Arlo teknikotik

Zubia eraikitzeko biderik eraginkorrenetako bat arlo batean zein bestean sortzen den dokumentazioa eta informazioa modu erabilgarrian antolatzea eta ordenatzea izan daiteke.

Ez dut inongo teknikaririk herritarren eskakizun maila gehiegizkoa delako kezkatuta ikusi. Asko dira, ordea, herritarren interes faltagatik kexuka entzun ditudanak. Soziolinguistikaren dibulgazioak herritarren motibazioa elika dezakeelakoan gaude.

Esparru jakin batetik Institutuari eskatu beharrekoak zehaztea zaila da, premia batzuk, formakuntza edo koordinazioa, adibidez, esparru guztietan somatzen baitira. Esparru horien esakerak antzekoak izanik ere, arlo teknikoaren ikuspuntua zein den azaltzen saiatuko naiz.

Gure lanean ikusten ditugun beharren berri eman baino lehen, hemen azaldutakoa Nafarroako lankideekin egindako gogoetaren ondorioa dela esan nahi dut. Euskararen normalkuntzaren arloko langileok ez daukagu nazio mailako koordinazio egiturarik eta, egoera honetan, ez da erraza guztion iritziak biltzea. Harreman falta hori, ziur aski, Institutuak gainditu nahi duen egoeraren beste adierazpen bat besterik ez da.

Gaiari helduz, gure lanean ikusten ditugun eta Institutuak asetu ahalko lituzkeen beharrak hiru ardatz nagusitan bildu ditugu:

1. ARLO TEORIKO ETA APLIKATUAREN ARTEKO ZUBIA.

Hizkuntza plangintzarako testuinguru soziolinguistikoaren oinarri sendo eta adostuak behar dira, maila bateko eta besteko planak “normalizaziorako ildo beretsuan» koka ditzagun. Arlo teoriko eta aplikatuaren arteko zubi erabilgarri eta erosoa eraiki behar da, bi norabideko zubia; hots: arlo teorikoak praktikan ikusi eta frogatutakoaren berri izan behar du eta arlo aplikatuak ekarpen teorikoak ezagutu behar ditu normalizaziorako proposamen egokiak egin ahal izateko.
ZUBIA GAUZATZEKO BIDEA: DOKUMENTAZIOA ETA INFORMAZIOA ESKURATZEKO ZERBITZU ERAGINKORRA.
Zubia eraikitzeko biderik eraginkorrenetako bat arlo batean zein bestean sortzen den dokumentazioa eta informazioa modu erabilgarrian antolatzea eta ordenatzea izan daiteke. Esaterako, “gazteen hizkera» udalerri batean landu nahi duenak honako beharrak dauzka:
- Maila teorikoan eta jakintza arlo ezberdinetan gazteen hizkerari buruz ekoiztu diren lanak ezagutu behar ditu. Argitaratuta badaude zein liburutegitan eskura ditzakeen jakin nahiko du eta, argitaratu gabe badaude, egileen erreferentzia izan beharko du.
- Arlo horretan Euskal Herrian zein Euskal Herritik kanpo bideratu diren ekimenen berri izatea ere ezinbestekoa izango du (horien helburuak, jarduerak, ebaluazioa, harremanetarako datuak...). Bestalde, landu gabeko esparrua bada, kezka beretsua adierazi dutenekin harremanetan jartzea lagungarria izan dezake.
Informazio hori guztia kontsulta bakar bat eginez lortzeak baliabideak aurreztea eta plan eraginkorragoak egitea ekarriko luke.
Hori guztia zubia arlo aplikatutik ikusten badugu, baina, ziur nago, arlo akademikotik ere, arlo aplikatuan egiten denari buruzko informazioa erraz eskuratzea interesgarritzat joko luketela. Batez ere, lan aplikatu hori metodologia sistematiko batez burutzen bada eta parametro berak erabiliz ebaluatzen bada.
Beraz, honelako loturarik gabe bideratzen diren lanak antzuak ikusten ditugu, teorikoak zein aplikatuak izan. Aipatutako zubiak bi arloen arteko “kontinuum» bakarra sortu beharko luke, dikotomia gaindituz.

2. SOZIOLINGUISTIKAREN DIBULGAZIOA.

Soziolinguistikaren oinarri teorikoen dibulgazioa egin behar da. Soziolinguistikaren gizarteratze lan horrek bi ondorio onuragarri izango lituzke, gutxienez:

a/ Lehenbizikoa lan teknikoak egoera sozio-politikoarekiko duen menpekotasuna txikiagotzea. Hirigintza politika aldatu arren, adibidez, arkitekturaren oinarriak ez dira inoiz zalantzan jartzen. Normalizazio lanetan ere, hizkuntza politika aldatu arren, irizpide teknikoak (soziolinguistikak emandakoak) errespetatuak izatea lortu beharko genuke. Horretarako soziolinguistika ezagutarazi behar da eta jakintza arlotzat har dadin lan egin behar da.
b/ Bigarren ondorio interesgarria soziolinguistikaren gaietan hiztun jantziagoak izatea izango genuke. Horren ondorioz, hizkuntza planen proposamenek arrakasta handiagoa lortuko lukete, proposamen horien jasoleek ulertze eta inplikazio maila altuagoa izango bailukete.
Ez dut inongo teknikaririk herritarren eskakizun maila gehiegizkoa delako kezkatuta ikusi. Asko dira, ordea, herritarren interes faltagatik kexuka entzun ditudanak. Soziolinguistikaren dibulgazioak herritarren motibazioa elika dezakeelakoan gaude.

Dibulgazioa bideratzeko argitalpen espezialitatuetatik orokorretara jeitsi behar da, plan zehaztu baten bidez, ahal bada. Zaila izango da hiztunak aldizkari espezializatuetara eramatea. Soziolinguistika jendeak irakurtzen eta entzuten dituen hedabideetara eraman behar da.

3. NORMALIZAZIO ARLOKO LANGILEEN PRESTAKUNTZA.

Soziolinguistikaren corpus teorikoa finkatu eta horren araberako prestakuntza planak eta titulazioa proposatu behar dira.

“Jakin beharrekoak» zehazten baditugu, aurrera egingo dugu teknikarien eskakizunak finkatzeko bidean eta, horren ondorioz, hautapen prozesu hobeak eta teknikari hobeak izango ditugu.

Dena den, prestakuntzaren lan ildoan hori baino lan zabalagoa egin dezake Institutuak, benetan zabalak baitira normalizazioaren arloan lan egiten dugunon trebakuntzarako beharrak. Orain arte ezagutu ditugun formatoetan bideratutako prestakuntza koordinatzeaz edo antolatzeaz gain (ikastaroak, jardunaldiak, hitzaldiak...), formatu berriak (formatu zehatzagoak nahi bada) bilatu beharko lituzke Institutuak, nolabaiteko “aholkularitza zerbitzua» sortuz; hau da, aholkularitza soziolinguistikoa, hizkuntza normalizaziorako makro edo mikroplanak aplikatzeko garaian ezinbestean sortzen diren galdera eta kezkak hobeki gainditzeko.

*****

BAT aldizkaria: 
37. 2000ko abendua. Euskal Soziolinguistika Insititutua sortzen.
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Egilea(k): 
Rosa Ramos
Urtea: 
2000