Arlo akademikotik

gure ustez, lehentasun osoa du topagune bat eratzeak, eskuartean dugun proiektuan interesa duten entitate eta pertsona guztiek bat egiteko eremu bat, hain zuzen.

Responsable es el que responde. Puede responder a una pregunta (es la responsabilidad del esclavo) o responderde una pregunta (es la responsabilidad del amo).
El modelo de responsabilidad es la función paterna. El padre es responsable del hijo: es responsable de responder a las preguntas del hijo y responsable de las preguntas del hijo (de que el hijo no deje de preguntar).

Jesús Ibáñez[1]

Institutuaren galderak, unibertsitatearen erantzunak

Soziolinguistika Institutuak eta unibertsitateak eduki beharreko harremanei buruzko ponentzia bat prestatzea eskatu didate. Eginkizun zaila, benetan, eta erantzukizun handikoa. Ikertzailea naizen aldetik, hobeki moldatzen naiz galdetzen, erantzuten baino; alde horretatik, galdetzen duenari galdetzea ekintza subertsibo bat dela iruditzen zait, hau da, ezarritako ordena eta eszenifikazioa aldatzeko asmoa duena. Dena den, gaur behintzat, ez diot subertsio-bide horri segituko. Institutua eratzeko biltzar honetarako planteatu dizkiguten galderen marko konbertsotik atera gabe osatuko dut nire hitzaldia.

Institutuen eta unibertsitateen arteko harremana desberdintasunean oinarritu da beti; menpekotasunean oinarrituriko harremana izan da, goitik beherakoa. Institutua, prestakuntzarako erakunde bat da, interes publikoko eginkizun baterako eratua. Unibertsitateak irakaskuntzaz duen ikuspegia, berriz, goitik beherakoa izaten da, “unibertso» hitzaren etimologian oinarritua. Egia da, bestalde, unibertsitate batzuek, espezializazio-maila altua behar dutenean, institutuak sortzen dituztela beren egituren barrenean. Hori gertatu da, adibidez, gizarte elebidunetako zenbait unibertsitatetan, non soziolinguistikako institutuak sortu baitira. Institutuek, berriz, ez dute unibertsitateak sortzeko ahalmenik. Adibide horrek bi entitateen arteko harremanaren ezaugarririk behinena azaltzeko balio digu, hau da: bien arteko errekonozimendua, baina berdintasunaren planotik abiatuta.

Modernitatearen gizartea aurreko gainerako gizarte eredu guztiak baino dinamikoagoa izan da. Gizartearen aldaketa prozesu etengabe batera egokitu da. Horren ondorioz, aldaketa horretara egokitzen jakin izan ez duten erakundeak desagertu dira. Post-modernitateak aldaketa are nabarmenagoak ekarri ditu. Horrenbestez, ezinbestekoa da erakundeak — eta baita orain sortuko den Institutua ere — aldaketetarako prest egotea eta aldaketa horiek egiteko gaitasuna izatea. Unibertsitate gehienei gaitasun hori falta zaie, oso aldaketa prozesu motelak izaten baitituzte (batzuetan, inboluzio prozesuak ere izaten dituzte). Hori horrela, egokitzeko gaitasun hori Institutuaren egituraren esparru guztietara zabaldu behar da: jarduketa eremu eta zerbitzu guztietara, antolamenduaren egituretara, kolaboratzen ahal duten profesionalen esparrura2, aurrerapen metodologikoetara, teknika eta lan-esparru berrietara, herritarrek hizkuntzaz egiten duten erabilera berri eta haren gaineko jarreretara, teknologia berrietara...

Unibertsitateentzat hizkuntza irakasteko baliabidea da. Instituarentzat, berriz, helburu nagusia. Hizkuntzak, euskarak gure kasuan, finkatu gabeko eremua du unibertsitateetan, anbiguotasunean kokatzen da, egotearen eta ez-egotearen arteko esparruan. Nafarroako unibertsitatearen kasuan, hizkuntza etengabeko atzeratze-prozesu batean dago murgilduta (nihil tempore-raino), ez baita onartzen gizarteak arlo horretan eman duen aldaketa, unibertsitatetik beherako irakaskuntzetako estatistiketan3 garbiki adierazia dagoena, hala lehen hezkuntzan, nola bigarrenean. Horregatik, sentsibilitateak ez dira beti bat etorriko.

Orain abian jarri nahi dugun erakundeak zeregin garrantzitsua du irakasleen prestakuntza eta birziklapenaren arloan, unibertsitatearen esparruan arlo hori nahiko mugatua delako4. Institutuaren eragin esparrua ikusita, gizarte-gaien eta hizkuntzalaritzaren inguruko profesionalak hartu beharko lituzke bere baitan, jakin-nahiarengatik etorriak (hots, prestakuntzaren arlotik) eta ez kalifikazioaren bidetik (norberaren nota, espediente edo ziurtagiriari begira). Dena den, bai Unibertsitatearen, bai Institutuaren oinarri metodologikoa jakintza zientifikoak izan behar du.

Institutuak eman beharreko prestakuntzak prospekziorako ikuspegi berrietara irekita egon beharko luke, ohizko ikerkuntza kuantitatiboaren ikuspegi mugatuetatik haratago. Hori horrela, gure erakunde berriak emozioen mundua ikuspegi kualitatibo berezi batetik aztertzeko bidea jorratu beharko luke, hala nola gizarteak hizkuntzaren arloan duen kontzientziazio prozesua eta ikerkuntza bera artikulatzeko metedologiak. Ikerkuntza partehartzailea (IAP delakoa) eredu interesgarria litzateke horrelako arloetara, nahiz eta ongi dakidan teknika honek ez dituela jarraitzaile asko unibertsitatearen munduan. Horregatik, unibertsitatetik ateratzen diren ikasle berriek ez ohi dute ezagutzen ez dialektikaren metodologia (subertsiboa), ez eta metodologia praxikoa ere (atzera egitekoa)5.

Birziklapen ikastaroak, unibertsitatearekin lankidetzan egindako espezializazio ikastaroak, doktoretza-tesietan azterketa soziolinguistikoak ugaltzea, arlo horretako adituak prestatzeko masterrak edo graduatu-ondoko ikastaroak prestatzea, horra hor lankidetzarako marko zabal horretan sartu beharreko ekintza batzuk. Beste arlo interesgarri bat litzateke administrazioarentzat interesgarri ez diren gaiei buruzko ikerkuntza bultzatzea, horrelako lanetarako dirulaguntzarik ez baita izaten. Bestalde, unibertsitate ezberdinetako irakasleak eta Euskal Herriko ikerkuntza taldeak (kolektiboak eta enpresak) harremanetan jartzeko lana ere egin liteke. Proposamen honen oinarrian unibertsitateekiko iritzi kritikoa dago, Institutuaren eragin esparruan ari diren unibertsitateetako profesionalen arteko harremana artikulatzen ez dutelako. Horregatik, gure ustez, lehentasun osoa du topagune bat eratzeak, eskuartean dugun proiektuan interesa duten entitate eta pertsona guztiek bat egiteko eremu bat, hain zuzen.

Bestalde, unibertsitatearen barneko prozesuak katalizatzeko lana ere egin lezake Institutuak: espezializazio-ildo berriak sortzeko, irakasleek, ikasleek eta langileek euskarari buruz duten jarrera eta arlo horretan egiten dituzten eskakizunak aztertzeko ikerlanak sustatzeko, sektore guztien euskara maila hobetzeko ikastaroak antolatzeko, euskararen ikaskuntza hobetzeko aplikazioak garatzeko, pedagogia arloa hobetzeko, eta abar. Ezinbestekoa izanen zaigu, hasieran, unibertsitateen esperientzia eta baliabideak erabiltzea, entitate horrek eskaintzen ahal dizkigun ezaupideak aprobetxatzeko.

Dudarik gabe, bi entitateen arteko lankidetzak —norberaren autonomia, eremuak eta lan egiteko moduak errespetatuz— aurrerapen ugari ekar ditzake bi kolektiboentzat.

Honaino nire iritzia. Orain, unibertsitate-erakundeari berari, bertako zuzendaritza organoei, galdetu beharko genieke zer espero duten Institutu honetatik, nahiz eta jokabide hori, metodologiaren ikuspegitik, perbertsioaren kontzeptutik oso hurbil dagoen. Izan ere, organo horiek dira erakundearen erantzun ofizialak emateko arduradunak. Guk, gure mailakoei (unibertsitateko irakasleei) egindako galderei emandako erantzunetan oinarrituz osatu dugu ponentzia hau, proiektuak guregan piztu duen esperantzatik abiatuta.

 


 

[1] .- Jesús Ibáñez (1994), Por una sociología de la vida cotidiana, Madril: Siglo XXI.

2 . Institutua eratzeko Biltzar hau antolatu duen taldeak bidalitako galdetegia lankideei erakutsi diedanean, ikusi dut “Soziolinguista Institutua» kontzeptuak nolabaiteko errezelua sor dezakeela profesional batzuengan, hots: euskararen historialariak, pedagogoak, psikologoak, euskara irakasleak, euskalariak...

3 Euskarazko irakaskuntza ereduek azken urteotan Nafarroan izan duten igoeraz ari gara.

4 NUPen esparruan, ikasle euskaldun batzuek, soziologiakoak batik bat, soziolinguistikari begirako prestakuntza bidea landu dute neurri batean, eta, ondoren, Nafarroako Gobernuko Hizkuntza Politikarako Zuzendaritzako bekak jaso dituzte. Haien iritziz, arlo horretako prestakuntza behar da, unibertsitateak eskaintzen duena ez baita nahikoa. Azken urteotan, Soziologiako ikasketetan, soziologia orokorraren eta ikerkuntza tekniken inguruko ikasgai batzuk euskaraz eman dira eta horrek ikerkuntza arlo horretarako interesa piztu du ikasleengan. Ikasturte honetan, baina, euskarazko irakasgairik ez dago.

5 Tomás R. Villasante (1994), “De los movimientos sociales a las metodologías participativas» in J. Delgado eta J. Gutierrez, Métodos y Técnicas cualitativas de investigación en ciencias Sociales, Madril, Síntesis Psicología.

BAT aldizkaria: 
37. 2000ko abendua. Euskal Soziolinguistika Insititutua sortzen.
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Egilea(k): 
Carlos Vilches
Urtea: 
2000