Administraziotik

Euskararen erabilera normalizatua behar bezala antolatzeko ezinbestekoa da errealitate soziolinguistikoaren diagnosi egokia eta ahalik eta osatuena edukitzea

Normalizazio prozesua ez da bakarrik Administrazioaren ardura eta, horrexegatik, azterketa “objetiboak» ezinbestekoak dira. Are gehiago: euskararen normalizazioa gizartearen sektore askoren lanari eta dinamikari esker iritsi da gaur egungo egoerara.

egoera “normalizatu» batean Institutua sortzea beharrezkoa bada, are beharrezkoagoa ikusten dut nik marrazten ari den hurrengo urteetako panoraman; gure hizkuntz komunitatetik ez badira gure hizkuntzaren normalizazioa lortzeko ezinbestekoak ditugun baliabideak jartzen eta diagnosi egokiak egiten, ez baititu beste inork eginen.

SARRERA

Euskararen Soziolinguistikaren garapena gero eta handiagoa da eta euskararen esparru geografikoan gero eta beharrezkoagoa da arduradun eta ikertzaileen elkarlana eta koordinazioa, maila zientifikoa bermatua egon dadin. Disziplina aunitzen teknikak biltzen dira egoera soziolinguistikoa ezagutzeko. Egiten diren lan asko koordinaziorik gabe egiten direnez, honek askotan eskasak diren baliabideen aprobetxamendu desegokia ekartzen du. Erreferente izan daitekeen erakunde akademiko-zientifikoa egoteak, zalantzarik gabe, erraztuko du lana eta baliabideen optimizazioa bideratzen lagun lezake.

Administrazioa(e)k ardura berezia du(te) herritarrek euskaraz bizitzeko duten eskubidea bermatzeko eta haien ardura zehatza hizkuntzari buruzko legedian ezartzen dena bultzatzea eta garatzea da.

Euskal Herrian hiru egoera instituzional daude, eta horren ondorioz hiru egoera administratibo. Horrek zuzen eragiten du euskararen erabilera normalizatu ahal izateko beharrezkoak diren normalizazio planak diseinatzerakoan.

Hiru maila administratibo daude

1.- Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua (Iparraldean ez dago Instituzio hauen parekorik)
2.- Toki Administrazioa
3.- Estatuko Administrazioa.

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak dute hizkuntza politika diseinatu eta aplikatzeko ardura, eta geroxeago ikusiko denez ikuspegi eta helburu erabat kontrajarrietatik, momentuz, abiaturik. Toki Administrazioek, haiei dagokien esparruan eta beren konpetentzien mailan, (gero eta mugatuagoak: UEMAren aurkako epaia, Nafarroako Gobernuaren Dekretu berri baten asmoa...) goragoko Administrazioen laguntza behar dute, hizkuntzaren ikuspegitik diagnosia eta planifikazioa marko orokorretik tokian tokikora abiatzen baita.

Baina zailtasunak ez dira hor amaitzen. Euskararen erabilera normalizatua behar bezala antolatzeko ezinbestekoa da errealitate soziolinguistikoaren diagnosi egokia eta ahalik eta osatuena edukitzea

Administrazioak bere ardurapean dagoen hizkuntz plangintza egiteko eta normalizazioa erdiesteko ezinbestekoa du egoera soziolinguistikoa ezagutzeko beharrezkoak diren ikerketa, inkesta eta estatistikak egitea. Lan hauen bidez informazio hau lortzen da:

1. Herritarren euskararen ezagutza eta hiztunen kopuruan ematen den bilakaera.
2. Euskararen erabilerari buruzko datuak, euskaldunok administrazioekin harremanak euskaraz izateko duten eskubidea aintzat hartzeko.
3. Herritarren euskararekiko jarrerak eta motibazioak ezagutzea.

Lortutako informazioarekin Administrazioak(ek) bere lana egiten du (dute):

1.- Hizkuntzaren normalizaziorako irizpideak ezarri, plangintzak eratu, aplikaziorako epeak finkatu...; horrela herritarrek Administrazioarekin euskaraz aritzeko duten eskubidea ahalik eta azkarren bermatuko baita (langileak euskaldundu, zerbitzuak euskaraz eskaini, etab.)
 
2. Ikerketa/azterketa horien bitartez plangintzen emaitza ebaluatu egiten da. Administrazioek aplikatzen dituzten plangintzak egoera soziolinguistikora egokitu behar dira, eta egindako lanaren ebaluazioaren bidez plagintza berrien garapenak gauzatu behar dira. Beraz plangintza-ebaluazio prozesua autoelikatzen da.
 

Gainera herritarrei eskaini behar zaie egiten ari den hizkuntza politikari buruzko informazioa. Hizkuntzari buruzko neurriek eragin zuzena dute herritarren arteko giza harremanetan eta proiektuen arrakasta bermatu ahal izateko informazioa eta ebaluazioa ezinbestekoak dira.

ZERTARAKO INSTITUTUA

Arestian egoera soziolinguistikoaren diagnostikoaz eta egiten den lanaren ebaluazioaz mintzatu da. Administrazioak lan hori egiten du, baina argi dago ardura hori ezin dela haren ardurapean bakarrik utzi bi arrazoi nagusi hauengatik:

- Normalizazio prozesua ez da bakarrik Administrazioaren ardura eta, horrexegatik, azterketa “objetiboak» ezinbestekoak dira. Are gehiago: euskararen normalizazioa gizartearen sektore askoren lanari eta dinamikari esker iritsi da gaur egungo egoerara.
- Administrazioaren lana koiuntura politikoarekin oso lotuta dago. Independientea den erakunde batek egoera soziolinguistikoaren inguruko azterketak egitea normalizaziorako oso lagungarria izan daiteke. Hau oso nabarmena da gaur egungo koiunturan: EAEn Administrazioak “etxeko lanak» behar bezala betetzen ditu (oraingoz, Araban aldaketak igartzen hasiak baiira), Nafarroan hizkuntza politika euskararen normalizazioaren kontra dauden arduradun politikoen menpe dago, eta Ipar Euskal Herrian gaiaz ez da erakunde publikorik arduratzen. Beraz, oso premiazkoa da euskararen soziolinguistika maila akademikoan eta zientifikoan behar bezala garatuko lukeen erakunde baten beharra, egiten diren lanez gain (BAT aldizkaria, kale neurketak…), proiektu berriak aurrera eramateko gaitasuna ere edukiko lukeena.

Dena den Institutoaren zeregina ez litzateke Administrazioaren lana kontrolatzea edo epaitzea, edo ez hori bakarrik. Euskararen normalizazioa Administrazioan behar bezala garatzeko hiru ardatz hauek behar beharrezkoak dira:

1.- Profesional berrien formakuntza: mundu akademikoaren erantzunkizuna da, gero eta hobeto betetzen ari da gainera Unibertsitatea bere ardura hau, baina tituludunak lan munduan behar bezala trebatzeko Unibertsitatea ez da aski eta Institutuak, eguneroko errealitatetik hurbilago egon daitekeen neurrian, errezago eduki dezake lanerako formakuntza hori eskaintzea.
2.- Ikerlarien lana optimizatzea. Askotan ikerlarien arteko koordinazio eskasa eta Administrazioak bere beharrak zeintzuk izan daitezkeen aditzera emateko azaltzen duen ezintasuna direla kausa, planifikazio egokiak egiteko ikerlan gutxi agertzen dira.
3.- Administrazioan aritzen diren normalizaziorako eragileek bere lana intuizioz edo besteen esperientzian oinarriturik egiten dute. Askotan esperientzia horiek era desegokian aplikatzen dira (transmisio kanpainak egin dira inork euskara ama hizkuntza ez duen herrietan, esaterako). Denok erreferente eraginkor eta benetazkoa behar dugu, beraz.

AZKEN OHARRA

Euskararen normalizazioan garai okerragoak etor daitezkeela kontuan hartu behar da. Administrazioaren jardunean koiuntura politikoak eragin zuzena du. Euskararen normalizazioa bideratzeko aplikatu beharreko neurriak oso lotuta daude proiektu politiko ezberdinen helburuekin. Euskal Herriko egoera instituzionalak egoera soziolinguistikoaren diagnosia egiterakoan Administrazioek eduki beharko luketen ardura arras baldintzatzen du.

- Iparraldean Administrazioek ez dute inolako ardurarik hartu. Egoera soziolinguistikoa ezagutzeko egin diren saioak herri dinamikatik sortutako elkarteek (Euskal Kultur Erakundea esaterako) edo pertsonek egiten duten lanari esker lortzen ari gara egoera ezagutzea. Argi dago Soziolinguistika Institutuak egoera hau hobetzeko lagun lezakeela.
- Nafarroako Foru Erkidegoan Administrazioa egoera soziolinguistikoaren diagnosia egiten ari da baina helburu zehatzik gabe. Jarduera puntualak izaten dira eta ez dago ikuspegi soziolinguistikoa ardatzat edukiko lukeen plangintza idazteko asmorik eta igartzen ari diren aldaketetan irizpide teknikoak erabat alboratu dira.
- Euskal Autonomi Erkidegoko Administrazioak normalizaziorako urrats sendoagoak eman ditu, baina azken urteetan gero eta gehiago eztabaidatzen ari da hizkuntza politikaren garapena, baina ez ikuspegi tekniko batetik baizik eta ikuspegi politikoetatik.

Beraz, eta agorero izan nahi ez badut ere, egoera “normalizatu» batean Institutua sortzea beharrezkoa bada, are beharrezkoagoa ikusten dut nik marrazten ari den hurrengo urteetako panoraman; gure hizkuntz komunitatetik ez badira gure hizkuntzaren normalizazioa lortzeko ezinbestekoak ditugun baliabideak jartzen eta diagnosi egokiak egiten, ez baititu beste inork eginen.

MIKEL ARREGI PEREZ

ADMINISTRAZIOKO TEKNIKARIA

GARES. 2000-10-29

BAT aldizkaria: 
37. 2000ko abendua. Euskal Soziolinguistika Insititutua sortzen.
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Egilea(k): 
Mikel Arregi
Urtea: 
2000