Donall O´Riagainekin elkarrizketa

Errusia sinatzaile izateko aukera handiak daude. Errusiako Federazioak 176 gutxiengo ofizialki onartzen dituela kontuan izanik, hauxe da “itsasoan dagoen arrainik handiena.

Egungo Frantziar gobernuak prest egon behar luke konstituzioaren aldaketa lortzearren Conseil Constitutionel-ari presioa egiteko. Itxaropenez ikusten dut auzia, etorkizunean aldaketa hori gertatuko delakoan nago eta hori euroituna berresteko lagungarri gertatuko da.

Sinisturik gaude hauetako bakar batek ere ez duela hil beharrik. Hizkuntza askoren etorkizunak benetan dirudi iluna, herri baten izpiritua, ordea, ez dago zientifikoki neurtzerik.

Euskal Soziolinguistika Institutua sortzen duzuenean ezagutza eta erabilera aztertzea bezain garrantzitsua izango duzue hizkuntzarekiko jarreren jarraipena egitea. Nire ustez, ordea, zuek Europako komunitate soziolinguistiko indartsuenetakoak zarete.

Ipar Irlandako bake prozesua burutzeak ere eragin onuragarria izango duelakoan nago, izan ere, hizkuntzarekiko zaletasun handia dago Ipar Irlandako komunitate nazionalistan. Zorionez bada hego eta ipar hizkuntza bultzatzeko lanetan ari den “gorputz bat eta horri esker lehen aldiz hizkuntzarentzat plangintza estrategia nazional bat izango dugu hego eta iparraldean.

“Gehien kezkatzen nauena, belaunaldien arteko trasmisioaren beherakada da, hori komunitate gehienetan ari da gertatzen

Donall Ó Riagàin izan da sorreratik (1981) orain bi urte Hizkuntza Gutxiagotuen Bulego Europarreko (HIZGABE) zuzendari. Gobernuz kanpoko erakundea da eta Europako Batasuneko hizkuntza gutxiagotuak bultzatu eta hauen hiztunen hizkuntza eskubideak bultzatzea da. Bulegoaren eginbeharretako bat maila orotan (Europa nahiz estatu mailan) hizkuntza gutxiagotuek beren hizkuntzan bizi eta aurrera egiteko behar duten lege-eremua eta zerbitzuak ziurtatzea da. Xehetasun gehiago ezagutu nahi izanez gero jo ezazue euren web orrira: www.eblul.org.

Europa mailan hizkuntza gutxiagotuen bilakaeraren jarraipen estua egin duen gizon honekin Bulegoaz eta bere eginbeharrez mintzatzeko aukera izan genuen. Besteak beste, euskara eta Euskal Herriko egoeraren jarraipen eguneratua egiten duela erakutsi zigun.

Zein da une honetan zure eginkizuna bulegoan? Zertan aldatu da lehendakaritza utzi zenuenetik?

Tira, Bulegoko zuzendaritzak Bruselara lekualdatzeko eskaera egin zidan. Familia eta maila pertsonaleko arrazoiak zirela medio lekualdatzeari uko egin nion. Hala eta guztiz ere, erakundearekin “aholkulari berezi moduan lanean jarraitzeko hitzarmen bat adostu genuen. Nire eginbehar nagusia bazkidetza eredu berriaren proiektua antzinatzea da. Ilusio handiz hartu dut eman didaten ardura antolaketa lana baita nire abileziarik handienetako bat. Horrezaz gain, proiektu gehiagotan ere ari naiz lanean, esaterako, berri agentzia, prentsa mailako kolaborazioak, Contact bulletin-a, edo kanpo aholkularitza.

Zein dira une honetan bulegoak esku artean dituen lanak?

Tira, azken urteotan barne antolaketa mailako lanetan aritu gara, besteak beste, idazkaritza nagusia berritzeko lanetan. Bulegoaren egoitza nagusia Bruselara eraman dugu. Aurrerantzean Dublinen ordezkaritza izan arren egoitza nagusia Bruselan egongo da. Dublingo egoitzan zenbait egitasmoren ardura dugu. Horietako bat hizkuntza eta herri gutxiagotuei buruzko informazioa emango duen berri agentzia baten eraketa dago. Berri agentzia honek hizkuntza gutxiagotuak laguntzea izango du xede. Sakabanaturik dagoen informazio hori bilduz komunikabide eta agentzia nagusietara helaraziko du. Dublingo bulegotik bultzatzen ari garen beste proiektuetako bat bazkidetza eredu berri baten sorrera da. Bazkidetza hau gure hizkutzak gorde eta sustatzeko lanari loturik dauden tokian-tokiko udal, eskualde eta herrialde mailako agintaritzen partaidetzari zuzendurik dago. Helburua erakunde hauekin Bulegoan “bigarren ganbara moduko bat eratzea da. Bertan erakunde hauek era koordinatuan lan egin ahal izango dute, informazioa trukatu eta Europa mailako erakundeen aurrean ordezkaritza izateko.

Zein izan da zure ustez hizkuntza gutxiagotuen aldeko “Euroitunak izan duen garapena?

Aurrera egiten ari dela esan behar dugu. Geroz eta gehiago dira sinatu eta berretsi duten estatuak, eta badakigu datozen hilabeteetan eta urte bete pasa baino lehen sinatuko duen estatu gehiago ere badela. Erresuma Batuak sinatu eta berresteari ekin dio. Badakigu Italiak sinatu egingo duela eta laster berretsiko duela. Danimarkak, lehen sinatzaile eta bultzatzaileetarikoa denak, laster berretsiko du, Suediak 2000. urtean sinatu eta ziurrenik berrestea espero dugu. Halaber, Errusia sinatzaile izateko aukera handiak daude. Errusiako Federazioak 176 gutxiengo ofizialki onartzen dituela kontuan izanik, hauxe da “itsasoan dagoen arrainik handiena. Gutariko zenbait ahalegin horretan ari gara. Gutuna oso ongi ari da garatzen eta horrek indar handia ematen du.

Zein izan dira sinatzeak ekarri dituen emaitzak? Benetan lagundu al du gutxiengoen garapenean? Bai al duzu datu zehatzik horri buruz?

Argi izan behar dugun lehen gauza estatu batek sinadura berresten duenean ordu arte egindakoa berresten ari dela. Beraz, berresteak ez du berehalako erantzun edo ondoriorik. Horrek, ordea, estatu horrek hainbat gauza egiteko nazioarte mailako konpromezua hartu duela esan nahi du; hitzarmen bat sinatzen duela; eta hori ez betetzen edo sinatutako horretan atzera egiten bene-benetan da zaila. Horrezaz gain, legedia kaltegarriak indarrik gabe uzten joateko ere eragiten. Ipar Irlandan, esaterako, badirudi laster indarrik gabe utziko dutela instituzioetan ingelesa ez den beste edozein hizkuntzaren erabilera debekatzen duen legea. 1737ko legea hain zuzen. Hori da, beraz, sinatzeak duen berehalako ondorioetako bat.

Berretsi duten estatuetako hizkuntza komunitateek itunaren hirugarren atala aztertu behar dutelakoan nago, hor agertzen dira eremuz-eremu zein ekimen onartu diren. Komunitate hauek elkartu egin behar lukete eta lobbyak eratu neurri osagarriak eskatzeko. Alegia, euroituna erreferentzia eremu bezala erabili.

Frantziak uko egin dio Euroituna sinatzeari eta horrek zuzenean eragingo du euskarak Ipar Euskal Herrian izango duen garapenean. Zein iritzi duzu gai honetaz?

“Conseil Constitutionelek esan zuenez euroituna bertako konstituzioarekin lehian zegoen. Nire ustez, irakurketa hori egiteko euroitunaren irakurketa estu eta murritza egin zuen. Erabakia, ordea, horrela hartu zuten. Eta erabaki hori hartzeko lege-oinarria badute, beraz. Prozesu honek, ordea, ondorio onuragarriak izan ditu, tokian-tokiko hizkuntzen auzia agenda politikoan sartzea lortu du eta beraz, gobernua aztertzen ari da bertako legedian tokian-tokiko hizkuntzei zein leku egin. Toubon legea, esaterako, konstituzioaren aldaketa batetik dator eta horren ondorioz esan zen lehen aldiz, frantsesa zela Frantziako hizkuntza.

Egungo Frantziar gobernuak prest egon behar luke konstituzioaren aldaketa lortzearren Conseil Constitutionel-ari presioa egiteko. Itxaropenez ikusten dut auzia, etorkizunean aldaketa hori gertatuko delakoan nago eta hori euroituna berresteko lagungarri gertatuko da. Ez genuke ahantzi behar, ordea, Frantziak jada sinatu duela euroituna. Urrats horrek, beraz, tokian-tokiko hizkuntzak lagunduko ditu. Bitxia da gertatzen ari dena, izan ere, Euroituna, berretsi gabe egon arren, tokian –tokiko hizkuntzak laguntzen ari da jada. Garrantzitsuena ez da laguntza hori ituna sinatzetik datorren ala etxeko legediaren garapenetik. Lorpen garrantzitsuena gaia agenda politikoan sartu izana da

Zure ustez zein dira Europan hizkuntza gutxiagotu guztiak babesteko hartu beharreko erabaki nagusiak? Zein da gainditu beharreko oztopo nagusia?

Zure galdera erantzutea oso zaila da. Hizkuntza komunitate batetik bestera alde handiak daude. Ni gehien kezkatzen nauena, aldiz, belaunaldien arteko trasmisioaren beherakada dela esango nizuke, hori gure komunitate gehienetan ari da gertatzen. Geroz eta gutxiago dira hizkuntza gutxiagotu hori euren seme alabekin erabiltzen duten gurasoak. Herri hauek hiztun elebidunak sortzeko gero eta hezkuntza sistemaren menpekoago dira. Horrek hezkuntzari eginkizun erantsia ezartzen dio. Hori indartzera dator hiztunon bizitza-estiloaren aldaketa. Esaterako, Euskal Herriko edo Irlandako udalerri txiki batean orain bi edo belaunaldikoek zuten bizimodua kontuan hartzen baduzu, ikusiko duzu orduan adineko pertsonek zaintzen zituztela haurrak, etxeko hizkuntza zela komunikazioaren oinarri. Gaur egun, berriz, gurasoak egun osoz lanean ari dira eta haurrak goiz-goizetik daude eskolan. Handia da erronka. Hori da, esaterako, niri Euromosaic ikerketaren irakurketa patsadatsu batek ikusarazi didan gauzetako bat.

Euromosaic izeneko ikerketak agerian jarri du Europan zenbatekoa den hizkuntza aniztasuna eta aberastasuna. Ba al dago zure ustez aniztasun hori gordetzeko aukerarik? Zer gerta daiteke datozen berrogeitamar urteetan?

Euromosaic ikerketaren amaieran laburpen orri bat dago eta hor hizkuntzak bitalitatearen araberako hurrenkeran sailkaturik agertzen dira. Horri erreparatuz inork esan lezake hizkuntza asko laster galduko dela. Gure bulegoak dio, aldiz, ez dutela etzan eta heriotza iritsi bitartean itxaron beharrik. Sinisturik gaude hauetako bakar batek ere ez duela hil beharrik. Hizkuntza askoren etorkizunak benetan dirudi iluna, herri baten izpiritua, ordea, ez dago zientifikoki neurtzerik. Orain ehun urte Irlandan inkesta soziolinguistiko bat egin izan balitz ondorioa irlandera bi belaunalditan galduko zela izango zen. Gaur egun, berriz, hizkuntza ezagutzen duen milioi eta erdi hiritar dugu; burujabea den herri bateko hizkuntza nazionala da; eta aldaketa ez zaio gertaera zientifikoei zor. Hori ez genuke inoiz ahantzi behar, ez genuke jendea gutxietsi behar. Jendeak hizkutzari eutsi nahi badio ez da hizkuntzarik galduko.

Errepara diezaiogun euskarari. Zein iritzi duzu azken hamar-hamabost urteotako euskararen bilakaeraz?

Gertarera harrigarria eta enbidiagarria da. EAEko agintariak zoriondu egin behar dira. Nafarroan egoera ez da horren ona eta mugaz iparraldera oso txarra. Hala eta guztiz ere euskaldunek aurrerakada handia egin dutela uste dut. Euskara ez da irlandera independentzia aurreko garaietan bezainbeste ahuldu, beraz elebidun multzo garrantzitsu batekin ekin diozue lanari. Halaber, administrazioaren babesa duen hezkuntza sistemaren bidez elebidunak sortzen jarraituko duzue hizkuntzaren ahultzea eragotziz. Azpimarratu beharrekoa da, ordea, Euskal Herriak, Francoren heriotzaz geroztik, euskal abertzaletasunaren bidetik egin duela aurrera. Jendeak identitate nazional sendoa duenean eta zapaldua izan dela ikusten duenean aldaketa lortzearren sakrifizio handiak egiteko eta neurriak hartzeko prest egoten da. Horixe zen Irlandako egoera estatua sortu aurreko urteetan, hogeigarren hamarkadako lehen urteetan.

Urteek aurrera egiten dute, ordea, bizimodua bere onera itzultzen da, jendea beste gai batzuek kezkatzen dute. Ez dut esango euskarak duen babes soziala ahulduko denik baina ez da horren sutsua izango, beharbada.

Bada euskararen normalkuntzarekin loturiko beste gai bat, alegia, hizkuntza administrazio publikoa eta kualifikazioarekin lotzearena. Horrek, noski, kontrako jarrerak piztuko ditu. Arrautza apurtu gabe arrautzopila egiterik ez dagoen bezala, euskarak ez du aurrera joko bidean zenbait etsai egin gabe. Jarrerarena, beraz, euskaldunok ongi zaindu behar duzuen zerbait da, iritzi publikoa zaindu behar duzue, eta Euskal Soziolinguistika Institutua sortzen duzuenean ezagutza eta erabilera aztertzea bezain garrantzitsua izango duzue hizkuntzarekiko jarreren jarraipena egitea. Nire ustez, ordea, zuek Europako komunitate soziolinguistiko indartsuenetakoak zarete.

Zer dakizu Bai Euskarari kanpainaz eta Euskararen gizarte erakundeen Kontseiluaren sorreraz?

Ekimen hau besozabalik hartu behar da. Euskal Herrian izan naizenetan etsigarria iruditu izan zait euskararen aldeko lanean horrenbeste jende ikusi eta zatiturik jardutea, beharbada alderdikeriaren eraginez, beharbada gatazka armatuak eraginda, beharbada Autonomia Erkidegoa ez onartzeagatik edo denadelakoagatik. Benetan zen tristea hori ikustea, hainbat talde gauza bera egin nahian eta bakoitza bere aldetik, nahiz eta denak ahalegin horretan buru-belarri jardun. Hori atzean utzi eta Kontseiluaren bidez elkarlanaren bidea hartzeak pozgarria da. Ikuspegi desberdinak izan arren., bide horretatik geroz eta emaitza oparoagoak eskuratuko dituzue, zuen baliabide eta indarrak behar bezala antolatzea, elkarlanean jardutea, hori oso onuragarria da. Eta bide horretatik emaitzak ikusiko dituzue datozen urtetan.

Berriki irakurri ahal izan dugu irlanderaren erabilera indartzen ari dela azken urteotan. Egia al da?

Nire ikuspegitik ez da erraza iritzi objektiboa ematea arazoarengandik gertuegi bainago eta irlanderadun izanik emozionalki baldintzaturik. Badirudi, ordea, laurogeiko hamarkadaren amaieran muga psikologikoa gainditu genuela eta hori, beharbada, ekonomia irlandarraren hobekuntza nabarmen bati loturik dago. Nire ustez, orain Dublinen barrena ibili eta gazteekin mintzatuko bazina, dendak aztertu... jendea baikor sentitzen dela ikusiko zenuke, bere buruaz ziur. Gauzak Irlandan azken mila urte hauetan baino hobeto doaz eta giro horretan jendea bere hizkuntzarekin ziurrago eta erosoago sentitzen delakoan nago. 1973an Irlanda Europako Batasunean sartu izana prozesu honetan eragin duen beste gertaera bat izan da, benetan urrats garrantzitsua irlanderaren ikuspegitik. Nahiz eta hizkuntzaren aldeko ekintzaile asko erabaki horren kontra mintzatu, independentzia galtzeko beldur zirelako, urrats horrek ingelesaren eragin itogarritik atera gintuen. Kontinenteko Europarekin harremanetan jarri eta Europaren izaera eleanitzaz jabetu gara, alegia, Europako lurraldean hizkuntza aniztasun handia dagoela eta aniztasun horren erdian guk gure hizkuntza dugula, europar normal guztiek bezala. Izan ere, ordu arte gure irlandera historiaren ezaugarri bezala erakusten zitzaigun, iraganari loturiko hizkuntza.

Beste urrats garrantzitsuetako bat Irlanderazko Telebistaren sorrera izan zen. Ez zuen soilik urte luzez gure komunitateari ukatutako eskubide bat ekarri, horrezaz gain lan aukerak eskaini zituen eta irlanderari izaera modernoa eman zion. Gazte askok lortu du lanpostua bertan edo honentzat lan egiten duten ekoiztetxeetan. Honek irlanderak historian izan duen irudia alda dezake.

Ipar Irlandako bake prozesua burutzeak ere eragin onuragarria izango duelakoan nago, izan ere, hizkuntzarekiko zaletasun handia dago Ipar Irlandako komunitate nazionalistan. Zorionez bada hego eta ipar hizkuntza bultzatzeko lanetan ari den “gorputz bat eta horri esker lehen aldiz hizkuntzarentzat plangintza estrategia nazional bat izango dugu hego eta iparraldean.

BAT aldizkaria: 
36. 2000ko iraila. Hizkuntza gutxitua, bizi iraupena eta...
Kokapen geografikoa: 
Europa
Euskal Herria
Egilea(k): 
Imanol Esnaola
Urtea: 
2000