Katalaneraren erabilera nola sustatu

Beraz, handiak dira katalaneraren geroratzeak aurrean dituen zailtasunak.

Jardunaldi hauetan kezka hori arrazoitzen duten hamaika aztarna eta datu aurkeztu dute bertara ekarritako ponentziek.

psikologia aplikatuak pertsonen jokamoldea aldatu edo egokitzeko erabili ohi dituen printzipioetan oinarriturik, Strubell jaunak katalaneraren erabilera arauak aldatzeko argibideak eskaini zituen.

Jardunaldi hauetan agerian gelditu da, berriz, hizkuntza familiatik kanpo jasotzeak, Kataluniakoa bezain egoera “txukunean ere, ez dela aski hizkuntzaren erabilera orokortzeko.

Pertsonarteko erabilera, hots, aurrez aurreko erabilera; aurrez idatzi eta finkatutakoa ez dena; horixe izan zuten Grup de Sociolingüísticak antolatutako jardunaldietara hurbildutakoek arretagune. Helburua, berriz, nola eragin katalaneraren erabileraren hazkundea.

Grup de Sociolingüístikak Soziolinguistikaren alorrean ezagutza sakona eta eskarmentu handia duten adituak biltzen ditu. Sortu zenetik katalaneraren berreskurapen eta normalkuntzari soziolinguistikaren alorretik ekarpen kualifikatua egiten ahalegindu izan da. Bere eragina eta itzala nabariak izan dira azken urteotako hizkuntza politikaren hainbat alorretan, ikerketa arloan nahiz hizkuntza katalanaren aldeko mugimenduetan. Jardunaldi hauek, halaber, katalaneraren erabilera handitzea helburu izango duen aro bati hasiera emateko lehen prestaketa lana izan nahi zuten.

Euskal Herritik begiratuta inork pentsa lezake Katalunian ez dutela Katalaneraren “salbamenduan ibili beharrik, asko direla beraiek baino okerrago dauden komunitateak. Kataluniatik, ordea, oso bestela ikusten dute egoera. Katalaneraren berreskurapen eta normalizazioan oraindik bide luzea egin behar dutelakoan daude, baldin eta katalanera Kataluniako herritarren arteko komunikazio hizkuntza bihurtu nahi baldin badute. Eta mundu mailan gertatzen ari den bilakaerak erronka eta arrisku berriak dakartzanez, horiei erantzuteko prest jarri nahi dute euren burua. Beraz, handiak dira katalaneraren geroratzeak aurrean dituen zailtasunak.

Jardunaldi hauetan kezka hori arrazoitzen duten hamaika aztarna eta datu aurkeztu dute bertara ekarritako ponentziek. Hizkuntza Normalkuntza Legea indarrean jarri zutenetik hogei urte joan dira eta geroztik Hizkuntza Politika Legea ere jarri dute indarrean. Egindako bidearekin katalanerari legeak aitortzen dion ofizialtasuna egiazko izatera pasa da administrazioaren alor gehienetan (ohiko salbuespenak salbu). Zertan da, ordea, herritarren jokabidea? Katalanerari emandako bultzada ofizialak lortu al du Kataluniako gizarte bizitzak katalanera izatea ardatz? Katalanera al da jatorri desberdineko hiztunen arteko harreman hizkuntza?

Beraz, jardunaldi hauek katalanerak egun duen erronkarik handienari ekiten hasteko gogoeta leku izan nahi zuten. Bertan bildutakoen curriculuma eta jatorria ikusita pentsa daiteke jardunaldi hauek laster plan eta ekintza zehatzetan gauzatuko direla eta Kataluniako hizkuntza politikan lerro sendoa marraztuko dutela.

Jardunaldietan 50 lagun inguru bildu ziren, horien artean geunden Euskal Herritik SEI elkartearen izenean joandakoak (gu, ginen, ordea, “ikuskatzaile bakarrak). Partaideen, artean, berriz, Katalunieraz mintzo diren lurralde guztietako unibertsitate ikerlariak, pentsalariak eta ordezkari politikoak ikusi genituen.

Jardunaldiek bi lan egun izan zituzten eta lan arloak, berriz, hiru izan ziren: Diagnositikoa, diskurtsoa eta metodologia (Ikus honi atxikita doan egitaraua)

Lanerako hautatutako metodologia egokia izan zen oso. Parte hartzeko asmoa adierazi zuten guztiek aldez aurretik jaso zuten dokumentazioa eta idatziz ekarpenak egiteko aukera ere izan zuten. Ekarpen hauek, halaber, gainerako partaide guztiek ere jaso zituzten. Jardunaldien lan arlo bakoitzean, berriz, zegozkion hizlariek bere dokumentuaren azalpen labur bat egin zuten eta ondoren eztabaidarako tartea zabaltzen zuten. Eztabaida, dena den, bi zatitan antolatu zuten: lehen zatia ekarpena idatziz egin zutenei zegokien eta bigarrena, berriz, gainerakoei. Lan arlo guztietan eztabaidak biziak izan ziren, datu zehatz eta sendo oinarritutako iritziz osatuak.

Egoeraren lan arloan bi lan aurkeztu ziren. Batek familiaren baitan erabilerak izan zuen bilakaera eta egungo egoera aztertzen zituen eta bigarrenak, berriz, familiaz landako erabilera. Lan arlo honetan azpimarratu beharreko ondorioak lau dira:

1.- Erabilera neurtzeko inkesta bidez jasotako datuek hutsune handiak dituzte eta beharrezkoa da inkesten protokoloak adosteaz gain behaketa bidezko metodologiak jorratzen hastea;
2.- Pertsonarteko erabileran eragiteak, garrantzia berezia du, hizkuntzaren erabilera hedatzeko oinarri demografikoa baita erabileraren eragile nagusietako bat.
3.- Migrazioen eraginez geroz eta gehiago dira katalanera etxetik ez dakarten hiztunak eta horren eraginez badirudi kataluniako hiztunen artean geroz eta sendoagoa dela gaztelerak duen lehentasuna, ezezagunen arteko komunikazioan nahiz adiskideen artekoan.
4.- Pertsonen arteko harremanean katalanera nagusi izan dadin ezinbestekoa da bere burua katalantzat jotzen dutenen jokamoldea aldatzea; eta, halaber, katalanera ikasi arren, lehen hizkuntzatzat ez duten horiek katalana erabiltzearen aldeko hautua egitea.

Erabileraren aldeko diskurtsoa jorratzeko lan saioan Albert Branchadell jaunak bi kontzepturen inguruan argibide interesgarriak eman zituen. Bere kezka iturria liberalismo politiko eta kulturalak ukipen egoeran hikuntza ahulenari ezartzen dion bazterketa gainditzea zen. Horregatik “kulturalismo liberalaren kontzeptua berreskuratu zuen hizkuntza gutxituaren aldeko diskurtsoa oinarritzeko. Alegia, gizabanako ororen aukera-askatasuna bere jatorrizko kultura eta hizkuntzan garapen osoa izateko aukerari loturik doala. Bigarren kontzeptua, berriz, “hizkuntza segurtasunarena izan zen. Hots, gizaki orok duela sortu den komunitatean eta bereganatu duen hizkuntzan bizitzeko eskubidea eta hori urratzea bere oinarrizko eskubideetako bat urratzea dela. Terricabras jaunak, berriz, Kataluniako egungo egoeran, bertako herritarrek katalanez aritzeko duten askatasuna gaztelera hutsean funtzionatzen duten hainbat eragilek mugatzen dutela esanez azaldu zuen askatasuna eta eskubidearen artean dagoen etena. Zerbitzuak norberaren hizkuntzan jasotzea eskubide mailako auzia izanik, aginte politikoaren mahaian erabaki beharreko auzia zela adierazi zuen. Hots, hizkuntza batean jarduteko eskubidea, zerbitzuak jasotzekoa... botereak ahalbidetu behar duela, eta bestela ez dagoela eskubide hori gauzatzerik.

Metodologiaren alorrak NOLA? galderari erantzun nahi zion. Gelabert eta Ayma jaunek azken urteotan indarrean jarritako ekimen zenbaiten bilketa eta azterketa egin zuten. Strubell jaunak, berriz, etorkizunean indarrean jarri beharreko ekimenetan uztartu beharreko irizpideak proposatu zituen. Azken ekarpen hau izan zen aurkeztutakoen artean berritzaileena. Izan ere, psikologia aplikatuak pertsonen jokamoldea aldatu edo egokitzeko erabili ohi dituen printzipioetan oinarriturik, Strubell jaunak katalaneraren erabilera arauak aldatzeko argibideak eskaini zituen. Strubell jaunarentzat katalaneraren erabilerak egun duen arazo nagusia ez da gaitasuna, erabiltzeko orduan gizartean indarrean dagoen araua baizik. Ukipen egoeran gaztelera da nagusitzen dena egun Kataluniako pertsonarteko harremanetan, nahiz eta katalaneraz aritzeko ere gai izan hiztun gehienak. Hori dela eta, Strubellek bi giza talderen jokamoldea aldatu beharra dagoela dio: lehen hizkuntza katalanera duten horiek katalaneraz mintzatu eta elebidunen aurrean katalanerari eusteko prestatu behar direlakoan dago. Aldiz, katalanera ikasia izan arren, erraztasunik ez duten horiekin, berriz, katalaneraz mintzatzeko izan dezaketen beldurra edo ohitura falta gainditzeko bidean lagunduko dituen diskurtsoa eta baliabideak sortzearen aldeko hautua egiten du.

Bertan izan ginen SEI elkarteko kideok Euskal Herrian bizi dugun egoerarentzat Kataluniako esperientzian hainbat argibide eta aztarna ikusi genuen. Metodologiari dagokionez agerian gelditu zen, eta Torres-Vila bikoteak ederki asko azaldu zuen, egun pertsonen arteko erabilera neurtzeko metodologiek hutsune handiak dituztela, beraz, informazio iturri hori behaketa bidezko metodologiekin osatu beharra dagoela. Gusto handiz entzun genuen SEIko kideok ondorio hori, Euskal Herrian azken 12 urteotan erabilera neurtzen egindako ahaleginaren garrantzia azpimarratzen baitu.

Familia bidezko hizkuntza trasmisioaren garrantziaz aspaldi ohartu ginen gu eta haiek. Jardunaldi hauetan agerian gelditu da, berriz, hizkuntza familiatik kanpo jasotzeak, Kataluniakoa bezain egoera “txukunean ere, ez dela aski hizkuntzaren erabilera orokortzeko. Beraz, gurean alor horretan oraindik urrats ugari eman beharrean baldin bagaude ere, urrats horien norabidea osatzeko irizpide interesgarria eskaini zigutelakoan nago.

Azkenik, nabarmendu beharrekoa da erabileran eragiteari aitortu zaion garrantzia. Izan ere, erabileraren aldeko hautua jarrera paternalista hutsetik (hizkuntza gordetzea dagokigulako) ikuspegi pragmatikoago batera hurbiltzeko ahalegina egin zutelakoan nago: hizkuntzari euts diezaiogun hizkuntza horretan moldatzen baikara batzuk ongien eta denon aberasgarri izango baita.

Asko izan ziren jorratutako gaiak eta gehiago aipatu arren sakondu gabe gelditu zirenak. Agerikoa da, ordea, katalunian eta Euskal Herrian erabilera areagotzeko lanari ekiteko ordua iritsi dela. Gurean, esaterako, eremu geografiko askotan belaunaldi gazteenek gaitasun eskuratu dute, zer egingo dugu, gaitasun hori erabilera ohitura egokietan gauzatzeko? Hor dugu erronka.

ERANSKINA:

Katalanaren erabilera pertsonarteko komunikazioan: Egoera eta ekimen proposamenak


Jardunaldiak 2001eko azaroak 29, 30 eta abenduak 1.

Antolatzaileak: Grup Català de Sociolingüística eta Centre Universitari de Sociolingüística i Comunicació (CUSC)
Egitaraua
Osteguna, azaroak 29.

19.00: Hasierako hitzaldia
Kenneth McRoberts (Torontoko unibertsitatea): Llengua i polítiques culturals

Ostirala, azaroak 30
10.00: Jardunaldien aurkezpena

1 multzoa: ahozko erabilera
Egungo datuen azterketa kritikoa egingo da eta ondorioak aterako dira.

10.30 : Joaquim Torres (GCS): Ús oral familiar
11.00 : Francesc Xavier Vila (UB): Ús oral no familiar
11.30 : Atsedenaldia
12.00 : Eztabaida

13.30 : Bazkaria
 

2. multzoa: Zilegitasuna
Oro har, katalaneraren normalizatu beharraren aldeko argudioak emango dira eta arreta berezia jarriko da erabilera pribatuan eragin beharra azaltzen duten horietan

15.30 : Josep M. Terricabras (UdG)
16.00 : Albert Branchadell (UAB)
16.30 : Atsedenaldia
17.00 : Eztabaida

 
Larunbata, abenduak 1

3. multzoa: ekinbideak
1. atala Zer egin da orain arte?: Hizkuntza gutxituetan erabilera sustatzeko indarrean jarritako ildo nagusien azalpena.
10.00 : Josep M. Aymà (GCS)

2. atala. Propostes de futur: Abagune politiko eta sozialari erreparatuz erabilera indartzeko egin beharrekoaz.

10.30 : Joan Gelabert (UIB)
11.00 : Atsedenaldia

11.30 : Miquel Strubell (UOC)
12.00 : Eztabaida
13.30 : Amaiera

BAT aldizkaria: 
41. 2001eko abendua. Erabilera, labirintotik sukaldera
Kokapen geografikoa: 
Katalunia
Egilea(k): 
Imanol Esnaola
Urtea: 
2001