Ate irekiak gazteleradun pertsonarteko testuinguru batean

Oharra: Honako lan hau Emili Boix jaunaren“Triar no ès trair (Hautatzea ez da traizio egitea) izenburua duen liburuko ondorioetatik hartutakoa da. Jardunaldi hauetan aurkeztu ez baldin bazen ere, Bartzelonako herritarren erabilera ulertzeko egindako ahaleginik ezagunenetako bat zelako eta Jardunaldietan erreferentzia gisa askotan aipatu zutelako ekarri dugu hona.

Aztertutako biztanleriaren osotasunean, gaztelerarekiko bateratasun esklusiboaren ohiko erabilera arauak irauten du, gaztelerarekiko bateratasun esklusiboaren aldeko habitus eta rol ereduak oso hedatuta daude helduen artean, batez ere bartzelonar metropoli barruti zaharreko auzo gehienetan testuinguru “begirale eta interpelatzaileak gazteleraren aldekoak direlako.

Gazte hauek talde etnolinguistiko desberdinei dagozkiela kontziente dira, baina adierazten dute, beren jarreretan zein inkestako erantzunetan, ados daudela katalana edo gazteleraren edozein hautaketarekin etniarteko egoeretan. Gazte hauentzat berezko taldekoa ez den hizkuntza aukeratzeak ez du traizio egiten zaionik adierazten.

Katalanak, berriz, gaztelauen etxera maizago joan ohi dira eta denbora gehiago egon dira, gaztelera hautatzen dute eta hizkuntza honetako txandaketa eta interferentziez baliatzen dira askotan.

Egokitzapena, hala ere, ez da integrazioa. Oraingoz, bi etxebizitzek ondo bereizita jarraitzen dute: aztertutako gazteen bi talde nortasunak ez dira bakar batean disolbatu. Ez katalan biztanleria ez gaztelau biztanleria ez dira auzokoaren etxera bizitzera joaten, hizkuntza hartzen dute belaunaldi arteko transmisiorako.

Metropoli barruti zaharreko gazteen gehiengoak gaztelera mantentzen du ohizko hizkuntza, eta katalana erabiltzen du hizkuntza nolabait urrunago gisa. Eguneroko harremanetan gazteleradun taldearen nagusitasuna bereziki handia da, batez ere gazte belaunaldi honetan (katalandunek nekez gainditzen dute 18-25 urte bitarteko tartean daudenen laurdena)

Gazte hauen gehiengoari, beraz, ez dio axola haiei katalanez edo gazteleraz zuzentzeak. Bi hizkuntzak onartzen dira egiazko portaera gisa, eta honen aurrean ez da planteatu behar erabilera arauak aldatzeko saio boluntariorik, ez indibidual ezta taldekorik ere.

Elkargune sozial handiago honek aukera eman beharko lioke biztanleriaren gehiengoak aitortu eta onartutako hizkuntza eta katalan nortasunaren erreferentzien inguruan eraikitako gizartean integratzeari.

Oharra: Honako lan hau Emili Boix jaunaren“Triar no ès trair (Hautatzea ez da traizio egitea) izenburua duen liburuko ondorioetatik hartutakoa da. Jardunaldi hauetan aurkeztu ez baldin bazen ere, Bartzelonako herritarren erabilera ulertzeko egindako ahaleginik ezagunenetako bat zelako eta Jardunaldietan erreferentzia gisa askotan aipatu zutelako ekarri dugu hona.

Liburu honetako hitzaurrean, elkarlotuta dauden bi galdera egiten nizkion neure buruari: 1) zein neurriraino gazteleradun eta katalandunen talde arteko elkarrizketetan gaztelerari egokitzapen ohiko arauak eman die bide hizkuntz erabilera arau berriei?; eta 2) zein faktorek azal edo erraz dezakete erabilera arau zaharrak jarraitzea edota berriak agertzea? Segmentatutako elkarrizketaren frogako datuetatik (6. kapitulua) eta eremu etnografikoko landa laneko datuetatik (7. kapitulua) bi galdekizunei emango diet erantzuna.

Lehenengo eta behin, hizkuntz erabilera arau berriak agertzen dira? Hizkuntz jarrerek ematen dituzten datuak, alde batetik, eta Bartzelonako gazteen hizkuntz portaera, bestetik, ez dira homogeneoak eta, beraz, bereizita azalduko ditut

Bartzelonako gazteen gehiengoaren jarrerak, bere talde linguistikoa zein den ere, ez dira positiboak ez negatiboak katalana eta gazteleraren hautaketekiko, gazt. 1 eta kat. 1en arteko elkarrizketetan. Gazte hauen gehiengoak ez du errefusatzen bere talde bereko kide batek beste hizkuntzan bateratzea, eta ez dute errefusatzen beste taldeko kide bat –gaztelaua edo katalana– linguistikoki bat ez etortzea. Talde arteko elkarrizketetan gazteleraren hautaketa esklusiboa aholkatzen zuen ohiko erabilera arauak, bidea eman dio hizkuntza bat zein bestea aukeratzea egokitzat hartzen duen erabilera arau bati. Jarrera hauek, alabaina, errealitatea baino asmoak erakusten dituzte, zeharo bat ez datozelako gazteen portaera ez deklaratua eta ez ikusiarekin. Jarrera hauek, froga bateko testuinguru kontrolatu batean jasoak, bultzatzen dute pentsatzera gazte hauek bizi diren gizarte katalaneko hizkuntzen kontaktuaren irudipen oso idealizatua daukatela.

Aisia begiraleentzako bi ikastaroetan parte hartzen zuten Bartzelonako gazteek, aldiz, katalanaren aldeko testuinguru batean, heterogeneotasun handiagoa erakusten dute bere hizkuntz portaeran. Gazte hauen kode aldaketak desberdinak dira bere nortasuna eta hizkuntz gaitasunen arabera eta egoera komunikatiboaren talde barneko edo talde arteko izaeraren arabera. Talde barneko egoera komunikatiboetan, Bartzelonako gazteek hizkuntz hautaketak egiteko askatasun tarte urria daukate. Kasu hauetan talde linguistiko bateko hiztunek bere ohizko hizkuntza –katalana edo gaztelera– aukeratzen dute oinarrizko hizkuntza gisa. Behin oinarrizko hizkuntzaren hautaketa eginda, erabilera arauek uzten diete gazteei beste hizkuntzara (katalana edo gaztelera) txandaketak egitea. Txandaketa hauek, besteak beste pertsonalizazio eta enfasien efektu erretorikoak lorrarazten dutenak, ugariak dira katalandunen hizketan, eta gaztelera lehengo hizkuntza duten gazteen hizketan ere hasi dira izaten.

Talde arteko egoera komunikatiboetan bi taldeetako hiztunek bi hizkuntzak aukeratu eta txandakatzen dituzte talde barneko egoeretakoa baino askatasun tarte handiago batekin. Gazte gehienak gai dira zonako bi hizkuntzetan, erabiltzeko aldeko jarrerak dituzte eta, aldeko testuinguruan badaude, bat egiten dute beste taldeko hizkuntzarekin –katalana edo gaztelera–. Batzuetan ere, hizkuntza bakar bateko erabilera hauteman daiteke malgutasun eza gisa eta egoera komunikatibo eta berehalako solaskideei moldaketa eza gisa.

Aztertutako biztanleriaren osotasunean, gaztelerarekiko bateratasun esklusiboaren ohiko erabilera arauak irauten du, gaztelerarekiko bateratasun esklusiboaren aldeko habitus eta rol ereduak oso hedatuta daude helduen artean, batez ere bartzelonar metropoli barruti zaharreko auzo gehienetan testuinguru “begirale eta interpelatzaileak gazteleraren aldekoak direlako. Aztertu ditudan gazteengan, katalanaren aldeko testuinguruetan, berriz, katalanaren erabileraren aldeko erabilera arau berriak lehian daude gaztelerarekiko bateratasun orokortuaren ohiko arauarekin.

Bigarrenez, zein faktorek errazten dute hizkuntz erabilera arauak jarraitzea edota aldatzea bartzelonar gazteengan? Bi faktorek eragiten dute indartsuago kode aldaketetan: hizkuntz gaitasuna eta, batez ere, hiztunen nortasun etnolinguistikoa.

Bi hizkuntzetako elebiduntasuna asimetrikoa da bi talde etnolinguistikoetako gazteengan, katalanak eta gaztelauak. Kasik kat. 1 guztiek hitz egiten jakin eta hitz egin ohi duten bitartean, gaztelera presente egon eta presente dagoelako beren sozializazio eta gaurko testuinguru soziolinguistikoan, oraindik gazt. 1 gazte guztiek ez dute katalana hitz egiten. Bartzelonako metropoli barruti zaharreko gazte gazteleradunen heren batek ezin du oraindik katalana egiaz aukeratu, beren gizarte mailek ikastea eta de facto erabiltzea eragozten dietelako

Kode aldaketetan parte hartzen duen faktore garrantzitsuena hiztunak talde etnolinguistiko desberdinetakoak izatea da. Bartzelonako metropoli barrutiko gazteen parte batek sumatzen du nortasun etnolinguistiko bereiziko bi talde daudela. Berezko taldeagatik lehentasun hau –in-group favoritism delakoa– da gazteek hizkuntz hautaketekiko duten jarrerekin oso argi erlazionatuta agertzen den faktore bakarra. Gazte hauek talde etnolinguistiko desberdinei dagozkiela kontziente dira, baina adierazten dute, beren jarreretan zein inkestako erantzunetan, ados daudela katalana edo gazteleraren edozein hautaketarekin etniarteko egoeretan. Gazte hauentzat berezko taldekoa ez den hizkuntza aukeratzeak ez du traizio egiten zaionik adierazten.

Ate irekietako egoera. Kode aldaketak gidatzen dituzten erabilera arauek erakusten dute, ikusi dugun bezala, oraindik mugatutako baina gazte gehienentzat askatasunean handituz doan tartea. Irudi batek lagunduko dit deskribatzen nola faktore sozial, psikologiko eta politikoak elkarlotzen diren eta hizkuntzaren txandaketen eta hautaketen arrazoi eta ondorioak azaltzen dituzten Bartzelonako eguneroko harremanetan.

Gazte katalanen eta gaztelauen talde etnolinguistikoak aldera ditzakegu, bloke berberean dauden bi etxe idealekin, esate baterako lursail berberean parekatutako bi etxebizitza. Bi etxeak –bi talde etnolinguistikoak– bananduta daude bitarteko horma ideal batez, hizkuntza den material sinbolikoaz eraikia. Hiztunarengandik hurbileneko harreman sareetan hizkuntza baten edo beste baten ohizko erabilera izango da, hiztun zehatz bat bitarteko hormaren zein aldetan dagoen, bizi den mugatzeko irizpide oinarrizkoa. Bi etxeen blokeko gazteak ere bananduta daude beste bitarteko horma ideal batzuez, material sozial, ekonomiko, politiko, erlijioso, kultural desberdinez eraikiak. Horma hauek elkar gurutzatzen dira baina ez dute zuzenki bat egiten bitarteko horma linguistikoekin. Katalandunak, Bartzelonako metropoli barruti zaharrean gutxiengoa diren arren, ia dira kopuruz gazteleradunen bikoitza aitortutako gizarte maila altuan (Subirats 1992), nahiz eta gazt. 1 gazteak zein kat.1 gazteak ia gizarte eskalako maila guztietan egon.

Bizi diren etxe etnolinguistikoaren barruan, talde bakoitzeko gazteak sozializatu dira, habitus oinarrizkoenak barneratu dituzte eta beren lehenengo hizkuntza erabiltzen ikasi dute. Beraz, etxe honen barruan sortu dira beren portaera eta jarreretan gehien eragiten dituzten elkartasun harremanak.

Parekatutako bi etxeen blokeko etxebizitza bakoitzak bizitasun etnologiko desberdin bat du: iraunkortasun eta sendotasun bat. Etxebizitza bateko bizitasun etnologikoak handiago egiten du bere erakargarritasun boterea: etxebizitza indartsuenak ez du soilik ahulak baino bisita gehiago jasotzen; aitzitik, gizabanako gehiago joaten dira hara betiko bizitzera, hau da, hizkuntza nagusi gisa hartzen dute. Katalan etxea hautematen da oraindik baldintza sozial hobeak dituen etxe gisa –gela ondoen banatuta eta dekoratuta dituena– bertan bizi direnek gizarte maila altuagoak hartu ohi dituztelako, baina faktore hau bigarren mailakoa izan da bizitasun etnolinguistikoaren beste faktoreen aurrean, hala nola Estatuko indar demografiko eta sostengua eta ondoriozko funtzionaltasun komunikatibo eta ekonomikoa, gazteleraren hedapen eta erabilera errazten dituztenak. Denboran zehar mantendutako bizitasunaren ez-parekotasun honek azaltzen du katalanaren talde etnolinguistikoaren etxebizitza txikiagotzea, gazteleraren taldeko etxebizitza handiagotu den bitartean –bitarteko horma lekuz aldatuz da–, Katalunia osoari kasik blokearen erdia eta Bartzelonako eskualdeari bi heren kenduz.

Bi etxebizitzen biztanleak egunero erlazionatzen diren auzokoak dira, batez ere lanean eta gutxiago auzoetan eta pertsonarteko harreman sareetan, hortaz, Bartzelonako metropoli barruti zaharreko gazteak maiz baliatzen dira beste hizkuntzarekiko interferentzia eta kode aldaketez –etxebizitza batetik bestera igarotzen dira– beren gizarte jarduera gehienetan. Gazteek ondoko etxebizitzarako sarrera ate linguistikoak dituzte, ia guztiek zeharkatzeko beharreko pasaportea dutelako: gazte gehienek bi hizkuntzak ezagutu eta hitz egin ditzakete (edo ahal izango dituzte). Zenbait gazte gaztelau auzokoaren etxera noizean behin baino ez dira joaten, gatz pitin baten eske datorrena bezalakoa: katalana ulertu baina ez dute hitz egiten. Beste gazte gaztelau batzuek tarte handiagoko bisita egiten diote auzokoari: gazteleraz hitz egin ohi diote baina batzuetan katalanera jotzen dute. Azkenik, beste gaztelau batzuek, katalan etxebizitzan maiztasun handiz sartzen direnez, katalana hautatzen dute joaten direnean. Katalanarekin bat egin dezakete. Katalanak, berriz, gaztelauen etxera maizago joan ohi dira eta denbora gehiago egon dira, gaztelera hautatzen dute eta hizkuntza honetako txandaketa eta interferentziez baliatzen dira askotan.

Auzoko gaztelauak edo katalanak bestearen hizkuntza aukeratzen duenean, bere taldeko gazteek portaera hau onartzen dute. Ez dute ia ebaluaketa negatiborik egiten. Beste etxebizitza linguistikoa maiztasun handiago edo txikiagoz bisitatu ondoren, gazteak beren etxe etnolinguistikora itzultzen dira. Etxekoekin hitz egiten dutenean (talde barneko harremanak), noizean behin hiztunek eraman ditzakete beste etxeko objektuak (hizkuntz txandaketa edo hautaketak) edo objekturen bat betiko hartu (interferentziak). Hala ere, hiztunak beren etxeetan daudenean, ezin da beste hizkuntza aukeratu. Auzoko hizkuntza aukeratzea, beraz, traizio egitea izango litzateke, auzokoaren etxera erabilera arauek onartutakoa baino maizago igarotzea, alegia.

Gazte hauek nekez joaten dira beste talde etnolinguistikoaren etxera bizitzera, nekez hartzen dute beste hizkuntza ohikoen edo nagusi gisa, aldaketa honek kostu psikologiko eta soziologiko altuegiak dituelako. Talde linguistiko bateko auzoko batek etxez aldatu, beste etxebizitzara bizitzera igaro nahi duenean, normalean etxe batetik bestera bisitak egitea ahalbidetzen duten ate etnolinguistikoak nabari agertzen dira eta nabarmendu ohi ez diren bitarteko hormak ikusgai bilakatzen dira, joan-etorriak eragozten dituztelako. Bitarteko horma hauek are ikusgaiago izaten dira beste bitarteko hormek sortutako arazoak –desberdintasun ekonomiko, sozial eta kulturalak– hizkuntz desadostasunak sinbolizatuak izaten badira.

Badago, beraz, ate irekien egoera bat hemen aztertu ditudan Bartzelonako gazte katalan eta gaztelauen artean. Aurreko belaunaldietan bi etxebizitza etnolinguistikoen arteko ateak zentzu bakarrekoak ziren –katalanengandik gaztelauengana– baina orain bi aldetara zeharka daitezke. Gazteek askatasun handiagoz hauta ditzakete bi hizkuntzak etniarteko harremanetan, derrigorrean beren talde bereko kideen errefusatzerik gabe –ateak jada eltxo-sareak edo irristailu-ateak dira eta zeharkatzen dituztenek ez dute bandarik karrankarazten. Bi hizkuntza eskura dituzten gazteek abantaila gehiago dituzte probetxua ateratzeko, behar dutenean. Bata edo bestea aukeratzean gazteleradun edo katalandun giro batera egoki daitezke, enfasi gehiago emanez katalan edo gaztelau nortasunari beren gizabanakoaren ibilbide eta interesen arabera.

Egokitzapena, hala ere, ez da integrazioa. Oraingoz, bi etxebizitzek ondo bereizita jarraitzen dute: aztertutako gazteen bi talde nortasunak ez dira bakar batean disolbatu. Ez katalan biztanleria ez gaztelau biztanleria ez dira auzokoaren etxera bizitzera joaten, hizkuntza hartzen dute belaunaldi arteko transmisiorako. Bitarteko hormak bakarrik eraisten dira elebidun familia-biztanlerian, linguistikoki mistoak diren bikoteen ondorengoa, bi etxebizitzetan batera sozializatu dena eta eroso dagoena, eta bi hizkuntzetako edozeinekin identifikatzen dena.

Katalan talde arteko kategorizazioa gaztelauarekin kontrastean mantentzen da, baina esanahia galtzeko joera dauka, beraz, hiztun zehatz baten hizkuntz taldeko kideek ez dute negatiboki aintzat hartzen beste hizkuntza batera aldatzea–horma etnolinguistikoak ez dira ikusgai bilakatzen eta ez dute hizkuntz aldaketa eragozten. Orduan, gizabanakoen artean elkartasunezko pertsonarteko loturak botere loturak baino garrantzitsuagotzat hartzen dituzten harreman irekiak ematen badira, gazteleradun gazte gehienak –katalandun sare sozialetan parte hartzen dutenak– bertako taldean integra daitezke (ateak erori edo txikiagotzen dira).

Metropoli barruti zaharreko gazteen gehiengoak gaztelera mantentzen du ohizko hizkuntza, eta katalana erabiltzen du hizkuntza nolabait urrunago gisa. Eguneroko harremanetan gazteleradun taldearen nagusitasuna bereziki handia da, batez ere gazte belaunaldi honetan (katalandunek nekez gainditzen dute 18-25 urte bitarteko tartean daudenen laurdena) eta asko zailtzen du katalandun eta gazteleradun biztanleriaren arteko behar adina elkargune egoera sozialen sorrera. Elkargune sozial honen gabeziak katalan nortasun baten aurrean gaztelau-espainiar nortasunaren egonkortzea posibleago egiten du. Nortasunetako gaztelaniatze honek mesede egiten dio gaztelau taldeari. Bi taldetan (izendapen arruntenean katalanak eta gaztelauak) kategorizazio hau mantentzen den neurrian, bitarteko hormak mantentzen dira, eta zailagoa da gazt. 1 gazteek katalana hartzea ohiko erabilera hizkuntza gisa.

Ikuspuntuak. Hiperbolikoak dira Jorge Semprun –orduan espainiar Kultur ministroa– eta Quim Monzo bezain diferenteak diren nobelagileek Bartzelonan hizkuntzen kontaktuari buruz egindako deskribapen edota aurreikuspenak. Ez da egia honako hau: “Barcelone est une ville où tout le monde parle espagnol autant qu’a Madrid (Bartzelona mundu guztiak Madrilen beste espainiera hitz egiten duen hiria da (J. Semprun, “Le Monde, 1988-X-22); ezta beste hau ere: “Bartzelona ezinbestean gaztelau bihurtzeko bidean dago, Q. Monzok alarmaz ohartarazten zuen bezala (“Poble Andorrà, 1991-II-4):

 

“Si fins avui Catalunya no ha estat una Bretanya o una Occitània, és perquè hem tingut una capital com Barcelona amb una burguesia potent. Però ara que aquesta ciutat comença a deixar de ser catalana, la resta del país caurà com un joc de fitxes de dòmino (Gaur arte Katalunia ez bada izan Bretainia edo Okzitania bat, Bartzelonari esker izan da, burgesia indartsua duen hiriburua izan dugulako izan da. Baina hiri hau katalan izateari uzten hasita dagoenez, herrialde osoa ere eroriko da, dominoko fitxak bezala).

Bartzelonako metropoli barruti zaharreko gazteen jarraibide kultural nagusiek jarrera pragmatiko eta indibidualistak bultzatzen dituzte, eta horien barruan hizkuntzen balio bereizgarria ahultzen ari da talde bateko kide izatearen seinale gisa. Hizkuntzak, gainera –edozein hizkuntzak–, gero eta paper txikiagoa dauka gazte hauek hartu eta beren egiten duten masa kulturan. Beraz, gehiengoak hizkuntza batean edo bestean hitz egin ahal izatera jotzen duen heinean, koherentea da bere eguneroko bizitzan hizkuntza arazo iturria ez izatea. Badirudi aztertu ditudan gazteek, esate baterako Sabadelleko Bigarren Hezkuntzako ikasleak (Erill et al. 1992), “gatazkak saihesteko premia larria nabaritzen dutela eta bizi diren egoera soziolinguistikoan egokitzen direla, arazorik egin gabe –ez dute bizitza konplikatu nahi.

Gazteek ez dute ez-legitimotzat hartzen Bartzelonan ematen diren talde arteko harremanen gaurko egoera eta, hortaz, ez dira saiatzen partaide diren bi taldeen arteko mugak birdefinitzen, bi taldeen arteko botere balantzea aldekoago izan dakien. Katalanek zein gaztelauek ez dute nabaritzen elkarrengandik banatzen dituzten muga etnolinguistikoak itxita daudenik; aitzitik, ate ireki ugarirekin sumatzen dituzte. Honela, ez bada aktibatzen bi taldeen arteko alderaketa soziala, zaila da alde eta desberdintasunen pertzepzioa areagotzea, existitu ala ez. Egiaz, gertatzen dena zera da: nortasun honexek oso esanguratsua ez izateko joera du, aurrerapen eta lehia sozialetako estrategiak gehienbat indibidualki planteatzen dira eta gutxitan kolektiboki. Gazteek ez badute beren burua mehatxatuta ikusten beren nortasun etnolinguistikoan, ez dute bereizi beharrik, beste talde etnolinguistikoari dagozkion hiztunen desadostasun linguistikoaren bitartez. Ikusi nituen begirale ikastaroetako partaideen artean sortzen diren elkartasun harremanek zein 80ko hamarkadako bigarren partean Kataluniako testuinguru soziopolitiko orokorrenek, hain zuzen ere, nortasun arazo potentzialak indargabetzera jotzen zuten. Aldatu behar den portaera baten terminoetan hizkuntzen hautaketen kontua planteatzea ez dator bat gazteen ustez beren harreman espontaneoek, indibidualki bizi eta jasotzen direnak eta ez talde arteko terminoetan, eduki behar duten malgutasunarekin.

Gazte hauen gehiengoari, beraz, ez dio axola haiei katalanez edo gazteleraz zuzentzeak. Bi hizkuntzak onartzen dira egiazko portaera gisa, eta honen aurrean ez da planteatu behar erabilera arauak aldatzeko saio boluntariorik, ez indibidual ezta taldekorik ere. Uste dut ikuspen egokitzaile honek, gazteen portaera linguistikoan eskakizun gabezia honek, erakusten du, Quebec-eko hizkuntz politikako arduradun batek bere herrialdeko gazteei buruz ondorioztatzen zuen bezala “egoera linguistikoaren ezaguera eskasa [...] eta segurtasun sentimendu faltsu bat (Plourde 1985, 303). Bartzelonan katalanaren hedapenean egin diren aurrerapenak eta katalanaren aldeko erabilera arau berrien sartzea izanda ere, lan honetan deskribatu ditudanak bezalako testuinguru zehatzetan bereziki, testuinguru demografikoak eta jarraibide kultural orokorrenek gazteleraren nagusitasunari laguntzen diote pertsonarteko harremanetan. Hizkuntz erabilera arauetan askatasun handiago batek ordezkatu ditu gaztelerarekiko bateratasun ohiko erabilera arauak, lehenengo hizkuntza gaztelera duen biztanleriaren gehiengoarentzat askotan ez-beharrezko egin eta katalandun biztanleriarentzat gaztelera hautatzen jarraitzea erosoago egiten duen testuinguru soziolinguistiko batekin.

Gure herrialdean hizkuntz politika demokratiko batek saiatu beharko luke justizia egiten eta taldearen interesak –joera egiaztatzaileak eta era berean nazioaren bateratzaileak– eta interes eta nortasun pertsonalak eta talde dinamiko eta besterenezinen interes eta nortasunak harmonizatzen; lortu beharko luke herrialdeko bi talde linguistiko nagusiak eguneroko bizitzan kontaktuan egotea, bata eta bestea mehatxatuta edota baztertuta sentitu gabe. Elkargune sozial handiago honek aukera eman beharko lioke biztanleriaren gehiengoak aitortu eta onartutako hizkuntza eta katalan nortasunaren erreferentzien inguruan eraikitako gizartean integratzeari.

Bere iraganerako zeintzuk etorkizun nahi dituen erabakitzeko komunitate baten eskubidearen onarpenetik, eta lurraldean berean subiranotasun esparru honen segurtasunetik, katalanok ikas dezakegu hartzen geure eta besteen desberdintasunak, ikas dezakegu gizarte trinkoetako ezinezko ametsez libratzen. Akordio honetatik, katalandun komunitate linguistikoak handituz doan konplexutasun kultural eta linguistikoko arazoak planteatu eta konpontzen saia daiteke, beste europar komunitateek katalana bezalako hedapen murriztuko hizkuntzekin egiten duten moduan. Ez gehiago ez gutxiago.

Onarpen hauek eta akordio hauek ez dira musu-truk lortzen. Irabazteko, leialtasun linguistikoa, esku-hartzeko borondatea eta esku-hartze eraginkorra behar dira, hiritarra zein administrazio publikoetakoa, katalanaren murrizpena dagokion lurraldean saihesteko, Bartzelonan bereziki. “Laissez-faire laissez-passer delakoak eta antzeko jarrera pragmatiko muturrekoek hizkuntza boteretsuari egiten diote mesede, hau da, gaztelerari.

BAT aldizkaria: 
41. 2001eko abendua. Erabilera, labirintotik sukaldera
Kokapen geografikoa: 
Katalunia
Egilea(k): 
Emili Boix
Urtea: 
2001