Katalaneraren erabilera etxean eta kalean

Oharra: Honako artikulu hau Bartzelonan "Ús Interpersonal del Català : estat de la qüestió i propostes" izenburuarekin 2001eko azaroaren 29 eta 30, eta abenduaren 1ean burutu ziren jardunaldietan Joaquim Torres (Ús oral familiar) eta F. Xavier Vila (Ús oral no familiar ) jaunek aurkeztutako ponentzien laburpena da. Informazio zehatzagorik nahi duenak jo beza www.sociolinguistica.org helbidera.

Zer da/dira “pertsonen arteko erabilera(k)»? Alegia, zein da aztergaia? Bi egileek bat egiten dute aztergaiaren inguruan egun dagoen zehaztasun eza azpimarratzean.

erabileraren jarraipen zorrotza egin ahal izateko eta emaitzak alderatu ahal izateko oinarrizko batasun baten beharra aldarrikatzen dute. Batasun horrek galdetegiari, protokoloari, laginari eta datuen ustiaketari eragin behar liokeelakoan daude.

Torres jaunaren ikerketak mahai gainean jartzen duen auzia sakonera handikoa da: Datu estatistikoen argitan azken hogei urteotan katalaneraren erabilerak atzera egin du familian. Hori al da kopuruak aintzat hartuz egin behar den irakurketa?

Katalanera ez da etorkinen familietan txertatu, familia bakoitzak bere hizkuntza identitateari eutsi dio.

zein izango da belaunaldi gazteenen geroko joeran elebitasunaren aldeko diskurtso horrek izango duen bilakaera?

Katalanerak orain arte izan duen indarrari eutsio al dio?

bere burua elebiduntzat jotzen duen askok (geroz eta gehiago dira multzo horretakoak), hizkuntza hautua egitean gazteleraren alde egiten du. Dena den, egun dituzten datuak kontraesankorrak direnez, esandakoa, hipotesi mailan uzten du.

Etxeko joera eta kalekoa bereizi behar direla esan dugu. Etxetik kanpo zenbait erabilera ohiturak katalanerari sendo eusten baldin badiote ere, beste batzutan badirudi gutxitzen ari dela (lagunarteko harremanetan edo ezezagunekikoan).

Oharra: Honako artikulu hau Bartzelonan "Ús Interpersonal del Català : estat de la qüestió i propostes" izenburuarekin 2001eko azaroaren 29 eta 30, eta abenduaren 1ean burutu ziren jardunaldietan Joaquim Torres (Ús oral familiar) eta F. Xavier Vila (Ús oral no familiar ) jaunek aurkeztutako ponentzien laburpena da. Informazio zehatzagorik nahi duenak jo beza www.sociolinguistica.org helbidera.

Erabilerari buruzko jardunaldien lehen aztergaia azken hogei urtetako bilakaera izan zen. Gaia kokatzeko Joaquim Torres eta Francesc Xavier Vila jaunek inkesta bidez jasotako emaitzen irakurketa egin zuten. Lehenak familia mailan erabilerak izan duen bilakaera aztertu zuen eta bigarrenak, berriz, familiaz kanpoko esparruan izan duena.

Gaiari ekiteko errazena “Katalaneraren erabilerak zein bilakaera izan du?» galdetzea zatekeen. Torres eta Vila jaunek, ordea, galdera beste era honetara egiten dute beren lanetan: Zer diote inkestek katalaneraren erabilerak azken urteotan izan duen bilakaeraz?

Bi ikerlariok beren lanetan egiten duten ahalegina bikoitza da. Lehen lehenik eskura dituzten datuen fidagarritasuna aztertzen dute eta ondoren lehenetsitako informazioaren irakurketa egiten dute. Emaitzei erreparatu aurretik metodologia aztertzea urrats osasuntsua izateaz gain, kasu honetan, neurketarako metodologiei buruzko ikuspegi kritikoa eraikitzeko lagungarri gertatuko zaio gaian aditua ez denari.

Torres eta Vilaren lanak luzeak eta xehetasun handikoak dira. Ez gara gu hemen bertan esaten dena xehe-xehe azaltzen hasiko. Horren ordez ideia nagusien laburpena egingo dugu.

1.- METODOLOGIA ARAZO ETA AUZIAK

Zer da/dira “pertsonen arteko erabilera(k)»? Alegia, zein da aztergaia? Bi egileek bat egiten dute aztergaiaren inguruan egun dagoen zehaztasun eza azpimarratzean. Familiaren baitako komunikazioaz ari garenean subjektuen unibertsoa nahikoa mugatua da eta beraz, nahikoa erraza gerta daiteke aztergaia zedarritzea. Arazoa, ordea, familiaz kanpoko harremanari erreparatzen zaionean sortzen da. Alegia, zer da familiaz kanpoko “pertsonen arteko erabilera linguistikoa»? Vilaren arabera, “erabilera» era zatikatuan baino ez dezakegu hauteman, ezin da osotasunean ezagutu konbinazio aukerak hamaika baitira, eta beraz, zail da oso zenbatespena egiteko mailara jaistea.

“Pertsonen artekoa» diogunean ere, zenbatesten gaitza den kontzeptu batez ari garela dio. Vilaren aburuz, zehazten hasita, ordea, erabilera mota hori hiztunok gure solaskideekin ditugun harremanek osatzen dutela dio. Harreman horiek, berriz, estereotipatu egiten dira, eta solaskideak duen “rolaren» arabera eraikitzen da bien arteko harremana. Horregatik, esaterako, ohitura erabakiorra gertatu ohi da egoera jakin batean hizkuntza jakin bat hautatzeko.

Baina, zein da “pertsonen arteko hizkuntza erabileraren» aztergaia? Vilaren ustez hori oraindik behar beste jorratu gabe dago eta horrek ikerketen diseinuan eta ondorioen irakurketan eragin nabarmena du. Bere ikerketak erakusten duenez aztergaia zehaztu gabe izateak ikertzeko egiten zaizkion hurbilpenetan ez dago batasunik eta ondorioz emaitzak ere ezin dira alderatu. Bere hitzetan, erabilera ez da hiztunak bere erabileraz duen iritzia, erabilera ez da hiztunaren gaitasuna bere praktika baizik. Hori dela eta, Vilak, hainbat inkestek utzitako emaitzak ez ditu haintzat hartzen bere lanean.

Aztergaia horrela zehazteak, ordea, Torres eta Vila jaunak bigarren arazo baten aurrean jartzen ditu. Inkesta bidez neur al daiteke benetan erabilera? Inkesta al da erabilera neurtzeko metodologiarik eraginkorrena? Biek, erabilera inkesta bidez, alegia, aitortutako datuen bidez, jasotzeak dakartzan arazoak aipatzen dituzte eta beren lanetan arazo horiek azpimarratzen saiatzen dira. Vilak, halaber, behaketa bidezko metodologien premia azpimarratzen du, aztergaiaren izaerari gehien hurbiltzen zaion ikuspegi metodologikoa delakoan. Honela dio, Vila jaunak bere ondorioetan:

“Cal plantejar molt seriosament la necessitat de superar les limitacions que plantegen les metodologies basades en dades declarades i fer per manera que pugui analitzar l´ús lingüístic a partir de dades observades. L´exploració d´experiències tant locals com d´altres països pot servir-nos de guia per a aquest propòsit.» (74. or)

Dena den, ez da metodologia mailakoa erabileraren neurketak duen arazo bakarra. Ikuspegi metodologikoarekin batera datuak jasotzeko hautatutako adierazleak eta datuak sailkatzeko moduak ere auzitan jartzen dituzte. Biek arazo berarekin egiten dute topo: Datuak alderatzeko iturrien arteko inkonpatibilitatea. Bai Torres, bai Vilak gaur egun Katalunian erabileari buruz datu ugari dutela azpimarratzen dute. Datu ugaritasun horren erdian, ordea, biek diote arazo handiak zituztela ikerketa horien emaitzak era fidagarrian elkarrekin alderatzeko. Zailtasunaren iturria, inkesten diseinuan ikusten dute. Izan ere, inkesta bakoitzak datuak jasotzeko egitura berezia duenez eskuratutako datuak alderatzen zailak dira:

Vilak arazo hauek aipatzen ditu:

  • Neurketa unitateen arazoa. Egindako galderei eman beharreko erantzunak ez dira era berean aurkezten. Batzuk erantzuteko bi aukera eskaintzen dituzte, beste batzuk hiru, lau eta baita bost ere. Bakarren batek 0 eta 10 bitarteko eskala baten bitartez egiten du. Datuen eskuragarritasuna eta tratamendua: Vilak 1978ko datuak eskuratzeko izandako arazoek orduko datuen irakurketa eguneratua egiteko dauden mugak azpimarratzen ditu. Hein berean, datuak paperean jasotzeak dakartzan mugak ere aipatzen ditu, horrek tratamendu informatikoa zailtzen baitu. Datuen estandarizazioa: Datuak oso hetereogeneoak izaki, hauen arteko alderaketa ia ezinezkoa da. Hori saihesteko egileak erabilera tipoak sailkatzeko tipologia propioa sortzen du eta horretara biltzen ditu hautatutako inkesten emaitzak. Beste zenbait arazo:
    • Oro har adin txikikoak ez dira haintzat hartzen. Inkestak padroietan oinarrituz egin zirenez ez da inmigrazio berrien errealitatea islatu izan. Ez da haintzat hartu subjektuen jaiotza lekua. Erantzun gabeko edo desegoki erantzundako datuak ez dira behar bezala kudeatzen. Inkesta egiterakoan katalanera ez ezagutzeagatik baztertutako hiztun kopurua ez da jaso izan askotan. Inkesta burutzerakoan inkestatzeko hizkuntza protokolo desberdinak jarraitu izan dira. CIS-en inkestatzaileek, esaterako ez zuten katalaneraz jakin beharrik ere, horrek, bistan da, eragin zuzena izan zezakeen jasotako erantzunetan.

Bi ikerlariek erabileraren jarraipen zorrotza egin ahal izateko eta emaitzak alderatu ahal izateko oinarrizko batasun baten beharra aldarrikatzen dute. Batasun horrek galdetegiari, protokoloari, laginari eta datuen ustiaketari eragin behar liokeelakoan daude.

2.- ADIERAZLEEN EGOKITASUNA:

Aztergai izan dituzten inkesten artean adierazle egokiak hautatu eta desegokiak baztertzen dituzte. Honako adierazle hauek hartu dituzte haintzat bi ikerlariek:

Familian:

  • Etxeko hizkuntza edo familiakoa. Etxean edo bizitokian erabiltzen den hizkuntza. Familiako lehen hizkuntza, lekukoak haurra zelarik lehen-lehenik erabili zuen hizkuntza familian. Aita eta amarekin komunikatzeko hizkuntza Seme-alabekin komunikatzeko hizkuntza Hiztunaren ohiko hizkuntza (Etxeko hizkuntza ez baldin bada ere, martxan dauden prozesuak ezagutzeko balio izan dezake eta hori lehen hizkuntzan jasotako datuarekin aldera litekelako hautatzen du Torres jaunak).

Familiaz landa

  • Erabilera orokorra (hiztunak uste duena bere erabileraz oro har). Erabilera mintzakide andana baten baitan: dendetan, ezezegun bati eskatzerakoan, udaltzain batengana zuzentzean, bankuan, tabernariarekin... Idatzizko erabilera pribatuak edo pertsonen artekoak, ez publikoak. Erabilera lankideekin edo aurrez finkaturiko egoeretan.

Vilak kontsumo mediatiko eta kulturala, eskolatzeko hizkuntza... eta antzeko gaiei buruz galdetutakoan emandako erantzunak baztertu egiten ditu. lau ardatz horiek lehenetsi ditu horiek direlakoan erabilerari buruzko informazioa eskuratzeko biderik zuzenena.

3.- EMAITZAK

Erabilera familian

Torres jaunaren ikerketak mahai gainean jartzen duen auzia sakonera handikoa da: Datu estatistikoen argitan azken hogei urteotan katalaneraren erabilerak atzera egin du familian. Hori al da kopuruak aintzat hartuz egin behar den irakurketa? Torres jaunak datuak jasotzeko erabilitako metodologiaren azterketa zorrotza eta emaitzen interpretazio xehea egiten du inongo ondoriorik eman aurretik. Inkestek utzitako emaitzen arabera, egun proportzio berean daude gazteleraz mintzatzen diren familiak eta katalaneraz mintzatzen direnak.

Zein izan da bilakaera, ordea? Badirudi egun kataluniako familietan katalanerak 1978an baino presentzia txikiagoa duela (Katalanera: 1978: %52 / 2001: %42). Bi hamarkada hauetan gazteleraren erabilera ez da katalaneraren presentzia gutxitu den proportzio berean handitu, baina bikoiztu egin da etxean bi hizkuntzak erabiltzen dituela diotenen kopurua (Bi hizkuntzak etxean: 1978: %6 / 2001: %11).

Bilakaera demografikoa aztertuta, Torres jaunaren arabera bi izan dira egungo egoeraren eragile nagusiak: Populazio etorkinaren bilakaera eta indarreango ideologia politikoa.

Etorkinen pisu demografikoa handitu egin da. Horrek gazteleraz bizi diren familien proportzioa handitzea ekarri du, eta oso gutxi izan dira hizkuntza aldatu duten familiak (katalaneraren alde egin duten familia gazteleradunak %2a besterik ez dira). Beraz, bi hamarkada hauetan familian ez da katalaneraren erabileraren aldeko hizkuntza aldaketa sakonik gertatu. Egileek, ordea, katalanerarentzat kaltegarria den prozesu baten aztarna nabarmenak agertzen hasi direla uste dute. Katalanera ez da etorkinen familietan txertatu, familia bakoitzak bere hizkuntza identitateari eutsi dio. Gertaera hori Bartzelona eta honen inguruan nabaritzen da batez ere. Eta familia askotan, gurasoak jatorri mixtokoak izateak familia barneko komunikazioan bi hizkuntzen aldeko hautua egitea ekarri du. Beraz, ahuldu egin da, familian katalaneraz bizi direnen proportzioa. Bestela esanda, katalanerak duen erakar indarra txikia da jatorri atzerritarreko familietan. Vila jaunak indar bereziz azpimarratzen du katalaneraren erakar indarraren ahultzea. Torres eta Vilak, halaber, katalanerak gazteleraren bultzadari eusteko izan duen indarra azpimarratzen dute.

Bi ikerlarion kezka, bi hizkuntzen hautua egin dutela dioten horiekin dago. Izan ere, zein izango da belaunaldi gazteenen geroko joeran elebitasunaren aldeko diskurtso horrek izango duen bilakaera? Katalaneraz bizitzeko hautua egiten dutenen multzoa ahulduko ote du? Katalanerak orain arte izan duen indarrari eutsio al dio? Vilak, emaitza orokorrak aztertuta, beherakada XX. mende osoan zehar etengabekoa izan dela dio. Horren ondorioz egungo gazteek lehengoek baino gutxiago eta gutxiagotan erabiltzen dute katalanera etxean.

Hiztunaren lehen hizkuntzak honen jokabidea markatzen baldin badu (arestian ikusi dugu zenbateraino eutsi zaion familian lehen hizkuntzari, gaztelerari batez ere) egoeraren kezkatzen hasteko modukoa dela deritzo.

Familiaz landa

Familiaren baitan katalanerak izan duen bilakaera ez da familiaz landa izan duenaren parekoa, hori da, ziurrenik bi eremuotako erabilera joerak alderatzean esan behar den lehen gauza. Alegia, familian katalanerak geroz eta leku gutxiago baldin badu ere, familiaz kanpoko erabilera handitzen ari da, eremu formalenetan batez ere.

Vila jaunaren arabera, lagunarteko harremanetan (gazteen artean batez ere) gaztelera ohiko hizkuntza bihurtzen ari da. Baieztapen hori oraingoz hipotesi mailakoa dela baderitzo ere, familiaren baitako bilakaerak halakorik gertatzeko bidea ematen duelakoan dago. Hots, bere burua elebiduntzat jotzen duen askok (geroz eta gehiago dira multzo horretakoak), hizkuntza hautua egitean gazteleraren alde egiten du. Dena den, egun dituzten datuak kontraesankorrak direnez, esandakoa, hipotesi mailan uzten du.

Emaitzak aztertuta, ordea, honela laburbiltzen ditu ideia nagusiak:

Oro har hiztunek katalaneraren erabilera oso handia dela deritzote: populazioak bere erabilera benetan dena baino handiagoa dela uste du. Erabilerari buruzko galdeketa xeheek nabarmen agertzen dute hiztunen ustea eta praktika ez direla parekoak. Bestela esanda, katalanera hiztunek uste dutena baino gehiago erabiltzen dutela gaztelera, eta beraz, uste baino gutxiago katalanera.

Familian katalanaren erabilerak daraman bidea eta etxetik kanpo daramana ez dira berdinak: Bilakaera ekonomiko eta politikoak familia mailan katalaneraren presentzia apaltzea ekarri dute. Gizartean, ordea, katalanak eragin indar handia izan du, eta ez da ordezkapen prozesurik gertatu. Baidirudi familian eta honetatik kanpo gertatzen denak erritmo desberdinak dituztela eta familian bertan ere solaskidearen arabera bereizketak egin behar direla.

Ez da erraza familiatik kanpoko ahozko harremanen ebaluazioa egitea, solaskidearen arabera desberdin jokatzen baitugu. Badirudi egun oraindik 1978ko joerari eusten zaiola hainbat ohituratan (dendetan erabiltzeko ohitura, telefonoa erantzutekoa) eta gainerakoetan handitu egin dela gaztelera erabiltzeko ohitura. Idatzizko erabilerak hazkunde nabarmena izan du.

Familiaz landa, gaur egungo egoeran, erabileraren eragile nagusia, hiztunaren lehen hizkuntza da, ez da eragile bakarra, ordea. Alegia, katalanera familian jaso duenak kalean erabilera handiagoa egiten du familian jaso ez duenak baino (biek aski gaitasun izan arren. Vilaren aburuz horrek ez du esan nahi joera hori aldatu ezin denik. Egungo gizartean eta hiztun bakoitzaren bizitzan hainbat harreman sozial arautzeke dago (lankide edo ikaskideekin nahiz ezezagunekin, esaterako). Planifikazio eta ekimen egokiaren bitartez harreman horiek bideratzeko arauak eta gizarte mailan joerak finkatzeko ahaleginak pertsonen arteko hizkuntza erabileraren joera bide batetik edo bestetik eramatea lor dezakeelakoan dago. Horri garrantzia handia ematen dio Vila jaunak eta horretan ikusten du etorkizuneko lan ildoa erabilerari dagokionez: pertsonen arteko hizkuntza harremana arautzean katalaneraren erabileraren aldeko indar berriak piztea.

Bere burua elebiduntzat jotzen duten hiztunek gehienek gazteleraren erabilera katalanerarena baino handiagoa egiten dute. Alegia, hiztun horiek gaztelera erabiltzeko joera katalanera erabiltzeko joera baino errotuago dute. Gutxi dira bere burua elebiduntzat jo eta nagusiki katalanera erabiltzen dutela diotenak. Elebidun hauen erabileran katalanera harreman formalak bideratzeko izaten da, harreman kolokialetan, ordea, gaztelera gehiago erabiltzen dute katalanera baino.

Identifikazio hizkuntza eta hizkuntza erabilerak. “Bere» hizkuntza zein den galdetuz gero, Kataluniako hiztun gehienek bere lehen hizkuntza hautatzen dute. Familia elebidunetatik datozen hiztunek gaztelera eta katalaneraren artean bat hautatzen dute, katalanera maizenik.

Bere burua gazteleraduntzat jotzen dutenek oso gutxitan, edo egoera oso berezitan soilik, erabiltzen dute katalanera. Multzo honetan, ordea, joera oso desberdina dute gaztelera etxetik dakartenek eta bere burua gazteleraduntzat jotzen dutenek. Izan ere, egitekoaren arabera, etxetik gaztelera dakarten horiek zenbait funtziotan katalanera %20 eta %30 bitatean erabiltzera iristen dira. Bere burua gazteleraduntzat jotzen duten horiek berriz ez dute onartzen katalanera mintzatzeko gai direnik, ez eta inoiz erabiltzen dutenik ere. Bere burua elebiduntzat jotzen duten asko, berriz, lehen hizkuntza gaztelera dute eta etxean gazteleraz mintzo dira eta beraz, harremanik pribatuenetan gaztelera erabiltzen dute

Adinaren araberako bilakaera aztertuz Torresen ponentziak eta Vilarenak erabileraren beherakada azpimarratzen dute. Beherakada XX. mende osoan zehar gertatu da eta mantso gertatu bada ere, etengabea dela deritzote. Etxeko joera eta kalekoa bereizi behar direla esan dugu. Etxetik kanpo zenbait erabilera ohiturak katalanerari sendo eusten baldin badiote ere, beste batzutan badirudi gutxitzen ari dela (lagunarteko harremanetan edo ezezagunekikoan). Egoera arras iluna da eta ez da erraza denboran horren hurbil egonda ondorioak ateratzea. Beharbada gaztelera eta katalanarenaren arteko benetako konkurrentzia gertatzen ari da, edo lagunen arteko ohiturak aldatzen ari dira.

AURRERA EGITEKO ZENBAIT GOGOETA

Vila jaunak katalaneraren erabilera areagotze aldera zenbait gogoeta eginez amaitzen du bere lana:

Etorkizuneko ikerketetan aintzat hartzekoak: 1.- Erabilera neurtzeko ohiko adierazleez gain (hiztunaren lehen hizkuntza, identifikazio hizkuntza eta adina), lurralde eremua eta maila sozioprofesionala aztertzea; 2.- Katalaneraz mintzo diren komunitate guztietako datuak jasotzea; 3.- Haur eta gazteen erabilera ere neurtzea; 4.- Eremu geografiko eta talde sozialetako erabilera datuak gurutzatzea. 5.- Behaketa bidezko metodologiak erabiltzen hastea.

Erabileran eragiteko zenbait ildo. Erabileraren errealitatea arras konplexua da hainbat esparru eta giza taldetan. Erabilera sustatzeko lanak konplexutasun hori hartu behar du aintzat. Vilak zenbait alderdi aztertzea eta jorratzea proposatzen du:

Katalanera hiztunen segurtasuna: Katalanera hiztunek zenbateraino goresten dute bere errealitatea? Hori neurtzerik bai al dago? Errealitate hori gizarteratu egin behar al da? Horrek ez al du gazteleraren aldeko diskurtsoa indartuko? Katalaneraren ahulezia agerian jartzeak ez al du etorkinek katalana hautatzeko egin dezaketen hautua gazteleraren alde baldintzatuko?

Elebidun “ez praktikanteen» konbertsioa. Bere burua elebiduntzat jotzen duten asko ez dira elebidun, ez dute katalanera gazteleraren pare egiten. Giza talde hori oso garrantzitsua da katalaneraren etorkizunarentzat. Ezin al da hor eragin? Ezin al zaie ulertarazi zenbateko garrantzia duten katalanera geroratzeko eta horren arabera beren joera katalana hautatzera bideratu?

Katalanera instituzioetan eta lagunekin: Instituzioetan katalanera erabiltzeko kanpainak eragin mesedegarria izan duela bistakoa da, ez du, ordea, espero zen eragin biderkatzailea izan. Eutsi egin behar zaio, ordea, gazteleradun nahiz elebidunek katalanera erabiltzeko ohitura hartu baitute. Lagunen esparruan, ordea, egoera kezkagarriagoa da, badirudi elebidunek oro har gaztelera erabiltzen dutela eta gazteleradunek erabat. Hipotesi mailan dago esandakoa, baina baieztatuz gero, datua arras kezkagarria da. Bide honek katalanera eta eremu instituzionalaren arteko identifikazioa eragiten du eta, aldiz, gaztelera lagunartea nahiz hurbileko errealitatearekin. Artifizialtasun irudi horrek kalte handia egiten dio katalanerari. Beraz, garrantzitsua deritzo katalanera ohiko hizkuntza duten horiek katalaneraren erabilera sozialaren aldeko jarrera har dezaten, eta honela, katalaneraren presentzia demografikoa erabilera mailako eragile bihurtu.

BAT aldizkaria: 
41. 2001eko abendua. Erabilera, labirintotik sukaldera
Kokapen geografikoa: 
Katalunia
Egilea(k): 
Imanol Esnaola
Urtea: 
2001