Soziolinguistika: eremuaren ikuspegi orokorra

Funtsean, hirurogeiko hamarkadako plangintza urte haietatik, soziolinguistika ez da gehiegi urrundu (ez desegiteko bidetik joan, ez eta batzeko bidetik ere) “disziplina gutxiko» disziplinatzat jotzen zuen ardatz hartatik.

Periferiakoa den soziolinguistika katalanak edo euskaldunak nagusiki saiakera mailakoa eta militantea izateari utzi dio (beharbada, hori besterik ez zen, ez baitzegoen beste aukerarik!), eta instituzionalizatu egin da bai unibertsitatean, bai erakunde publikoetan

Beste alde batetik, presio politiko eta militanteak ere soziolinguistaren lana baldintzatu egiten du. Hedabideetatik, Katalunian bai behintzat, soziolinguistak madarikatu egin izan gaituzte: "Sociopatriotas o socioideólogos" ( La Vanguardia, 1998-III-20) edo "nefastos y sectarios"

soziolinguistek gertatzen dena azaltzeko (a,b,c) nahiz aldatzeko –beste maila erabat desberdin batean jarriaz- (d) galdera sakonak egiten dizkiote bere buruari

Hizkuntzaren bidez gauzak egin, pentsatu egiten ditugu baina ez gara jabetzen, ez dugu horri buruz gogoetarik egiten ez baldin badago arrazoi aski sendo bat

Hizkuntza bat baino gehiago dauden gizarteetan hizkuntza kontzientzia handiagotu egiten da, izan ere, kodeen arteko alderaketa gehiago egiten dugu, eta berauekin hautatu, bereiztu, identifikatu... egiten dugu

Azken hamarkada hauetan zuen herrian zein nirean, hizkuntza gatazka aitortua eta agerikoa da. Badira gobernuko nahiz gizarteko eragileak hizkuntza bat bestearen kaltetan hedatu edo ordezkatzeko berariaz dihardutenak

Babelgo mitoak herritarren gehiengoa hizkuntza aniztasuna zigorra dela pentsatzera eraman du, gizateriari jarritako zigorra. Zigor honen zamatik arintzen hasita, gure gainetik kendu behar dugun lehen zama erabilgarritasun txikiena duten hizkuntzena da

“ (...) la sociolingüística ha de coordinar la exploración empírica con la construcción teórica. Su dificultad inicial no es la "falta de datos", sino más bien lo contrario: el escándalo de unos datos que "sobran" porque faltan absolutamente las ideas indispensables para sacar algo de ellos"

Soziolinguisten formazioak ohiko disziplinaren ohiko kortan, hizkuntzalaritzarena izan ohi den korta, giltzapeturik egoteari uzten ez dion bitartean, alegia, teoria sozialaz kezkatzeko joera handirik gabekoa izateari uzten ez dion bitartean, irtenbide gutxi ikusten diot impasse hon

Hizkuntzaren soziologiaren

joerarik ezagunena, askok soziolinguistika osoarekin nahasteraino eramaten dituena, hizkuntza ezagutza, erabilera eta ideologiei buruzko inkestena da

Hizkuntza zuzenbidea

espezialite zehatza da, saihetsekoa legelari nahiz hizkuntzalarientzat, baina berebiziko garrantzia duena soziolinguistentzat

Soziolinguistak kontuan izan behar dituen ikuspegi hauei (soziologikoa, ekonomikoa, politikoa eta juridikoa) kultur informazioaren ikuspegi orokor bat erantsi behar zaio.

Ikuspegi hauek guztiek hizkuntza aniztasuna duen errealitate ororen baitan dagoen logika sozialari erantzun nahi diote: Nola erabiltzen dira hizkuntzak? Zein dira gizarte sektore baten hizkuntzazko ideologiak? Zein hizkuntza baten araudi konstituzionalak?.

Ikerketa hauek hizkuntzazko benetako interakzioak jorratu eta aztertzen dituzte. Alta, diskurtsoa aztertzen duten kontzeptu eta tresna guztiez baliatu behar dute (diskurtsoaren azterketa, elkarrizketaren azterketa, pragmatika, etnometodologia).

Hizkuntzalaritzaren ikuspegitik hizkuntza ukipenaren azterketa geroz eta tradizio sakonagokoa ari da bihurtzen (Ikus Weinreichen lana 1953), bai eta elebitasun eta eleaniztasun fenomenoena ere

Kontrolatzen uztea soziolinguistaren irizpide pertsonal, zibiko eta profesionalaren sendotasunaren araberakoa da, alegia, aldagarriak diren haizea edo diruaren jatorriaren arabera haize-orratza edo mertzenarioak egiten duten moduan.

Soziolinguista idealak bultzatzen edo aldarrikatzen duen hizkuntza politikak zein zentzu duen azaltzen jakin behar luke

Ikerketa eta ekimen autonomorako gaitasun hauek soziolinguista bere mugez jabetzera eramango dute

Aterki bateratzaile honi eusteak merezi duela aldarrikatu dugu, hizkuntza baten egitura ezagutzea –hizkuntzaren zirkuloaren barnea- erabat murritza baita egitura hori, eta bere erabilera eta erabiltzaileen artean dauden harremanak zein diren eta zer adierazten duten ulertu nahi baldin badugu

1.-Soziolinguistikaren sorrera eta bilakaera

Soziolinguistika Estatu Batuetan sortu zen berrogeita hamarreko hamarkadaren bukaera eta hirurogeikoaren hasieran. Elkar eragin zuten hainbat arrazoik bultzatu zuten sorrera. Hizkuntzarekin loturiko arazo sozialek indar handia hartu zuten (gutxiengoen kontrako bereizkeria ingelesaren aldaera nagusiak ez menderatu edo ez erabiltzeagatik; estatu berri ugariren deskolonizazioa eta hortik eratorritako tradiziorik gabeko hizkuntzen ofizialtze eta alfabetatze arazoak...) eta arazoaz sakon jabetu zirenez, garai hartako gobenu demokraten (Kennedy eta Johnson) lehentasun politikoen artean egotera iritsi ziren. Eremu intelektualetan, halaber, joera desberdinetako espezialisten arteko topaketak antolatu ziren. Izan ere, joera desberdinetakoak izan arren denek zuten hizkuntzaren erabilera sozialak ezagutzeko gogo bizia. Gogo horrek une hartan gorpuzten ari zen joera sortzaile-generatibistari, nolabait erantzun nahi zion. 1964ko udan mintegi bat antolatu zen eta bertan bildu ziren, besteak beste, antropologoak, soziologoak, psikologoak eta komunikazioan espezialista ziren hainbat. Mintegia Californiako Los Angeles-eko Unibertsitatean egin zen (UCLA), eta hor jarri izan da, inon jarri behar bada, disziplina honen “sorrera» ofiziala. William Bright-en aburuz, topaketa haren antolatzailea, “soziolinguistikaren aztergaia hizkuntza aniztasuna da» (Bright 1966:11) eta ondoko dimentsioak ezarri zituen:

  1. Igorlearen identitate soziala, “gizarte klaseen dialektoen bitartez» agertzen dena; Hartzailearen identitate soziala, errespetuzko hiztegietan nabarmentzen dena, baby-talk delakoa eta abar; Eremua, komunikazioaren inguruan esanguratsuak diren osagai guztiak biltzen dituena, bertan parte hartzen ari diren banakoen identitateetatik haratago. Jendeak hizkuntzaz egiten duen erabilera modua eta hizkuntzaren erabileraz uste duenaren artean dagoen diferentzia. Aniztasunaren zabalera, aldaera anitzekoa (hizkuntza baten aldaerak), eleanitza (gizarte beraren baitan erabiltzen diren hizkuntza desberdinak) edo gizarte aniztasuna (soziolinguistika konparatua); Azken dimentsioa aplikazioa da eta berau hiru motatakoa izan daiteke: datu soziolinguistikoen erabilera, egitura sozialaren diagnostiko moduan esaterako, hizkuntzalaritza historikoaren laguntzaile moduan eta hizkuntza plangintzarako oinarrizko informazio bezala. (Bright 502, 12-14).

Funtsean, hirurogeiko hamarkadako plangintza urte haietatik, soziolinguistika ez da gehiegi urrundu (ez desegiteko bidetik joan, ez eta batzeko bidetik ere) “disziplina gutxiko» disziplinatzat jotzen zuen ardatz hartatik. Sozionguistikari buruzko hiztegi labur batean kontsulta eginez gero (Trudgill 1992, 68) abiapuntu “soziolinguistikoa» jartzen lagunduko digun definizioa topatuko dugu. “Hizkuntza eta gizartearen arteko harremana aztergai duten iker-eremu guztiak izendatzeko erabiltzen den terminoa (...). Ikerketa soziolinguistikoak, alta, giza hizkuntzaren izaera hobeto ulertzera iritsi nahi du. Horretarako, hizkuntza bere inguru sozialean ikertuz, edo/eta hizkuntza eta gizartearen arteko interakzioaren izaera hobeto ulertuz.»

Hirurogeiko hamarkadan gauzak aldatzeko benetako aukerak ikusten ziren. Halaber, bazegoen soziolinguistikarekiko konfidantza terapeutiko bat, ia taumaturgikoa, maila batean bederen. Konfidantza hori, bistan denez, ez da asebete.

Berrantolaketa sozial eta soziolinguistikoa amesten zuen itxaropen hark, Dittmar-ek (1973) aipatzen zuen “askapen itxaropen» hark, eragin handia izan zuen unibertsitari eta europako populazio politizatuan, bai eta garapen bidean zeuden herrien artean ere. Eragin handiagoa izan zuen, ordea, Penintsula Iberikoan non diktadurak izozten ari ziren eta horrek eztabaida intelektualak baldintzatzen zituen. Hamarkada hartan eman zituen lehen urratsak, hain zuzen, gure herrietatik landa periferikoa deitu izan den soziolinguistikak – botere politiko eta akademikoaren gune nagusietatik ikusita, noski-.

Aracil, soziolinguistika katalanean eragile nagusietakoa izan denak, garai hartan ditu bere erroak eta bere programa intelektualak, Ameriketako unibertsitateetan gure espezialitatearen izena daramaten bulegoak ugaritzen ari ziren garaian. Soziolinguistika hura, USAn nagusi zen soziolinguistika, tokiko arazoei egokitzen zitzaion eta akademikoen arreta deitzen zuen. Izan ere, franquismoaren ondorengo transizio urteetan, parte hartze sozial handia zuen soziolinguistika zela zirudien, populazioaren nahia jasotzen zuela irizten zitzaion (eta ez unibertsitari edo espezialisten interesak soilik). Garaiko erretorikan “iraultza soziolinguistikoez» hitz egitera iritsi ziren.

Soziolinguistika instituzionalizatu egin da munduko unibertsitate askotan. Badaude readerrak, eskuliburuak, soziolinguistika kongresuak, bai eta espezialitate honetako entziklopedia serioak ere (Ammon/Dittmar/Mattheier 1988). (Soziolinguistika elkarte nahiz erreferentziazko aldizkari ospetsuak, ordea, ez dira asko).

Periferiakoa den soziolinguistika katalanak edo euskaldunak nagusiki saiakera mailakoa eta militantea izateari utzi dio (beharbada, hori besterik ez zen, ez baitzegoen beste aukerarik!), eta instituzionalizatu egin da bai unibertsitatean, bai erakunde publikoetan. Horren eraginez, soziolinguistika gatazka bereko “bi suren erdian» gelditu da.

-.Alde batetik dagokion unibertsitate, espezialitate departamentu edo taifetatik (edo oposaketa soslaia duten lekuetatik), disziplinartekoak ziren eremuen bazterketa sustatu dute. Izan ere, eremu hauek zalantzan jartzen dituzte jakitea antolatzeko muga tradizionalak. Soziolinguistikari buruzko hitzaldi askotan, hasi orduko, adituak “hizkuntzalaria naiz» esan behar izaten du, esparru horren berezko ezaugarriei traiziorik egin nahi ez baldin badie behintzat.

-. Beste alde batetik, presio politiko eta militanteak ere soziolinguistaren lana baldintzatu egiten du. Hedabideetatik, Katalunian bai behintzat, soziolinguistak madarikatu egin izan gaituzte: "Sociopatriotas o socioideólogos" ( La Vanguardia, 1998-III-20) edo "nefastos y sectarios" (El País. Edición de Cataluña, 1998-III-5). Soziolinguistaren eginbeharra jarrera abertzale esentzialistarekin nahasten da edo hizkuntza plangintzan diharduten erakunde publikoen interbentzioarekin. Badira praktika eta gizarte ekimenean diharduten soziolinguista aplikatuak, halaber, badira gizartearen hizkuntza erabilera aztertzen duten soziolinguistak ere, eta garrantzitsua da biak ez nahastea ( Boix y Vila 1998).

Bistan denez, soziolinguistikari hedabideetatik eman izan zaion ospe txarrak biktimak eragin ditu. “Soziolinguistika», ordea, ez dago boladan: antzinako soziolinguistek nahiago dute etiketa tradizionaletara itzuli (hizkuntzalaritza, soziologia) edo pedigree ona duten berrietara egokitzea, pragmatika edo diskurtsoaren analisia, esaterako. Ziur bertan gaudenon artean ez dela horrelakorik, izan ere, sinisturik gaude, zaila gertatzen baldin bada ere, soziolinguistika izan badela, eta, batez ere, eginbehar positiboa duela. Gizartearentzat beharrezkoa, beraz. Horrekin sinesturik gaudelako bildu gara hemen. Eta horrekin sinisturik gaudelako deitu da bilera hau Euskal Herriko Soziolinguistika Institutua nola antolatu behar litzatekeen zehazteko. Nire iritzia nire ikuspegi katalanak ukitua da, izan ere, Walter Benjaminek historiagileez esandakoa hona ekarriz: “inguruko gertaerak, nahiz bera zuzenean partaide duten gertaera horiek, bere azalpenaren oinarrian daude, tinta ikustezinez idatziak bailiran».

2.- Soziolinguistikaren helburuak

Hizkuntza erabilerak une eta leku jakin batean gizarteko arazo, gatazka eta baliabideek nola zeharkatzen eta gurutzatzen duten aztertzen du soziolinguistikak. Ondorengo lerroetan, formulazio handi eta ortzimuga zabalak alde batera utziaz, soziolinguista zertan aritzen den azalduko dut –nola burutzen duen edo burutu behar lukeen bere lana-, eta zeinek izan behar lukeen bere formazioa eginbehar hori ahalik eta ondoen burutzeko.

Soziolinguistok edozein hizkuntza eta aldaerari dagozkion gaitasun, ideologia edo erabilerak aztertu nahi ditugu, orainaldian nahiz lehenaldian (dela lehenaldi hurbila, dela urrunekoa). Eta azalpen honek teoria bat osatu behar du, gertaera sozial eta linguistikoen arteko harreman sistematikoa (?) edo adierazgarriaren (?) berri ematen duen teoria. Edo etorkizunean, zenbait soziolinguistak hizkuntza gaitasun, erabilera eta ideologiak[1] osatutako hirukote honetan eragiteko nahia dute. Beste zenbait eragitea ezinbestekotzat jotzera iristen dira, eragin praktikoak ezinbesteko baldintza bailiran errealitatea ikertzeko.

Honela, soziolinguistek gertatzen dena azaltzeko (a,b,c) nahiz aldatzeko –beste maila erabat desberdin batean jarriaz- (d) galdera sakonak egiten dizkiote bere buruari:

  1. Nola (zergatik, noiz, zenbat...) ezagutzen dugu hizkuntza bat edo zenbait hizkuntza? Nola ezagutzen da euskara, espainiera, frantsesa, ingelesa, arabiera...? Nola (zergatik, noiz, zenbat...) erabiltzen dira hizkuntza ezagutza horiek? Non eta zergatik erabiltzen dira ezagutzen diren aldaera horiek? Zein egoeretan, zein solaskiderekin? Zein sare eta identitate sozialen arabera? Zein lege eta mugen arabera? Zer (zergatik, noiz, zenbat...) pentsatzen du, nola erantzuten du, zer sentitzen du jendeak hizkuntza eta aldaera hauekiko (bereak direnean, auzokoarenak, ondoko herrikoak edo urrunagoko beste batekoak)? Zein konnotazio eta asoziazio pizten dute hizkuntza eta aldaera hauek? Zergatik lotzen zaizkio gizarte garapenari, edo, bestela, izen txarrari eta pobretasunari? Nola eragin ezagutza, erabilera eta ideologia horietan? Nola ziurtatu hizkuntza eta kultura baten iraupena eta bizitasuna (gure lehenari dagokion geroa, Txepetxen liburu ezagunaren izenburu bikainean dioen bezala) edo, nola desagertarazi?

Honela marrazten ditugu soziolinguistikaren galdera nagusiak, benetan sakon eta mardulak, ia erabiltezinak. Izan ere, zientzia sozial guztien ekarpenak eskatzen dituztenez, eta horietako bakoitzak badituenez ikergai eta kontzeptu jakin batzuk, ez dira batean gorpuztera iritsi maila jasoagoko teoria bat eraikitzeko. Soziolinguistikaren neurrigabeko handinahi honek Aracil eta Ninyoles, “soziolinguistika katalanaren» sortzaile valentziar biak, disziplina autonomo izatearen xedea baztertzera eraman ditu, sortu zuten untzia bazterrean uzteraino eraman ere.

Ondoren ikerketa soziolinguistikoaren zenbait erronka eta zailtasun aurkeztuko dizuegu, hauetako zenbait ikerketa sozialetan ohikoak dira eta besteak,berriz, bereziak. Ezagutza (soziolinguistikoa, zientifikoa orohar) herritar arruntaren, edo, are gehiago, ikertzaile arretatsu eta adituaren eskura dauden hizkuntza erabilera, gaitasun eta ideologiei buruzko datu multzo izugarriearen erdian egindako hautaketa arrazoitu eta arrazoizkoan oinarritzen da. Hizkuntza datu hauek hain dira nonahikoak hiztunak ez duela eta ezin duela berauen kontzientziarik izan, arnasten dugun airea, gure oinari egokitu zaion zapata zaharra edo automatiko bihurtzen zaigun beste edozein ohitura edo objektu hautematen ez dugun bezala. Hizkuntzaren bidez gauzak egin, pentsatu egiten ditugu baina ez gara jabetzen, ez dugu horri buruz gogoetarik egiten ez baldin badago arrazoi aski sendo bat. Esate baterako, gizarte elebakar nahiz eleanitzetan izenordain pertsonalen hautaketak (Tu eta Usted espainieraz, Du eta Sie alemanieraz) interakzio batean parte hartzen duten solaskideen arteko botere eta elkartasun harremanak zehazten laguntzen du, eta, harreman sozialetan duen garrantzia kontuan hartuz, izenordainon hautaketa egokia eskola barruan eta bereziki honetatik kanpo ikasten da ("Háblale de Vd, que no se lo vaya a tomar mal", entzun ohi da). Hizkuntza berean doinua, beste adibide bat jartzearren, munduko herririk garrantzitsuenean, Estatu Batuetan, lanpostu edo prestigiodun lekuetaraino iristea diskriminatzeko balio izan dezakeen ezaugarria da, nagusigo argia duen ingelesa baita bertan gailen ( ikus Lippi-Green-ek (1997) egindako aldarrikapen berdinzale eredugarria).

Hizkuntza bat baino gehiago dauden gizarteetan hizkuntza kontzientzia handiagotu egiten da, izan ere, kodeen arteko alderaketa gehiago egiten dugu, eta berauekin hautatu, bereiztu, identifikatu... egiten dugu. Aire desberdinak arnasten baldin baditugu hobeto hautematen dugu zer den arnasten duguna. Eta bereziki, hizkuntza bat galarazi edo erabiltzea eragozten denean, aire horrek kale egiten digunean, orduan bai ohartzen garela falta dugunaz. Orduan balore sinboliko handia aitortzen diogu eta mehatxatua den taldearen ezaugarri nagusitzat jotzen dugu.

Hizkuntza ukipen edo gatazka egoeran hizkuntza erabilera, gaitasuna eta ideologiari buruzko gogoeta askoz handiagoa izaten da gizarte elebakarretan baino. Katalan eta euskaldunok, esaterako, etengabe alderatu, hautatu eta hizkuntzak ikasi behar izaten ditugu. Gurea bezalako gizarteetan, hizkuntza desberdinatsunak, sentiberago eta ageriagokoak izateagatik (onerako zein txarrerako, diferentzien arabera) errazago koloreztatzen, markatzen edo adierazten dute identitate indibidual nahiz kolektiboen ezaugarriren bat, gizarte elebakarretan baino askoz maizago. Talde mailan hizkuntza bat erabiltzea bera negatibotzat jo daiteke, edo izen oneko taldeei loturik ikusi. Bai Bilbon euskara, bai Valentzia hirian katalanera, behin baino gehiagotan gutxietsi eta hizkuntza trakets moduan jo izan dira, baserri girokoak, bigarren mailakoak, beraz.

Azken hamarkada hauetan zuen herrian zein nirean, hizkuntza gatazka aitortua eta agerikoa da. Badira gobernuko nahiz gizarteko eragileak hizkuntza bat bestearen kaltetan hedatu edo ordezkatzeko berariaz dihardutenak. Eta gerrateak, -edozein gerratek- lehen biktimatzat du objektibitate informatiborako xedea. Soziolinguista bat exformazioak eta desinformazioak (edo manipulazioak) eraginda bizi da. Beste edozein hiritar bezala. Soziolinguistak, ordea, berariaz, oztopo horiek gainditzea lortu behar du bere gaian profesional bat izatera iritsi nahi baldin badu.

a) Exformazioa, alegia, informazio heterogeneoa, zeina irizpiderik gabeko hartzaile bati gehiegizko neurrian iristen baldin bazaio, ezin duen barneratu, eta are gutxiago egiaztatu edo hartzaileak bereiztu, sare informatikoek emandako informazioarekin gertatzen den bezala. Informazioa eskura izatea ez da txarra inola ere: bada, ordea, eragiten duen ezagutza edo ilusio uste okerra, hartzaileak ez duenean ulertzen zer gertatzen den, eta batez ere, zer ari den gertatzen. Soziolinguistikan antzekoa gertatzen da: hizkuntza erabilera, gaitasun eta ideologien behatzaileak inguruko hainbeste ezaugarri hartu behar du aintzat (erabilera familia eta harreman sare pribatuetan, erabilera eremu ofizialtean, komertzialetan eta publikoetan, eta abar) hautatzea ezinezkoa bihurtzera iritsi daitekeela. “Inguruaren betekada» dei genezakeen egoera honek gertatzen denaren deskribapena zaildu egingo du, hizkuntza ordezkapen prozesu baten arduradunak identifikatzea galarazi egingo du.
b) Desinformazioa (edo manipulazioa). Hiztunek beti dute egoera soziolinguistikoari buruzko ideologiaren bat (kontzepzioa, errepresentazioa, mentalitatea), arazorik ez dagoenean ere bai. Gaia ez da arazoa, bizitza osoan gaiari ez dizkiote bi segundu besterik eskaini eta hala ere leku berak errepikatzen dituzte. Esaterako, hizkuntza aldaera bati buruzko aurre iritziak, edo hizkuntza baten aberastasun edo egokitasunari buruzkoak. Mendebaldeko ohiko lekuak, ideologia bateratzaile multzo baten jabe izateak berdintzen ditu, adibidez. Horren arabera, estatu entitate bakoitzari hizkuntza bakar bat dagokio eta hizkuntza berdintzea ustezko garapenerako baldintza pragmatikoa da, hizkuntzak neurri homogeneo bihurtzeraino normalizatu ahal bailiran, paper orrien neurriak DIN-A3 edo DIN A-4 neurrietan estandarizatu diren bezalaxe. Babelgo mitoak herritarren gehiengoa hizkuntza aniztasuna zigorra dela pentsatzera eraman du, gizateriari jarritako zigorra. Zigor honen zamatik arintzen hasita, gure gainetik kendu behar dugun lehen zama erabilgarritasun txikiena duten hizkuntzena da, prestigiorik txikiena dutenak. Larriena eta desinformatzaileena hizkuntza eta kulturen ideologia uniformista hauek gizartean hedatzen eta kutsatzen jarraitzea da. Nazio, estatu, Europa edo mundu mailan non informatzen da, lasaitasunez eta positiboki, hizkuntza aniztasunaz kultur aniztasunaren atala dela esanez? Hizkuntza eta kultura aniztasunak dakarten aberastasun eta sormenari buruzko informazio argi eta publikoa ezinbesteko baldintza da hiritarrak era autonomoan bere iritziak eraiki eta gorpuzteko.
Sarritan desinformazioa manipulazio hutsa da. Valentzian, esaterako, (eta susmatzen dut zuek, zoritxarrez, Euskal Herrian antzekorik ezagutzen duzuela) transizio politikoa hasi zenetik valentziako aldaeraren izaera katalana etengabean itxuragabetu eta ezkutatu izan da. Ahalegin honek helburu zatikaltzaile zehatz bati jarraitzen dio eta sektore politiko jakinak indarrik gabe uzteko asmoz egina da. Katalunian katalanera berreskuratzearen aldeko lehen manifestuak egin zirenetik, 1981ean, eta batik bat laurogeita hamarreko hamarkadaren hasieratik, kataluniako hizkuntza politika indarrean jarri zenetik (edo gaztelera eremu pribilejiatuetatik ateratzen duen beste edozein), demokraziaren aurkako edo frankistatzat (!) jotzen duen kanpaina bat dago abian. Prentsa eta argitaletxe ospetsu (izandako) zenbaitek eragindako kanpaina da. Egiaz, manifestu hauetako diskurtsoaren azterketa xehe batek adierazten duen bezala, kanpaina hauek gaztelera lehen hizkuntzatzat duen herritargoa kontzientziatzea eta mobilizatzea dute helburu, nahiz eta horretarako katalantze politika bultzatzen duten udal mailako nahiz autonomia mailako botereen hautaketa prozesuei zilegitasuna kendu behar izan (Burgert 1995, Lodares 2000). Espainia mailan jarrita, galizieratze eta euskalduntze prozesuen aurkako salaketa itsuak ezagunak izango zaizkizue jada.

3.Erregulartasuna eta ereduen bilaketa soziolinguistikoa: joerak soziolinguistikan.

Soziolinguistentzat ez da aski hizkuntza erabileren kaleidoskopioa deskribatzea, idazle edo kazetari batek zorrotasun eta xehetasunez bere historiari egiantzekotasuna trebe asko eman diezaiekeen moduan. Soziolinguistentzat ezinbestekoa da erregulartasunak ezarri eta jokamoldeak finkatzea, hizkuntza ohitura eta orokortu daitezkeen jokaera arauak topatzea. Horretarako datu aniztasunetik abiatu behar du, baita hainbeste exformazio eta desinformaziotik abiatu behar badu ere. Ez da aski nolabaiteko dilenttantismo edo datu bilketa hutsa egitea. Lluís-Vicent Aracil-en hitzetan (1984, 448) “ (...) la sociolingüística ha de coordinar la exploración empírica con la construcción teórica. Su dificultad inicial no es la "falta de datos", sino más bien lo contrario: el escándalo de unos datos que "sobran" porque faltan absolutamente las ideas indispensables para sacar algo de ellos"

Aracil beraren boutade batek zioen bezala, soziolinguistika donut moduko gauza bat da ez baitu gune teorikorik. Rafael Lluís Ninyoles-ek berarekin bat egiten zuen soziolinguistika hizkuntzazko gertaerak eta inguru sozialen arteko elkarreraginak aztertzen dituen zientzia orokor moduan ikusterakoan, honen aburuz aldagaiak kopuru eta ezaugarrietan zehaztea ez zen bideragarria. Soziolinguistikak beste gaietako kontzeptuez jabetzen jarraitzen du kaparraren moduan edo akritikoki, nahiz eta joera horrek kontzeptuak jatorrizko eraikuntza teorikoekin duten loturetatik banatzeko arriskua izan. Esate baterako, soziolinguista gehienak ez dira ohartu ere egiten (eta are gutxiago zergatik egiten duten) soziologia estrukturalaren teoriaren eremuan kokaturik daudela (Williams 1992). Hizkuntzaren erabileraren teoria batek gizarte egituraren teoria batekin (eta ez horretara mugaturik) eta hizkuntza egituraren beste batekin loturik joan behar du, azken honek sozialak ez diren osagaiak ezik izaera biologiko edo kognitiboak dituela jakinik. Hala eta guztiz ere, ortzimuga horri begira egotetik oso urrun gaude. Teoria soziala (psikologikoa, edo antropologikoa), esaterako, ez zaie askorik interesatzen linguistei eta, beraz, ez dute zehazten (Lavandera 1988). Eta hizkuntza egitura ez zaie bereziki interesatzen hizkuntza erabilera aztergai hartu duten soziologo gehienei. Bada salbuespen aipagarririk, Erving Goffman handia, esaterako. Honek Ipar Ameriketako soziologoen aurreko azken konferentzian “interakzioaren hurrenkera» gaia jorratu baitzuen (Aléong (1983)). Baina badirudi soziologo eta linguistak gehienez ere soziolinguistekiko mesfidantza sentimenduan jartzen direla ados. Eta egia esan behar bada, susmo horrek badu oinarririk, bat batean bertsolarien moduan ari dira, hizkuntzalarien aurrean soziologiako kontzeptuak erabiliaz hitzaldiak ematen baitituzte, eta soziologoen aurrean, berriz, kontzeptu linguistikoak erabiliaz (Bañeres 1991).

Soziolinguisten formazioak ohiko disziplinaren ohiko kortan, hizkuntzalaritzarena izan ohi den korta, giltzapeturik egoteari uzten ez dion bitartean, alegia, teoria sozialaz kezkatzeko joera handirik gabekoa izateari uzten ez dion bitartean, irtenbide gutxi ikusten diot impasse honi. Ez dago disziplinen arteko benetako elkarrizketarik, ez elkar aberastuko duen lanik, ez eta funtzioen banaketa eraginkorrik ere (Bañeres y Lepetre 1991).

Eklektikotasun hau kontuan harturik, ez du inolako bururik orotarako balio duen soziolinguistika etiketapean egin den guztiaren behaketa zorrotza egiteak. Zentzudunagoa zatekeen, apika, erraztasunaren bidetik ari garelakoan, ikerketa soziolinguistikoan dauden joera nagusiak zein diren adieraztea eta bi polo nagusien artean kokatzea, polo soziopsikologikoa eta linguistikoa. Horretarako, nire irakasle Ralph Fasold-ek hedapen handiko soziolinguistika eskuliburu pare bat izendatzeko erabili zuen sailkapen dotorea gure ahotan jarriko dugu (1984-1990, 1996an espainierara itzulia): gizartearen soziolinguistika gizartean arreta berezia jartzen duten soziolinguistikako joerak izendatzeko eta hizkuntzaren soziolinguistika hizkuntzari bereziki erreparatzen dioten joerak adierazteko. Berez, egokiagoa zatekeen joera horiek hiru polotako eskema bakar batean azaltzea.

(A) Gizartearen soziolinguistika: ingurumari soziala. Eremu honetan galdera nagusiak botere soziala noren eskuetan dagoen, arau sozialak zein diren eta nola sortzen diren eta horien artean dauden hizkuntzaren erabilerari buruzkoak dira. Galderatzar horiei erantzuteko hizkuntzaren soziologiaren tresnak eta psikologia sozialarenak ditugu. Lehenak, batetik, egitura eta botere sozialen arteko harremanak aztertzen ditu, eta bestetik, urkoaren hizkuntza erabilera, gaitasuna eta ideologien aniztasun eta desberdintasuna, egitura sozialaren adierazle nagusietan (klasea, talde etnikoa, generoa, erligioa) eta erabilera hauek gorpuzten dituzten arau sozialetan arreta berezia jarriaz. Hizkuntzaren soziologiak honelako galderak egiten dizkio bere buruari: Gizartean zein hizkuntza aldaerek baztertzen dute? Zein arrazoi dela medio? Nola birsortzen dira desberdintasun horiek hizkuntza eta aldaera hauen kontrol eta ezagutzan? Arlo honetako nazioarteko aldizkari ezagunena International Journal of the Sociology of Language da.

Hizkuntzaren soziologiaren joerarik ezagunena, askok soziolinguistika osoarekin nahasteraino eramaten dituena, hizkuntza ezagutza, erabilera eta ideologiei buruzko inkestena da. Horien artean hedatuenak administrazioak ordaindu eta nahi duenean eta nahi duen bezala hedatzen dituen populazioaren zentsu eta erroldetako datu linguistikoen azterketak dira. Ikerketa horiek ezagutzaren bilakaeraren ebaluazio zehatza eskaintzen dute, eta maila apalagoan, onarturiko erabilerarena. Valentziako administraziotik, esaterako, eremu horretako bilakaera makrosoziolinguistikoa jarraitzen duten datuak bildu izan dira (Hernández Dobon 2000). Bereziki interesgarriak izaten dira maiztasun jakin batekin burutzen diren galdeketetatik eratorritako informazio soziolinguistikoak, hizkuntzazko datuak eragile sozialen multzo zabal batekin alderatzeko aukera eskaintzen baitute. Galdeketa hauek funtsezkoak dira beren planteamendu edo hedapenak hizkuntza politika jakin bat burutzeko eremua zehazten baitute. Kanadan, esaterako, galdeketa soziolinguistikoetarako gobernu federalaren batzordeak (Rapport de la Commission royale d’enquete sur le bilinguisme et le biculturalisme (Ottawa,1968-1970)) eta Quebekeko gobernuak (Gendron txostena edo La situation de la langue française au Québec: rapport de la commission d’enquete sur la situation de la langue française et sur les droits linguistiques au Québec. (Québec 1972. Strubellek bere ponentzian aipatzen duena) argi eta garbi bultza zuten gobernuaren politika elebiduntzailea eta Quebec-eko gobernuaren politika frantsestailea (Meisel 1981) hurrenez hurren. Aldiz, egoera soziolinguistikoari buruz Espainian egindako galdeketa gutxi daude loturik ondorengo lege mailako erabaki edo politikekin, Siguanek Centro de Investigaciones Sociológicas-entzat koordinaturikoak (1999), esaterako, -egia esan behar bada, Espainiako gobernu zentraletik egindako bakarrak-. Estudis i propostes (1991) izeneko liburu zuria, Kataluniako gobernuaren eskariz egina, soziologia, antropologia, hizkuntzalaritza eta psikologiatik egindako azterketa interesgarriez gain, komunikazioaren zientziak eta ekonomia mailakoak ere badituena, 1998an indarrean jarritako Kataluniako bigarren Hizkuntza Legearen prestakuntza berezia izan zen.

Hizkuntzaren psikologia sozialak arreta berezia jartzen du jarreren azterketa esperimentalean (aurre iritziak, esteretipoak), bai talde txikietan (nola egokitzen eta koordinatzen diren elkarrizketa batean parte hartzen dutenen hitz egiteko moduak: zein erantzun ematen den hizkuntza, aldaera eta doinu desberdinen aurrean), bai populazio multzoetatik abiatuz. Hizkuntza baten kokapen subjektiboa neurtzeaz ere arduratzen da (komunitate bateko kideek berari buruz duten ikuspegia eta balorazioa besteen aldean, eta eragile objektiboagoekiko. Horretarako bizi-kemen etnolinguistiko subjektibo eta objektiboa eta antzeko kontzeptuak erabiltzen dituzte (Azurmendi 2000). Alor honetako nazioarteko aldizkari ezagunena Journal of Social Psychology of Language da.

Ikuspegi hauei beste zenbait ere erantsi diezaizkiekegu.

  • Etnikotasuna eta abertzaletasunari buruzko ikerketak, eta orohar, hizkuntza ideologiei buruzkoak (mendebaldeko tradizioan batez ere, egoera soziolinguistikoan eragiten amaitzen dute. Schieffelin 1998). Filosofia eta zientzia politikoek kontzeptuzko eremuak eskaintzen dituzte hizkuntza aniztasunaren antolaketa politikoa egiteko eta beronen legitimotasuna argudiatzeko. McRae-k estatu eleanitzei buruz egindako ikerketa ikuspegi politikologiko hauen adibide eredugarriak dira (Suedia 1983, Beljika 1994...) eta kultur aniztasunaz, berriz, Kanadako Klimlicka (1996) eta Taylorrek (1984) egindakoak. Bistan da argudioak funtsean hautu politikoaren ondorioa direla, pertsonalak beraz, eta halaxe adierazten dute mehatxaturiko hizkuntzak gorde beharraz Fishmanek ematen dituen argudioek.(Fishman 1991). Hizkuntza zuzenbidea espezialite zehatza da, saihetsekoa legelari nahiz hizkuntzalarientzat, baina berebiziko garrantzia duena soziolinguistentzat. Hizkuntza auziek berarekin dakarten gatazka sozial eta politikoa kontuan hartuz, azken erabakia, eta zilegitzat jotzen den bakarra, organu judizialetan hartzen da. Espezialitate honen eredu aipagarriak Milianek (1996) hizkuntza politikari buruzko Europako legedia berrikusiz egindako lana edo Revista de Llengua i Dret dira.

Soziolinguistak kontuan izan behar dituen ikuspegi hauei (soziologikoa, ekonomikoa, politikoa eta juridikoa) kultur informazioaren ikuspegi orokor bat erantsi behar zaio. Informazio hau beharrezkoa da hizkuntza gutxiagotuak dituzten gizarteetan, alegia, erreferente nazional edo identitarioen inguruan heziketa bat izan ez duten eta lurralde eremu desberdinetan banatutako administrazioek zatiturik dauden horietan. Beharrezkoa da ikertua den edo hizkuntzaren aldetik eraldatu nahi den komunitate nazionalaren ezagutza geografiko eta historikoa hedatzea (germaniarrek Landeskunde deitzen dutena). Soziolinguistak uneko egoera soziolinguistikoa ekarri duen prozesu historikoari interpretazio bat ematen jakin behar du, eta, hortik, Europa osokoa, hizkuntza gutxitua duen eremua izan zein ez. Beharrezkoa da eraikitzen ari garen Europako gure eremu politikoaren zeharkako Landeskunde bat eskaintzea[2]. Oinarrizko ezagutza hori izan gabe ezin da soziolinguistika konparaturik egin.

Ikuspegi hauek guztiek hizkuntza aniztasuna duen errealitate ororen baitan dagoen logika sozialari erantzun nahi diote: Nola erabiltzen dira hizkuntzak? Zein dira gizarte sektore baten hizkuntzazko ideologiak? Zein hizkuntza baten araudi konstituzionalak?. Hizkuntza planifikazioak (aménagement quebectarrentzat) egoera soziolinguistikoan ekiteko eta eragiteko arrazoituriko estrategiak proposatzen ditu gizarte zientziek eskaintzen dioten egoerari buruzko ezagutza horretatik abiatuz (hizkuntza planifikazioari buruzko ikuspegi orokorrago baterako ikus Daoust eta Maurais 1987; aldaketa soziala eta hizkuntza planifikazioaren arteko harremanari buruzko adibidetxo bat nahi izanez gero ikus Cooper 1989). Egoera soziolinguistikoan eragite honetan honakoak bereizten dira: statusaren planifikazioa, alegia, hizkuntza baten funtzio sozialena, eta corpusaren planifikazioa, hots, hizkuntza baten forma eta erabileri buruzkoa ( Hagège 1983-84). Esate baterako, justizia sozial handiago bat sustatzearren generoaren arabera markaturiko atzizki eta terminoen erabilera bultza daiteke (maskulinoa edo femeninoa), edo herritar gehienentzat eskuragarria den administrazio publikoaren hizkera bat (corpusaren planifikazioa); edo hizkuntza aldaera bat (estatus planifikazioa) sustatu, onartu, ukatu edo jazar daiteke. Alor honetako aldizkaririk ezagunena Language Problems and Language Planning da.

(B) Pertsonarteko eta interakzio ingurua. Beste ikuspegi multzo batek galderak maila zehatzago eta mikrologikoagoan proposatzen ditu, eta hor forma linguistikoek garrantzia handiagoa dute: Zein da komunikazioaren adiera bere kokagunean? Hizkuntza antropologia da ikuspegi honen ardatza (Duranti 1998), eta komunikazioaren etnografia da bere joeretan ezagunenetako bat. Bere helburu nagusia gizabanakoek errealitateaz duten ikuspegi subjetiboa, barne logika, zein den ezagutzea da, eta hori behaketa partehartzailearen bidez egiten dute –iraupen luzekoa eta sakona beronen datuak gutxieneko balioa izatea nahi baldin bada-. Aski ezaguna da joera honen sorrera mendebaldekoak ez diren gizarteetan dagoela, baina bere arretagunea egun edozein gizartetan geroz eta ohikoagoak diren kultura anitzeko ukipen esparruetan dago. Nazioartean alor honetan osperik handiena duen aldizkariak Language in Society, Anthropological Linguistics y Linguistic Anthropology dira.

Bada zenbait lan hizkuntza politikak lan munduan edo hezkuntzan izan duen eragina neurtzeko balio duenik. Honela, F.X. Vilak (1996) katalanezko murgiltze eremuan oinarrizko heziketaren azken urteak egiten ari ziren, nagusiki gaztelanieradun familietatik zetozen gazteen artea egin ohi ziren kode aldaketak aztertu zituen. Antzeko joera metodologikoa dute Heller-ek (1999) Kanadako gutxiengo frankofonoei buruz egindako ikerketek edo bere doktorego tesiak (Heller 1983), non Quebec-eko garagardotegi batean frantsesera lan hizkuntza moduan sartzeak eragindako jarrera aldaketak aztertu zituen. Datuak ikertzailearen behaketa partehartzailearen bidez jaso ziren (pin-pon partidetan begirale gisa jardunaz lehen kasuan, eta langile gisa bigarrenean).

Ikerketa hauek hizkuntzazko benetako interakzioak jorratu eta aztertzen dituzte. Alta, diskurtsoa aztertzen duten kontzeptu eta tresna guztiez baliatu behar dute (diskurtsoaren azterketa, elkarrizketaren azterketa, pragmatika, etnometodologia). Etnografia eta antropologia linguistikoan ez bezala, beronen helburu nagusia hiztunen hizketaren koordinazio eta egokitze moduak xeheki deskribatu eta azaltzea da (ikus Calsamiglia eta Tuson 1998 gaiari buruzko sarrera berri baterako) eta arretagunea pertsonen arteko nahiz ekintzen berehalako inguruan jartzen da, eragile sozial makroegiturazkoen gainean baino gehiago (abiapuntua Erving Goffmanen mikrosoziologian dago). Esate baterako, elkarrizketetarako kortesiazko elkarlaguntza arau unibertsalak jar daitezke (politesse edo politeness) (Brown eta Levinson 1987), gizarte bakoitzean boterearen banaketan eragiten duten alderdiak kontuan hartu gabe. Arazo sozialez kezkatzen direnentzat, interakziozko soziolinguistikari dagokion joera bereziki interesgarria da. Azpidisziplina honek (Gumperz 1982) sozialki adierazgarriak diren egoeretan interpretazio prozesuak, esanahiaren eraikuntza prozesuak, aztertzen ditu. Esaterako, gate-keeping encounters direlakoak (lanpostua lortzeko elkarrizketak edo zerbitzu sozialetakoak, prozesu judizialak, sendagileak egindako elkarrizketak, ikus Erickson), zeinetan (ez)gaitasun komunikatiboak ondorio erabakiorrak dituen parte hartzen ari direnentzat eta non geroz eta gehiago diren kulturen arteko gaizki ulertzeak:

(C) Aniztasuna eta eragile sozialak dituzten hizkuntza aldaketa egituratuak. Azkenik, ikuspegien hirugarren multzoan egitura eta hizkuntza aldaketa zein diren galdetzen da. Gizartea dute arretagune beronek hizkuntzaren egitura eta aldaketa ulertzen laguntzen duen neurrian. Tradiziorik indartsuena soziolinguistika bariazionistarena da (edo soziolinguistika kuantitatiboa, korrelazionala edo labovtarra, bere sortzailearen omenez, William Labov). Joera honen adierazpen bide nabarmenena Language change and variation aldizkaria da. Eskola honek eragile sozial eta hizkuntzazkoen arabera hizkuntza nola aldatzen den aztertzen du, oinarritzat duen teoria soziologikoa gehiegi korapilatu beharrik izan gabe. Joera honetako askorentzat beren espezialitatea da soziolinguistika izena merezi duen bakarra. Jarrera honek haurtzaroko joera patrimonialistaren, edo korporatibismorik zaharkituena adierazten du.

Hizkuntzalaritzaren ikuspegitik hizkuntza ukipenaren azterketa geroz eta tradizio sakonagokoa ari da bihurtzen (Ikus Weinreichen lana 1953), bai eta elebitasun eta eleaniztasun fenomenoena ere. Beste joera batzuk dialektologia sozial eta urbanoaren bidetik (ez du bariazionista izan beharrik) doaz eta Varietätenlinguistik deitzen zaie eremu germaniarrean. Kreolistika deitzen zaio, berriz, pidgin eta kreoleren sortzea azaldu asmo duen joerari.

Honaino gainbegirada laburra eman diogu dagoen soziolinguistikaren aniztasunari. Handbook of Sociolinguistics (Ammon et al. 1987-1988) delakoari begirada labur bat emanez edo ordenagailuaren pantailaren bidez ongi gidaturiko nabigazio tarte batek ikusaraziko dizue gainbegirada hau hautaketa lana izan dela eta soziolinguistikaren joerak egunez egun ugaltzen ari direla.

Ugaltze hau positiboa eta geldiezina bada ere (geldiezina diot erresuma taifa eta kaperatxo txikiek horretara daramatelako), soziolinguistika honen ikuspegia, lana eta aurkezpen gorpuztuaren aldekoa izaten jarraitzen dut, praktikan elkar lotzen baitira.

Diskurtsoaren ikertzaile batek, esaterako, hizkuntza gertaera zehatz bat ezagutzeko, bere hizketa txandak, entonazioaren gora-beherak, ezaugarri soziolektalak edo kortesiazko estrategiak aztertzen jakin beharko du, baina beharrezkoak izango ditu soziologia eta antropologia parte hartzaileek hizkuntzazko gertaera horietan duten boterea, itxaropenak eta asmoak ulertzeko. Era berean, telebista edo irratirako hedabideetan tradizio txikia duen hizkuntza batentzat ahozko hizkuntza eredu estandarra proposatu nahi duen planifikatzaile batek azterketa bariazionistak kontsultatu behar ditu, eskura dauden hizkuntza corpusak edo hizkuntza ukipenari buruzko ikerketak, eta beroien bitartez talde horien aldaera kolokialak izan dituen azken aldaketen berri izango du, eta helburua, noski, bere proposamena joera nagusietatik gehiegi ez urruntzea da. Eta abar, eta abar. Soziolinguistak aipatu ditugun joera hauetakoren bateko formazio espezialdua jaso arren, eskura izan behar luke disziplinarteko eremuaren ikuspegi orokorra. Formazio egokiena “Erregeei idazten zaien gutun» moduko baten bidez adieraziko dut aurkezpen honen azken atalean.

4.Soziolinguisten formazio ideala.

Euskal Herria edo katalanez mintzo diren herrien antzeko eremuetatik datozen soziolinguistek jatorri profesional oso desberdinak dituzte –katalanon kasuan gehienak filologikoak- eta gutxienez bi ezaugarri izaten dituzte antzekoak: tokiko hizkuntza historikoarekiko jakinmin edo leialtasuna, eta egin beharreko guztiei aurre egiteko formazio murritza. Honakoa hizkuntza planifikazio erakunde batean, elkarte batean, irakaskuntzan edo ikerketan gertatzen da. Jaberik gabeko lurralde eremuetan soziolinguistikaren egoerak –soziologo eta hizkuntzalari hutsek baztertua- azaltzen ditu gabezia hauetako zenbait. Egoera hau, ordea, ohikoa da (gaitzerdi!) disziplinartekoak deitzen diren eginbeharretan dihardugunontzat. Argi utzi nahi dut soziolinguista idealaz egitera noan argazkian soziolinguista askok euren lanean dituzten mugen abstrakzioa eginez eraikia dela. Soziolinguista idealaren nire argazkiak ilustratuen aspaldidaniko asmoan du abiapuntua. Alegia, gizabanakoa bere irizpide eta jardueran autonomoa izatea. Eta Max Weber ohoragarriak El político y el científico izeneko lanean proposatzen zuen bezala, politikariaren eta zientzilariaren eginbeharrak ez nahasteko nahia du. Eguneroko jardunean planifikazio teknikari askok edo administrazio baten zerbitzura dauden soziolinguistak (udalerri, nazio nahiz beste edozein mailakoak), gizarte erakunde baten baitako teknikariek edo unibertsitateko irakasleek administrazioak edo boterearen lehian ari den logikaren batek kontrolatzen ditu.. Kontrolatzen uztea soziolinguistaren irizpide pertsonal, zibiko eta profesionalaren sendotasunaren araberakoa da, alegia, aldagarriak diren haizea edo diruaren jatorriaren arabera haize-orratza edo mertzenarioak egiten duten moduan. Nire argazkia ez da horren hauskorrak direnena, bistan da. Nire aburuz, soziolinguista idealak izan behar luke:

(1) Ikertzeko gaitasuna (behaketa eta imaginazioa). Soziolinguistak, espezialista edo generalista izan, irakasle, teknikari edo/eta militate, soziolinguistikarentzat interesgarria den ikuspegi bat sakon ezagutu behar luke, eta horrekin batera bigarren azpiespezialitateren bat. Aldi berean, generalista izan behar luke giza eta gizarte zientzia kontuetan. Honela, hizkuntzalaria izateaz gain, antropologian azpiespezialitatea egina izango du, edo marketinean, historian, gizarte psikologian... Gaitasun konbinaketa hau behar den neurrietan nahastuz gero ez da sakabanaketa, nahasketa sortzailea baizik. Filologian formazio ona duen soziolinguistak, esaterako, hizkuntzaren egitura eta diskurtsoarena aztertzeak nabardurari erreparatzeko ematen dion joeraz balia liteke eta hori inguru sozial eta pertsonarteko zabalagoen azterketarako gizarte zientziek eman diezaioketen gaitasunarekin osatu. Bestela esanda, formazio bikoitz edo askotarikoak hizkuntzaren barne bariazio gertaerak nahiz ukipenezkoak gizarteko arazo eta identitateen inguru zabal horretako batekin lotzen lagun dezake. Soziolinguista formatzeko gaitasunen konbinazioak ez dio puztu-nahiari erantzuten, aldaketa sozialak ulertu eta, ahal izanez gero, hizkuntza erabileretan behar bezala eragiteko premiari baizik. Hizkuntza planifikatzaile edo dinamizatzaileak aldaketa horien aurretik joaten jakin behar du, surfista trebeak uhinekin egiten duen bezala: uhinen mugimenduari aurre hartu behar die une egokian beren gainean jartzeko, lehertu aurretik, beren gainean irrist egin eta erabili ahal izateko.

Soziolinguistak egoki ikusten dituen teknika eta metodologia guztiak erabil ditzake hizkuntza gaitasun, erabilera eta ideologiez bere buruari egiten dizkion galdera oro erantzuteko. Hizkuntza gatazka bizia dagoen gizarteetan soziolinguistarentzat ezinbestekoa den gaitasun edo teknikaren bat hautatu behar izango bagenu erreakziorik eragiten ez duen behaketa gaitasuna dela esango genuke. Hots, datu behaketa erabilgarritasun gorenaz egitea, ikertzailearen eraginik txikienarekin, irudi lanik txikienarekin, bitartekaririk gabe, mozorrorik gabe. Soziolinguistika gaietan leiha, eta beraz, presio ideologikoa eta kontrol soziala (instituzionala, politikoa, mediatikoa, baita egunerokoa ere) gurea bezalako herrietan hain izan daiteke handia, mirestu edo manipulatuak izateko arriskurik txikiena duten datuei konfidantzarik ez ematea gomendagarria dela. Garrantzitsua da soziolinguistak leihotik begiratzea etengabe, eta, are hobeto, egoera soziolinguistikoaren hiri nahasiko kaleak oinez zeharkatu, behatu eta entzutea, horretarako ez dituelarik aski izango tresna informatikoak, bigarren mailako datuak edo protokolo estatistikoak. Atzerriratze ariketek atzerritar profesionala bilakatu behar dute, egunerokotasuna eta azalekoaren arauak ezagutzera iristeko eta sormena nolabait gordetzeko, iragazki kontserbadoreak saihestu ahal izateko.

(2) Egoera soziolinguistikoari buruzko norberaren irizpideak. Soziolinguista idealak bultzatzen edo aldarrikatzen duen hizkuntza politikak zein zentzu duen azaltzen jakin behar luke. Bere legitimazio soziala aurkezteko gai izan behar du. Ez da aski sektore sozial edo administrazio homogeneizatzaileen aurrean eskubide kolektiboak aldarrikatzen jakitea. Oraingo leihakide nagusia etengabean entzuten ditugun planteamendu liberalen kantua da, desberdintasun kultural eta linguistikoak azpiratzen dituena merkatuaren esku (beltza) dela medio. Hiritargoaren zatirik handienak formazio politikoan duen hutsuneak (Ramoneda 2000) zaildu egiten du kultur aniztasuna gorde eta sustatzearen aldeko norberaren irizpideak izatea, norberaren kulturatik hasita, lehen lehenik. Nola ez nahasi “gu» izatearen kontzientzia besteen izateko eskubidea ukatu gabe?[3] Nola indargabetu hizkuntza aniztasuna negatibotzat jotzen duen ikuspegi edo kontsentsu soziala? Ez da aski boladan dauden lelo eta hitzak errepikatzea, xede samaritanoa edo politikoki zuzen izateko izpiritua izan arren (kulturaniztasuna, aniztasuna, tolerantzia edo dena delakoa). Soziolinguistak giza eskubideak gutxiengo kulturalen eskubideekin batera irauteko modua ezagutu behar du, erresistentziarako aldarrikapena edo ezinbesteko salaketatik haratago, komunitate nazional batek “geroaldiak» eskaini behar baitizkio bere lehenaldiari. Aniztasunaren aldeko mezua eraikitzeko gaitasun horrek eta bere alde hainbat ekimen burutzekoa, mundu osoaren beharra da, mundu osoa baita Ipar Ameriketako kulturaren jomuga. Kultura honek ez du aintzat hartzen hartzaile huts izatera kondenatutako bertako gizarteen premia eta asmoei erantzuten dien. Anglosaxoniarrez landa, talde oro (portorrikoarrak New York-en, frankofonoak Ontarion, euskaldunak Donostian, katalanera hiztuna Benidorm-en edo Bartzelonan) gutxiengoa izango da inoiz, batzutan legearen zama osagarriarekin, bestetan populazioaren banaketarengatik. Soziolinguistak deskribatzeko ezaugarritzen duen gaitasunak geroz eta eragin eremu gehiago topatuko du (inmigrazio berriak, teknologia berriak, zerbitzu eremu eleaniztunak), lehendik daudenekin bat eginez. Hizkuntza kontuetan gure herrietan geroz eta handiagoa da aniztasuna –gazteleraz mintzo diren etorkin taldeak, arabieraz mintzo direnak, ingelesez mintzo direnak, gazteleratutako bertako populazioa, bertan bizi diren eta jatorri europarra duten hirugarren adinekoak, Hego Ameriketa, Magreb, Saharaz behera dauden herrietatik etorritako klase ertainetakoak. Besteen berri ematen diguten esperientziak ugaltzen ari dira eta honekin batera, aldez aurreko prestaketarik ez baldin badago, kulturen arteko gatazka pizteko aukera agerian dago, gaizki ulertzeak gertatzekoa, bazterketa nabarmena izatekoa. Intolerantzia leherketa batek –gertakari xenofobo bakar batek, esaterako- ordu gutxitan zerbitzu sozial ugariren prebentzio lanan ezerezean uzten du. Peneloperi gertatu lez, artekariek urtetan egindako lana segundu gutxitan desegiten ikusteko arriskua dute.

(3) Artekaritza eta lan taldean aritzeko gaitasuna. Ikerketa eta ekimen autonomorako gaitasun hauek soziolinguista bere mugez jabetzera eramango dute. Bere oinarrizko ezagutza eta trebeziek, berriz, bere asmoei erantzuten dieten helburuetarako egokiak diren espezialistekin harremanetan jartzera eramango dute. Soziolinguista lente eta filtro desberdinekin lan egin eta behar bezala konbinatzen dakien argazkilariarekin aldera genezake. Artekari batekin ere aldera genezake badakiena zeren erdian dagoen, zein arazo edo gizarte baliabide dituen eskura. Badaki behar duen espezialista bilatzen gertatzen denaren ikuspegi orokorra galdu gabe.

(4) Komunikazio gaitasuna. Soziolinguistak bere ezagutza behar bezala formulatuz zer gertatzen den eta gertatzea nahi duena zergatik eta nola gertatzea proposatzen duen formulatzen jakin behar luke (hartzailearentzat argi eta egoki laburbiltzen). Komunikatzen jakin behar du. Komunikazio lan horretan soziolinguistak ezin du ahantzi zeinen garrantzitsua den azpimarratzea hizkuntza erabileretan (onarpen zuzena eta euskara, gaelera edo galizieraren sarbidea funtzio kopuru handiago batean; zerbitzu eleanitzak eskaintzea osasungintzan, justizian, komertzioan, esaterako) hobekuntzak egitea herritarren gehiengoak eska ditzakeen bizi kalitatea eta duintasunaren parte direla. Soziolinguistak sustatzen duen hizkuntza hori mintzo duen edo mintzatzen zuen komunitatearen iraupenerako osagai positiboa dela ikusarazteko gai izan behar du. Aldi berean, ordea, soziolinguistak hizkuntza kalitatearen garrantzia gogoan izan eta honen alde egin behar du maila guztietan, norberaren hizkuntzaren barne mailetatik hasita. Osasungintzako profesionalak eta herritarren arteko komunikazioa hobetzea (edozein adineko gaixoak), udalerriko administraziotik hasi eta justiziako laberintoan amaituz, enpresari, saltzaile eta kontsumitzaileen artekoa hobetzea ez da hedapen murritzeko hizkuntza batekin egin beharreko etengabeko corpusaren eta estatusaren planifikaziotik kanpo dagoen lana. Berezko hizkuntza mehatxurik gabe erabili ahal izatea, aldarrikapen moduan erakutsi beharrean agurtzeko erabiltzea, gizarte mobilizazio nabarmena eskatzen du, gutxietsi ezin den inbertsioa giza baliabide nahiz baliabide ekonomikoetan, eta euskararen aldeko borroka da horren adibide. Beraz, komenigarria da mobilizazio beraren baitan zaintzea hizkuntzaren beraren baitako diferentziak, arrazoia edozein dela ere, bizitza galeraz ez diezaioten. Marketinaren eremutik honela adieraz genezake: Proposatzen ditugun hizkuntzaren erabilerak ahalik eta herritar gehienen nahia asetzen dituen produktu moduan ikustea lortu behar dugu. Hemen eta orain, hau ez da honela gertatzen, eta beraz, badago soziolinguista militante horiek langabezira joateko arriskurik...

 

Ondorioak.

Soziolinguistika deitu dugun aterki terminologiko honen pean dauden joerak desberdinak direla ikusi dugu. Zenbait soziolinguistika zentrifugoak direla ikusi dugu, eta baita nola hauetako zenbaitek, etsaituriko auzoa lez, ez duten nahi edo ezin duten besteez ezer jakin. Aterki bateratzaile honi eusteak merezi duela aldarrikatu dugu, hizkuntza baten egitura ezagutzea –hizkuntzaren zirkuloaren barnea- erabat murritza baita egitura hori, eta bere erabilera eta erabiltzaileen artean dauden harremanak zein diren eta zer adierazten duten ulertu nahi baldin badugu. Hizkuntza bat eta bere aldaerak elkar josten dituen sarea ezagutu gabe, ez dago jakiterik nola ziurta litekeen bere etorkizuna eta bizi-kemena era errealista batean.

Soziolinguistek, beren espezialitate eta lan esparruetatik, bere lan gaitasun eta talde koordinaziotik, hizkuntzak baliabide positibo egin ditzakete, hizkuntza eta kultur kontraste eta gatazkak, zaharrak eta berriak, era zibilizatuan lasaitu eta bideratzen lagun dezakete. Arazo soziolinguistikoen kudeaketa kolektiboan pilatutako esperientziek bizitza jasangarriagoa egiten lagun dezakete, erosoago egiten (edo ez horren deserosoa), bizitzeko duinagoa. Tokiko hizkuntzari eutsi eta indartzea da soziolinguista askorentzat (eta gutxiengo garrantzitsuetako herritar kontzientziatuentzat), hobeto bizitzea

Soziolinguistika disziplinarentzat oraindik ez dira espezialistak propio prestatzen. Ez dago unibertsitate sail espezializaturik, ez izen horren pean pilatu ditugun etiketa gehienak biltzen dituen nazioarteko elkarte sendorik. Gehienez ere, soziolinguistika hizkuntzalarien formazioaren baitako ikasgaien izena da, eta are maila apalagoan, soziologo edo psikologo sozialen formazioan. Alta, disziplinarteko topaketa eremuak eraiki behar dira, maiztasuna gordeaz, iraupena emanez (topaketetatik hasi eta aldizkari edo eztabaida foroetaraino) arestian aipatu ditugun horiek bezalakoak, hirurogeiko hamarkadan Estatu Batuetan sortu zirenen antzekoak. Konpondu beharreko arazo praktikoak denonak diren eremu horietarako suspergarriak izango dira, hizkuntza eta gizartearen arteko lotura izanik denek batera duten ardatza. Arazo eta erronka soziolinguistikorik ez dugu falta, gutxieneko babes politiko eta ekonomikoa ere ez. Falta dena abiatzeko behar den sormena eta antolaketa dira. Eta abiatzeak tokiko egoera soziolinguistikoa hobeto ezagutzea esan nahi du. Hots, talde bakoitzaren beharretara egokitzea gaingiroki azaldu dugun mundu mailako soziolinguistikaren esperientzia.

Bibliografia:

Ammon,U; N. Dittmar y K.K. Mattheier (eds.) ( 1987-88) Sociolinguistics/Soziolinguistik (2 lib.) Berlin: de Gruyter.

Aracil, L.V. (1984) "Lengua naciona, ¿ Una crisis sin crítica? ". In Hizkuntza Minorizatuen Soziologia. Sociología de las lenguas minorizadas. . Donostia: Tttarttalo, 443-458.

Azurmendi, M.J. (2000) Psicosociolingüística. Gasteiz: UPV-EHU.

Bastardas, Albert (1996) Ecologia de les llengües. Medi, contacte i dinámica sociolingüística. Bartzelona: Proa.

Berruto, G. (1995) Fondamenti di sociolinguistica. Erroma: Laterza.

Boix, E. y F.X. Vila (1998) Sociolingüística de la llengua catalana. Bartzelona: Ariel.

Bright, William (ed.)(1966) Sociolinguistics. Proceedings of the UCLA Sociolinguistics Conference 1964. Haga: Mouton.

Cooper, Rober L. (1989) Language Planning and Social Change. Cambridge: Cambridge University Press.

Daoust, Denise y Jacques Maurais (1987) "L'aménagement linguistique". En: Jacques Maurais (ed.) (1987) Politique et aménagement linguistiques. Quebec: Conseil de la Langue Française, 5-46.

Dittmar, N. (1973) Sociolinguistik. Frankfurt am Main: Athenaeum.

Estudis i propostes per a la difusió de l'ús social de la llengua catalana. (1991) Bartzelona: Direcció General de Política Lingüística de la Generalitat de Catalunya. Vol.1. Plantejaments preliminars. Vol.2. Situació i evolució recent de la llengua catalana. Vol.3. Dinàmica social i factors intervinents en l'extensió de l'ús social de la llengua catalana. Vol.4. Experiències internacionals en planificació lingüística.

Fishman, J.A. (1991) Reversing Language Shift. Clarendon: Multilingual Matters.

Heller, Monica (1999) Linguistic Minorities and Modernity. A Sociolinguistic Ethnography. Londres: Longman.

Hernández Dobon, Francesc Jesús (2000) "Sociologia de la llengua". In: Rafael l. Ninyoles (ed.) La societat valenciana: estructura social i institucional. Alzira: Bromera, 261-283.

Hudson, Richard Anthony (1980) Sociolinguistics. Cambridge: Cambridge University Press.

Kymlicka, Will (1996) Ciudadanía multicultural. Bartzelona: Paidós.

Lavandera, Beatriz R.(1988) "The study of language in its socio-cultural context". En: F.J. Newmwer (ed.) Linguistics: The Cambridge Survey. Vol.IV. Language: The Socio-Cultural Context. Cambridge: Cambridge University Press, 1-13.

Lippi-Green, Rosina (1997) English with an Accent. Language, ideology, and discrimination in the United States. Londres: Routledge.

Sánchez Carrión, José Maria (1987) Un futuro para nuestro pasado. Claves de la recuperación del Euskara y teoría social de las Lenguas. Lizarra: Elkar

McRae (1983) Conflict and Compromise in Multilingual Societies.

Switzwerland. Waterloo, Ontario: Wilfried Laurier University Press.

Meisel, John (1981) “L’identification du problème linguistique: données sociolinguistiques et commissions d’enquete», En: Martin, A, (Arg,) L’État et la planification linguistique. Tome I. Principes généraux. Québec.: Office de la langue française. 57-82.

Ramoneda, Josep (1998) Después de la pasión política. Madrid: Taurus.

Siguan, Miquel (1999) Conocimiento y uso de las lenguas. Investigación sobre el conocimiento y uso de las lenguas cooficiales en las comunidades autónomas bilingües. Madrid: Centro de Investigaciones Sociológicas.

Taylor, Charles (1993) El multiculturalismo y "la politica del reconocimiento". Comentarios de Amy Gutmann et al. Mexiko: Fondo de Cultura Económica.

Trudgill, P. (1992) Introducing Language and Society. Londres: Penguin.

Williams, Glyn (1992) Sociolinguistics. A Sociological Critique. Londres: Routledge

 


 

[1] Ideologia hitzaren adiera oso zabala darabilkit, bertan lekua dute hizkuntza kontzientzia, errepresentazioa, jarrera, pentsakera nahiz iruditeriak.

[2] Kataluniako Generalitaterako gorputz teknikoaren oposioetarako prestatutako gaitegiek helburu honi erantzuten diote.

[3] Egileak hitz joko polita egiten du: ¿ Cómo no confundir la simple constatación de un "nosotros" con un "no a los otros"?

BAT aldizkaria: 
37. 2000ko abendua. Euskal Soziolinguistika Insititutua sortzen.
Kokapen geografikoa: 
Katalunia
Egilea(k): 
Emili Boix
Urtea: 
2000