Hizkuntzaren erabilera pribatua, interbentzioaren mugak non jarri?

Oharra: Honako artikulu hau Bartzelonan "Ús Interpersonal del Català : estat de la qüestió i propostes" izenburuarekin 2001eko azaroaren 29 eta 30, eta abenduaren 1ean burutu ziren jardunaldietan Albert Branchadell jaunak aurkeztutako ponentziaren laburpena da ((Els límits de) la intervenció en l'ús privat de la llengua). Informazio zehatzagorik nahi duenak jo beza www.sociolinguistica.org helbidera.

printzipio liberaletan badago aski mami kultura eta identitate propioaren lehentasuna azpimarratzeko. Beraz, egile honen xedea gutxiengo kulturalen babesa teoria liberalarekin bateragarria dela azaltzea da.

Hiztunak bere hizkuntzan topatzen du komunikatzeko erosotasunik handiena, beraz, hor badago interes instrumental, zehatza, hizkuntza jakin batean komunikatu nahi izateko. Horrezaz gain, hiztun askorentzat hizkuntza identitate ezaugarria da, kultur ondarea. Beraz, hizkuntza idenititatea adierazteko bide ere gertatzen da.

Beraz, pertsonarteko harremanetan hizkuntza erabilera behartu ezin baldin bada Branchadellek bi bide soilik ikusten ditu gobernu batek herritarren hizkuntza ohiturak alda ditzan: 1.- Erabilera arauak aldatzearen aldeko publizitatea egitea eta; 2.- Aldaketa horren alde lan egingo duten gizarte eragileak sustatzea.

Dena den, diskurtso hori guztia katalaneraz mintzo den kolektiboari zuzendurik dago. Diskurtso horrek gazteleraren aldekoen aldetik izan dezakeen erantzunari begira, Branchadellek uste du egokia dela hautaketa egin behar dutenenan, gaztelera hiztunak katalanera hautatzera gonbidatzea. Bi argudio proposatzen ditu: 1.- Jokamolde horrek katalanera erabiltzeko erraztasuna emango diela; eta; 2.- Erraztasun hori bertako gizartean integratzeko funtsezkoa dela.

Oharra: Honako artikulu hau Bartzelonan "Ús Interpersonal del Català : estat de la qüestió i propostes" izenburuarekin 2001eko azaroaren 29 eta 30, eta abenduaren 1ean burutu ziren jardunaldietan Albert Branchadell jaunak aurkeztutako ponentziaren laburpena da ((Els límits de) la intervenció en l'ús privat de la llengua). Informazio zehatzagorik nahi duenak jo beza www.sociolinguistica.org helbidera.

Zer egin dezake gobernu batek, gizarte liberal-demokratiko batean, hizkuntza gutxitu baten erabilera handi dadin? Herritarrak hizkuntza hori erabiltzera behar al ditzake pertsonarteko harremanetan? Bestela esanda, estatuak hizkuntza baten erabilera debeka al dezake?

Hori da ponentzia honen egileak aintzat hartzen duen auzia. Branchadell jaunak bere ponentzian gobernu batek pertsonarteko erabilera behartzeko ahaleginik egin dezakeen aztertzen du. Horretarako bere arreta gunea mendebaldeko gizarteetako eredu demokratiko-liberalean jartzen du. Branchadell jaunaren ondorioa ezezkoa da, alegia, etikoki ezin dela hizkuntza baten erabilera behartu, edo beste batena debekatu. Eta horretan oinarrituz arestian emandako galderei ematen dien erantzuna ezezkoa da.

Egileak ezintasun etiko horren aurrean, hizkuntza gutxituen erabilera sustatu nahi duten gobernuen kasuan eragiteko bi bide baino ez dituztela dio: 1.- Herritarren iritzia aldatzeko lan egin eta; 2.- Hizkuntzaren aldeko gizarte eragileak sustatu prozesuan lagun diezaioten.

Branchadell jaunak bere lanean jasotzen duena filosofia politikoa eta hizkuntzaren sustapena uztartzeko ahalegin interesgarria bat da.

KULTURALISMO LIBERALA, AUZIA KOKATZEKO OINARRIA

Teoria politiko liberalaren baitan dagoen kontzeptuetako bat da Kulturalismo liberalarena. Kontzeptu honen ikuspegitik identitate kulturalak teoria liberalean berebiziko garrantzia du. Kymlicka (1998) pentsalari kanadiarraren ekarpenaz baliatzen da ikuspegi honekikoak argitzeko.

Gizabanakoaren askatasunari aitortzen zaion balore gorena aitzakiatzat hartuta, sarritan hizkuntza gutxituen gutxiespena eta bazterketa justifikatu izan dira. Kymlickaren (2001) aburuz, ordea, printzipio liberaletan badago aski mami kultura eta identitate propioaren lehentasuna azpimarratzeko. Beraz, egile honen xedea gutxiengo kulturalen babesa teoria liberalarekin bateragarria dela azaltzea da. Bestela esanda, printzipio liberaletan oinarrituz hizkuntza gutxituen babesa eta sustapena bidezkoak direla.

Branchadellek ikuspegi liberalean kultura eta identitatea garrantzitsuak direla azpimarratzen du. Izan ere, gizabanakoak bere bizitza estiloa hautatzeko askatasuna gizarte kultura bat eskuratzeko duen aukeraren baitan dago. Gizarte kulturaren baitan soilik egin daitezke bizitzeko aukerak, hauek ebaluatu eta ondoren hautatu. Beraz, gizarte kultura sustatzea bizitza estiloa, hautatzeko aukerak, sustatzea da. Hori da berdintasunaren aldeko berme nagusia. Printzipio horretan oinarrituz, egun hizkuntza gutxituetako hiztunek ez dute berea utzi eta hizkuntza indartsu bati egokitzeko ahalegina egin beharrik izango, bai baitute gizarte kultura propioa eta, beraz, askatasunez bizitza estiloa hautatzeko behar den oinarria.

Ikuspegi honen arabera, gizabanakoaren askatasunak ezinbestean familian edo bere inguru hurbilean jaso duen kultura gordetzea eskatzen du. Hizkuntza gutxituko hiztun izateak askatasuna murrizten duela dioen argudioa errotik zapuztu eta irauli egiten du: nork bere gizarte kulturari eustea da askatasunaren bermerik ziurrena.

Zergatik egon behar du banako batek kultura zehatz bati atxikita? Kymlickaren teorian galdera horrek ez du erantzunik. Branchadellek, ordea, ikusten dio erantzunik pentsalari kanadiarraren ikuspegian. Banakoak sortzetik jaso duen kultura izan ohi du nahiago. Alegia, familia bidez jasotasko kultur oinarriarekiko lotura hori oso indartsua izaten da.

Egile askok azpimarratu izan du identitate kulturalak berebiziko garrantzia duela identitate indibidualean. Argudio horri tiraka, kultura batek duen sona bere kideen duintasunarekin zuzen-zuzenean loturik dagoela ondorioztatzen du. Argudio bera alderantziz jarrita, kultura bati izen txarra emateak (hizkuntza gutxitu gehienekin gertatzen dena) kultura horretako kideen duintasunaren kontrako erasoa da. Horretan ikusten du Branchadellek hizkuntza gutxituaren erabilera sustatzeateko oinarrietako bat. Izan ere, gutxiengo bateko kideek bere kultura gordetzeko izan dezaketen nahiak badu aski zilegitasun dagozkion babes neurriak indarrean jartzeko.

Dena den, giza talde batek bere baitan mugak, betebeharrak, ezar al ditzake? Zilegi al da hori egitea ikuspegi liberaletik? Kasu honetan taldearen baitan erabilera arautzeaz ari gara. Hizkuntza baten erabilera derrigorrezko egiteaz. Kymlickak jarrera desberdinak hartu izan ditu honi dagokionez. 1998ko idatzietan ontzat eman arren azkenekoetan ez du halakorik onartzen. Branchadellek, beraz, giza taldearen baitan halakorik egitea ez du ontzat ematen. Eta kataluniako kasura etorrita, katalaneraz mintzatzeko gai dena legez katalaneraz mintzatzera behartzeari ez deritzo zilegi.

HIZKUNTZA SEGURTASUNAREN TEORIA

Zein egoeretan eta zenbateraino babestu behar da legez hizkuntza bat? Bestela esanda, zein da hizkuntza bat legez babesteko egon daitekeen interesa?

Puntu honetan sakontzeko Branchadell jaunak Réaumeren (1991) ikuspegiari erreparatzen dio. Pentsalari honek bi interes mota daudela esanez erantzuten dio kezka horri: interes instrumentala eta adierazpen interesa. Hiztunak bere hizkuntzan topatzen du komunikatzeko erosotasunik handiena, beraz, hor badago interes instrumental, zehatza, hizkuntza jakin batean komunikatu nahi izateko. Horrezaz gain, hiztun askorentzat hizkuntza identitate ezaugarria da, kultur ondarea. Beraz, hizkuntza idenititatea adierazteko bide ere gertatzen da.

Bi interes horiek aski indartsuak dira hiztunak bere hizkuntza (gutxitua izan arren) erabiltzeko duen eskubidea oinarritzeko. Hizkuntza aldatzera behartzen duten presioak (ez presio behartzaileak, ez zeharka jarrera aldaketa bultzatzen dutenak), aldiz, onartezin bihurtzen ditu, eskubidearen kontrako eraso alegia.

“The point of language rights is to give speakers a secure environment in which to make about language use, and in which normal social processes of language transmission between generations can take place in a way that confers positive value on the resulting ethnic and cultural identification.

Zertan gauzatzen dira, ordea, hizkuntza eskubideak? Egile beraren arabera hizkuntza eskubideak hizkuntza ofizialtasun erregimen batean gauzatzen dira. Ofizialtasunaren erregimena, ordea, hizkuntza tolerantzia baino haratago doaz. Toleratziak hizkuntza erabiltzeko eskubidea bizitza pribatuaren eremuan kokatzen du. Ofizialtasunak, berriz, horrezaz gain beste eskubiderik ere onartzen du: zerbitzu publikoak eta hezkuntza tokiko hizkuntzan jasotzea...

Hizkuntza segurtasunaren oinarria gizabanakoak bere hizkuntzan askatasunez bizitzea baldin bada, hizkuntza orok bere lurralde eremuan presentzia publikoa izatea ezinbesteko baldintza da. Baldintza hori, ordea, ez da aski. Nor bere hizkuntzan bizitzea hizkuntza horretan lan egin eta aisialdiaz gozatzea ere bada. Beraz, hizkuntza segurtasuna gobernuaren esku ez dauden hainbat alorretara ere hedatu behar da. Beraz, Branchadellek honaino iritsita, ARLO PRIBATUAN ESKU HARTZEA, INTERBENTZIONISMOA, aintzat hartu behar dela dio. Kymlickak ikuspegi hau babesteko Quebec-eko ereduari erreparatzen dio.

Arlo pribatuan noiz esku hartu? Noiz ezarri arauak taldeko partaideek bete ditzaten? Arestian esan dugu Klymlickaren azken jarrera honelako neurrien kontrakoa dela (onartu izan dituenean ere, hilzorian zeuden komunitateen kasu hipotetikoa aipatuz egin izan du). Dena den, kulturalismo liberalaren baitan bestelako iritziak ere badirela erakusten digu Branchadellek eta horren eredu hartzen du Réaumeren iritzia. Egile honek neurri behartzaileak indarrean dauden komunitateekin soilik egin behar dela dio Bere herriaren kasuan (Quebec) ingelesa eta frantsesarekin, ez, ordea, herri indigenekin. Bistan da hemen bi ikuspegi erabat desberdinak ditugula aurrez aurre eta testuinguru jakin bati begira gorpuztu direla. Zer esan, ordea, Euskal Herriaz, edo Kataluniaz?

Branchadellek Kataluniako egoera du gogoan. Eta honela galdetzen du: egun Katalanera mintzo direnen komunitateko kideak gaztelerara egokitzeko araua dago indarrean. Arau hori indarrean egoteak komunitate katalana desegiteko arriskuaren atarian jartzen al du? Bistan da, galderari ematen diogun erantzunaren arabera, horren babeserako har daitezkeen neurriak izango direla. Berak badaki, eta Katalunian azken urteotan egin diren ikerketek hala adierazi dute, komunitatearen eta hiztunaren hizkuntza hautua aldatzeko prozesua ez dela ura eta sua bezain erraza bereizten. Norberarena ez den hizkuntza erabiltzeak ez du esan nahi hiztun horrek berea baztertzen duenik. Bere ustez egoera ez da horren larria egun, katalaneraren transmisioa ez dago eteteko arriskuan, eta beraz, ez du bidezko ikusten komunitatearen baitan pertsonen arteko harremanean erabilera mugatzeko neurriak hartzeko aukera.

EREMU PRIBATUAN ESKU HARTZEKO LEGITIMAZIO BIDEAK

Beraz, pertsonarteko harremanetan hizkuntza erabilera behartu ezin baldin bada Branchadellek bi bide soilik ikusten ditu gobernu batek herritarren hizkuntza ohiturak alda ditzan: 1.- Erabilera arauak aldatzearen aldeko publizitatea egitea eta; 2.- Aldaketa horren alde lan egingo duten gizarte eragileak sustatzea.

Aldaketa beharra oinarritzeko bi argudio mota daudela dio: argudio ezezkorrak eta baiezkorrak. Ezezkorrek indarrean dagoen araua gordetzeak dakartzan kalteak azpimarratzen dituzte (gazteleraren aldeko hautuak egiteak dakartzanak) eta baiezkorrek, berriz, arau berriaren alde egiteak dakartzan onurak (katalana hautatzeko araua indartzeak dakartzanak).

Branchadell argudio baiezkorren aldekoa da, eta horien artean bi argudio mota bereizten ditu, banakoak jasoko duen onura azpimarratzen dutenak eta onura kolektiboa azpimarratzen dutenak.

Onura indibiduala: Argudio honen zamarik handiena katalanera hiztunen bizkar gainean uzten du. Alegia, katalanera hiztunei dagokiela aldarrikatzea katalaneraz mintzatzean gazteleraz mintzatzean baino erosoago sentitzen direla eta beraz, katalaneraz mintzatu nahi dutela edonorekin. Ez du onatzen, ordea, erabileraren aldeko argudio “paternalista. Alegia, hiztunak katalaneraz mintzatu behar direla hizkuntza “salbatzearren.
Onura kolektiboa: Katalanera hiztunek hizkuntzari eusteak zernolako onura dakarkio gizarteari? Bistan da, onurak asko izan daitezkeela, baina Branchadellek onura instrumentalei erreparatzen die bereziki. Bere aburuz, onura horiek ezin dira gaztelera hiztunen kolektiboaren “kaltea iragarriz adierazi. Alegia, ez deritzo egoki esatea komunitatean katalanera gehiago hitz egiteak gaztelera gutxiago egitea eragingo duenik. Berak bi argudio jotzen ditu egokitzat. 1.- Katalanera hitz egiteak komunitate katalanaren biziraupena ziurtatzen duela; 2.- Katalaneraren estatusa hobetzeko balio izango duela.

Dena den, diskurtso hori guztia katalaneraz mintzo den kolektiboari zuzendurik dago. Diskurtso horrek gazteleraren aldekoen aldetik izan dezakeen erantzunari begira, Branchadellek uste du egokia dela hautaketa egin behar dutenenan, gaztelera hiztunak katalanera hautatzera gonbidatzea. Bi argudio proposatzen ditu: 1.- Jokamolde horrek katalanera erabiltzeko erraztasuna emango diela; eta; 2.- Erraztasun hori bertako gizartean integratzeko funtsezkoa dela.

BIBLIOGRAFIA

Kymlicka, Will (1989). Liberalism, Community, and Culture. Oxford: Clarendon Press.
Kymlicka, Will (1990). Contemporary Political Philosophy. An Introduction. Oxford: Clarendon Press.
Kymlicka, Will (1995). Multicultural Citizenship. A Liberal Theory of Minority Rights. Oxford: Oxford University Press.
Kymlicka, Will (1997). "The Sources of Nationalism: Commentary on Taylor". Dins: McKim, Robert; McMahan, Jeff (1997). The Morality of Nationalism. Nova York: Oxford University Press.
Kymlicka, Will (1998). Finding Our Way. Rethinking Ethnocultural Relations in Canada. Toronto: Oxford University Press.
Kymlicka, Will (2001). Politics in the Vernacular. Nationalism, Multiculturalism, and Citizenship. Oxford:
Réaume, Denise (1991). "The Constitutional Protection of Language: Survival or Security?". Dins: Schneiderman, David (ed.). Language and the State. The Law and Politics of Identity/Langage et État. Droit, politique et identité. Cowansville: Les Éditions Yvon Blais.
Réaume, Denise; Green, Leslie (1989). "Education and Linguistic Security in the Charter". McGill Law Journal/Revue de Droit de McGill 34: 777-816.
BAT aldizkaria: 
41. 2001eko abendua. Erabilera, labirintotik sukaldera
Kokapen geografikoa: 
Katalunia
Egilea(k): 
Imanol Esnaola
Urtea: 
2001