Soziolinguistika akademikoa

esango nuke, “egoera eleaniztunen azterketa» euskal soziolinguistikaren funtsa dela, hor kokatzen baitira lan ildo denak; zentzu honetan, esparru honek zehar-harremanak ditu beste esparruekin.

Iparraldeko egoera, bertako unibertsitaterik ez dagoenez, egoera berezia da; badirudi hizkuntzaren soziologia badagoela Pabeko Unibertsitatean baina soziolinguistikarik ez.

Azken urte hauetan, arlo honetan ikerketak burutu direnarren, oraindik hutsune asko dago lanean jarraitzeko eta urrats berriak egiteko, gaien zein hurbilpenen aldetik.

gaur egun eta azken urte hauetan bi aldizkari aipatuko nituzke soziolinguistika arloa lantzen dutenak, modu ezberdinean bada ere: Jakin aldizkaria, bere “egunen gurpilean» atalean soziolinguistikari ematen dion tokiagatik, eta BAT aldizkaria, gaur egun euskal soziolinguistikaren erreferentzia bihurtu dena.

orain dela 20 urtekoarekin alderatuz, euskararen soziolinguistika hor dagoela adierazteko moduan gaude. Hala ere, beste pausu bat falta zaigu oraindik, oso garrantzitsua gainera, hau da, lan horren sakabanaketa saihestea: soziolinguistika arloa arlo bezala sendotzea, mundu akademikoan nahiz ez akademikoan, lan teorikoekin zein aplikatuekin.

bilgune baten beharra dago ahozko/idatzizko mailan gaiak, arazoak nahiz beharrak komentatzeko eta elkar trukatzeko (mintegiak, bilerak, etab.) gune akademikoak askotan ez du horretara laguntzen eta.

Saio honen izenburuari jarraiki, nere asmoa Euskal Herriko soziolinguistika akademikoaren erradiografia antzeko bat egitea da[1]. Gaur, Euskal Herriko soziolinguistikari buruz aritzeko moduan baldin bagaude, azken urte hauetan gertatu diren aldaketei esker da; izan ere, orain dela 20 urte inguru euskal soziolinguistikaren izaera ez zen oso argi ikusten[2]. Adibide bat: Txema Larreak[3] artikulu batean Marijose Azurmendiren aipamen bat egiten du, non 1978ko jardunaldi batzuetan irakasle honek adierazten zuen bere ustez ez zegoen une hartan esaterik “euskal soziolinguistika» bat zegoenik (ez euskararen egoeraren ezagutza mailaren aldetik, ez arlo honek dituen tresneria teoriko-metodologikoen ezagutzaren aldetik); Larreak berak, artikulu berberean (hau da, 1983an), adierazten du ez duela ikusten oraindik euskal soziolinguistikaz hitz egiterik dagoen.

Beste adibide bat: Lau urte geroago (1987an), beste artikulu batean, Iñaki Larrañaga[4] euskal soziolinguistikaz aritzen denean, aipatzen du soziolinguistika deitura oso berria dela Euskal Herrian (“Soziolinguistika zientzia autonomo bezala, nahikoa gaztea baldin bada..., Euskal Herrian izen hori plazaratzen hasi ginela oraindik 20 urte betetzeko daudela aitortu beharra dago», 8.or.). Egia da, Iñaki Larrañagak esaten duen bezala, aurretik euskararen inguruan bazegoela interesa eta lana, baina, lan horrek euskararen inguruan zegoen kezka eta ardura islatzen zuen bereziki (euskararen defentsan nahikoa lan zuten) eta, zentzu horretan, gehiago zen, orokorrean, euskararen eta elebi(dun)tasunaren aldeko estrategia defentsiboa.

Bi artikulu hauetan José María Sánchez Carrión-en (Txepetx)[5] lan bat agertzen da euskal soziolinguistikaren mugarri[6]. Bere doktoradutza lana ere beste mugarri bat izan zen; alde batetik, lan teoriko mardula hizkuntzen bizi iraupenaren inguruan delako, eta bestetik, ondorio aplikatu ugariak izan dituelako. Zentzu honetan, Txepetxen eragin teoriko-aplikatua euskal soziolinguistikan nabarmena izan da. Beste aldetik, euskal soziolinguistika arloak (zientzia arlo bezala, nolabait esateko), hasi eta sendotuz joan den heinean, bi atzerritar erreferentziak izan ditu alboan beti: Katalunia eta Québec-eko soziolinguistikak (hizkuntz gatazka-diglosia lerroetatik hizkuntz plangintzaren lerroetaraino, besteak beste).

Gaurko soziolinguistika akademikoaren munduan sartzerakoan, soziolinguistika deitzen dugun horretan zein diziplinak esku hartzen duten argitzea izan da nere lehenengo ardura, behin hori argituta, mundu akademikoan zer gertatzen den ikusteko. Lehenengo zereginerako eskema baten beharra nuen, azken finean helburua ez delako zerrenda luze edo motz bat egitea; honela, Henry Boyer[7] soziolinguistaren eskema batez baliatu naiz (1. irudia). Eskema honen baliogarritasuna adierazten duen funtsezko ideian datza, hots, soziolinguistika hainbat diziplinez osatzen dela; alde batetik, lengoaiaren zientzien barnean dauden diziplinez eta, bestetik, gizarte inguruko diziplinez[8]. Zentzu honetan, mikro eta makro soziolinguistika muturren tartean hainbat diziplina kontuan hartzen saiatu da Boyer izeneko autorea. Irudi honek irakurketa dinamikoa behar du, hau da, diziplina bakoitza besteekin harremanetan dago eta, azkenean, ikertzaileak, berak, bere posizioa zedarriztatzen duenean, diziplina bat bestearekin (edo besteekin) elkarlotuko ditu.

Eskema hau abiapuntutzat harturik gure egoerara gehiago hurbiltzen den eskema bat sortu dut (2. irudia). Ikusten denez, psikoanalisia alde batera utzi eta pedagogia, psikopedagogia, didaktika eta psikosoziolinguistika sartu ditut, gure egoera akademikoan zer ikusi handiagoa dutelako soziolinguistika arloarekin. Nere ustez, irudi honetan, era orokorrean baldin bada ere, gaur egun Euskal Herrian, soziolinguistika arloaren mundu akademikoan lantzen diren diziplinak sartuta daude. Begirada bat emango diogu:

1. LAN ILDOAK[9].

Ikusten dugunez, bi esparru (nolabait esateko) dira errepikatzen direnak, “soziolinguistika aplikatua» eta “egoera eleaniztunen azterketa» alegia. Soziolinguistika akademikoa eta aplikatua bereizteak bere alde ilunak dakartza; banaketa horren arabera akademikoa dena aplikatua ez dela eta alderantzizkoa ondorioztatu litekelako. Kasu honetan, mundu akademikoan soziolinguistika aplikatuaz hitz egiten denean arlo enpirikoaz hitz egiten da; hots, arlo teorikoa eta enpirikoa uztartzen dituena. Mundu akademikoan arlo aplikatua ere lantzen da; horrek, batzuetan, aplikazio praktiko zuzenak dakartza eta beste batzuetan zeharkakoak.[11] Beste aldetik, esango nuke, “egoera eleaniztunen azterketa» euskal soziolinguistikaren funtsa dela, hor kokatzen baitira lan ildo denak; zentzu honetan, esparru honek zehar-harremanak ditu beste esparruekin. Gai berezi batzuk hor kokatzen dira: normalizazioa, hizkuntz gatazka, diglosia/elebitasuna, hizkuntz politika, hizkuntz plangintza, hizkuntzen irudiak, demolinguistika, etab., beti ere beste esparruekin jokatuz.

  • Antropologiaren ikuspegitik, oso gutxi jorratua dago mundu akademikoan; etnizitatea eta hizkuntzaren inguruan dago zerbait eginda. Bestela, gaur egun, Nafarroan badago eremu honetan kokatzen den lanen bat (ikus BAT, 30; 1999ko ekaina)[10]. (1)
  • Historia arloan, nik dakidanez, oso gutxi dago mundu akademikoan (hiru tesi behintzat burutu dira; bi Nafarroan kokatuak); esparru honetan, nik ezagutzen dudanaren arabera, dauden lanetatik gehienak mundu akademikotik kanpo egin dira. (3)
  • Nafarroako Unibertsitate Publikoan hiru lan ildo bereiziko nituzke: hezkuntzaren antolakuntzaren inguruko soziolinguistika; elebitasunaren inguruko lan ildoa, eta, soziologiatik, euskararen inguruko ikerketak, bereziki hurbilpen koalitatiboa erabiliz (egoera soziolinguistikoaren diagnosia, gazteak eta euskara, besteak beste). Horrez gain, badago lantalde bat irakaskuntzaren inguruko azterketa burutzen ari dena soziolinguistika ikuspegitik (Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzarekin). (2,7, 8,9)
  • Iparraldeko egoera, bertako unibertsitaterik ez dagoenez, egoera berezia da; badirudi hizkuntzaren soziologia badagoela Pabeko Unibertsitatean baina soziolinguistikarik ez. Egiten diren ikerketak Euskal Kultur Erakundeak egiten ditu; hala nola, Siadekorekin; Nafarroako Gobernuarekin eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako Sailordetzarekin (Euskararen Jarraipena 90/95); Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin (Etorkizuna aurreikusten: gaztetxoak eta euskara). Aipatzekoa da, EKEren lanari esker, lehen aldiz Frantziako erroldan, INSEEk hizkuntzari buruzko lau galdera sartu dituela. (7,8)
  • Deustoko Unibertsitateko lan ildoak euskararen erabilera (interferentziak, hizkuntz aldaketak,...), dialektologia eta terminologiaren inguruan kokatzen dira (besteak beste). (5,6,8,7)
  • Mondragón Unibertsitateko lan ildoak murgiltze ereduen soziolinguistika aplikatuan eta hizkuntzaren didaktikan (hiru hizkuntzen kurrikulum integratua) kokatzen dira bereziki. Horrez gain, hiru proiektu dituzte esku artean: Europako bi proiektu (hizkuntzaren jabekuntza eta ahozko erregistro formala); Ulibarri proiektua (SEI-UEU eta Hezkuntza Sailarekin batera); eta EMUN kooperatiba (lan munduan euskara sartzeko). (2,7,8,9,10)
  • Euskal Herriko Unibertsitateko lan ildoak adierazteko lau esparru bereiztu ditut:
    1. Euskal eta Erdal Filologietan kokatzen diren lan ildoak: estandarizazioa (euskalkiak), euskararen soziolinguistika historikoa, interferentziak; bariazioaren soziolinguistika (bariazio fonologiko-sintaktikoa); soziolinguistika aplikatua (egoera elebidunen azterketa; hizkuntz aldaketa, politika eta plangintza); hizkuntzen heriotza, bizitasuna; hizkuntzen ekologia; hizkuntza eta identitatea; hizkuntz jabekuntza, hizkuntza irakaskuntzako metodologia, hizkuntz kalitatea, testuaren azterketa (euskarazko testuen deskribapena), besteak beste. (5,6,7,8,9,12,13)
    2. Pedagogia-didaktikaren inguruko lan ildoak: bigarren hizkuntzen irakaskuntzari buruzkoak; ukipen egoerak; elebitasuna; elebiduntasunaren ingurukoak (testuak, hizkuntzen arteko harremanak norbanakakoa); euskal currikuluma (kultur transmisioa); euskararen normalkuntza ikastetxetan; hezkuntzaren antolakuntza; soziolinguistika matematikoa; soziolinguistika konparatua; elebitasuna eta eskola; eskolaz kanpoko ekintzak eta euskara; helduen irakaskuntza; eskola eta hizkuntza, besteak beste. (2,7,8)
    3. Psikologiaren inguruan kokatzen diren lan ildoak: euskararen jabekuntza haurretan eta helduetan; euskararen erabilera; euskara eta identitate etnolinguistikoa; jarrerak eta motibazioak; bizitasun etnolinguistikoaren teoria; hizkuntzaren jabekuntza (euskara, ingelesa); hizkuntzaren hiztegiaren (aditz motak) analisiak; besteak beste. (7,8,9,10,13)
    4. Soziologian kokatzen diren lan ildoak: hizkuntzaren soziologia; egoera soziolinguistikoaren azterketa (diagnosia) koantitatiboa zein koalitatiboa; gizarte erabilerari buruzkoak; diskurtso azterketa; hizkuntzaren gizarte irudia; hizkuntzen legitimazio prozesuak; hizkuntz plangintza; hizkuntz gizarte sareak; besteak beste. (4,7,8,11).

2. IKERKUNTZA

Ikerkuntza eta lan ildoak eskutik doaz, hots, ikerketak lan ildoen inguruan kokatzen dira. Diru iturrien arabera sailkatuta hiru dira garrantzitsuenak: unibertsitate bakoitzekoa, Erakundeena (Eusko Jaurlaritza -Hizkuntza Politikarako Sailordetzak eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerkuntza Sailak, bereziki-, Nafarroako Gobernua) eta, azkenik, udaletxe mailakoa eta Europakoa. Nik ezagutu ahal izan dudanaren arabera, ikerketa teoriko-aplikatua da ohikoena; honako gaiorokor hauek aipatuko nituzke: elebi(dun)tasuna, hizkuntzen jabekuntza, euskal currikuluma, hezkuntz ereduak, irakaskuntza, euskara eta gizarte identitatea, hizkuntzaren erabilera (ukipen egoerak eta erabilera), bizitasun etnolinguistikoa, berezko taldeen euskalduntzea, jarrerak eta motibazioak, gizarte sareak, munduko hizkuntzen txostena, egoera soziolinguistiko ezberdinen azterketa (herri bat, gizarte talde bat...).

Ikerkuntzari dagokionez, badago lana eginda eta egiten ari dena; badirudi lan ildo batzuk euren jarraipena dutela (eskola ingurukoak, jarrerak eta motibazioak, jabekuntza, adibidez), baina, beste lan ildo batzuetan badirudi jarraipen gutxiago edo hutsune handiagoak dituztela (erabileraren inguruko azterketa ezberdinak, gizarte sareak..., adibidez). Azken urte hauetan, arlo honetan ikerketak burutu direnarren, oraindik hutsune asko dago lanean jarraitzeko eta urrats berriak egiteko, gaien zein hurbilpenen aldetik.

 

3. IRAKASKUNTZA

Esparru honetan soziolinguistikak toki txikia eta sakabanatua du. “Soziolinguistika» deitura filologietan erabiltzen da bereziki (salbuespenak salbuespen, Mondragón Unibertsitatea, besteak beste). Beste arloetan “soziolinguistika» deiturarik ez dago; dauden deiturak hizkuntzari (edo euskarari) loturiko arlo bakoitzeko kontzeptuek osatzen dituzte. Argiago ikus dadin, irakaskuntzan dagoenari gainbegirada bat botako diogu (beti ere, kontuan izanda, asmoa ez dela zerrendarik egitea).

3.1. Lizentziatura.

  • SOZIOLOGIAN:

  • Deustoko Unibertsitatean: hautazko mintegi bat dago “soziolinguistika» deitura duena.

  • Euskal herriko Unibertsitatean (EHU): Bigarren zikloan “Hizkuntzaren soziologia» deitzen den hautazko espezializazio-ibilbide bat dago. Bertan, hainbat irakasgai daude non ikuspegi teorikotik zein aplikatutik lantzen dituzten hizkuntza eta gizartearen inguruko harremanak (hala nola, oinarri teorikoak, hizkuntz gatazka, eskola eta hizkuntza, hizkuntz plangintza eta hizkuntz politikak).

    POLITIKA ETA ADMINISTRAZIO ZIENTZIETAN:

  • EHUn hautazko irakasgai bat dago (hizkuntza politika eta plangintza).

    FILOLOGIAN:

  • Deustuko Unibertsitatean “soziolinguistika» hautazko irakasgaia da euskal eta erdal filologietan.

  • Euskal Herriko Unibertsitatean: “euskal soziolinguistika» eta “euskararen psikolinguistika» hautazkoak dira euskal filologian eta “soziolinguistika» hautazkoa da erdal filologietan.

    GIZARTE HEZKUNTZAN:

  • EHUn bi hautazko irakasgai daude kultura eta pedagogiari lotuak.

    PEDAGOGIAN:

  • EHUn, soziolinguistikaren arloko bi derrigorrezko irakasgai daude eta bat hautazkoa (hizkuntza irakaskuntza eta elebitasuna kontuan izanik) eta bigarren zikloko ibilbide bat dago “hizkuntzaren pedagogia» deitzen dena. Ibilbide honetan, hainbat irakasgai dago, besteak beste, gizarte-hizkuntzalaritza eta hezkuntz ereduak, helduentzako hizkuntza-irakaskuntza eta ikaskuntza, hizkuntzak irakasteko metodoak.

  • Nafarroako Unibertsitate Publikoan Giza eta Gizarte Zientzien Fakultatean hezkuntzaren antolakuntzaren inguruko irakasgai batzuk soziolinguistika ikuspegitik ematen dira.

    PSIKOPEDAGOGIAN:

  • EHUn hautazko irakasgai bat dago.

  • Mondragón Unibertsitatean, Humanitateak eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean bigarren zikloko lizentziatura berri bat dago, “Hizkuntzen psikopedagogia» psikosoziolinguistika ikuspegitik antolatu dena eta, beste batzuen artean, ondorengo ikasgaiak eskaintzen dituena: eleaniztasuna, hizkuntzaren jabekuntza, hizkuntzaren eta hizkuntzen aniztasuna: hizkuntza normatiboa, hezkuntza interkulturala.

    PSIKOLOGIAN:

  • EHUn hiru hautazko irakasgai daude (psikolinguistika, eleaniztasuna eta gizarte psikologiaren inguruan).

3.2. Doktoradutza.

Lizentziaturan gertatzen dena 3. zikloko mailara luzatzen da, hots, ikastaro gutxi eta sakabanatuak daudela. EHUn, zehazki, azkenengo hamar urte hauetan, adibidez, doktoradutza ikastaroak aldatzen joan dira; aldaketa horretan gai batzuk jarraitzen dute (hezkuntza eta hizkuntzaren ingurukoak, euskal dialektologia, hizkuntzaren jabekuntza, hizkuntzaren psikopedagogia, bariazioaren soziolinguistika); eskaintzen ziren beste gai batzuk gaur egun ez dira eskaintzen (eleaniztasuna eta psikosoziolinguistika, gizarte sareak, euskararekiko motibazio sinbolikoak,...); eta, beste gai batzuk berriak dira (komunitate elebidunen azterketa matematikoa; hizkuntz ukipena eta hizkuntz aldaketa; hizkuntz heriotza; hizkuntz plangintza konparatua; kultura, hizkuntza eta gizartea). Doktoradutza mailan, gaur egun, soziolinguistika arloan badaude hainbat tesi eginda; tesien zerrenda ireki bat egin dut, alde batetik, arlo honen diziplinartekotasuna argi ikusten delako tesietan[12] (ikus eranskina) eta bestetik, gaur egungo eta datozen urteetako lan ildoak, zein interes puntuak, ikus daitezkeelako ere. Hala ere, esan beharra dago, dauden lan ildo ezberdinak ez direla denak oraindik tesietan ikusten.

Hirugarren zikloan, EHUn, soziolinguistika alorrean egin den ikastaro bateratu bakarra “Hizkuntza Plangintzarako Diploma»[13] izan zen (1993/96); bere helburua euskararen alorrean lan egiten zutenentzat eta lan egin nahi zutenentzat prestakuntza eskaintzea zen. Lehen aldiz izan zen soziolinguistika alorreko graduondoko bat unibertsitatean (diziplinartekoa eta bateratzailea soziolinguistikarekiko). Baina, honelako diziplinarteko ikuspegiek ez dute jarraipenik izan.

3.4. Udako Unibertsitatea

Irakaskuntzaren atal hau bukatzeko Udako Unibertsitatea aipatuko dut. EHUko Udako Ikastaroei dagokionez, euskararen inguruko ikastaro batzuk eskaintzen ditu. Ikastaro hauetan soziolinguistikaren inguruko gaiak eskaintzen diren arren ez dago lerro berezi bat soziolinguistikari eskainia.

Udako Euskal Unibertsitateari dagokionez berriz (UEU), soziolinguistikazko gaiak soziologiaren barruan jorratzen baziren ere hasiera batean, aurrerago bereizi egin zen eta bere lekua bilatu zuen. Bere lehenengo helburua euskalgintzan zihardutenei formazio orokorra eskaintzea izan zen (esperientziak, metodologiak,...); geroago, eta azken urte hauetan horretan dabiltza, helburua soziolinguistikaren currikuluma osatzea izan zen. Bi ikastaro mota eskaini dira azken urte hauetan, bata ikasleei begira eta bestea, ikuspegi praktiko espezializatuen ingurukoa. Gaur egun, UEUn soziolinguistika lerro bat dago, ikastaroak eskaintzen dituena eta argitalpen bilduma bat ere baduena.

4. KONGRESUAK

Euskal Soziologoen Elkarteak “Hizkuntza minorizatuen soziologia» (Getxon, 1985) kongresua antolatu zuen “Iruñean Sortua» mugimenduari erantzuna emateko (1983an Iruñan, soziolinguista katalanak, galiziarrak eta euskaldunak bildu ziren eta euren kezken ondorioz “Iruñean Sortua» mugimendua sortu zuten). Kongresu honetan Kataluniako (hauek bereziki), Galizako, Québeceko eta Estatu Batuetako soziolinguistak bildu ziren euskal herrikoekin batera. Gaur egun euskal soziolinguistikan dauden hainbat lan ildo kongresu horretan agertu ziren (euskal soziolinguistikaren mugarrietako bat izan zen kongresu hau: ikertzaileak bildu eta lan ildoak aurkeztu baitzituen).

Lehenengo Euskal Mundu-Biltzarra Parisen antolatu zen 1956an; baliabide gehiagorekin, Bigarren Euskal Mundu-Biltzarra Donostian bildu zen 1987an toki askotako partaidetzarekin. Hiru atalek osatzen zuten kongresua, bata, hizkuntzaren deskribapena, bigarrena, hizkuntza eta gizartea eta hirugarrena, euskara eta hizkuntza naturalak eskuratu eta irakastea.

Euskal Soziologi Elkarteak bere kongresuak antolatzen dituenean (hiru urtetik behin) “soziolinguistika» lan-mahaia sartu ohi du; hurrengoa 20001. urtean izango da eta “soziolinguistika» lan-mahaiak izena aldatu du, “hizkuntzaren soziologia» izena hartzeko[14].

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailordetzak Eremu Urriko Hizkuntzei Buruzko VII. Nazioarteko Biltzarra antolatu zuen 1999an, “Hizkuntza biziberritzeko saioak» izenburuarekin. Euskararen inguruko ikerketak aurkeztu ziren bai komunikazioetan bai posterretan (azken hauek atal hauetan: hizkuntzen bizitasuna, hiztunherrien kasuak, hezkuntza, eragin esparru bereziak, helduen irakaskuntza).

5. ARGITALPENAK.

Euskararen inguruko lanak argitaratu (eta argitaratzen) ohi dira diziplina ezberdinetako aldizkarietan beste gai batzurekin batera. Baina, gaur egun eta azken urte hauetan bi aldizkari aipatuko nituzke soziolinguistika arloa lantzen dutenak, modu ezberdinean bada ere: Jakin aldizkaria, bere “egunen gurpilean» atalean soziolinguistikari ematen dion tokiagatik, eta BAT aldizkaria, gaur egun euskal soziolinguistikaren erreferentzia bihurtu dena. Aldizkari honetan hainbat gai agertu dira soziolinguistikaren diziplinarteko ikuspegitik (gai teoriko eta aplikatuak)[15].

UEUren eskutik soziolinguistika arloko zenbait liburu argitaratu dira (bost inguru); horietatik, batzuk itzulpenak dira (Kataluiniako soziolinguistikatik itzuliak) eta beste batzuk euskal soziolinguistikatik sortuak dira. Hemen, behintzat, argitalpenari begira soziolinguistikako liburuak bilduma berberean daude (eta ez sakabanaturik).

EHUk badu liburu forman zerbait (oso gutxi) argitaratua arlo honetan baina sail ezberdinetan sakabanatua (tesien sailean, udako ikastaroak, hezkuntza eta pedagogia sailean, besteak beste).

Erakundeen aldetik unibertsitate ikerketak, batzuetan, argitaratzen diren arren, askotan ez da horrela gertatzen.

Mondragón Unibertsitateak dituen argitalpenak didaktika ingurukoak dira (Jakingarriak aldizkaria, besteak beste).

Liburu aldetik argitaratu diren gaiak honako hauek izango lirateke gutxi gora behera: ukipen egoeren azterketak, euskararen historia, euskal dialektologia, bariazioaren soziolinguistika, psikosoziolinguistika, soziolinguistika, euskal soziolinguistikaren inguruko saiakera.

 

HAUSNARKETARAKOAK

Gaur egun, pausu handi bat eman delako, orain dela 20 urtekoarekin alderatuz, euskararen soziolinguistika hor dagoela adierazteko moduan gaude. Hala ere, beste pausu bat falta zaigu oraindik, oso garrantzitsua gainera, hau da, lan horren sakabanaketa saihestea: soziolinguistika arloa arlo bezala sendotzea, mundu akademikoan nahiz ez akademikoan, lan teorikoekin zein aplikatuekin.

Arlo akademikoan soziolinguistika ez dago hedatua; soziolinguistika barruan dauden diziplina batzuk hedatu dira baina arloaren osotasuna (bere aniztasunean) ez. Hizkuntzen psikopedagogiaren lizentziatura, Hizkuntzaren soziologiaren ibilbidea eta Hizkuntzaren pedagogiaren ibilbidea, hiru hauek eskaintza arautua eta gorputza duten eskaintzak dira. Bestela, lizentziaturan, solteka dauden hautazko (gehienak) edota derrigorrezko irakasgaiak daude; doktoradutza ikastaroei begira ere, soziolinguistika arloak oso toki mugatua du (txikia eta sakabanatua); ikerkuntza mailan ere, lan ildo ezberdinak bultzatu beharra dago.

Mundu akademikoan, bere txikitasunean, soziolinguistika arloak ez du bateratasun bat (bere aniztasunean); hots, kontuan izanda diziplinarteko arloa dela, diziplina bakoitzak bere ikuspegitik landuko du hizkuntza-gizartea binomioa, eta horrek, nere ustez, horrela izan behar du, baina, gero, beste pausu bat komeniko litzateke, ikuspegi ezberdinak arlo berean kokatzea alegia. Gainera, soziolinguistika deitura filologiari loturik doa (formalki horrela deituriko irakasgaiak filologian kokatuta daude) eta horrek, gaur egun arlo honen hedapena ikusirik, teoria nahiz aplikatu mailetan, eta diziplinarteko arloa dela onarturik, ez dio arloaren aniztasunari laguntzen.

Gaur egunari begira, oro har, nere ustez behintzat, euskal soziolinguistikan ez dago ikerkuntza sare bat; sare ezberdinak daude baina, euren artean konektatu gabe. Soziolinguistika arloa diziplinartekoa denez, ikerkuntza sare bat egotea eta ahalik eta sendoena izatea (sare ezberdinez osatuko dena) bereziki zaindu beharrekoa da.

Egiten diren ikerketak unibertsitateko dirulaguntzekin edota erakundeetako diru laguntzekin burutzen dira, baina askotan argitaratzen ez direnez, esparru bakoitzeko lan ildoak ez dira ezagutzen.

Argitalpenak (eta, bide batez, banaketa) zaindu beharreko zerbait da lan ezberdinak ezagutarazteko; aldizkari eta buletinak sare ezberdinen arteko komunikazioari laguntzeko alde batetik, eta bestetik, liburuen artean, soziolinguistika lanak bilduma berberean sartzea (aniztasuna onartuz, bateratasuna bultzatu).

Azkenik, eta oso garrantzitsua, bilgune baten beharra dago ahozko/idatzizko mailan gaiak, arazoak nahiz beharrak komentatzeko eta elkar trukatzeko (mintegiak, bilerak, etab.) gune akademikoak askotan ez du horretara laguntzen eta.

DOKTORADUTZA TESIAK (ZERRENDA IREKIA)

1. Aierbe Etxeberria, Pello: Irakurketaren faktoreak haur elebidunengan / tesi zuzendaritza: Iñaki Demdaluce (sic) Segurola /EHU / 1985.

2. Apalategui, Jaione: Eskola erakuntza eta hololinguistika. / tesi zuzendaritza: Nicanor Ursua / EHU/ 1994.

3. Arratibel, Nekane: Helduen euskalduntzean eragiten duten prozesu psikosozialak : motibazioaren errola / tesi zuzendaritza, Maria-Jose Azurmendi Ayerbe / EHU / 1999.

4. Arregi Goenaga, Mº Francisca: Euskera en niños de diversos entornos escolares y familiares / Deustuko Unibertsitatea / 1989.

5. Arrieta Illarramendi, Elisa: Mecanismos de influencia educativa y adquisición del euskara en preescolar -4 años- modelo D / 19...

6. Aurrekoetxea, Gotzon: Bizkaieraren egituraketa geolinguistikoa / EHU /1995.

7. Azurmendi Ayerbe, María José: Elaboración de un modelo para la descripción sociolingüística del bilingüismo y su aplicación parcial en la comarca de San Sebastián / tesi zuzendaritza: Manuel Gil Esteve / Universidad Complutense de Madrid / 1984.

8. Basterretxea, Iziar: Eskolatik euskara? / Deustoko Unibertsitatea / 1988.

9. Cenoz, Jasone: Enseñanza-aprendizaje del inglés como L2 o L3 / tesi zuzendaritza: J. Arzamendi Saez de Ibarra/ EHU/ 1991.

10. Echagüe Alcalde, francisco Javier: Nafarroako “D» ereduko, 8-gn. mailako ikasleen euskara errendimendua: hainbat aldagai eskolarren eragina / EHU / 1994.

11. Elosegi Aduriz, Kristina: Kasu eta preposizioen jabekuntza-garapena haur elebidun batengan / EHU/ 1998.

12. Erize Etxegarai, Xabier: Nafarroako euskararen historia soziolinguistikoa (1863-1936): soziolinguistika historikoa eta hizkuntza gutxituen bizitza / EHU/ 1997.

13. Espí Guzmán, Mª Jesús: Adquisición de segundas lenguas en situación de lenguas en contacto: un análisis psico-socio-lingúístico / tesi zuzendaritza: Mª José Azurmendi /EHU / 19...

14. Erriondo, Lore: Afasiko elebidunen hizkuntz trebetasunen azterketa / tesi zuzendaritza: Michel Paradis/ EHU/ 1993.

15. Etxebarria Ayesta, Juan Manuel: Zeberio-Haraneko euskararen azterketa etno-lingüistikoa / Deustoko Unibertsitatea / 1988

16. Etxeberria, Felix: Bilingüísmo y educación en Euskadi / 19...

17. Ezeizabarrena Segurola, Mari Jose: Adquisición de la morfología verbal en euskera y castellano por niños bilingües / EHU / 1996.

18. Falcón Ormazabal, Xabier: Teoría de la Planificación lingüística / Universitat de Barcelona / 1988.

19. Fernández Ulloa, Teresa: Análisis sociolingüístico del castellano de Bermeo / tesi zuzendaritza: Hernán urrutia / Deusto Unibertsitatea / 1998.

20. Gartzia, Iñaki: Euskararen erabileran eragiten duten prozesu psikosozialak: identitate etnolingüistikoaren garrantzia / 2000.

21. Iraolagoitia Mendibe, José: Kulturgintzarako giza eskubideak eta hizkuntzari buruzko herri arauak / Deustoko Unibertsitatea / 1990.

22. Isasi, Xabier: Hizkuntzen arteko ukipena gizarte elebidunetan. Gizartearen eta hiztunaren hizkuntz erabilpena. Ikuspegi metodologikoa / 1991.

23. Jauregi Etxaniz, Pello: Berezko taldeak euskalduntzeko ikas estrategia/ tesi zuzendaria: Paulo Iztueta Armendariz / EHU /1998.

24. Jausoro Santa Cruz, Miren Nekane: La práctica discursiva y el interdiscurso : una propuesta metodológica para la investigación social del euskera / tesi zuzendaritza: Iñaki Martínez de Luna Pérez de Arriba / EHU / 1997.

25. Larrañaga Aizpuru, Nekane: Euskalerriko gaztetxoek euskararekiko dituzten jarrerak eta beren eragina euskara ikasi eta erabiltzean / Deustoko Unibertsitatea / 1995.

26. Lukas Mujika, José Francisco: Trebetasun eta errendimendu matematikoa testuinguru elebidunean / EHU / 1994.

27. Madariaga Orbea, José Mª.: Estudio de la influencia de los factores actitudinales y motivacionales en la adquisición del euskera / 19....

28. Milla Lozano, Francisco: Dominio morfosintáctico del castellano en el “Gran Bilbao»: variables sociolingúísticas en la EGB (estructuras oracionales y elementos de relación) / Deustoko Unibertsitatea / 1990.

29. Naya, Luis Mª: Adaptación escolar y bilingüismo en 8º de EGB en la comarca de Donosti / EHU / 1991.

30. Olaeta Rubio, Roberto: Aspectos morfosintácticos del castellano en los escolares de EGB: un enfoque sociolingüístico / Deustoko Unibertsitatea / 1995.

31. Oroz, Nekane: Conciencia y actitudes sociolingüísticas en el caso del euskera en Navarra / 19...

32. Pagola Petrirena, Rosa Mª.: Euskal atlas linguistikorako ekarria: fonetika galdekizuna eta haren erabilpena, datu bilketa eta kartografiaketa / Deustoko Unibertsitatea / 1990.

33. Sagasta, Pili: La producción escrita en euskara, castellano e inglés en el modelo D y en el modelo de inmersión / 2000.

34. Sánchez Carrión, Jose Mª: Un futuro para nuestro pasado: Claves de la recuperación del Euskera y Teoría Social de las lenguas / 1986.

35. Sotes, Pablo: La comunicación profesor/a - alumnos al comienzo de un programa de inmersión al euskera / 1995.

36. Urmeneta, Blanca: Navarra ante el vascuence. Actitudes y actuaciones (1876-1919)/ 19...

37. Villarroel López, José Antonio: Estudio psicosociolingüístico de la lengua escrita en una muestra de estudiantes adolescentes / Deustoko Unibertsitatea / 1989.

38. Zabaleta Zabaleta, Mª. Francisca: El euskara en la enseñanza de Navarra: bases de la normalización / Universitat de barcelona / 1988.

EKARPENAK:

Nekane Jausororen tesien zerrenda osatzeko:

Andoni Barreñak hiru tesiren erreferentzia egin du:

- Almgren, Margareta: La adquisición del tiempo y aspecto verbal en euskara y castellano/ Tesi-zuzendaritza: Itziar Idiazabal/ Euskal Herriko Unibertsitatea/ 2000.

- Barreña, Andoni: Haur euskaldunen hizkuntzaren jabekuntza-garapena: Infl eta Konp funtzio-kategorien erabileraz/ Tesi-zuzendaritza: Itziar Idiazabal/ Euskal Herriko Unibertsitatea/ 1993.

- Zubiri, Juan José: Izen sintagmaren determinazioaren eta kasuen jabekuntza eta garapena hiru urte arte. Goizuetako bi haur euskaldun elebakarren jarraipena/ Tesi-zuzendaritza: Itziar Idiazabal/ Euskal Herriko Unibertsitatea/ 1997.

Karmele Rotaetxek tesina baten erreferentzia egin du:

- Rica, Margarita: Traduction en basque des termes politiques sur la révolution/ Tesina-zuzendaritza: Karmele Rotaetxe/ Deustuko Unibertsitatea/ 1975.

 


 

[1]. Zer dagoen non, nortzuk dauden lanean eta horrelakoak sakon aztertzea egina ez dagoen lan bat da, baina hori ez dagokio saio honi. Horregatik, irakasle, ikertzaile zein irakasgaien izen konkretuak ez dira saio honetan aurkituko, helburua bestelakoa delako. Argi utzi nahi nuke saio honetan egiten dudan planteamendua nere ikuspegitik egiten dudala; zentzu honetan, beste ikuspegi batzuk ere zilegiak izan daitezke, noski. Saio hau prestatzeko hainbat pertsonekin hitz egin dut eta eskertzen diet guztiei bai euren harrera ona bai eman didaten argibideak.

[2]. Garai hartako hiru lanek argazki gisa funtziona dezakete: Euskararen Liburu Zuria (Euskaltzaindia, 1977); Hizkuntz Borroka Euskal Herrian (Siadekok eginikoa Euskaltzaindiarentzat, 1979) eta Euskararen Borroka (Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabinetea, 1983).

[3]. Larrea, J.M. (1983): “Soziolinguistikaz Euskal Herrian» in Zutabe, 3 (iraila-abendua).

[4]. Larrañaga, I. (1987): “Euskal Soziolinguistikaren egoera eta bide berriak» in Jakin, 42-43 (ekaina).

[5]. Sánchez Carrión, J.M. (1972): El estado actual del vascuence en Navarra (1970). Factores de regresión.Relaciones de Bilingüismo. Institución Príncipe de Viana, Iruña.

[6]. Lan horren ostekoak ere garrantzitsuak izan ziren bai teoria aldetik, elebitasunaren tipologia egiten zuenean adibidez, bai aplikatu aldetik, antropologia sozioliguistikoaren ildotik.

[7]. Boyer, H. (1996): Éléments de sociolinguistique. Langue, communication et société. Dunod. Paris.

[8]. Planteamendu honen barnean aspaldiko eztabaida dago: noraino “sozio» eta noraino “linguistika», hau da, alde bien lotura zela uztartu.

[9]. Agertzen diren zenbakiak 2. irudiari loturik doaz; honela, argiago ikusten da diziplina bakoitzaren tokia gurean.

[10]. Iparraldean, antropologia baino gehiago etnologia erabiltzen dute, horregatik, ez dut iruditik kendu; hala ere, ez dakit esparru honetan zerbait dagoen.

[11]. Beste arlo batzuetan gertatzen den bezala, honetan ere unibertsitatearen eta beste gizarte sektoreen artean komunikazio handiagoa beharko luke izan (agian, salbuespena, bere izaeragatik, Mondragón Unibertsitatea izan liteke).

[12]. Tesien zerrenda egiteko orduan hainbat iturritara jo behar izan dut ez dagoelako iturri bateraturik Horretarako, HABEko liburutegia, EHUko dokumentazio zerbitzua, Deustoko liburutegia, ahozko iturriak eta TESEO webgunea (Estadu Espainoleko unibertsitateetako tesien gune bateratua) erabili ditut. Zerrenda hau irekia da (bertan ez daude, ziur, soziolinguistika arloan gaur egun arte burutu diren tesi guztiak; lan hori, bere azterketarekin batera, egiteko dago); nere helburu bakarra panoramika bat eskaintzea izan da. Beste arazo bat izan da soziolinguistika arloan zer sartu erabakitzea. Hitz-klabe bezala: euskara, soziolinguistika eta arloko diziplinen eta kontzeptuen deiturak kontuan izan ditut.

[13]. Unibertsitateko zazpi sail eta jakintza arlok parte hartu zuten; babesleak, Hizkuntza Politikarako Idazkaritza Nagusia, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea eta Helduen Alfabetatze Berreuskalduntzeko Erakundea izan ziren; Laguntzaileak, bestetik, Euskal Udalen Elkartea, Euskal Kulturaren Batzarrea eta Udaletako Euskara Teknikarien Sarea.

[14]. Soziologiaren kongresu bat denez agian egokiagoa da hizkuntzaren soziologia deitura erabiltzea.

[15]. Beste aldizkari batzuk ere soziolinguistikazko gaiak lantzen dituzte, hala nola, Zenbat Gara, Hizpide, Tantak edo Zutabe.

BAT aldizkaria: 
37. 2000ko abendua. Euskal Soziolinguistika Insititutua sortzen.
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Egilea(k): 
Nekane Jausoro
Urtea: 
2000