikusten zituen, eta telebista katalanez nahiago dutenak % 32 ziren eta %37ak zioen batez ere hizkuntza horretan ikusten duela telebista [98ko urria]. Zoritxarrez, egoera katramilatzen ari da TVC-n: nahiz eta katalanera soilik bi kanalen ohiko hizkuntza izan; KJAN-en epai batek TVCren elebakartasuna babestu [99ko ekaina]; eta TV3 izan eduki zabalena duen katea (% 38) [99ko maiatzaa]; hauteskunde nazionaletan kataluniaz kanpoko zuzendaritza duten bi alderdik TVC elebiduntzea aldarrikatu zuten.

Gainerako kateetan katalaneraren presentzia gora-beheratsua da. 98an TVE-1ek 507 eman zituen (364 ordu aurreko urtean) eta La2-ek, berriz, 833 (1.023 ordu aurreko urtean): orotara TVEk 97an baino 47 ordu gutxiago eman zituen katalanez, La2-etik TVE1-era programak mugitzeak audientziaren igoera ekarri duen arren. 99ko irailetik aurrera beherakada horri egunean ordu erdi gehiago emitituz erantzun zioten. Kate pribatuetan katalaera hutsaren hurrena da: Tele5 da lan egunetan albistegi bat eskaintzen duen bakarra [98ko urtarrilan hasita, 99ko maiatzan iraupena luzatu zioten), audientzia maila altuak lortuz (pantaila kuotaren %72) [99ko abuztua]; Antena 3-ek, 99ko Sant Jordi egunaz geroztik ez du katalanez emititu (3 urte lehenago egoera hobea zen: Antena 3-ek dualean 4 telesail emititzen zituen, filmak, eta futbola; eta Canal +-ek, berriz, hilean film bat eskaintzen zuen). Satelite bidez, aldiz, Via Digital-en esaterako, emisioaren %20/25 artean dago katalaneraren erabilera [98ko apirila]: honela, esaterako, Canal Naturaleza delakoa elebitan emititzen da egunean 4 orduz. Canal Satélite Digital, TV3rekin erdietsitako akordio bati esker, egunean 20 orduz emititzen du Cinemanía, Cinemanía Azul, Minimax eta Álbum TV kateetan. Tokiko kateetan Reusen sortutako ITV [98ko iraila] azpimarratu behar da; eta Ràdio Valls eta Laurenfilm Camp de Tarragonarako CAT 4 telebista katearen aproba emisioak egiten hasi izan [99ko uztaila], Printzerri osora hedatzeko asmoz.

95. urtean katalanezko 17.400 bideo saldu baldin baziren, 98an 200.000 izan ziren, aurreko urtean baino % 29 gehiago. Bi urte horietan bideo formatuan eskainitako filmen kopurua 174-ik 249ra handitu zen –horien artean haurrei zuzendutakoak 122tik 176ra pasa ziren-. Hobekuntza eskaintza hobetzeari zor zaio.

CD-ROM-ean, besteak beste, Català Multimèdia [98ko ekaina] eta Divercat [99ko martxoa] agertu ziren adierazpenaren kualitatea hobetzeko, katalanera-ingelesa hiztegia, eta Tirant lo Blanc [98ko azaroa].

Informatikaren alorrean, Microsoft-ek, katalanezko programen salmenta kopuru “barregarriak argudiatuz, Gobernua Windows 98-ren katalanezko bertsioaren eta Internet Explorer 4.0ren kostua bere gain hartzera behartu zuen, 1998ko abendutik aurrera salgai jarri zena. Nahiz eta unibertsitateko 200 irakaslek Microsoftek Windows 98ren bigarren bertsioa kaleratzean katalanera kontuan har zezatela eskatuz agiri bat sinatu [99ko maiatzaa], ez zuen halakorik eskaini, Generalitatearekin zuen hitzarmena urratuz. Hala eta guztiz ere, hitzarmena sinatzeak sortutako itxaropenaren eraginez Generalitateak 7 makina ekoizle handirekin akordio bat itxi zuen Windows 98 eta Internet Explorer 4.0-ren bertsio elebiduna (gaztelera-katalanera) hasieratik instala zezaten [99ko otsaila] ekipo berri guztietan, hein berean alor pribatuan hainbat ekimen jarri zen abian, esaterako, katalanezko lehen antibirusa kaleratzea (Panda Software) [98ko urria] edo Philips Speechs Processing-ek ahotsa ezagutu eta testu bilakatzeko prozesagailu bat iragarri izana [99ko irailerako aurrikusia).

Sarean, katalanez dauden 10.000 orriek alor pribatua bizkortu dute. Enciclopèdia Catalanak [98ko martxoa] hiru hilabetetan 3.000 harpidedun lortu zituen bilatzaile bat sortu zuen [98ko martxoa-ekaina]; VilaWeb-ek Nosaltres.com bilatzaile eta direktorioa sortu zuen, Europako aurreratuenetako bat [98ko urria]; Netscape nabigatzailearen Katalanezko bertsioa kaleratu zen [98ko urria]; Incytak (Siemens taldekoa) BOErako erabiltzen den katalanera/gaztelera itzultzaile automatikoa eskaini zien internautei [99ko martxoa]. Instituzioen arloan, Comissionat per la Societat de la Informaciò-k, informatika eta ikusentzunezkoen alorrean ere badiharduenak, bere ekimena Interneten ezarri zuen, eta bien bitartean, hizkuntzaren alorrean, Direcció General de Política Lingüísticak (DGPL) bere gain hartu zuen webgune bat http://cultura.gencat,es/llengcat/index.htm [99ko iraila], informazio guztia zentralizatu zuena.

Kultura ez mediatikoa

 

Catalunya da etxerako kulturan eta aisialdian diru gehien xahutzen duen erkidegoa (Estatuko batezbestekoaren %42 gainetik) [98ko azaroa].

97an [99ko otsailean plazaratua] Printzerrian katalanez argitaratutako liburu kopurua 6.973ra iritsi zen (aurreko urtean baino %14 gehiago eta argitaratutakoaren %32), eta hauetatik 46 milioi ale inprimatu ziren (Catalunyan argitara emandakoaren %39a). Katalogoan bildutako izenburuak orotara 37.448 dira (kopuru osoaren %37a). Estatu mailan argitaratzen diren izenburuen %13 katalanezkoak dira [98. urtea], urtetik urterako hazkundea, berriz, %1,3koa da. Batezbesteko tirada 4.321alekoa da [97. urtea] (%7 jaitsi zen aurreko urtearen aldean). Argitaletxeen fakturazioaren %14 katalanezko liburuei dagokie [97]; hauen artean unibertsitatekoak ez diren testu liburuak %39 dira, hiztegi eta entziklopediak %22; haurrentzako obrak %15, literatura %11, saiakera %2. Merkaturatzeko bide ohikoenak liburudendak (%43) eta kredituzko salmenta (%35) dira. Beste muturrean kioskoek %2 eskas bat fakturatzen dute. 380 patrika-liburu titulu berriek 231.436 ale saltzen dituzte (patrikakoen osoaren %2). 1996/97 bitartean, itzulpen kopurua igo egin zen: 1.015etik 1.225era. Orotara, saldutako hiru liburuko bat katalanezkoa da, nahiz eta salmentek urteko %3ko hazkunde erritmoa duten eta 34.000 milioi pezeta mugitzen dituzten. Departament de Cultura de la Generalitat-en urte honetako diru babesak fakturazioaren %0,7a betetzen du, 1.008 laguntza zehatz 314 milioi pezetako laguntza banatzeko. Editore kataluniarren elkartea (Associació d’ Editors en Llengua Catalana), Euskal Editoreen Elkartea eta editore galiziarren elkartea (Associaciom Galega de Editores) teknologia berriek onurak ekarriko dizkietelakoan daude [98ko maiatza]. Liburudendetan katalaneraren presentzia [96, 98ko apirilean plazaratua] ale guztien %23an dago, eta gainera ale hauen banaketa oso gorabeheratsua da: izakinen gutxienezko %50a katalanez dutenak ez dira %10era iristen. (Setmana del Llibre en Català -ren 16. aldian (Bartzelona 98ko martxoa] salmenta eta bisitarien kopurua %20 igo zen aurreko edizioaren aldean; Setmana-ren 17. Edizioan, berriz, eskaintza bost hiritara zabaldu zen, Bartzelona, Tarragona, Girona, Palma eta Perpinyà-ra hain zuzen [99ko martxoa], eta hazkunde bera errepikatu zen). Publikoaren %3ak katalanezko liburuak baino ez zituen irakurtzen; %14ak, berriz, katalanezkoak irakurtzen zituen batez ere [99ko ekaina].

98. urtean Bartzelonan antzerkiak 1.975.027 ikusle bildu zituen: aurreko ekinaldian baino %4 gehiago, zehatz esanda, katalanezko 227 muntaietan %23ko igoera izan zen, eta %26ko jaitsiera espainierazko 123 obretan. Orotara, katalanezko obren ikusle kopurua gaztelerazkoen bikoitza izan zen. Garrantzitsuena da ikusleen batura 2.366.991koa dela, aurreko denboraldian baino %4 handiagoa: espektakuluak katalanez ikusten zituztenek gazteleraz ikusten zituztenak hirukoizten zituzten, eta gainera katalanezko ikuskarien eskaintza %11 handitu zen. Printzerrian zehar, Departament de Cultura-k 2.000 milioi pezeta bideratu ditu antzerki laguntzetara [99].

Musikan, 2.000tik gora dira eskueran dauden katalanezko diska katalogatuak [99ko martxoa]. Halaz ere, inertziek bere horretan diraute: katalanezko rock-ak merkatu kuota berreskuratu arren, esaterako, Els Pets taldeak Bon dia-ren 75.000 kopia saldu zituen [98ko urria]; Enderrock argitalpenak 20.000 ale argitaratzen ditu nahiz eta bere maiztasuna hiruhilabetekari izatetik hilabetekari izatera aldatu- eta industriak atzera talde ezezagunetan dirua jarriagatik ere, Printzerrian rock talde berrien %49ak ingelesa hautatzen du; %27ak gaztelera; %13ak katalana, eta gainontzekoek konbinatu egiten dituzte [98ko maiatza]. Aurrera begira, honakoa gai garrantzitsua da; Auzitegi Gorenak [99ko maiatza] erabaki zuen hizkuntzaren babesa ez dagoela lurraldeari lotuta, eta hau dela eta, esaterako, katalanezko fonografiarentzako laguntzak ez dituela ez abeslariaren bizilekuak ez enpresaren kokapenak baldintzatuko.

Sektore sozioekonomikoa

Sektore hau atzeratuenetako bat da, nahiz eta batzuen eta besteen arteko aldeak nabarmenak izan. Printzerrian saltzen diren produktuen %10a katalanez etiketatzen da [98ko otsaila]. Bartzelonako super eta hipermerkatuetan [97ko urria] komunikazioaren %43a katalanez zegoen, txartelen %58a eta errotulazioaren %63a ere bai, eta enplegatuen %78ak bazekien katalanez hitz egiten. Labur esanda, merkataritza gune handien %31k bi hizkuntzak parean jartzen ditu, eta %51k bertako hizkuntza lehenesten du. Printzerriaren osotasunean datuak hobeak dira, baina ez leku guztietan: katalanaren presentzia Calafell-eko erdiguneko komertzioaren errotulazio berrian %50 inguru jaitsi zen hiru urtetan [98ko apirila].

Negozioen munduak, oro har, ez dio hizkuntzari erreparatzen. Katalanezko lehen garbigailua eskaintzen duen New Pol bezalako enpresa baten alboan aurrera egiten ez duten sektoreak ere badira. Esaterako, jostailu enpresariek iragarkien %6an bakarrik baliatzen dute katalana -TV3-en ere %65a espainieraz agertzen da [99ko martxoa]. Parlament-ek lan munduan konbenio klausula jakinen bidez katalana hedatzeko plangintza bat bultzatzea erabaki zuen [99ko maiatza] eta baita lanbide heziketa gutxienez %50a katalantzea ere. Baina honek ez dio arazoaren muinari heltzen. Eta itxaropena inertzian jartzeak ez du balio: biztanlegoaren %56ak baleko deritzo kaleko publizitatearen katalantzeari eta %36ak baino ez zion eskas irizten [99ko ekaina]. Herriak, berriro ere, ez zion erronkari heltzen. Honen aurrean hizkuntzarekiko kezka piztu zedin estrategia bat topatu behar zen, esaerak dioen suaviter in modo, fortitudo in re hori kontuan hartuz. Estrategia hau arrakastaz pentsatu, diseinatu eta inplementatu da. Hala: Hizkuntza Politika Legeak jendaurrean lan egiten duten enpresei bi urteko epea eman zien. 2000. urterako elkarte guztiek bete beharko dute; 2003rako autonomo guztiek. Dena den, epe hauek ahitu aurretik ere ukaezina da katalanaren aurrerapena lehen ia hutsa zen sektore sozioekonomikotan.

Baina legearen aplikazioa aurreratu egin da Reus-eko Udala eta CPNLren arteko hitzarmena bezalako ekimen irudimentsuei esker. Reus-en udalak laguntza fiskalak luzatzen dizkie katalana erabiltzen duten establezimendu komertzialei [99ko martxoa]. CPNL-rekin 200 hitzarmen baino gehiago izenpetu dira konpromiso linguistikoak hartuz, tartean Catalunyako administrazioetako beste zenbait organismo direla. Adibide gisa bakar batzuen aipamena egingo dugu: Tarragonako CNL eta Gestigrup (enpresa inmobiliarioen elkartea) [98ko azaroa]; Sabadell-eko CNL eta Col.legi d’Advocats de Sabadell [98ko abendua]; CNL Terrassa-Rubí, Gremi de Constructors d’Obres de Terrassa eta Gremi de Pintors de Terrassa i Comarca [99ko martxoa]; SLC Alt Penedès-Garraf eta Col.legi d’Enginyers Técnics Industrials de Vilanova i la Geltrú (CETI-VG) [99ko apirila]; Sabadell-eko CNL eta Gremi Comarcal d’Hostaleria de Sabadell [99ko ekaina]; CNL Miquel Ventura (Àrea de Reus) eta Associació Nuclear d’Ascó [99ko ekaina]; Terrassa-Rubí-ko CNL eta Federació d’ Associacions de Comerciants de Terrassa [99ko ekaina]; CNL de l’ Alt Penedès-Garraf eta Gremi d’Instal.ladors del Garraf [99ko uztaila]; CNL Terrassa-Rubí eta Associació Professional d’Empresaris d’ Electricitat, Fontaneria, Gas, Sanejaments i Afins de Terrassa i Comarca [99ko iraila], etab.

 

 Sektore sozioekonomikoaren katalantzearen abiadura asko azkartu da DGPLrekin hitzartutako akordioei esker batez ere. Hitzarmen hauen gauzapenak katalantzearen areagotzea ekarri du eguneroko bizitzaren hainbat ataletan. LPLren aurretik konbenioen erritmoa urteko bat izaten zen [96an ezik, orduan hiru izenpetu baitziren); LPLren ostean erritmoa oso bizkorra izan da: bitik gora hileko. Pujol, “pake linguistikoaren hatsarrea jarraiki, 40 enpresarirekin bildu zen haien larritasuna baretu asmoz [98ko otsaila]: hurrengo hiletik aurrera jarraitze-segidarik gabeko hitzarmenak finkatu ziren, legea modu elkarrizketatuan aplikatzeko, sektore inplikatuekin garapena adosteko eta aplikazioaren oinarriak finkatzeko: Banco de Santander eta Telefónica [98ko martxoa]; Pimec-Sefes –340.000 enplegatu- eta Col.legi de Registradors de la Propietat i Mercantils de Catalunya [98ko apirila]; SEAT [98ko maiatza]; Banco Central Hispano, El Corte Inglés eta Caixa de Manlleu [98ko ekaina]; Autoritat Portuària de Barcelona, Unió Catalana d’Entitats Asseguradores i Reasseguradores, Institut d’Empresa Familiar –enpresa asoziatuetan katalana epeka ezartzeko batzorde bat osatu dute Generalitat-ekin batera-, Alcampo, Confederació de Cooperatives de Catalunya –70.000 enplegatu-, Consell d’Empreses Distribuïdores d’Alimentació de Catalunya [98ko uztaila]; ACRP [98ko iraila]; Associació Catalana de Ports Esportius i Turístics (ACPET) eta Associació Catalana d’Estacions d’Esqui i Activitats de Muntanya (ACEM), Fira de Barcelona –3 milioi bisitari urteko-, Cambra de Comerç Francesa de Barcelona [98ko azaroa]; Federació de Caixes d’Estalvi de Catalunya (10 entitate) [99ko urtarrila]; 7 makinagintza enpresa [99ko otsaila], Argentaria, Confederació de Comerç de Catalunya [99ko ekaina], Consell de Col.legis d’Agents de la Propietat Inmobiliària (API) de Catalunya, Caja de Madrid [99ko abuztua], Montesa-Honda, Derbi, Confederació empresarial d’Hostaleria i Restauració de Catalunya, Agrupació de Botiguers i Comerciants de Catalunya –35.000 kide-, Caja Rural de Almería, [99ko iraila]. Orotara, 99ko irailean: 29 hitzarmen.

Hitzarmenen garrantzi itzelaren erakusgarri, hauetako zenbait zehaztuko dugu: Telefonicaren izenpetzeak urteko 15 bat milioi faktura katalantzea dakar. Horrela bada, lau faktura ohikoenak (ura, argindarra, gas eta telefonoa), orotara urteko 40 milioi dokumentu inguru, katalanez iristen dira etxe guztietara. El Corte Inglés-ekin eginiko akordioak egiten duen publizitate ekimen orotan katalana erabiltzera konprometitzen du; Santander Central-Hispano banketxearekin eginikoak errotulazioan eta inprimakietan erabiltzera; SEAT-enak bere 13.000 enplegatuei nomina elebiduna ematera eta bere modeloen argibide eskuliburuak katalanez idaztera. Hiru hitzarmen hauen aplikazioak bakarrik (Pimec-Sefes, Confederació de Cooperatives de Catalunya eta SEAT) orotara 5 milioi dokumentu hartzen ditu.

Amaiera ireki gisa

Laburbilduz, justizia mailan oinarri sendoak eraiki dira mendetan zehar ezarritako egoera epe laburrean gainditzeko. Derrigorrezko irakaskuntzan osotasunaren atarian gaude, unibertsitate arloan, berriz, konponbide gaitzeko zenbait inertziaren arrastoan jarraitzen dugu. Komunikabideetako panorama askotarikoa da. Aurrera goaz prentsan eta telebistan, baina oraindik ere luzea da egiteko dagoen bidea. Informatikan trabak nabariak dira. Internet-en, País Valencià eta Catalunya del Nord-eko atzerapena alboratuta, katalanaren egoera ia eredugarria da

–kontuan izan behar da biztanlegoa eta pisu ekonomikoa-. Kultura ez mediatikoak ere aniztasun hori erakusten du. Aurrerapena izan da liburuaren sektorean –arlo batzuetan, demografiaren baldintzetatik haruntza (katalanezko argitarapen bolumena grekerarena eta portugesarena baino handiagoa da). Antzerkian, hegemonia linguistikoaren borroka irabazita, katalana erabateko nagusitasunaren bidean da. Musikan aurrera goaz, aurkari anglosaxoniar boteretsuaren itzalean, nekez. Sektore sozioekonomikoan hitzarmen oldeak etorkizun itxaropentsua iradokitzen du. Hortaz: egoera ez da Pujals kontseilariak –ziurrenik erantzukizunaren etikaren ikuspuntutik- adierazi bezain kezkagarria.

LPL onartzeak ekarri zuen krisiaren ondoren, inkesta demoskopikoetan politika linguistikoaren nota hobetuz doa: 5,37 [98ko ekaina]; 5,73 [98ko abendua]; 5,82 [99ko maiatza]; 5,97 [99ko iraila]. Honek baieztatzen du, beraz, hazkunde krisi bat jasan dugula, eta ondorioz, ezinbestean oraindik ere gorabeherak gainditu beharko ditugula.

Gertakarien irakurketa sekuentziala –kausa bakarrekoa eta ondorio bakarrekoa- egiten ohituta gaude. Baina errealitatea hori guztia baino korapilatsuagoa da: gertakariak elkarren artean lotzen dira eta saihetseko ondorioak, kuantitatetik kualitaterako transmutazioak, eta aurrikusi gabeko eta aurrikusi ezinak diren deribazioak sortzen dituzte, eta hau guztia koligazio askotariko eta konplexu mataza batean bilduta. Demokrazian, genetikoki, legea alderdi politikoen indarren korrelazioaren emaitza da. Baina behin onetsi eta gero, legea volonté de tous izatetik volonté générale izatera igarotzen da. Interes partikularren batura interes komun bihurtzen da, eta ondorioz denok hitz egiten dugu legegileaz, singularrean. Legeak bizitza autonomoa hartzen du, landu eta zedarritu zutenen askotariko nahiak. Burutu dugun azterketa zehaztuaren amaiera gisa, egoera definitu alde, esan beharra dago LPL-k dagoeneko eragin positiboa izan duela hedapen normatiborik ez duten guneetan edota oraindik Legeak berak ezartzen dituen epeak osatu ez dituzten guneetan –legea onetsi zutenen jatorrizko asmoak asmo. LPL erabat burutzen denean, emaitzak are zabalagoak izango dira.

Oharra: Honako artikulu hau Llengua i Ús aldizkariaren 18. zenbakian argitaratu zen 2000ko ekainan.

BAT aldizkaria: 
36. 2000ko iraila. Hizkuntza gutxitua, bizi iraupena eta...
Kokapen geografikoa: 
Katalunia
Egilea(k): 
Jordi Bañeres
Urtea: 
2000