Euskalgintzatik

orain mugimendu euskaltzaleari, euskalgintzari dagokiola, euskararen estatusaren normalizazioren eta biziaraztearen ikuspegitik, herrigintzaren zati garrantzitsu lez, lehen berez eta eten barik sortu eta biderkatzen zen balore emotibo-eragile hori sortu, elikatu, zabaldu, norabide egokia eman eta kudeatzea.

Motibazio-kanpainak Hego Euskal Herrian han hemenka, lurralde osoan, egingo dira. Baliabideak urriak direnez "la bonne à tout faire" izango dira lehen eragile horiek baina, izateko nahia medio, giza kapitalaren etorria ugaria da.

boluntariotzaren krisi orokorrak euskalgintzan ere bere eragin txarra izan du eta giza baliabide boluntarioak oso murritzak dira gaur egun.

Euskarak belaunaldi ororendako balore erantsia dauka eta edukitzen jarraitu behar du. Horretan Euskalgintzak zeresan, zeregin eta erantzunkizun handia du, afektoa efekto bihur dadin.

Nik uste dut arlo honetan Institutuak, bere talaia zientifiko eta inpartzialetik, Euskalgintzaren estrategiaren gainean bere ekarpenak egin behar dituela,

Institutuak egin beharreko ekarpenak hiru atal nagusitan kokatuko ditut:

Kualitate faktorearen garapenean, Euskalgintzari eskaini beharreko planifikazio eta egikaritzapen-zerbitzuetan eta komunikazio-informazio arloan.

Zerbitzu egokiak eskaini ahal izateko hona hemen nire proposamena Euskal Soziolinguistika Institutuari: Euskalgintzaren sektorearendako ESSE ( European Senior Services Netwok), Espainian SECOT (Seniors voluntarios Expertos para la Cooperación Tecnica), gisako atal bat sortzea.

Euskal Soziolinguistika Institutua ideia interesgarria izateaz gain, euskarak eta Euskalgintzak behar duten euskarri garrantzitsua izango dela, baldin eta estatusaren euskalgintza orokorraren erdigunean kokatzen badu bere burua, Euskaltzaindiak corpusarenean lortu duen moduan.

Arratsalde on eta eskerrik asko bazkal osteko saio honetara etorri zareten denoi. Diosala horrekin batera, eskerrak banatzerakoan, zordun nago jardunaldien eratzaileekin nirekin gogoratu direlako, ez ziur asko aditu moduan aritu moduan baino. Eskerrak ez ezik zorionak ere eman behar zaizkie demaseko aurrelan ona eta interesgarria egin dute eta, jardunaldiak eta ponentzia nagusi eta mamitsua prestatzen.

Hori esanda natorren apur bat aurreratzera nire gaurko jarduna, izenburuak dioen moduan, Euskal Soziolinguistika Institutuaren zereginak Euskalgintzaren ikuspegitik gaiaren gainean jardutea egokitu zait.

Informazio larregirik eduki ez arren jakin badakit badirela Soziolinguistika Institutuak munduan zehar, baina guretzat entzutetsuenak Kataluniakoa eta Quebecekoa dira. Daukadan ezagupen txikiaren arabera horien zeregin nagusiak ikerketa, dibulgazioa, formakuntza eta dokumentazio-gune erreferentziala izatea da. Euskalgintzaren aldetik hori guztia interesgarria da baina ez aski, gero aipatuko ditudan premiak eta egingo ditudan proposamenak kontuan izanik.

PARAMETRO FILOSOFIKOAK

Nietzscheren heriotzaren 100. urteurren honetan, esan beharra dago Spinosa filosofo maitagarriak oso ondo ulertu zuela gauza guztiek euren izateari eutsi nahi diotela. Eta, gauza horietako bat euskara da zalantza barik. Euskarak bizi-gaitasuna duela argi laga du. Zibilizazioak, aroak, mendeak, modak eta joerak etorri ahala egokitu eta bizirik dirau. Eta, Xabier Erizeren lanaren ondorioen arabera, ez aislamendua dela medio ez-ta ere mugimendu euskaltzaleari esker, batez ere euskal komunitatearen berezko faktorei esker baino. Beraz, Spinosa eta Erizeren gogoetak uztartuz euskal komunitatea eta bere izateko nahiaren subjektotasuna dira giltzarri nagusiak.

Euskaldun izatearen balore emotibo-eragileak, euskal komunitatea euskaldun moduan bizi dadin, eten barik giza kapital biderkatzailea sortu eta elikatu du denboraren joanean. Euskara izan da eta da, beraz, euskaldun egin eta egiten gaituena, komunitate zentzua damaiguna, identitate faktore komuna.

Kontua da, denboraren joan horretan, gaur egun gizadiaren historian inoiz izan den sasoirik aldakorrenean bizi garela eta, batez ere hiriak hartu duen garrantzia, gizartearen bilakaera lasterra, globalizazioa eta bizitza baloreen aldaketa eten barikoa direla medio, euskarak bizi eta etorkizun zalantzagarri barik aurrera egin dezan, aski giza kapital, baliabide eta baldintzarik sortu den.

Aipatutako arrazoiok pentsatzera naramate, lehen ez bezala, orain mugimendu euskaltzaleari, euskalgintzari dagokiola, euskararen estatusaren normalizazioren eta biziaraztearen ikuspegitik, herrigintzaren zati garrantzitsu lez, lehen berez eta eten barik sortu eta biderkatzen zen balore emotibo-eragile hori sortu, elikatu, zabaldu, norabide egokia eman eta kudeatzea. Garaiotan jakin badakigulako exagonoan, Frantzian, gertatutako moduan, "laisser faire laisser passer" formula euskararendako harakiria dela.

Dena den, gauzak egin behar dira, nire ustez, sasoi batean euskal komunitate arruntaren eta mugimendu euskaltzalearen artean sortu zen dikotomiarik sortu barik. Etenak ez dira lagungarri bai, ostera, zubiak. Horrek esan gura du kasu egin behar diogula elite terminoaren adiera soziologikoaren ondorioei eta, horregatik, Euskal Soziolinguistika Institutuak egokitzearen eta osagarritasunaren ideiak hartu beharko lituzke erreferentziatzat.

AZKEN URTEOTAKO EUSKALGINTZAKO ERAGILEEN ETA BALIABIDEEN BILAKAERA

Status esparruko euskalgintzatik Euskal Soziolinguistika Institutuak bete beharreko zereginak gehien bat enpirismo, aplikazio eta praktikaren ikuspegitik burutzekoak ikusten ditudanez, interesgarria izango da, oso labur eta aparteko zehaztasun barik bada ere, euskalgintzaren motorea den giza kapitalaren eta baliabideen bilakaera jorratzea, gaurko profila eta premiak aurreikusiz, proposamenak egiteko.

Beti ere Hego Euskal Herriari lotuz, esan liteke euskalgintza garaikideak sei sasoi nagusi izan dituela:

1.- Gerra osteko lehen 15-20 urtekoa, jazarpen, gorroto eta zigorraren urte itsak, eta ahalegin miresgarriren bat kenduta, deus eza eta euskararendako atzerakada demasa.

2.- Bigarren sasoia 50. hamarkadaren amaiera 60.aren hasieran kokatuko genuke, euskalgintzaren ekiera deituko nukeena litzateke. Borondate huts eta bildurraren eraginpekoa. Gehien bat corpusaren inguruko eztabaidan eta baliabide bariko irakaste hasiera.

3.- Aurrelan heroiko horren ugaltzearen ondorioz, 60. hamarkadaren azken urteetan hartzen du abiada euskalgintzak. Sasoiotan corpusa da kezka eta eztabaida iturri eta borondate haundiz baina baliabide barik ekiten zaio dagoen ezagutzaren eskaera sozialari erantzuten, bai heldu bai ume mailan.

4.- Lehen motibazio kanpainekin batera ezagutzaren faktorearen garapenaren sasoia dator ondoren, 80. hamarkada bitartean; helduen alfabetatze-euskalduntzearen mugimenduak koordinatzeari ekiten dio, ikastolen mugimendua zabalduz eta finkatuz doa, euskalgintzaren dedikazio osoko lehen militanteak eta nolabait ordainduak sortzen dira. Corpusa bigarren maila batera pasa da eta, motibazioa handia denez, ezagutza-eskaerari erantzutea da zeregin nagusia. Hizkuntzaren estatusarekiko kezka eta eskaeren hasiera dugu.

5.- Hamarkada berrian, 80koan, euskararen irakaskuntza, unibertsitatea eta lanbide heziketan izan ezik, orokortu egingo da E.A.En eta 90. hamarkadan Nafarroan garatzeko oinarriak jarriko dira. Horrek ekarriko du irakaskuntza zerbitzeko esparruak garatzea alde batetik, eta, bestetik, estatusarekiko ekimenak normalizazioren kontzeptua erabilerari lotzeari ekingo dio. Aktibismoan eta militantzian oinarritutako euskaltzalearen profila agertuko da. Izaera sozialeko jarduna botere estrategia duten taldeen eskuetan dago. Motibazio-kanpainak Hego Euskal Herrian han hemenka, lurralde osoan, egingo dira. Baliabideak urriak direnez "la bonne à tout faire" izango dira lehen eragile horiek baina, izateko nahia medio, giza kapitalaren etorria ugaria da.

Izaera soziala duen statusaren inguruko euskalgintzaz gain instituzioanalak ere bere bideari ekin dio, legedia sortuz, lehen zerbitzuak eskaini eta lehen dirulaguntzak, urriak badira ere, banatuz.

Beste alde batetik bertoko eta euskarazko komunikabideen sorrerak lagundu egingo du euskararen statusaren gaineko eztabaida, kezka, ekimen eta esperientziak gizarteratzen.

6.- Izaera soziala duten entitateak soilik kontuan izanik esan liteke teknikariaren figura 90. hamarkadan hasi zela zabaltzen, dedikazio-profesionalaren esparrua finkatuz, aurreko sasoiaren bilakaera baikorraren emaitza moduan.

Dena den, teorizazioak, korrente soziolinguistikoek, ikastaro, mintegi, jardunaldi eta euskalgintza barruko eztabaidek garrantzia hartuko dute. Eta, estrategia normalizatzailea eta ez boterearena duten elkarte eta entitateak sortuko dira.

Oinarri teoriko eta kontzeptual horiek eta estrategia berriek eragite egarria aberastu egingo dute eta normalizazio kontzeptu orokorrari erabilera funtzionalaren ideia garrantzitsua gehituko zaio, horren garapenaren emaitza espezializazioa delarik. Ondorioz, une honetan honako hiru tipologia nagusitan kokatuko genituzke izaera soziala duten erakundeak:

  • Izaera soziala duten erakunde,elkarte eta taldeak: batzuk estrategia normalizatzailea, beste batzuk botere estrategia eta normalizatzailea dutenak eta, azkenik, botere estrategia dutenak. Entitate tekniko-enpresarialak: hauek, gehien bat, euskazko merkatu produktuak eta euskararen garapenak eskatzen dituen merkatu-zerbitzuak ematen dituzte. Talde profesional edo/eta sindikalak: ez dago arlo hau oso garatua baina bere zeregina eratuta daudenei gremio-babesa ematearena da.

Bada hala ere, Euskararen Unibertsoaren mugimenduak ekarritako erakundetze berri bat, izaera soziala duen Euskalgintzaren koordinaziorako gune orokorra eta hiru tipologiadunez osatua: Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua.

Operatibitateari begiratuz, giza kapitalaren inguruan prozesu bi gertatu dira aldi berean. Alde batetik, boluntariotzaren krisi orokorrak euskalgintzan ere bere eragin txarra izan du eta giza baliabide boluntarioak oso murritzak dira gaur egun. Beste aldetik, teknikari figura finkatu eta espezializazioa eta profesionalizazioa ugaldu denez, giza kapital kualitatiboaren eta baliabide eta lanabes egokien premia haundia dago, garaiotan erronkak handiak dira eta.

Egoera horrek, gehien bat, izaera soziala duten entitateengan du nagusiki eragina, arlo honetan dedikazioa duten eragileak lan-baldintza hobeagoak lortzen dituzten entitate profesionaletara eta funtzio publikora joaten dira eta. Beraz, lehen operatibitatearen subjektu talde zabala zegoen lekuan orain, ostera, talde txikia dago. Eta, gainera, teknikari dedikatu eta gaituen premia handia dago baina, horiek sortu eta egiteko autodidakta-bidea.

Hori dela eta, prozesu konsziente eta ez erromantikoa eta erronka haundiduna bizitzea eta bideratzea egokitu zaigunez, hiru pauso kateatu eta artikulatu behar ditugu: nahi izateari jakitea eta horri egin-eragitearena , pertsonetatik gizartera.

EUSKALGINTZAREN PREMIAK ETA EUSKAL SOZIOLINGUISTIKA INSTITUTUARI EKARPEN-ESKAERAK

Zoritxarrez, aurrez esandako moduan, Euskalgintza asko garatu bada ere azken urteotan, gizarte globalizatu eta merkatu-logikaren menpeko honek, balore-aldaketekin batera, denboraren bektorearen garrantzia eta eskaera eta erronka berriak ekarri dizkigu. Horiei lotuta, besteak beste, kontuan izateko honako faktoreak: teknifikazioa, kalitate kontzeptua efikaziari lotua eta ebaluazio kuantifikarria.

Beraz, gizakion edozein jardunetan garatu diren oinarrizko aldaketa kualitatibo horiek Euskalgintzan ere dagoeneko euren eragina eta garrantzia gogoan eduki behar dira.

Hona hemen zein premia nagusi ikusten dizkiodan nik, gaur egungo Euskalgintzari:

Arlo estrategikoan: euskararen premiak Euskalgintzaren premiak dira.

Euskarak belaunaldi ororendako balore erantsia dauka eta edukitzen jarraitu behar du. Horretan Euskalgintzak zeresan, zeregin eta erantzunkizun handia du, afektoa efekto bihur dadin.

Balore erantsiaren potentzialitatea behar den moduan kudeatzeko honako premia nagusi batzuk ikusten ditut:

  • Euskalgintzak bere norabidea egoki eta eragingarria izan dadin estratega eta estrategia inpartzial, orokor eta arlokakoen beharraz gain, aintzakotzat hartuak izango direnak behar ditu. Maila diskurtsiboan, hizkuntza berreskuratu eta biziberritzeko berari datxekion diskurtso zientifikoa, onuraren balorearekin, barneratu, erabili eta gizarteratzea oso komenigarria da. Ekimena eta jardunaren kokapenari dagokionean osagarritasunaren eta autonomiaren lekuan kokatu beharra dakusat, botere-estrategia hutsetatik at.

Era horretan, lortzekotan, lortuko du Euskalgintzak bere izena eta izana gizartearen erdigunean jartzea eta balore bihurtzea.

Hori litzateke bidea eta honakoak aurrerapausoak:

  • Jokabide horrek, alde batetik, autokonfiantza emango liguke eta, bestetik, sinesgarritasunean asko izabazteaz gain, gaur egun euskararekiko dagoen motibazio instrumentala, kontsentimenduarena, gainditzen lagunduko luke eta motibazio integratzailea, konbentzimenduarena, jorratu eta ugaltzeko baldintzak asko hobetuko lirateke. Patrimonializazio joera dela medio erraza izango ez den arren, bide horretatik lortuko litzateke, neurri batean behintzat, politikagintza euskararen zerbitzuan jartzea eta ez alderantziz. Alderdien politikagintzaren zeharlerroaren menpekotasuna gainditu eta euskara koiunturen sasien gainetik eta lainoen azpitik jarriz eta euskaldunen unibertsoa eta euskararen alde lurralde osoan dauden bizilagunen segmentarizazioari beste eskenatoki armonikoago bat eskaintzea, euren espektatibei erantzunez.

Euskal Soziolinguistika Institutuari estrategia arloan ekarpen-eskaerak:

Nik uste dut arlo honetan Institutuak, bere talaia zientifiko eta inpartzialetik, Euskalgintzaren estrategiaren gainean bere ekarpenak egin behar dituela, era honetan:

Estrategia zeregina duten lagunak formatuz eta Euskalgintzak daraman garapen lehentasun eta jardunaren gainean eraginez, alde batetik eta, bestetik, diskurtso propio eta zientifikoa eraikitzen lagunduz.

Horretarako:

Formazioa eta informazioa: estrategiaren norabidea egokia izan dadin eta diskurtso propioa sortu eta finkatzeko, ikastaro, jardunaldi eta mintegiak alde batetik eta, bestetik, informazioa zabaltzeko bide espezialduak garatu beharko lirateke.

Jardunarekiko zerbitzuak: kanpoko zein bertoko esperientziak konparatuz eta ikerketa eta azterketak egin ondoreneko aholkuak eta zerbitzuak emanez.

Bitartekaritza: Institutuaren izaera zientifikoa dela eta, gerta liteke bitartekari-lana egin behar izatea euskalgintza beraren baitan zein Euskalgintza eta bestelako gizarte eragileen artean, batez ere teilakatze kasuetan eta sinergien aplikazioan.

Erreferentzia-gune: arestian esandako zeregin horiek betez gero, erreferentzia-gune ere bilaka liteke Euskal Soziolinguistika Institutua eta horrek Euskalgintzarako kohesio faktore gisa ondorio baikorrak ekar ditzake.

Arlo operatiboan: erantzunkizunak banatu eta hobekuntza-optimizazioa bideratu.

Maila estrategikoan emandako aurrera pausoek asko lagunduko dute maila operatiboan erakarmen indarra garatzen eta gizakapitala berritu eta hobetzen.

Azken hamarkadara arte Euskalgintzaren ezaugarrietako bat partehartzea eta konpromezua izan badira ere, boluntariotzaren krisiak erantzunkizunaren delegatzea ekarri du eta horrek, egunerokotasunean, -Kin egin beharrean -Tzat egitea. Beraz, euskara denona eta denondako eta euskara denon zeregina bada, partehartzearen gradua sustatzeko eta belaunaldi berriak erakartzeko premia dugu.

Gizarte-aldaketek, erronka berriek eta eskuhartzearen krisi giroak zer nolako ondorioak ekarri dituzten ikusita, Euskalgintza osatzen dugunon giza kapitala ondo kudeatzea behar beharrezkoa da. Izan ere, autodidaktismoa eta borondate hutsa ez baitira aski euskara biziberritu eta normalizatzeko.

Argi edukitzea komeni da egin eta eragin bektoreek motibazio, ezagutza eta erabileraren normalizazio-premien mailan garatu behar direla, eta horretarako bektore horien kudeatzaile diren teknikari gaituak eta baliabide egokiak lortu behar dira, bestela, beti jardungo dugu defizitarekin eta nahi eta ezinaren zirkuloan.

Euskal Soziolinguistika Institutuari maila operatiborako eskaera-ekarpenak:

Euskalgintzaren eragina areagotu nahi bada, mimetismo automatikoak saihestu, planifikazio kontzeptua egunerokotasunean txertatu, sinergiak sortu eta Euskalgintzak egiten duen lana gizarteratu egin behar da. Ondorioz, Institutuak egin beharreko ekarpenak hiru atal nagusitan kokatuko ditut:

Kualitate faktorearen garapenean, Euskalgintzari eskaini beharreko planifikazio eta egikaritzapen-zerbitzuetan eta komunikazio-informazio arloan.

Kualitate faktorearen garapena:

Giza kapitalaren kualifikazioan: alde batetik une honetan operatibitatean dihardutenen formakuntza egokitzen eta, bestetik, teknikari berri eta eragileak prestatzen.

Hasiera batean ezin bada ere, kontuan izan beharko da normalkuntza plan eta ekimenek disziplinartekotasuna dutela eta formakuntza-planek hori jaso egin behar dute.

Gizartearen partehartze aktiboan: motibazio integrala orokorrean lantzeko premia badago ere, arlo honetan Institutuaren zeregina Euskalgintzatik gertuen dauden sektore eta norbanakoak, batez ere biderkatzaileak, modu fokalizatuan lantzen eta integratzen saiatzea litzateke.

Ikerketa eta azterketen esparruan:

  1. Euskalgintzarako jarduna planifikatzeko oso interesgarria litzateke une honetan, alde batetik, dagoen barreiaketa gainditzeko eta, bestetik, eginda dagoena erregistratzeko, Euskal Herrian hizkuntzaren normalizazioaren arloan egin diren ikerketa eta azterketen erregistro bateratua sortzea eta, ahal den neurrian, bakotxarekiko atzerriko erreferentziak ematea. Euskalgintzaren ikuspegitik Institutuaren zeregin garrantzitsuenetako bat, jakina, ikerketa eta azterketa konparagarriak dira, edozein maila eta esparrukoak. Baina Euskalgintzaren mesedetarako ezinbestekoa da ikerketa eta azterketa konparagarri horien xedea aplikagarritasuna izatea.

Planifikazio eta egikaritzapen-zerbitzuetan:

Esperientzien konparaketetan: arestian esandako moduan mimetismo bidez asko garatu da Euskalgintza eta ez beti ondo. Beraz, Institutuaren ekarpena esparru honetan azterketa konparagarriak egin eta hobekuntza-neurriak proposatzea litzateke.

Ekimenen diagnosi, planifikazioan eta aholkularitzan: Euskalgintzak ipar berria hartu zuen normalizazioaren kontzeptu orokorrari aplikazio funtzionala eta hiru faktore eragileak: motibazioa, ezagutza eta erabilera erantsi zizkionean.

Ideia horiek askoren ahotan badaude ere, planifikazioaren kontzeptua eta prozesua behar den legez geureganatu eta txertatzen ekarpen interesgarriak egin ditzake Institutuak, formakuntza eta lekuan lekuko, esparruko edo ekimenkako diagnosietan eta egikaritzapenaren planifikazioan eta aholkularitzan parte hartuz.

Sinergiak sortzen: edozein zereginen helburuetako bat baliabideak ondo aprobetxatu eta erabiltzea da. Euskalgintzan ere hori ezinbestekoa dugu eta behin eta berriro aitortzen den arren, zoritxarrez, oso esperientzia urria dugu arlo honetan. Gisa horretako politika batek euskalgintzaren kohesioa eta eragina indartu egingo lituzke.

Lanabesak sortzen: egia esan ez daukat kanpoko berririk baina uste dut arlo honetan ere, ahalegin batzuk eginez, Institutuak Euskalgintzan egiten dihardugun hainbat lan modu sistematizatuan, funtzionalean eta ebaluagarrian jarduteko modukoak presta ditzakeela.

Zerbitzu-eskaintzarako erronka-eskaera esanguratsua:

Zerbitzu egokiak eskaini ahal izateko hona hemen nire proposamena Euskal Soziolinguistika Institutuari: Euskalgintzaren sektorearendako ESSE ( European Senior Services Netwok), Espainian SECOT (Seniors voluntarios Expertos para la Cooperación Tecnica), gisako atal bat sortzea.

Zerbitzu horrek profesionala, dohakoa, kalitatezkoa, zientifikoa eta disziplina artekoa (soziologia, marketinga, komunikazioa, teknologia berriak...) izan behar duenez, giza baliabideak lortzeko, besteak beste, Unibertsitateekin, Eskola eta Instituto bereziekin eta Euskalgintzako entitate batzuekin lankidetza hitzarmenak egin beharko ditu Institutuak.

Hori da, hain zuzen ere, soziolinguistika aplikatuan dihardutenak eta jardungo dutenak profesional egin edo/eta trebatzeko bidea.

Jakina, horrek zerbitzuok izaera soziala eta irabazi asmorik bariko Euskalgintzari eskaini beharko litzaizkioke.

Komunikazio-dibulgazio-informazio arloan:

Iritzi publikoa argitzen: Institutuaren talaiak euskarak eta euskalgintzak tarteka jasaten dituzten eraso mediatikoak eta aurkako diskurtsoa kontrarrestatzeko eta erasoak errentagarri gerta ez daitezen, Euskobarometroaren gisako jarduera erreferentziala sortu beharko luke, Euskaltermometroa(?), tartekako inkesta-emaitzak kaleratzeko eta Euskalgintzarendako ondorio baikorrak ekarriko dituztenak gizarteratzeko. Horrek zenbait zalantza argitu, iritzi publiko baikortu, Euskalgintza gizartearen interes orokorren mailan jarriko luke eta euskaltzaletasunaren estimulo-maila igo egingo luke.

Dibulgazioan: Arlo honetan ere Institutuak lan polita burutu lezake, BAT aldizkarian, ikerketa eta azterketen erroldako sinopsiak zabalduz eta esperientzien berri emanez.

Jardunaldi eta agerraldi oso esanguratsuak: Euskaltermometroaren baino maiztasun txikiagoz egin eta horren osagarri moduan, euskalgintza eta euskaltzaletasunaren autokonfiantza eta estimulo-maila igo eta gizarte osoan oihartzuna izatea luke helburu jarduera honek.

Epilogo gisa:

Amaitzeko esan dezadan, ekimen berri honen gainean esandako guztia metatutako esperientziaren behar izanetatik esan dudala eta, Euskal Soziolinguistika Institutua ideia interesgarria izateaz gain, euskarak eta Euskalgintzak behar duten euskarri garrantzitsua izango dela, baldin eta estatusaren euskalgintza orokorraren erdigunean kokatzen badu bere burua, Euskaltzaindiak corpusarenean lortu duen moduan. Horrek esan gura du, estatusak corpusak baino askozaz ere zailtasun eta korapilo handiagoak dituenez, aurrera egiteko elkarlana garatu eta akordiorako jarrera, borondatea eta gaitasuna beharko direla eta, gainera, jende eta aditu berriak inguratzeko erakarmena, Institutua beste aukera galdu bat ez bihurtzeko eta behar izana ahalmena bilaka dadin.

Beste barik, horra hor bada, nire gogoetak eman duena. Zerbaiterako baliagarria izango delakoan, bada zeregina eta ezina ekinez egiten denez, ekin eta jarrai.

Zarautzen 2000.eko urrian

BAT aldizkaria: 
37. 2000ko abendua. Euskal Soziolinguistika Insititutua sortzen.
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Egilea(k): 
Fernando Muniozguren
Urtea: 
2000